Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014

 

bertsolariak

ELIO

 

      Garai artan ba omen zan Ereñozu aldean mutil zar bat, Elio esaten ziotena, kaskoan aizea besterik etzuan gizarajo bat. Jaietan tabernara joaten zan; eta, bi trago egin ezkero, derriorrean bertsotan ari bearra izaten zuan. Baiña izan ditezken bertsorik aldrebesenak botatzen zituan. Erakusbide bat emango degu.

      Epele-torre’ko Jose Migel Otxotorena, oso bertsolari polita zana eta artzai ibiltzen zana, Pardiola’ra etortzen zan andregaia bisitatzera. Jakin zuan ori Elio orrek eta egun batean bertso au bota zion:

 

Erromeriya txarrik

eztago munduan,

Oiartzun’dik asita

Epel-errekara;

Epel-errekatikan

Astigarra’raño,

Astigarraga’tikan

Pardiola’raño,

zer arraiotan abil,

suduraundi ori?

 

      Oi dan bezela, jendeak parre algara aundiak egiten zituan olakoak entzutean, eta txalo asko jotzen zizkion bertso bakoitzari. Orduan Elio ori arrotu egiten zan, eta ixildu gabe aritzen zan bertsotan.

      Egun batez, Txirritak eta Eliok tabernaren batean alkarrekin topo egitea gertatu zan.

      Txirritarekin kantatzeko egokiera zuala-ta, pozik asi zan bertsotan Elio ori. Txirrita, ordea, aguro aspertu zan noski, eta ixil arazteagatik izugarriak bota zizkion.

      Bertso bat onela kantatu zion:

 

Perrak baditu soñean bañan

mantxua degu birian,

basta polit bat jarri bear zaio

gaur orrixe bizkarrian;

latoi orizko kabestru fiñak

ipiñirik muturrian,

aitona kojo begi-bakar bat

traban duela aurrian,

a zer saltuak maiatza balitz

etxe-buruko larrian!

 

      Baiña Eliok etzion amor ematen; eta, beste askoren artean, bertso au bota zion Txirritari:

 

Txirrita tripa aundiya

birian korritua,

i’re juten baldin baaiz

izango dek lekua.

Zer zirala uste uken

kastillanuen gonak?

Aixa izurratze’izkitek

i bezelako tontuak

 

      Ain zuzen ere, Elio ori Kastilla aldean ibilia zan. Txirritak, orduan, azkeneko puntuak onela zituan bertsoa bota zion:

 

Orren lengo lagunak

Santa Ageda’n daude,

urte bete baño len

joango dek au’re.

 

[Gregorio Santa Kruz, Txirrita liburua]