Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Hernani eta hernaniarrak
Antxon Agirre Sorondo, 1997
 SARRERA | PREHISTORIA ETA HILOBI-KULTURA | INGURUNE NATURALA 

 

PREHISTORIA ETA HILOBI-KULTURA

 

      Esan beharrik, herri, nazio edo kultura ororen gainetik gizakia dela Historiaren subjektu aktiboa eta protagonista. Horregatik, “Hernani” izeneko herriaz hitz egiten hasi aurretik, beronen lurralde barneko giza-aztarnak arakatzen hasiko gara, prehistoriara jotzen dugularik.

      Gure mendietako hegi eta lepoetan megalito aroko lekuko interesgarrien bilduma daukagu, esan nahi baita harrizko monumentuak ditugula, duela milaka urte bizi izan ziren haien hilobi-kulturaren ezaugarri direnak. Igoain-Akola zonaldean kokaturik, lau trikuharri Akolako Lepoan, eta Arritxietakoa, Igoiain Lepoko biak eta Sagastieta Lepoko bikotea. Harrespilei dagokienean, berriz, Oindi-Mandoegin kokatuak: Antxista, Etzela, Etzioko Soroa, Etzioko Tontorra, Muniskue Gaina eta Unamuno. Azkenik, tumulu bat ere aipagarri zaigu Oindi-Mandoegin, Etzelako Txokoa deitzen dena.

      Munduan diren lehendabiziko giza-ehorzketak Musteriar garaikoak dira, Erdi-Paleolito arokoak (K.a. 75.000/60.000 eta 35.000 urteak bitarte). Garai honi dagozkio Ekialde Ertaineko eta Frantziako zenbait haitzuloetakoak[1]. Alabaina, hezur isolatu batzuk baino ez dira ezagutzen euskal lurrean eta hauek argi gutxi ematen dutenak garai haietako komunitate barreiatu haiei buruz.

      Nekazaritzaren eta etxeabereen garapena dira Neolito aroko seinalerik nabarmenenak. Berebiziko gorakada ekarri zuten aurrerapen hauek demografiaren aldetik, eta hor kokatu behar dira aipatu nahi ditugun hilobi mota haiek: ordukoak dira lehen nekropoliak. Euskal Herri zaharrean, aldiz, Neolito aroa aurrera zihoanekoak dira lehenbizikoak. Euskal nekropolien parekoak dira Marizulo (Urnieta, Gipuzkoa) haitzuloko aztarnak, non gizaki baten hezurrak aurkitu ziren, K.a. 5.286 (± 65) urte aldera hil zen batenak (Epipaleolito aroa). Nabarmentzekoa da kasu honetan uzkurturik azaltzen zaigula gizakia eta zakur bat eta arkume bat lagun dituelarik, burua mendebaldera eta oinak ekialdera, eguzkiaren gurtzari zegokionez.

 

Sagastietako Lepua-I trikuharria.

 

      Kristo aurreko laugarren milakoan azaltzen dira monumentu megalitiko handiak, gorpu askoren hilobi izango direnak: trikuharriak. Harri zuti zenbaiten gainean harri zabal handiak ezarrita, mahai tzar handi bat bailitzan moldaturik daude trikuharriak. Euskaraz trikuharri hitza dugu erabiliena, baina beste hitz batzuk ere ezagunak zaizkigu gutxi-asko bitxiak direnak, sorginetxe edo jentilarri esaterako. Gisa honetako eraikuntza litikoen aztarnarik zaharrenak Portugal, Bretainia eta Ipar Europan kokatzen dira. Trikuharriaren diztira, hilobi-kulturaren ardatz modura esan nahi da, K.a. 2.500-1.800 urteak bitarte kokatu zen eta Brontze Aroarekin batera heldu zen gainbehera.

      Baina, gauza jakingarria, kontinentearen alderdi askotan milaka urte geroago ere gorpuak haitzuloetan ehortziko dira. Ez-ezaguna zaigu zergatik batzuek beren senideak haitzuloetan ehorzten dituzten eta beste batzuek trikuharrien baitan, nahiz eta pentsa daitekeen pentsamolde eskatologiko edo haraindikoaren arrazoiak izan zirela tartean.

      Bi trikuharri mota ezagutzen dira funtsean Euskal Herrian: soilak eta txikiak, mendialdekoak, eta haran eta ordekako trikuharriak, “korridore” deituak, egitura errektangularrekoak eta pasabidea dutenak, zenbait kasutan gelatxoa ere bai. Neurriz handiagoak dira behealdeko trikuharriak gehienetan mendikoak baino, nahiz eta hain ugariak ez diren, zeren eta oraindaino aztertu direnetarik %95a eredu soileko edo mendikoak dira. Multzo honetan sartu behar dira Hernanikoak ere.

      Hildakoen orientazioa bezalaxe (burua mendebaldera eta oinak ekialdera) trikuharriak ere eguzkiari buruz kokaturik daude: mendikoek ekialdetik dute sarrera, eta bien bitartean hegoaldetik korridore deituek. Erdi Aroko kristau kulturak bereganatu egin zuen eguzkiari buruzko ohitura hau eta nola gorpua ehorzteko jarreran hala garraiatzerakoan, eta berdin elizen orientazioan zehazki errespetatzen zuten delako “orientazio sakratua”.

      Gure aroko lehen milakoan komunitate berriak etorri ziren Pirinio mendien iparraldetik, metalgintzaren zeregina zekartelarik. Metalgintzak bizimodu finkoagoa zekarren eta orduan sortu ziren han-hemenka kastroak edo herrixkak, horietan familia zenbait finkatu zelarik. Laborantza ere bazuten, aski trauskila izan arren, eta abeltzaintza mendi hegaletako larre aberatsez baliaturik. Jabego-sistema zertxobait konplexuagoari hasiera eman zion eta hildakoei buruzko kultura berria sortu zen: errausketa zeritzana. Gorpuak sutan kiskaltzen ziren eta hauen errautsak harrespil edo harrizko egitura handi baten barne ehorzten. Jentilbaratza ere deitzen da euskaraz. Harriz osaturiko zirkulu bat da funtsean eta horren erdian kokatzen dira hildakoaren errautsak.

      Haurrak beste modu batera ehorzten ziren, eta kasurik gehienetan bizitegiaren aterpean ehortzi ere. La Hoyako (Biasteri, Araba) bizitegietako zorupean 269 haurren ehorzketa aurkitu ziren. Ez dago harritzekorik ezer: Euskal Herrian duela belaunaldi asko ez dela bataiatu gabeko haurren gorpuak etxearen alboan ehortzi ohi ziren, teilatuko hegalpean hain zuzen. Hau horrela egiten bazen haur errugabeak “etxearen babespean” geratzea zen xedea.

 

 

 

 

[1] ARMENDARIZ. A. La idea de la muerte y los rituales funerarios durante la Prehistoria en el País Vasco. “Enfermedad y muerte en el pasado”. Munibe aldizkaria, 8. zk. gehigarria. Aranzadi Zientzi Elkartea. Donostia, 1992, 15. or.

 

 SARRERA | PREHISTORIA ETA HILOBI-KULTURA | INGURUNE NATURALA