Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014

 

bertsolariak

“FRANTZES TXIKIA”

 

      Frantzesa Hernanin bizitu zen urte askoan baina ez zen hernaniarra. Gero Errenteriara edo joan zen bizitzera. Bertsolaria bai ederra!

[Antonio Zubiarrain]

 

 

TXIRRITAREKIN XEXTRAN

 

      Prantzes Txikia ere oso bertsolari ona omen zan. Bein batean bertsotan ari ziran Txirrita eta Prantzesa. Baiña Txirrita geitxo edana, eta Prantzes Txikia tente oso, eta bera gaillen. Biaramonean, Prantzes Txikia bere andregai Petrarekin ikusi zuan Txirritak, eta bat-batean bertso au bota zion:

 

Bart arratsian izandu nuen

kantatutzeko pereza,

beragatikan artuko zidan

eskaxaguak grandeza;

zenbaitek aña modu baneuka

egingo nuke trabesa:

Zinkunegi’ko neska Petrakin

ezetz ezkondu Prantzesa.

 

[Mariana Erauskin, Txirrita liburua]

 

      Gipuzku’ko erri txiki batean bertsolari bi: Txirrita ta Prantzes txikia.

      Saio egokia egin dute meza nagusi ondoren. Alkate jaunak au erregutzen die bertsolarieri:

      Arratsaldeko saioa bostetan izango dala kanta bear dezute bertso banatan. Alaxe egin zuten, goiz parteko ekiñaldiari azkena emanaz.

      Arratsaldeko bostak dira. Txirrita igo da Aiuntamentuko balkoi nagusira. An dago alkatea; an daude kontzejal jaunak. Jo dute bost eta laurdenak; geroxeago, bost eta erdiak. Asarretu da alkate jauna. Era ontan mintzatzen da:

      — Zuretzat, Txirrita, eztet zer esanik. Ordurako etorri zera, agindu bezela, baña bestea ezta ageri, Prantzetsa ezta azaldu...

      — Nola azalduko da ba Prantzesa erantzun zion Txirrita’k eguardian nik aña edan du-ta.

      Amaika arroatik gorako gizona zan Txirrita; bost arroa exkaxekoa, Prantzesa.

 

Txikiak estu ibili bear

aundiarekin ekiñez,

neurri kazkarrak uste baño len

egiten baitute gañez.

Jendea plazan egonagatik

Prantzesa’ri itxogiñez,

Artasoroan etzanda ura

bapo siesta egiñez.

 

[Basarri, Zeruko Argia 1964ko uztaila]

 

      Beste batean, Oiartzun’en, kantuan ari zirala, itzetan berotu egin ziran Txirrita eta Prantzes Txikia. Ordu erdian jardun eta ezin zuten alkar menderatu, eta iñork etzuan amor ematen. Txirritak bertso bat onela bota omen zion:

 

Zere denboran izandu zera

tunantia ta litxarra,

infernuetara joan bearra

ori daukazu lan txarra;

lendabiziko erreko zaizka

illia eta bizarra,

burruntziyaren puntan bueltaka

sobratzen zaion pizarra.

 

      Baiña Prantzes Txikiak onela erantzun zion:

 

Jende guziya nazkatu dezu

zure izketa zikiñez,

kulpik ez duen aingeru ona

trapu gaiztotzat egiñez;

bikariyotza nai zenduke ta

sakristautzako jakiñ ez,

zer nola meza emango dezu

eztakizu-ta latiñez?

 

      Bertan omen zegoen bertso auek kantatu zirenean.

 

[Gregorio Santa Kruz, Txirrita liburua]

 

      Pablo Zubiarrain, Ernani-Txikia bertsolariak onela esan digu:

      Gu gazte xamarrak giñala, Ernani’ko ganadu-peria egiten zan tokian, frontoiko atzean, kiosko koskor bat bazan da an bertsotan ezagutu nitun Saiburu, Txirrita ta Frantzes Txikiya. Pikatu xamarra beti kantatzen zuten, da asi ziran: katarrua zeukala Frantxexak, eta berriz ere eukiko zula bota zion Txirritak; San Antoniori kandela aginduta, promesa eginda zeukala, ta joan da etziola jarri kandelik. Ontatik asi ziran. Azkenean gero Frantzesa alleitu zan botatzera. Ni ez naiz bertsoa dana gogoratzen, urte asko dira-ta; bañan Frantxexak, bukaera onela zun bertsoa bota zion Txirritari:

 

Zuk biar zendun Gipuzkoa’ko

alperren diretoria.

 

      Ta Txirritarena ere, dana ez naiz gogoratzen; erdia bai:

 

Frantzez Txiki (y) au xapuxtutzian

nei lasaitzen zait barrena,

ez al dakizu sokor austeko

alperra dala onena?

 

      Gero, beintzat, Txirritaren beste bertso bat, dana ez, erdia:

 

Aspertutzen e asiya nago

zure moduko prendakin,

erle gorriyak eldu badizu

igurtzi zazu mendakin.

 

      Ikaragarriak bota zizkaten alkarri.

[Antonio Zavala, Txirrita liburua]

 

      Prantzes Txikiya ori, batean portalean lo egin, bestean eskailleretan goraiño igo eta an, bestean meta ondoan eta edozein tokitan, gizajoa; ola ibiltzen zan. Saiburu’ko atarian, atearen ondoan, gure aitak duro bat ematen ikusi izandu nuan nik. Baiña bertsolari ona zan. Gobernurik-ezak galdu zuan ura. Ta alpreta josten ere oso ona izan bear zuan. Ala esaten zuten beintzat. Bein batez, bertso au kantatu zion Txirritari:

 

Ezer gutxitik zenbait pertsonak

erreparua artzen du,

eta zu ere saiatzen zera

iñola al baldin bazendu;

zureganako inkurriyorik

ez det beñere izandu,

oker samarra izan bazera

obeko dezu zuzendu,

denan maisua izango ziñan

ondo ikasi bazendu.

 

[Juan Mari Lujanbio “Saiburu”, Txirrita liburua]

 

      Donosti’ko Loiola’n, San Inazio egun batean, bertsotan ari ziran leiotik leiora Txirrita, Saiburu ta Frantzes Txikia. Txirrita eta Saiburu Frantzes Txikiaren kontra asi ziran, lanik egiten etzuala eta alper aundi bat zala esanez. Bere txanda iritxi zanean, Frantzes Txikiak bertso au bota zien:

 

Eskerrik asko lasai xamarra

dadukatela gibela,

ta oiek berriz gaizki esateko

ez dute mingain motela;

publiku ontan itzegin dute

alper xamarra naizela,

ta edozeñek juzka lezake

oiek mantentzen nautela.

 

[Pello Zabaleta, Txirrita liburua]

 

      Donostiako teatro batetan, zazpi bertsolari ari ziren kantu lanean, eta saria bakarra zen. Azkenerako bi geratu ziren: Frantses Txikia eta Gaztelu. (...)

      Berdin juzgatu zituzten. Berriro kantatzeko esan zieten, baina gai bezala ahal zen gauzarik zaharrena hartuta, ordea. (...) Eta besteak baino gauza zaharragoa aipatu zuelako, Gazteluri eman omen zioten saria.

[Antonio Zavala, Gaztelu bertsolaria, Auspoa, 61]