Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Hernani eta hernaniarrak
Antxon Agirre Sorondo, 1997

 

SARRERA

 

      Historia luzea bezain trinkoa duen herria da Hernaniko herria, aitzindari industriagintzan, eta aski aberatsa ondare artistiko nahiz kulturalean, eta iragan betea izan duenez, berebiziko garrantzia duten orrialdeak idatzi dituena. Hau dioena urte multzo handi batean jardun da ikertzen eta azterlanean. Hala, egundainoko datu multzo handia jaso ahal izan du Hernaniko herri-bizitzaren inguruko hainbat aspektu bilduz, gertatu den husgune historiografiko hori, ez dugu ulertzen zergatik, beteko duen liburu erakargarri, zehatz eta interes handiko bat egunen batean argitara emateko asmotan.

      Egon badaude, bi behintzat, Hernaniko herriari buruzko monografia orokorrak: bata, Apuntes para una historia de la Noble, Leal e Invicta Villa de Hernani, Udal idazkari izan zen Salustiano Gastamintzarena, Donostian 1913an argitara emana eta Luis Murugarren Zamora historiagilearena bestea, Hernani: su historia e instituciones (Sociedad de Ediciones y Publicaciones. Donostia, 1970).

      Ugariagoak dira Hernaniren lehenari buruzko azterlan partzialak puntu desberdinak jorratuz. Hauetarik Mari Lurdes Soriaren lizentziaturako lan garrantzitsua aipatu behar da Los hombres y los bienes de la villa de Hernani entre 1585 y 1650, Fernando Garcia Cortazarren zuzendaritzapean egina eta AKPk 1982an argitara emana. Argitaragabea baina ez inola ere baztertzekoa Fernando de Santiago Urkijoren tesi doktorala herriko medikuntzaren gainean (Udal Artxiboan kontsulta daiteke). Bestalde, Luis Blas Zuletak 1985ean Udalaren babespean argitara eman zuena daukagu: Hernani entre dos guerras: 1872-1936. Medio siglo de vida de Hernani, oso luzea ez den idazlana baina interes handiko aspektuak besarkatzen dituena, zalutasunez eta egoki idazten duelarik.

 

Hernaniko herriaren ikuspegi orokorra 1961ean.

 

      Esan gabe doa arreta handiz aztertu ditugula delako obra hauek eta funtsezko ziren berriak jasotzeko bidea egin dugu gurean, baina eskuetan duzun liburu honek neure ikerlanaren emaitza biltzen du funtsean. Horretarako, Hernaniko herriari buruz mendetan zehar gure artxibo nagusietan gorde diren aztarna nagusi guztiak bildu ditugu. Hala nola:

 

— Merkataritza, Industria eta Nabigazio Ganbarako Artxiboa. Donostia

— Armadaren Artxibo Kartografikoa. Madril

— Elizbarrutiko Artxiboa. Iruñea

— Elizbarrutiko Artxiboa. Donostia

— Udal Artxiboa. Andoain

— Udal Artxiboa. Donostia

— Udal Artxiboa. Hernani

— San Telmo Museoko Artxiboa. Donostia

— Artxibo Nazionala. Madril

— Protokolo Artxiboa. Oñati

— Protokolo Artxiboa. Tolosa

— Artxibo Probintziala. Tolosa

 

      Irakurle soil batek pentsa lezake agian behin ikerlana biltzen denez geroztik ez daitekeela batere gauza zaila izan liburua moldatzea. Ez da egia, orduan hasten baitira, ez iruditu arren, arazoak. Hautaketa lana egin behar izaten da hainbat eta hain material ezberdinen artean: dokumentu historikoak, herritarren artean eginiko galde-sortak, irakurketa bibliografikoei buruzko oharrak eta iturri desberdinetatik jasotako informazioa. Halako metaketa egiteak zorroztasuna eskatzen du eta idazlan egoki bat moldatzeko xehetasun multzo bat aintzat hartzea. Izan ere, laburbiltzeko garaian, datu batzuk hartzeak eta beste batzuk baztertzeak, berekin dakar egileak Historiaz zer-nolako ideia daukan ere. Alabaina E.H. Carr handiak dioen bezala “historiagileari ez zaio hautatzeko lana beste biderik geratzen: lengoaiaren erabilpena bera du debeku neutralitateak. Eta ez da hitzen kontua bakarrik”.

      Hemen proposatzen duguna, halere, dibulgazio-liburu bat egitea da eta irakurterraza izango dena, nahiz eta ziurtasun handienez jokatu nahi den, Hernaniko herriaren lehenari buruz gaurdaino eman ez diren aspektu argigarriei dagokienean. Ez da Hernaniko “Historia Orokorra” egitea gure asmoa, baizik eta Hernaniko herriaren mendeetako bizi-aberastasunen berri ematea. Bigarren ale bat izan dezake jarraian. Hara, Hernaniko gizarte historiari buruz oraindaino egin den hurbiltzapenik garrantzitsuena duzu, hor eguneroko bizitzarekiko interesa nabarmentzen delarik, eta aspektu etnografikoak edota sozializazio-formak “historia ofiziala” delakoaren zenbait ikuspuntu albora utziz (tarte bat hartzen badute ere obraren barne). Halatan bada, izenburutik hasita, gure ahaleginak historiaren aurpegi “gizatiarra” nabarmentzeko joera erakusten dugu.

      Hain da bikaina eta dinamikoa Hernani eta hernaniarren biografia non orrialde batzuetan hertsatu eta agortu nahi izateak porrotaren bidera eramango gintuzkeen. Hori horrela izanik ere ez dugu etsi nahi idazlan honen lerroak pasatuz Hernani hobekiago ezagutzeko bidea irakurleari erakusten, eta honek, zertxobait gehiago maita dezan ahaleginak egiten. Eta gainera geure oraina hobekiago ulertzeko laguntza badira orrialdeok, agintzariz eta erronkaz beterik heldu den geroa bera ere esperantza handiagoz hartuko dugu.