Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003

 

Sarobe

 

      Etxe ondoan bertan dago sarobea, edo xarobea bertakoek esaten duten bezala. Zer nolabait ardi eta abereei buruzko adierazpena du, dela artegia dela hauek biltzeko edo bazkatzeko lekua.

      Osinaga auzoan, Txonkua-Enetik gora Argindegi baserria goian eta honen hegaleko malda barrenean, zabalune batean, kokatzen da Sarobe baserria. Garai batean etxebizitza bakarra izandakoa, gero bi egin zituzten, 1947 aldera, anai-arrebak etxe banatan bizitzen jarriz.

      Gaspar Aranburu eta Manuela Joxepa Otegi bertako aiton-amonak, zazpi seme-alaba izan zituzten, horietarik bat artean haurra zela hila, hona besteak: Inaxi, Anttoni, Joxe Antonio, Patxiku, Gregori eta Kaximira. Hauetarik, Anttoni, han-hemenka neskame ibili ostean (Maria Kristina hotelean, esaterako) osasun arazoak bitarteko, jaiotetxera itzuli zen berriro.

      Patxiku eta Kaximira, bi anai-arrebak Bixenta Miner eta Joan Migel Miner, Intsusadi baserriko anai-arrebekin ezkondu ziren.

      Kaximirak eta Joan Migelek hiru seme-alaba izan zituzten: Maitere, Manoli eta Patxi. Eta izenaren harira badu kontatzekorik nire solaskideak. Antza denez, eta ohitura zen bezala, aita Hernaniko epaitegira alaba izan zuela eta, erregistratzera eta izena Maitere jartzera. Bidean zetorrela, ordea, seko ahaztu alabari jarri behar zion izena, eta Portura iritsitakoan Gorria-Enekoari entzun bere alabari “Maitere!” deika, eta orduantxe burura etorri.

      Beste alabak ere, Manolik, badu berea; amona izaki honen amandrea, eguraldi oso gaiztoa eta gaixorik ohean haurraren bataio egunean; hala bada, izebak ekarri omen zuen elizara bataiatzera eta berak egin amandretza amonaren izenean.

      Manoli etxerako, Tomas Flamarike andoaindarra senartzat hartu eta lau seme-alaba izan: Jon, Nekane, Aitor (bi hilabete t'erdi zituela hila) eta Aloña.

      Anaia Patxi, bizikleta zale amorratua, hartara jo zuen bizibide bila eta bere izena aski ezaguna dela Hernani aldean eta txirrindularitza giroan esan behar da.

      Beste aldeko etxebizitzan, Patxikuk eta Bixentak zazpi seme-alaba izan zituzten, baina 4 txikitan hil ziren, txikienak bikiak, eta hiru bizitu ziren: Gaspar (dagoeneko hila), Joan Migel eta Frantzisko Mari.

      Egun bi semeak (biak ezkonge) bizi dira baserrian.

      Aita, Joan Migel, lorrean ibiltzen zen, gero Irin Fabrikan eta azkenean “Biyak-Bat” papeleran, eta handik aparte baserrian. Halarik ere, esanik doa baserria bitan banatu zela eta bat handia ez bazen, gero bi koxkor gelditu zirela. Behi pare bat, beste hainbeste zekor, zerria eta zerrama, baratzea ere bai baina gutxi. Oraino gogoan du nola etortzen ziren aitak egindako zaldi-karroan txerrikumeak hartu eta ostegunetako ferian saltzera. Eta honen harira, aita oso artetsua zela diote, berak egin omen haurrentzako sehaska, eta etxean behar ziren erreminta guztiak. Ttiki-ttikitandik ekarri omen zuen zurgintzarako grina eta abildadea baina bere aitak “etxean sega eta sardearekin nahikoa lan bazegoela” esan eta ez omen zion lanbide horretan sartzeko aurrerabiderik egin.

      Aita hildakoan, 1976an, atera zituzten behiak eta egun, garbitzearen alde ematen dituzte belarrak.

      Bestalde, Santu Guztien eguna dakarte gogora bi ahizpek, hotza nahiz euria goien-behean izan, krisantemo loreak hartu eta kanposantura joaten zirenekoa, han etxekoen nahiz aldameneko lehengusu aingeruen lurreko hilobiak garbitu eta lore txuri txikiekin R.I.P. hizkiak jartzen zituzteneko garaiak, “guk ez genekien zer esan nahi zuten baina denek jartzen zutenez, guk ere huraxe jarri”.

      Beste bizitzan, Patxikuk eta bere familiak ere antzeko bizimoldea zuten. Eziago papeleran eta handik kanpo baserrian jarduten zuen senarrak. Alabaina honen semea, Joan Migel, beti baserrian aritu izan da, osasunak lagundu dion bitartean. Orain, ordea, behiak larrera bota, eta jada fabrikatik erretiratutako anaia Frantzisko Mari eta biak bizi dira baserrian.