Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014

 

bertsolariak

JOSE MANUEL “ARTZAI TXIKIA”

 

      Tximistanekoa zen. Hari andrea hil omen zitzaion, eta esan zioten beste ahizpa han zegoela nahi bazuen inguratu, eta “tela klase batetik traje bat nahikoa dut” erantzun omen zuen.

[Florian Oiarbide]

 

 

FAGOLLAGATIK IRTEERAN

 

      Egun batean Artzai Txikia Fagollagan omen zegoen eta goizaldera atera dira eta oilarrak kukurrukuka.

 

Oilarra honek goiz jotzen du

kukurruku kukuttu ta

burua gora altxatutzen du

ttonttorrian ukuittuta

zorioneko edari honek

engainatutzen gaitu ta

txintxo txintxo orain etxera

poltsako xoxak aituta.

 

[Antonio Zubiarrain]

 

 

TXIRRITA ARTZAIARI ZIRIKA

 

        Txirritak:

Artzai Txikiyak eman biaizkit

lau bat arrazoi fuertiak,

ire ardiyak nere soruan

egin dituzten kaltiak!

Punta berriyak moztu zizkatek,

eman zizkatek kortiak,

ire aziendak erretira itzik,

nik itxiko’izkit atiak.

 

        Artzai Txikiak:

Joxe Manuel, emango’izkiat

lau bat arrazoi klaruak,

ziertorikan ez dakit bañan

ala ematen dit goguak;

gauza au emen sinistezkeroz

bearko ditek txoruak,

Artzai Txikiyak ardik bezela

Txirritak dizkik soruak!

[Anizeto Kalonje, Txirrita liburua]

 

      Artzai Txikia bertsolaria bean piontzan eta Txirrita goien argintzan ari omen ziran.

 

        Txirritak:

Diran bezela esan

biar ditut gauzak,

nola izaten diran

artzaiaren kausak:

eztu ikaratuko

muturreko lotsak,

zer moduz gobernatu

eztaki bildotsak,

aurki negu aldera

ilko dizka otzak.

 

        Artzai Txikiak:

Txirrita, itzegin zak

polleki-polleki,

beirok gero bestela,

demontra polaki!

Bildotsak gobernatzen

artzaiak badaki;

udan esnia eman,

neguan barruti,

nere aziendaren

kezkik ez eduki.

 

[Jose Oiarbide, Txirrita liburua]

 

 

BIKOTE ARTISTIKOA KRISIAN

 

      Artzai Txikia eta Txirrita beti alkarrekin ibiltzen ziran kantuan. Bati eztaietara-edo kantatzera joateko esaten bazioten, arek besteari otsegin eta alkarrekin joango ziran. Oitura ala zuten. Bein, ordea, Artzai Txikiari pregoi-apari batera deitu zioten; baiña Txirritari ezer esan gabe, beste batekin joan zan. Urrena, Txirrita deitu zuten eztaietara joateko; eta Artzai Txikiari ezer esan gabe, beste batekin joan zan. Biaramonean, biak Santiago-mendi’ko Bostieta baserrira deituak izan ziran, eta bertso auek bota zizkioten alkarri.

 

        Artzai Txikiak:

Tripa-zakua bete biar du

gaztiak bere bolaran,

besteren bizkar ibillitzia

ai zeñen gauza ona dan!

Neri kasorik egin gabetan

eztakit nolaz joana dan,

jornal ederrak etxeratu’izkik

bart arratseko jornaran.

 

      Ain zuzen, musean jardun eta duro bat galdua omen zan Txirrita. Orregatik, «jornal ederrak» esaten dio.

 

        Txirritak:

Ollo erria sobra mayian,

ai ura ardozko asia!

Orrelakoa izaten oi da

nobiyuaren klasia.

Ez nuen uste Artzai Txikiyak

ortan punturik artzia,

aizak, aurriak erakusten dik

nola dantzatu atzia.

 

[Antonio Zavala, Txirrita liburua]

 

 

ZAKURRAREN PUTZA

 

      Beste argibide au, Jose Ramon Erauskin Lujanbio, Txirritaren illobari zor diogu: «Jokorako apizio aundia omen zuen (Artzai Txikiak), baña geienean galdu egiten omen zuen; eta, zituen diruak galtzen zituenean, ‘Asko diat!’ esan eta gelditzen omen zan. Bere andrea agin ateratzen aritzen zana omen zan; eta, jokoan galdu eta xoxik gabe gelditzen zanean, askotan esaten omen zuen:

      — Gure Jainkoak emango al ziok bat edo bati agiñeko miña!».

      Nonbait, andreak dirua irabazi zai egoten zan, jokora joateko.

      Bestek puntua asi ta osatzen ere oso azkarra omen zan. Orregatik, bein batean, jokoan danak galduta zegoen batean, Txirritak onako puntu au esan zion:

 

Zakurraren putza edo

ogei milla ezkutu,

zuk zer nai zenituzke

eskuan estutu?

 

      Eta, asnasia artzeko beta gabe, onela erantzun zion Artzaiak:

 

Ekarri itzazu neri

ogei milla ezkutu,

eta zakurraren putza

naizun aña estutu.

 

[Antonio Zavala, Txirrita liburua]

 

 

TXIRRITAREKIN DESAFIOA

 

      Batean, Astigarraga’ko guarda zanak kontatu zidanez, Donostia’n-edo, kuadrilla bat ari omen zan:

      — Txirrita obea dek.

      — Ez. Artzai Txikia obea dek.

      Ta Astigarraga’ko sagardotegi batean egin omen zuten: bost juez alde batetik eta beste bost bestetik. Upel banaren gaiñean jarri sillak eta bertsolariak an exeri.

      Iruna saio egin omen zituzten; saio luzeak. Ez bertso bat edo bi. Ta danak konbentzituta geratu omen ziran: Artzaia zuzenagoa ta obea zala.

[Paulo Zubiarrain, Ia kantatuz bezela, Auspoa]