Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014
 “FRANTZES TXIKIA” | MATEA JOXEPA ZUBELDIA ELIZEGI | ELIO 

 

bertsolariak

MATEA JOXEPA ZUBELDIA ELIZEGI

 

1867an Hernanin jaioa, Ibarluze baserrian

1947an Kale Nagusian hila

 

 

      Ibarluze baserrian jaio zen, orain poligonoa den horretan (baserria botea dago). Baserriaren jabeak Madrilgoak ziren. Ohitura zegoen baserriko alabak Madrilera, nagusien etxera neskame eramatekoa. Horrela pasa ziren Madrilgo etxe hartatik Ibarluzeko hainbat emakume. Joxepari ere tokatu zitzaion, neska kozkorretan, Madrilera joatea.

      Madrilen neskame egonik, arratsalde bat edo egun bat izango zuen jai astean eta Manuel Ortiz Martinez ezagutu zuen, Burgoskoa. Neskametzatik ateratzeko modua ezkontzea zen eta Madrilen bertan gizon honekin ezkondu zen. Eta bost seme-alaba izan zituzten Madrilen (Nina, Amadeo, Pepe, Joakin eta Josefina). 1904 inguruan Hernanira itzuli ziren eta hemen jaio ziren bi alaba (Maria eta Juanita). 7 seme-alaba eta 27 biloba izan zituen.

[Mikel Ruiz, Joxepa Zubeldiaren biloba]

 

      Madrildik itzultzean Iztil-Artenean jarri ziren bizitzen, Portun, Shangai taberna inguruan. Gero Kale Nagusira joan ziren, 15. zenbakira eta janari denda jarri zuen. Ondoren Kale Nagusiko 3. zenbakira aldatu ziren, Riojanos taberna parera, eta janari denda jarri zuen (Maite zapata denda den horretan).

[Joxan Ruiz, Joxepa Zubeldiaren biloba]

 

 

Ortiz-Zubeldia familia.

 

ETXEAN EUSKARAZ

 

      Gizonak ez zuen euskaraz ikasi, baina etxean seme-alabek dena euskara egiten zuten. Askotan galdetu nion nire amari “eta aitonak zer egiten zuen?” “Ixildu!”. Joxeparekin gazteleraz egiten zuen, baina euren artean hitz egiten zutenean bakarrik.

[Mikel Ruiz]

 

      Semeetako bat, Joakin Ortiz (1896-98 inguruan jaioa), lagunartean eta bertsotan aritzen zen. Madrilen jaioa zen baina gazteleraz ikaragarri gaizki egiten zuen. Parrandazalea eta mugitua zen, eta euskaraz kantatzeagatik atxilotu izan zuen guardia zibilak. “Cómo te llamas?” “Joakin Ortis!” “Y dónde has nacido?” “En Madrid!”. Muturrekoa ematen zioten “no nos tomes el pelo!

[Mikel Ruiz]

 

 

Manuel Ortiz Martinez, senarra.

 

Joxan eta Mikel Ruiz, bilobak.

Argazkia: Estitxu Eizagirre.

 

 

BARBASENEA DENDA

 

      Senarra meatzeetan lan egina zen eta erabat gaixo zegoen. Ez zuen lanik egiten, asmak jota zegoen, ezin zuen arnasarik ere hartu. Joxepak, seme alaba eta guzti, berak bakarrik jarri eta atera zuen aurrera denda. Eta jeneroa negoziatu eta kontuak eraman eta... Esaten dutenez, gizona denda aurrean egoten zen aulki batean eserita, bere bizarrarekin. Hernanin bizardun bakarra bera zen, eta horregatik gara gu barbasenekoak.

[Mikel Ruiz]

 

      Dendak aurretik Kale Nagusira ematen zuen eta atzetik Ezkiaga pasealekura. Atzealdean ardiak hiltzen zituzten, gazta egin, usoak eta oilagorrak ere saltzen zituen ehiza garaian eta onddoak eta gibelurdinak...

[Mikel Ruiz]

 

 

ANSORENATARREN ESKAINTZA

 

      Eta trastiendan piano beltz bat zeukan! Ez zuen jotzen baina musika gogoko zuen. San Joanetan bazkaria egiten genuen han. Eta San Jose egunean (bere eguna zenez) ansorenatarrak joaten zitzaizkion txistua jotzera!

[Joxan Ruiz]

 

 

IDAZLE

 

      Nik ezagutu nuen amona nola egoten zen idazten. Luma eta tinteroarekin idazten zuen. Poesiak, errezu asko eta bertsoak idazten zituen.

[Joxan Ruiz, Joxepa Zubeldiaren biloba]

 

      Gure amak esaten zuen elizan kantatzen ziren kantu batzuen hitzak Joxeparenak zirela.

[Mikel Ruiz]

 

      Papeleratik paper roiloak ekartzen zituzten. Nik ikusten nuen berak nola egiten zituen orriak papera neurrira moztuz. Eta orratzarekin eta liztaiarekin josiz, pasta bat jartzen zien aurre eta atzean eta koadernoak osatzen zituen. Denbora librerik ateratzen zuenean idazten zuen eta bere koadernoak erakusten zizkidan, oso txukun zituen! Idazteko erabiltzen zuen mahaia jasoa dugu guk.

[Joxan Ruiz]

 

      Oso ilustratua izan behar zuen.

[Mikel Ruiz]

 

1946ko urtarrilaren 1eko argazkian:
Joxan Ruiz (biloba), Angelita Ruiz, Ramon Ruiz (biloba),
Josefina Ortiz (alaba), Joxepa Zubeldia Elizegi,
Juanita Ortiz (alaba), Maria Ortiz (alaba),
Arantxa Ortiz (biloba) eta Martxel Ruiz (biloba).

 

      Koaderno pila idatzi zituen. Alabak oso lotsatzen ziren bere ama bertsolari zelako eta jendaurrean kantatzen zuelako. Emakume bat gizonezkoen giro horretan ikustea gogorra egiten zitzaien... Eta alabek, ama hil zenean koaderno denak erre zituzten. A zer galera!

[Mikel Ruiz]

 

 

BERTSOTAN

 

      Entzuna dut bertsolari bat (ez dakit ziur zein) kalera joaten zela, bertsoak botatzen zituela eta Joxepak Kale Nagusiko balkoitik erantzuten ziola, bertsotan.

[Mikel Ruiz]

 

      Ezkiagan, frontoi atzean herri bazkariak egiten zituzten eta berak bertsoak kantatzen zituen.

[Joxan Ruiz]

 

      Baztangarena gertatu zenean, herri bazkaria egin zen Ezkiaga pasealekuan. Mahai gainera igo eta aulki batean eserita kantatu zituen bertso hauek. Gure amak esaten zuen “zer lotsa guretzat, gure ama mahaira igo zenean jende guztiaren aurrean bertso haiek kantatzera!”.

[Mikel Ruiz]

 

 

BERTSO BERRIK ANDRE BATEK JARRIK

ERNANIKO BERRIK OSO ARRIGARRIK

      Josefa Zubeldiak, 1918an

 

 

 

      Hernaniko Alkate jaunaren deialdi premiatsu baten ondotik, 1918ko apirilaren 1ean, Batzarre Oso bat ospatu zen Udaletxeko Areto Nagusian, bertan zirelarik Benefizentzi eta Osasun Batzordeak eta herritar multzo handi bat. Hona auzia zertan zetzan. Gobernadore Gorenak emaniko agindu bat, hurrengo eguneko lOak baino lehen, Lasarteko baztangadun gaixoak, batzuek egoera oso larrian, eta bizia galtzeko arrisku gorrian, Hernaniko Benefizentzi Etxera ekar zitezen.

      Gogorra izan zen batzarraren haserrea, herritarren osasuna eta Benefizentzi Etxeko egoiliarrena ere arriskuan ipintzen zelako eta hala berean herriko industriaren interesak, eta horregatik aho batez erabaki horren kontra agertu ziren, Gobernadore jaunarekin Donostian mintzatzeko batzorde bat izendatuz.

      Lehen agintariaren intransigentzia ikusita, eta uko egin ziolako batzordea hartzeari, protestazko telegramak igortzeari ekin zioten Ministrari Kontseiluko Lehendakari zen Maura jaunari, Gobernuko Ministrari zen Garcia Prieto jaunari, eskualdeko Diputatu zen Marques de Santillana jaunari eta Jauregiko Etxezain Nagusiari, delako erabaki hori atzera zedila eskatuz, bien bitartean irtenbide bat, Hernaniko herriaren interes moral eta materialarekin harmonian bilatzearren, Gobernadorearen jarrera jasanezinezkoa mehatxagarri baitzen herriaren osasunerako.

      Gestioak biderapenetan ziren bitartean heldu zen lekualdatzeko ordua, eta herria, orobat elkarturik “ez klase eta ez sexu, inolako diferentziarik gabe”, halaxe esaten da ondoko Akta batetan, gaixoei aurpegi ematera irten zitzaien, eta bere esku zituen medio guztiak erabiliz, atzera eragin zieten, ordenu publikoaren urraketarekin. Ekintza hau zela medio, erabakia aurrera eramatea eragotzi zen, eta Hernaniko herria egun horretan, 1918ko apirilaren 2an, doluminez betetzea ere bai, halaxe izango baitzen agintekeria hura azken burura eraman izan bazen.

      Hernaniarren defentsarako hartu jarrera gogorraren aurrean, Lasartetik urrundu gabe barrakoi batetan kokatu zituzten baztangadun gaixoak.

      Gure herriarentzat hain kezkagarri izan zen gertaera hau Joxepa Zubeldiak, hernaniarra bera, zehaztasunez jaso zuen ondoko 24 bertso hauetan:

[Begoña Gorospe Pascual, Hernaniko Urtekaria]

 

        1

Apirillaren biyan

Ernaniko erriya

Lau orduban egon zan

ikaragarriya

karrasi ta diarka

orduko larriya

eskerrak gendubela

batasun aundiya.

 

        2

Gertaerau izan zan

astiartiarekin

aurreko egunian

ezkenduben jakin

emen izandu zala

astelenarekin

Gobernadore jauna

gogor egin nairik.

 

        3

Ikusi nai zubela

bere begiyekin

Ernaniko ospitala

nola zegon jakin

ia ote zegoen

kondiziuakin

erakutsi ziyoten

leyaltasunakin.

 

        4

Laister ontzat eman du

kondiziyo onakin

bialdutzeko zazpi

gaxo bastangakin

baña beste gauz asko

mintzu oyen gatik

etzitun erabaki

emengo jaunekin.

 

        5

Gobernadoriari

gure alkate jaunak

eskeñi omen zizkan

erosotasunak

zaindu ta sentatzeko

an bastangadunak

toki berezi baten

txit ederki danak.

 

        6

Alperrik izan ziran

arrazoi guziyak

etzizkan aintzat artu

Gobernadoriak

askotan oi bezela

beriak obiak

entzun gor egin ziyon

goi agintariak.

 

        7

Gure alkate jaunak

bere lagunekin

Donostira juan ziran

gabeko amaikakin

konpontzen ote ziran

jaun aundi orrekin

trixte bueltatu ziran

goizeko irurakin.

 

        8

Gabez juanagatikan

larritasunakin

etziyen kasorikan

jaun oyeri egin

au egiten dubenak

erriko jaunekin

zer egingo ote du

jende pobriakin?

 

        9

Goizeko zazpiyetan

ostera juan dira

Tolosa juan zayote

Gobernadoria

ayek bialdu zuten

errira partia

“bastanga eta indarra

beriala or dia”.

 

        10

Ordubantxe Ernanin

etzan lo jendia

kanpana ta tronkua

dantzatubak dia

tronko aundikin itxi

ziraden bidiak

barrika gurdi eta

asma al guziyak.

 

        11

Bidera atera giñan

emakume asko

ta allegatu baño len

egin degu alto

zibillak esan zigun

etxera biltzeko

baizutela baimena

odola ixurtzeko.

 

        12

Ixurtzen badezute

odola gurekin

ill biarrak zerate

zeon zaldiyekin

guziyok bizkor gaude

gauza gogorrekin

biurtu obe dezute

bastangadunekin.

 

        13

Zibilla pranko baizan

zaldi galantakin

guri desapiyoka

beren ezpatakin

ez giñan ez izutu

oyekguziyekin

danok atera giñan

mirari aundiyakin.

 

        14

Mikela ta Axentxi

pareja fuertia!

Ayek aurren zirala

fiñ giñan jendia

zarrak eta gaztiak

nexkatx ta gaztiak

andre txit aberatzak

baitaere pobriak.

 

        15

Lana egin genduban

kupira aundi gabe

senarrak utzirikan

bazkayrik gabe

ustuta petroleoz

ospitala iyurtzi

aguro erretzeko

kristal danak ausi.

 

        16

Apaizak eta monjak

negar eta ausi

alako tranzerikan

ez zuben ikusi

gure monja gaixuak

belauniko jarri

eta telefonuan

Madrira Maurari.

 

        17

Arren suplikatzeko

Gobernadoriari

nolako tranze estuba

zegoen Ernani

alkatia aurren zala

Ernaniko jaunak

ondo egin zituzten

telefono lanak.

 

        18

Molestatu zituzten

erreguetan danak

Garcia Prieto ta

Santillana danak

Azkeneko tranzian

estu eta larri

suplikatu zioten

koronel jaunari.

 

        19

Arren erregutzeko

Gobernadoriari

ez uzteko galdutzen

orrela Ernani

permisua eskaturik

Montes prestubari

bere telefonuan

Tolosara jarri.

 

        20

Atenditurik ondo

teniente koronelari

eta gañera gure

alkate jaunari

orduban bigundu da

biyotz gogor ori

damuz barkazen zayo

pekatariyari.

 

        21

Urrengo egunian

guziok alkarri

“emen gertatu danak

ametz bat dirudi”

kulpa gabe galtzerik

nonbait ez komeni

graziyak eman danok

Jangoiko jaunari.

 

        22

Nik suplikatzen diyot

alkate jaunari

osekiyo txiki bat

emakumiadi

zortziko eder batekin

zar da gaztiaidi

alegre gerta dedin

egun triste ori.

 

        23

Gizonak erregalo

emakumiaidi

loretxo polipana

zar da gaztiaidi

egun ortan guztiyok

jantzita ibilli

ondo distingitzeko

egun aundiyori.

 

        24

Orra bertso berriyak

andre batek jarri

eztiot esker txarrik

ematen iñori

orduko uniyua

beti da komeni

ala gerta dedilla

biba gu ta Ernani.

 

 “FRANTZES TXIKIA” | MATEA JOXEPA ZUBELDIA ELIZEGI | ELIO