Otxakil-Enea
(desagertua)
Errepide azpitik eta Urumea ibaiaren hegian Ubarroto baserritik hurbil aurkitzen zen Otxakil-Enea baserria. Itxura batean “hotzak hil” dela iduri badu ere beraren esanahiak, ez nago horretan. Interpretazio errazegia izango litzatekeela uste dut. Nik neuk nahiago dut “Otxandi”, “Otxabi” edo horrelako izen propio baten bidea hartzea.
Nolanahi ere baserri polita izana dugu garai batean. Sagasti ederrak malkarretan, dolarea eta gainera, sagardotegi izana omen. Gaur horma zahar batzuk baino ez dira gelditzen zuhaitz artean ezkutaturik, eta historia triste baten oroitzapena, horra.
Bi anaia eta arreba omen ziren azken aldera Otxakil-Enean. Hauetarik, aldiz, Joxe Mari zeritzona azkenik. Erreka bazterrean etxetik aurreraxeago zuten baratzea, agidanez, eta Joxe Mari hau baratzean ari zen bitartean, bezperan saldu zekorraren dirua (13.000 erreal) ostu zioten.
Ondoko egunean, osteguna, sosik ez eta kutxara diru bila. Hala ere, dirurik gabe etorria etxera. Norbaitek (hobe norbaitzuk) dirua ekarri zuelakoan, larunbat gauean lotan zegoela, dafailaz ahoa itxi, bi besoak ohazurari lotu eta joka eraila izan zen. Bi pezeta bakarrik azaldu ziren etxean.
“Hurrengo goizean angariletan, oinez, bizkarrean harturik eraman zuten Hernaniko hilerrira gorpua. Hori dela 70 urte izango dira”, bera mutikoa, esan dit Txabolategiko Telesforok.