Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014

 

bertsolariak

ZUBIARRAINDARRAK
ANTONIO ZUBIARRAIN

 

 

ETXEKO GIROA

 

      Gure afizioa aitonarengandik (Joxe Miel Otxotorena) eta amonarengandik (Joakina Etxeberria), bietatik jaso dugu. Aitonaren etxean ere denak ziren bertsolariak! Ibiltzen ez zirenak, baina denak bertsolariak. Txirritak bere bertsoan aipatzen duena gure aitona zen: “Joxe Mielek atera digu oso hizketa leuna”.

      Aitak gutxixeago egiten zuen bertsotan, baina poliki egiten zuen. Beasaingo Muñagorri baserrikoa zen, orain CAF fabrika dagoen horretan. Enpresak baserria erosi zuenean Epeleko Telleriara etorri zen. Gure amak bertso asko zekizkien, batez ere foruen gainekoak.

      Gu zortzi senide ginen, sei anai eta bi arreba. Gehientsuenok egiten genuen bertsotan, arreba gazteenak ere ederki egiten zuen! Bazkalondoan eta afalondoan jarduten ginen bertsotan; gehiena arto zuritzen! Eta ukuiluko lanak egiten ari ginenean ere bai, batek simaurra atera bitartean bertsoa bota eta besteak beste aldetik erantzun... Anaietan plazan gehiena ibili zena, Paulo. Baina gu ere atera ginen.

 

 

TOLAREA

 

      Gure etxean tolarea zen. Nola baserri handia zen (ehun gurdikoa!), han bospasei baserriren artean egin zuten tolarea, gero denek sagardoa egiteko. Batean ari ziren sagarra txikitzen (eskuz eragin behar makinari!), bestea simaurra ateratzen ukuiluan, eta bertsoa bota, eta “mekaguen sos, egon hadi pixka bat!” arnasestuka, makina geratu eta arnas hartzen bertsoa botatzeko!

 

 

IKUSI NUEN LEHEN PLAZA

 

      Nik lehenbizi ikusi nituenak Ereñozun bertsotan, Txirrita, Saiburu, Errenteriako Telleri-Txiki eta gure anaia Paulo. Horietan ondoena Txirrita ibiltzen zen. Nik 9-10en bat urte izango nituen. Aitak eraman ninduen eskutikan hartuta. Paulo eraman behar zuen Txirritak plazara eta aitak semea ikusi egin nahi ba, eta nik ere mutil koxkorra anaia ikusi nahi...

 

 

POLIPASOREN ESKOLA

 

      Fagollagako presa baino pixka-pixka bat aurreraxeago genuen eskola. Hilabetean behin edo horrela joaten ginen. Eskola hartan Polipaso aizkolaria eta elkarrekin ibiltzen ginen. Polipaso txikitan ere handia zen! Gogorra ere bai. Maistra Epele-Etxeberriko alaba zen. Kredoa bidali zigun Migel eta bioi, eta jakin ez. Erdia lardaskatu nuen eta Polipasok batere ez! Kastigatuta jarri gintuen egurra ekartzen, estufari botatzeko. Hura basoan egur txikitzen eta ni egur kargatzen, egun guztia horrela pasa genuen. Eta nik gero beti hala esaten nion: “Hi, Miel! Hik aizkorako afizioa ba al dakik non hartu huen? Ereñozuko eskolan!”

 

Migel Irazusta Goikoetxea, Polipaso,
1965ean Donostiako Trinitate plazan egindako erakustaldian.
Argazkia: Arturo. Iturria: Auñamendi Entziklopedia.

 

 

PLAZAK

 

      Ni Xoxokaraino ere joana naiz bertsotan: Pedro Joxe Mujika “Anatx” izango nuen lagun.

      Ereñozuko festetan aritua naiz bertsotan, mutil kozkorretan: Joxe Manuel Ugalde, Nikolas Santakruz, Arriurdinetako Bixente Gorrotxategi eta ni atera ginen. Ba al dakizu zeinek abisu eman zidan? Oialumeko guarda Jabier Barrenetxeak: “Ereñozun kantatu behar duzue!”. “Kantatu?” “Bai! (aita inguruan nuen eta esan zion). “Atrebituko al dira?” Guk San Antonio bezperan kantatu genuen. Eta gero San Antoniotan bertsolari onak ekarri zituzten: Uztapide, Zepai, Saiburu... Nik hamaseiren bat urte izango nituen.

      Oiartzungo Altzibarren festak zirela, eta bertsotara propio joan ginen: Ugalde eta ni Hernanitik, eta handik Ostolaiz Mariano “Kattua” eta Lexoti. Zuberoa jatetxea baserria zen lehenago, eta hor. “Tozte Oiartzuna!” esan, eta baita gu joan ere!

      Ni bertsotan aritu izan nintzen, baina ez plazetan: Zepairekin, Uztapiderekin, Saibururekin frankotan, Lasarterekin ere bai... Auzokoen artean gehiena ibili zena Paulo zen. Besteok ez genuen hemendik horra joateko korajerik ere! Lau lagun jartzen baziren begira, dar-dar-dar hasten ginen!

      Gero utzi egin nuen, Nafarroara alde egin nuen eta. Osaba batekin urte mordoxka egin nituen han. Han berriz jota kantatzen ikasi genuen! Euskaldunik ez zen eta! Denak abizen euskaldunak eta euskararik ez zekiten! Gero etorri eta ostera lehengo martxan, bertso kantari.

 

 

LANA

 

      Gerratik Paulo etorri zenean zapatari hasi zen, eta laguna behar zuela eta ni ninduen maitea, eta harekin hasi nintzen. 16 urte izango nituen. Eta jakina da zer gertatzen den: batetik lan egin behar galanki, familia atera egin behar aurrera, eta bertsotan aritzeko komeriak izaten dira. Beno, bertsotarako afizioa badu eta berezkoa badu, tartea beti hartuko du!

      1943an, Gure Izarra elkartearen gainean “Centro Republicano” zegoen. Franco sartu zenean errepublikanoek alde egin zuten eta itxita geratu zen. Baimenak eta paperak atera eta bertan guk ireki genuen zapateria. Anaia askotan kanpoan ibiltzen zen, bertsotan, eta niri uzten zidan lana!

      Zapatagintzan ere industriak iraultza handia ekarri zuen. Lehen denak neurrira egiten zirenean bazen negozioa, baina gero zaildu egin zen. Paulok esan zidan jubilatu egin behar zuela. Nik pentsatu nuen lantoki bat bilatzea. Amaran gas fabrika zen eta horko zuzendariak hanka bat zuen motzagoa bestea baino, eta takoi bat jarri behar izaten zitzaion. Guk jartzen genion urtetan, eta esan nion anaia jubilatzera zihoala eta ni toki bila ari nintzela... “nik emango dizut lantokia gasean! postu ona gainera!” Eta ona eman zidan, e! Horrela tratua egin genuen: nik hari bizi zen artean zapata takoia neurrira jartzekoa! Azken urteak han egin nituen.

 

 

BERTSO JARRIAK

 

      Nik bertso franko jarri ditut. Basarrik Berasategiren bodegara eramaten ninduen. Kuadrilla biltzen ginen: Matxain tokalaria eta abar, eta Basarrik Voz de Españan nire hiru sorta edo atera zituen. Orain ez dut batere bertsorik jartzen. Azkeneko, urrezko ezteiak egin genituenean.

 

 

EKOLOGIA

 

      Sail honegatik, gas fabrikako gure nagusiak (Don Manuel Subijana koronela, Villabonako Subijana papelerako nagusia ere bazena. Euskalduna, karlista amorratua) lanpostu hobean jarri ninduen. A ze postu ona, laborategi ondoan, buzo txuria jantzita.

 

        1

Barrengo minak utzi ezinda

jartzera nua bertsuak

inork ikasi nahi baldin baitu

hortxen dijuaz batzuak.

Gure jainkoak eman zaizkigu

oso mendi opatsuak

zuhaitz lerdenak, zelai zabalak

ibaietan arraitxuak

orain begira jarrita berriz

ikusten dira antzuak.

 

        2

Garai batian euskal mendian

ziraden enbor buruak

falta zaizkigu lizar ta intxaur,

gaztain, haritz ta paguak

mendiak soilak otez betiak

ikusten dira leguak

begiratuta ematen digu

negar iteko goguak

hola etziran garai bateko

guraso zaharren fueruak.

 

        3

Ondatu dira itsas ixkinak,

ondatu ditu ibaiak,

falta zaizkigu orain angulak

izokik eta amorraiak

garai batian gure uretan

aukeran ziran arraiak

gure ondorengo gaztientzat

ez datoz egun alaiak

okerrak zuzen nahi baditugu

iritsi dira garaiak.

 

        4

Egun batian goguan daukat

aitona zaharrak ta biak

basora joanda onto beltzekin

bete ginuzen saskiak

pago usuak ezkurrak janez

pilaka izugarriak

adarretatik guri begira

zabiltzan katagorriak

zorro ertzetik korrika nola

aldegin zigun erbiak.

 

 

        5

Galdu ditugu baso galantak

ehizaren paradisuak

nun dira erbiak eta usuak

birigarro ta zozuak

hoiengana’re iristen dira

ehiztarien erasuak

bistan agertu baino lehenago

hango perdigonazuak

sasi tartetik irten ezinik

hor dabiltzade gaixuak.

 

        6

Zenbat pinudi ondatu ditu

hemen suak eta garrak

izan’e indar hartzen baitute

otiak eta txilarrak

ondorenian leku askotan

etortzen dira negarrak

irabazteko partez galduta

berriro jarri beharrak

gauz hoiek nola izaten diran

badaki baserritarrak.

 

        7

Ibaiak eta mendiak daude

oraintxe errukarriak

gauza bat dago beharrezkoa

urak jartzeko garbiak

mendi maldetan gero aldatu

zuhaitz landare berriak

agintariak hartu ezkero

behar bezela neurriak

mundu guztian ispilu izan

behar luke Euskal Herriak.

 

Urdaburu.

Iturria: http://www.flickr.com. Argazkia: Montxo.

 

 

PERRETXIKOTAN

 

      Hau neroni pasea da, 1981eko urrian. Atera naiz kristoren eguraldiarekin goizean oinez, Urdaburun barrena buelta ematera, perretxikotan. Ez zegoen perretxikorik, zipitzik ere. Baina mendian ibiltzeko gogoa! Sartu zait galerna, haizea eta tximista eta trumoia... eta ni mahuka-hutsik! nora joanik ez, eta nik pasa nituen egun hartan! Azkenean jarri larru-bizik, galtzontziloak bihurritu, galtzak ere bai, eta pagoan zintzilik jarri nituen. Eta Pikoaga-Etxeberriko artzainak harrapatu ninduen! “Joño, Telleri, zer egiten duzu hemen?”. Etxera natorrela, bidean bertsoak jarri nituen, nire amorrazioarekin.

 

        1

Larogeita bateko

agorraren bia

mendi egal batean

nere komeria

trumoi eta tximista

haizia ta euria

non gorde jakin ez ta

ito nindun ia.

 

        2

Bostak eta erditan

ohetikan jaitsi

zazpirak alderako

mendira iritsi

bost orduan bueltaka

eta ezin etsi

nekatu galanki ta

perretxiko gutxi.

 

        3

Perretxiko biltzaile

faltarikan etzan

neroni ere joan nintzan

zerbaiten zalantzan

andria goxatuko

nuen esperantzan

erosi beharko dizkit

Donostiko Bretxan.

 

        4

Mendira juateko

badeu korajia

orporaino jaitsi zait

goizeko kafia

baita sendatu ere

atzoko ajia

mozkorra pasatzeko

a ze parajia!

 

        5

Egun hartan uretik

bagendun aukera

euri zapar galantak

lepotikan behera

hor ibiliak gaude

tximuaren era

bakailuak bezela

beratuak gera.

 

        6

Horra pasadizuak

garbi esan kantuz

ni lehenago pasia

bainaiz eskarmentuz

aterki edo zerbait

hartu pulamentuz

halare Urdaburun

trumoiakin kontuz!