Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003
Olaburu (Goikoetxe) | Olaondo (Txokolate-Enea) | Otxakil-Enea

 

Olaondo

(Txokolate-Enea)

 

      Ameriketan izandako batzuk omen ziren, Urdanpilleta familiaren aurretik Olaondo baserrian. Handik eta harat du etxeak Txokolate-Enea izena, izatez aspaldidanik Olaondo bada ere.

      Bestetik, Txirrita bertsolariak jarri zuen dantzan, Ereñotzun ermita eraikitzea zela eta, Txokolate-Enearen izena, dio nire solaskide Joxe Mari Urdanpilletak (72 urte).

            “... ermitatxo au egin ziguten Txokolateren lurrian”.

      Etxea bera ez da egituraz aldatu. Lehena da, bi isuritakoa, goian bizilekua. Orain igoera kanpotik, lehen barrutik. Behean alde batean taberna (ostatua dio Joxe Marik) eta bestean ukuilua zituen. Orain, gainera, etxebizitza bat dauka eranskin modura.

      Familia Tolosako Urkizu auzotik etorria da aitona, gurasoak eta anai-arreba zaharrenak (Joxe Mari eta Sebastiana). Joxe Antonio Urdanpilleta zen aitona. Migel Mari Urdanpilleta Kerejeta aita eta Joana Otegi Otaegi ama. Hemen, Olaondon jaiotakoak dira Kontxita eta Migel senide biok.

      Joxe Marik hartu zuen etxearen ardura, ezkonduta, Manuela Ormaetxea Mitxelena, Donostiako Egia auzokoa emazte izanik. Joana, Joxe Antonio eta Migel Mari dira seme-alabak. Orain aita eta ama bizi dira soilik etxean, eta Migel Mari semea Mikeli Etxebeste emaztea, eta Haritz eta Xabier bi semeekin alboko etxean.

      Baserritik atera zuten gurasoek bizimodua. “Bost behi eta hiru zekor izaten ziren gurean”. Lursail onak, erribera lurrak soroak, “baina ez dira, dio Joxe Marik, erribera hauek, esaterako Epele aldekoak bezalakoak. Hauek hotzago eta hezeagoak dira”.

      Gainerakoan, Alkatxurain aldeko aldapak, belardi, sagasti eta azpigarriarentzat. Belar zakarra eta otea azpigarri, ez da besterik. Alkatxurain (alka-zu) ondo asmatutako izena dela uste du.

      Baratzea, etxerako lain baizik ez. Zezenaren zerbitzua zuten, etxe-ordekoan inguruetako baserrietatik etorri behiak estali ahal izateko. Esnea, lehenik Agirre eta gero Santa Kruz esneketariei. Joxe Marik, ordea, hein batean baserriari helduz, fabrikarako bidea hartu zuen (Elektrokimika), bizikletaz, moto koxkor bat gero (Guzzi) eta autoa azkenik. Taxi zerbitzua ere eduki zuen auzoan hamabi bat urtetan.

      Oraindik ere Joxe Mari, jubilaturik dagoen arren, ez dago geldi. Behi bat badu etxetik apartexeago aterpe batean, baratze koxkor bat eta sagastia eta... dolarea azken urteotan, ahaide eta auzoko zenbaitek urteko sagardoa izan dezan.

 

Olaburu (Goikoetxe) | Olaondo (Txokolate-Enea) | Otxakil-Enea