Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014

 

bertsolariak

JOXE BLANCO SALVADOR

 

1905ean Hernanin jaioa

1987an Urnietan hila

 

Joxe Blancoren familia:
Mari Blanco, Joxe Blanco, Migel Blanco, Ina Agirre,
Asun Blanco, Meltxora Olano eta Anizeto Blanco.
Migel eta Inaren ezkontza egunean (1968-09-21).

 

      Bere bizitzan ez zuen ezagutu ez bere amarik ezta aitarik ere. Ama Salamancakoa ote zen eta Donostiako hotel batean zerbitzari zela neskatan izandako haurra zela uste zen. Bere bi deiturak amarenak ziren. Behin apaizen batek galdetu izan behar zion, ea ama ezagutu nahi ote zuen eta berak erantzun: “Orain arte ez da nitaz asko arduratu eta nik zertarako behar dut hura orain”

[Laxaro Azkune]

 

      Urnietan bizi izan zen, Setien Moko sagardotegian 1945 urtera arte. Jose Maria Setien gotzainaren aitak jaso omen zuen bere etxean, Joxe Blanco haurra.

      Meltxora Olanorekin ezkondu zen eta lau seme-alaba izan zituzten. Etxeko maiorazkoa ezkondu zenean etxetik irten beharra izan zuten.

      1945 urtean etorri zen Azpeitira eta 68 urterekin erretiroa hartu zuenean, 1973 urtean, berriro Urnietara joan zen bizitzera eta han bizi izan zen 1987an hil zen arte.

 

 

LANDETA ETA AITZAKI

 

      Azpeitian bere bi sartetxe nagusiak, Lizaso bertsolariaren Landeta taberna eta Jesus Arakistainen Aitzaki taberna izan ziren. Batean ez bazegoen bestean izango zen, bertso giroan ongi pasatzen zuen. Hizketan ere erantzuna sarri errimatuz emateko ohitura zuen.

[Laxaro Azkune]

 

      Behin Lizasoren Landeta tabernan Blancok Manuel Olaizola “Uztapideri” kantatu izan behar zion “ama bazuela baina aitarik ez” eta Manuelek kantatutako bi bertso gogoan ditu Sebastian Lizasok:

 

Lehen ez nekien gauza bat orain

jakin berri det suertez,

erantzuera badet zuretzat

entzun arte egon zaitez.

Zuk diozunez ama badezu

eta aitarikan batez,

Jesus bezela jaio al zinan

Espirituan bitartez?

 

[Laxaro Azkune]

 

Udaberrian jaiotzen dira

gibelurdin eta susak,

ta hoiek dira nundik datozen

inork ez dakien gauzak.

Aurrera ere jarraitzen badu

orain dagoen jentuzak,

gehiago ere izango dira

holako niño-jesusak.

 

      “Blankoren amaika pasadizo eta ateraldi eder bada, baiña bat kontatuko dizut. Bein batean, gure atariko postera igo eta or ari zan: “A ver, mesa; aquí alto de Mandubia” egiñez, Telefonicako bere nagusiei oska. Tokitan dago Mandubiko gaiña, Landetatik. Baiña etzeukaten orain bezelako kontrolik, itxura danez”.

[Joxe Lizaso]

 

      Joxe Arakistain Aitzaki tabernakoak ere kontatzen omen zuen beste pasadizo bat:

      Telefonicatik deitu omen zioten behin Aitzakinean zegoela eta hala erantzun omen zien: “aquí, cortando ramas”.

[Laxaro Azkune]

 

 

TABERNA-BERTSOLARIA

 

      Joxe Agirrek 1950ean egin zuen jendaurreko bere aurreneko saioa: taberna batean, Arronan, Joxe Lizaso lagun zuela. “Azpeitian bazen Jose Blanco izeneko urnietar bat telefonista bezala lan egiten zuena. Arronaneko afari batera joango zela hitz emana zion Joxe Lizasori baina azken orduan ezinezkoa zitzaiola eta niri deitu zidaten”. Halaxe hasi zen Agirreren karrera.

[Enekoitz Esnaola, Uztarria, 2003ko urtarrila]

 

      Noiz edo noiz plazan ere kantatua zen. Dena den etxekoek diotenez ez zen plazan aritu zale, taberna-bertsolaria zela diote.

[Laxaro Azkune]

 

 

GERRA GARAIAN

 

      1936ko gerrara ez zen joan, Telefonicako langile zelako. Inoiz baino beharrezkoago izango ziren telefono hariak gerran, eta langintza horretan aritu zen orduan ere. Gerra garaian Batzoki batean behin kantuan aritu zelako zigortu eta bota egin zuten Telefonicako langintzatik. Hala ere, beste lagunen baten bidez lortu omen zuen nola edo hala berriro onar zezaten.

      Bergarako erasoaldian larri ibili izango zen, etxe bateko eskailera azpian, egundo errezatutako aitagurerik benetakoena errezatu zuela esaten zuen berak, Intxortako bonbardaketa betean hantxe egokitu baitzen nonbait.

[Laxaro Azkune]