Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegaciķn [eu]
Ipunpetik argitara
Maialen Apezetxea Lujanbio / Mikel Ozaita Azpiroz, 2016

 

4.2.
BASERRIA

 

      Sarritan emakume baserritarra, euskal emakumearen prototipotzat hartu izan da. Familia barruan, jendarteko oinarrizko zutabe gisa hartzen zen eta emakumea boteredun gisa aurkezten zen. Ikusiko denez, ordea, jendarteko beste esparru guztietan bezalaxe, Frankismoaren eragin gehiago eta gutxiagorekin, aurretik eta ondoren, gizon eta emakumeen artean sortutako desorekak nabariak dira, baita baserrian ere. Sexuen arteko lan banaketa, aisialdiaren erabilera desorekatua, maiorazkoa edota harreman sozialak, horren lekuko dira.

      Baserriak bere baitan, berezitasun batzuk ditu beste esparruekiko; etxea eta lantokia bat izatea, ekonomia formalarekiko harreman txikiagoa izatea (soldatarik ez eta diru sarrerak produktuen komertzializazioaren baitan), garraiobideak mugatuagoak eta distantzia/denbora handiagoak behar izatea (baserrien artean alde nabarmenak bazeuden ere), lana kanpoan ere egin behar izatea (eguraldiaren eta urtaroen eragina) eta lana “lotua” izatea (animaliekin eta produktu freskoekin lan egitearen ondorioz), esaterako. Era berean, guda ondorengo Frankismo hartan, eguneroko elikadura bermaturik izateko aukera handiagoa zuten, Estatuak baserrietan eta baserri auzoetan eragiteko aukera gutxiago izan baitzuen eta euskararen transmisioa eta erabilera mantendu ziren, besteak beste.

 

 

      Urtea: 1970 hamarkada.

      Lekua: Elutxeta baserri inguruko baratzea.

      Agen direnen izenak: Juana Loinaz.

      Deskribapena: Juana Loinaz baratzean lanean, aitzurrarekin.

      Interpretazioa: Emakume baserritarra ageri da baratzeko belar txarrak aitzurrarekin ateratzen. Jada urteetan aurrera badoa ere “gerri onak” ditu. Soinekoa, aurreko amantala eta abarkak ditu jantzirik.

      Urtea: 1970 hamarkada inguru.

      Lekua: Elutxeta baserri inguruko baratzea.

      Ageri direnen izenak: Juana Loinaz.

      Deskribapena: Juana Loinaz baratzean lanean, aitzurrarekin.

      Interpretazioa: Emakume baserritarrak baratzean lanean ari dela tartetxo bat hartzen du, argazkirako pausatuz.

 

 

4.2.1. Baserriko lan banaketa

 

      Aurretik aipatu den moduan, baserrian ere sexuen arteko lan banaketa ematen zen, nahiz eta eginbehar batzuetan lana partekatu. Beste esparruetako emakumeen modura, “etxeko lan” deituak izan diren guztiak emakumezkoei zegozkien; elikagaiak prestatzea, haur, gaixo eta helduen zaintza lanak, jostungintzako lanaketa abar. Baserriko lanak (baratzeko lanak, animalien zaintza) partekatzen ziren, bertan ere, eginbehar jakin batzuk banatzen baziren ere. Gizonezkoei zegozkien lanak ere baziren (basolanak esaterako). Beraz, “etxeko” esparrua emakumeari zegokion esklusiboki eta gizonezkoa etxeko lanetarako libraturik zegoen. Baserriko lana berriz, oro har, partekatua zen.

 

      “Emakumiak era guztitako lanak iten zituzten, gizasemiak iten ez zituztenak”. (Ereņotzuarrak)

 

      “Goizian sua pixtu poxpoluakin ta heltzia jarri, otordua jarri, erropak garbitu, arropa zaharrak konpondu, petatxuk... denetan haitzen zian, kanpun lan asko!”. (Ereņotzuarrak-gizonezkoa)

 

      “Geo igual belarrak biltzea o zeoze, biharzun emakumiak ta danak!”. (Arantxa)

 

      Era berean Ereņotzuarren ondorengo testigantza honek esaera zahar zehatz batekin lotura zuzena du:

 

      “Gizasemiak etortzeako otordua ez bazeon pronto.... Ufa!”. (Ereņotzuarrak)

 

      “Gizona lanetik datorreneko, sukaldea garbi eta begiak argi”. (Esaera Zaharra, Garate)

 

      Beraz, kasu honetan behinik behin, orduko ahozko ondare kulturalak eta garaiko emakumeen bizipenek bat egiten zuten. Argi azaltzen da, zein zen emakumeen tokia eta eginbeharra. Emakumeek lan guztiak egin zitzaketen arren, lan horiek ez egiteko bestelako estrategiak egon zitezkeen tartean:

 

      “Baserrin ne amak eta jende askok behiak bildu ta dana, baiņo ne amak, esaten zuten ne ahizpak, etziotela beiņe utzi ez segan... Ez ikasteko segan ta ezta behiak biltzen e! Zeaitikan bestela gizonak feria jun ta etziala etortzen”. (Arantxa)

 

      Baserriko lana “lan lotua” zenez (animaliekiko menpekotasuna kasu honetan), emakume batzuk lan batzuk ez ikastearen estrategia hartuko zuten. Izan ere, bestela lan horiek ere beraiek egin beharko zituzten. Era berean, gizonezkoen aisialdia nolabait “naturalki mugatzea” ekarriko zuen.

 

 

      Urtea: 1950-1960. hamarkada.

      Lekua: Bezkita baserria.

      Ageri direnen izenak: Manuela eta María Agirre Zugasti (ahizpak) eta Luis Antonio Lizeaga Agirre (haurra, bi emakumeen iloba).

      Deskribapena: Bi emakumeak eta haurra argazkirako pausatuz daude.

      Interpretazioa: Udako egun eguzkitsu bat dela dirudi, arropa arina dute eta emakumeetako batek zapia buruan. Baserriko atarian daudela dirudi atzean arropa zintzilikatzeko soka eta pintzak ageri dira.

 

 

4.2.2. “Larre motxian hezitutakoak”

 

      Baserrian lanean edo laguntzen behinik behin, oso azkar hasten ziren. Izan zitekeen, anai-arreben zaintza, babarrunak edota artoa aletzea, ardiak biltzea... lan guzti horiek dozena bat urte bete aurretik eginak zituzten hainbat elkarrizketatuk.

 

      “Ordun jun behar izaten bazun iņistorreta (garoa biltzea ukuiluko zolarako) edo, Eguzkitzakoak laguntzen zion Agerrekoari, ta Agerrekoak Eguzkitzakoari. Ta ordun Eguzkitzakoa zan, harreman handia genun, elkar laguntzen ziran danatan. Puntakoak erantsi behar izaten zaizkion idiei goraino laguntzeko... Santa Barbara berritu zanian idi pare batekin ezin zan materiala igo goraino, ordun bi idi pare behar ziran eta mistar jorna ekartzen zanian.... Ayuntamentuak jartzen zittun lotiak eta egiten ziran sorteatu, sorteoa egiten zanian bakoitza juten zan sorteora eta guri adibidez tokatzen zitzaigun Akola, ta hurrengo urtean Epelerreka, handikan iņistorra jorna ekarri egin behar zan etxea, baino idi pareakin oinez jun eta oinez etortzeko kargakin, Altxarmoneko malda ezin zan igo beste idi parea ekartzen zan Eguzkitzatik, puntakoa ekartzeko. Hoiek hola izaten zian eta beti ni nitzan idi paria jeisten, Altxarmoneaino, Eguzkitzatik. Eta ni nitzan ematen zuna Epelerreka idiak Eguzkitzako osabakin”. (Ihintza)

 

      Eskolak baldintzatzen zuen eguneroko lan jarduna. Eskola bukatu arte, baserriko lanak partekatu behar izaten zituzten eskolan ematen zituzten denborarekin. Halere, eta lehenago aipatu denez, askok eta askok ordea bigarren mailako ikasketarik egiteko aukerarik ez zuten izan eta 13-14 urte beteta lanean hasi ziren esklusibitatez.

 

      “Eskolak ni hamalau urte arte junitzan. Ni hamahiru arte. Ni ikaragarri gustoa jutenintzan; Fagollagan genun guk eskola. Ni berriz Arriatsua jutenintzan; gui dena erderaz itten ziguen, Escuelas Publicas baitzien, mutil ta neskak separatuak”. (Ereņotzuarrak)

 

      “Inguru ruralaguan neska ta mutilak batea juten ginan eskola ta euskeraz gainea”. (Ereņotzuarrak)

 

      Azken testigantza hauek, Frankismoak eta estatuak oro har, baserri auzoetan eragin gutxiago izan zutela baieztatzen dute. Herrian gertatzen zen moduan, arratsaldeetan, “laboreak” ikasten zituzten neskek.

 

      “Eskolan, atsaldetan, josten erakusten zieten emakumiei, bordatu etab. Arreoa (ezkontzarako) prestatzeko ikasten zuten”. (Ereņotzuarrak)

 

      Herritik gertuen zeuden baserrietakoak, herriko eskoletara joaten ziren, herri gunean bizi ziren beste haurrekin batera.

 

      “Colegioko kultura ere hala zan, más bien ‘Secciķn Femenina’. Ematen ziguten, pues nik ikasi nun dantzatzen, un baile de cada autonomía y una canciķn de cada autonomía. Yo la sardana bailo muy bien. Dana erakusten ziguten. Dana pero ‘Secciķn Femenina’, hor sartzen ziran danak, toda Espaņa”. (Ihíntza)

 

      “Nei maistrak bien kastigatu zian, bakizu zeatik? ‘cara al sol’ kantatu berzan ta eskua altxata ta nik eskua altxatu ez! Behin enun altxatu!”. (Ereņotzuarrak)

 

      Beraz, baserriak herri gunetik gertu edota urrutiagoko auzo guneetan egoteak Frankismoa eta estatuarekiko eragin gutxiago edo gehiago izan zuen. Auzoetako eskola batzuetan neska mutilak elkarrekin joaten ziten eta eskolak euskaraz ematen ziren. Herri gunean aldiz, neska mutilak eskola ezberdinetan banaturik zeuden eta Frankismoaren eragina askoz ere handiagoa zen.

      Eskolak irauten zuen denboran ezin lanik egin, baina goizean goiz, arratsaldean edo oporretan, ez zegoen etxean lanik egingo ez zuen baserriko seme-alabarik, “larre motxean hezitutakuak” baitziren:

 

      “Ni amakin jutenintzan; ama berdurak saltzen gelditzen zan ta ni esnia partitzea, 6 litroko marmitakin etxez etxe, ta geo bueltan Astiarra eskola”. (Ereņotzuarrak)

 

      “Baserrin leheneanago jun behar nun belarreta merienda ematea, belar biltzen ari ziralako edo artoa ereiten ari ziralako... artoa ereitea edo baratzan porruk aldatzeko laguntzea, askoz lehenago zer ya pasatzen nun, goiza, esnea partitu, magisteritza jun, etxea bueltatu eta gero lana zer”. (Ihintza)

 

 

4.2.3. Baserriko produktuak merkaturatzea

 

 

      Urtea: 1950 inguru.

      Ageri direnen izenak: Manoli Urruzola.

      Deskribapena: Emakumea astoarekin bidean barrena doa.

      Interpretazioa: Manoli Urruzola egun argiz astoa hartu eta feriara doala dirudi. Esku batekin astoa gidatzen du eta beste eskuan poltsa duela dirudi. Astoak saskiak beterik ditu, beharbada ferian baserriko produktuak salduko zituen eta. Buruan zapia du, betaurrekoak eta soineko eta jertse nahiko dotoreak, baserriko lanetako arropak baino kalera jaisteko modukoak. Atzean, eskuinaldean berriz, hiru haur ageri dira.

 

      “Lagun batzuk banittun lotsa ematen ziotenak ta nik, nahiz kalian... nei etzinan lotsik ematen astuakin!”. (Arantxa)

 

      “Hamasei urteako ni plaza jute nitzan Donostia. Juanantonen hartu astua, kargatuba, atzea zijuana gehio ta jeiste giņan Sansonategin barrena behera Martindegia ta Martindegin tarte hortan barrena Txalakan barrena... danak ordun hor sagastiyak zian eta tranbia pasatzen zan goitik, tranbian zubin pasa ta Ergobia. Ergobin eote zian guardabinuak, los guardias municipales ta han pagatu behar izate gendun hoinbeste berdura, ta hoinbeste zama zun gutxi gora behera eta Donostia”. (Arantxa)

 

      Baserriko ekonomiaren zutabe nagusietako bat, produktuen merkaturatzeak edota trukeak zekarren. Izan ere, aurretik aipatu modura, baserriaren ekonomia biziraupenekoa bazen ere, bestelako produktuak eskuratzeko ohikoa zen baserriko soberakinak saltzea. Gerra ondorenean esaterako, oro har baserrietan ez zuten goserik pasa, etxeko produkzioarekin beharrak asetzen zituzten eta. Eta beharrik bazegoen, premiazko beste produktu batzuengatik trukatzen zituzten baserritik lortutako produktuak:

 

      “Baserrikok goseik ez genun pasa (baratza, animalik, arrautzak...). Bestelakok behar ginitunen Donostia jun ta kanbiatu itten ginuzen. Arraultzak saldu ta sardin zaharrak hartu, atuna... Ogia genunian bokadiyuan atuna ta maihonesa jaten ginun!”. (Ereņotzuarrak)

 

      Beste atal batean esan den moduan, baratzeko produktuak, produktu freskoak, esnea eta animalia txikien merkaturatzea, emakumezkoen esku zegoen. Hauek eguneroko lanak izaten ziren, lan lotua, aste egun edo jai egunetan egin beharrekoa. Aldiz animalia handien merkaturatzea gizonen esku zegoan, truke mota hau urtean 5-6 aldiz gertatzen zelarik:

 

      “Ahizpak ta hartu zutenian Bretxan puestua ama ta aurrian jartze zian ta gu... klaro ordun igandietan ta dana, ta ahal gendun guztin laguntzea jute giņan!”. (Arantxa)

 

      “Igandietan esniakin ta aste egunian pues... ni hasi nintzanian ya hamasei urtekin bai, bai, hamabost edo hamasei urtekin baņo puestuan beti izaten zan ahizpa”. (Arantxa)

 

      “Hamar urtetatik hogeita hamar urtearte ibili nitzan”. (Ereņotzuarrak)

 

      Urtea: 1957.

      Lekua: Santa Barbara auzoan.

      Ageri direnen izenak: Ezkerretik hasita, Juanito Urruzola (haurra), Paki Aranburu eta Ixabel.

      Deskribapena: Bi emakume ageri dira bakoitza asto batekin. Astoak kargatuta daude, saskiak, marmitak... azokako produktuen salmentarako garraiobidea. Astoetako baten gainean ume bat dago.

      Interpretazioa: Segur aski azokatik bueltan ateratako argazkia izango da, izan ere, kartolak erdi hutsik edo hutsik ageri baitira. Goiz guztia merkatuan egon eta gero haurra topatzen duten unea dela dirudi. Argazkiko protagonistak emakumeak dira eta beren eguneroko laneko une bat geldiarazten du argazkilariak.

      Urtea: 1962.

      Lekua: Mallus (Laubidieta inguruan).

      Ageri direnen izenak: Inaxi Urkizu Altuna eta Estebantxo eta Eulalitxo (Lalitxo) haurrak.

      Deskribapena: Emakume bat astoarekin (azokan saltzeko produktuekin); eta asto gainean bi haur.

      Interpretazioa: Emakumea beltzez ageri da, lutoz. Eskuan astoa du loturik eta honen gainean bi haur. Azokara joan-etorrian dagoela ematen du emakumeak, astoak kartolak jarrita ditu eta erdi beteta daudela dirudi, azokatik bueltan seguru aski (eguzkia goian ageri da eta azokara goizean goiz joaten ziren).

 

      “Esnia partitzea joaten bazan, etxean norbaitek gelditu behar zun”. (Arantxa)

 

      Produktuak merkaturatzea, garaiko garraiobideak kontuan harturik, lan astuna zen; denbora asko eskatzen zuen. Lan eguna beraz, goizean goiz hasten zen.

 

      “Tranbiaraino juteko astuan ordubete; goizeko seiak laurden gutxi jaiki eta beti izaten non inbidi bat... zortziak arte lo itekua, ezintzan; baņo ayatu zait e!”. (Ereņotzuarrak)

 

      “Zortzitako tutua, tutua jotzen zituzten fabrikak, hasi laurden gutxitan eta handikan bi minutua beste bat... tuuu, tuuu! Ia ordu laurdena tutua joka! Ni ia orduako batxurizopa inda utzi behar niņan gosaltzeko gizonantzako, eh?”. (Ihintza)

 

      “Marmitak eta dana tranbian bidaldu, ni bederatzitan magisteritza jun, etxez etxe partitzen nitun, Calle Larramendi, Easo, Andia, Hernani eta La Bretxa. Kliente fijoak genitun. Etxea marmitakin igotzen nun esnia. Bi marmita hartu, ta biakin partitzen non. Aurrena, a la calle Larramendi, gero pasaba a Easo, luego pasaba a Andia”. (Ihintza)

 

Hernaniko tranbia Plaza Berrian, 1950.

Iturria: euskomedia.org

 

      Frankismopean gainera, produktuak merkaturatzeko kontrol zorrotzak pasa behar izaten zituzten; bi kontrol aldiko, bat garraiatzen zituzten produktuen baitakoa eta bestea esnearen kalitatearen baitakoa:

 

      “Guk hemen ere bagiņun arbitrios, Francon palazioa bukatzen danian, deklaratu behar zendun zer zamakizun, deklaratu behar zendun zenbat berdura, zenbat esne pasa behar ziņuzen. Eta gero zan beste inspekzioa, Donostian, aber esniai ura botatzen ziozun. Zu marmitakin zoazela harrapatzen bazinun, begiak eme ibili behar zenitun han calle Easo ta bai hantxe zetorrek eta portalian sartu, ta pasatzen zanian atera, osea tranpak, tranpak, holakoxe istorik genitun garai haietan. Urte haietan guztitan bazan arbitrios ta bazan inspekzioa esniana. Sartzen zuten termometro bat bezala ta ura bazakan edo ez ta dana beak ustutzen zizuten bazeraman ura”. (Ihintza)

 

      Garaiko egoera kontuan hartuta, legeari “tranpa” egitea ohikoa zen, irauteko. Frankismoak bultzatutako arrazionamendua tarteko eta oinarrizko produktuen eskasia medio, “merkatu beltza” indartu zen. Aurretik aipatu modura, “estreperlo txikia” emakumeei zegokien eta merkatuko postuak erabiltzen zituzten estalgarri gisa.

      Urtea: 1945.

      Egilea: Vicente Martin, Estudio Foto Car.

      Artxiboa: Kutxa Fototeka.

      Lekua: Bretxako Merkatua.

      Ageri direnen izenak: Ezezagunak.

      Deskribapena: Mujer baserritarra vendiendo sus productos en el exterior del mercado de “La Bretxa”. Venta de leche (Kutxa Fototeka).

      Interpretazioa: Argazkilari profesional batek ateratako argazkiak dira honakoak, zehazki, “esnea saltzen” seriekoak.

 

Bretxako merkatuan emakume baserritarrak hiritarrei esnea saltzen ageri dira. Erdian ageri den saltzailea marmita handitik txikira pasatzen ari da esnea. Marmita handia baserritarrak zekarren eta txikia berriz erosleak. Hainbat saltzaile ageri dira, marmita ugari azaltzen direlarik. Emakume saltzaileak txukun jantzita ageri dira eta ilea ondo zainduta.

 

Emakume baserritarra Bretxako azokako postuan ageri da, saltzeko produktuak inguruan dituela, esnea marmitetan, aurreko saskian arrautzak eta abar. Bere baitan dago liburu bat irakurtzen argazkilariak argazkia atera diola konturatu gabe. Baserritarra ezjakina denaren usteari aurre egiten diela dirudi.

 

 

      “Batzuk Bretxa; bestiak San Martinea, bakoitzak bere lekua zun; esnia, berdurak, fruta...”. (Ereņotzuarrak)

 

      “Jarri zuten puesto bat Bretxan para sobrevivir”. (Arantxa)

 

 

4.2.4. Lan, lan eta lan, aisialdirako tarterik gabe!

 

      “Lana baserritik kanpo? Nahikua baserria eta etxia ta gaņea Donostia jun biharra”. (Ereņotzuarrak)

 

      Baserriko lanek denbora eskerga eskatzen bazuten ere, etxeko lanak emakumeek egiten zituzten. Etxeko kideen otorduak prestatzea, arropa garbitzea... eguneroko lanak ziren:

 

      “Ni makina bat aldiz Donostitik etorri eta jun naiz gizonai bazkaia ematea mendia”. (Ereņotzuarrak)

 

      “Ni Donostitik etortze nitzan ta pues arropa pixkat beratzen jarri ta geo itturia jute behar izaten gendun garbitzea zeaitikan etxian urik etzan, depositua bertan baņo gue etxia nola altugo zeon ta geo etzan aillatzen argiyik e...”. (Arantxa)

 

      “Atsaldetan negun jostea, goizian esnia partitu eta lan guzik indiakuan, jostea... Beharko gustatu, bestela lanea atxurrakin jun biharko ta...”. (Ereņotzuarrak)

 

      Herri guneko emakumeen modura, baserrietan ere zelofan poltsak egiten zituzten bertako emakumeek, diru sarrera estra gisara.

 

      “Etxian in lan poltsak (zelofan) geo Zikuņagako fabrikako, boltsak karameluentzako. Zinkoneko fabrikak etxian iteko lana ematen zun”. (Ereņotzuarrak)

 

      Ez zuten ia denbora librerik izaten, lana, lana eta lana:

 

      “Enun denborik izaten. Beandu jun baserria, ya bazkaltzeko ordun bazkaldu, geo pixkat etzan, siesta pixka, gutxi; ta geo izaten zenun, arropa data, bestia data...”. (Arantxa)

 

      Gizonezkoek gogor lan egiten bazuten ere, beren lana ez zen, orokorrean, hain lotua. Emakumeen kasuan gainera, gizonezkoen ordutegien menpe egon behar izaten zuten. Izan ere, otorduak prestatzea emakumezkoen lana zen.

 

      Urtea: 1950-1960. hamarkada inguru.

      Lekua: Juan Anton baserri kanpoan.

      Ageri direnen izenak: Zerbitzari, Juanita Urruzola, lehen planoan, Erdozia anaiak.

      Deskribapena: San Juanetako bazkaria. Mahaian eserita gizon kuadrilla bat ageri da. Zutik berriz emakumea zerbitzari. Ez dira konturatu argazkia atera dutenik.

      Interpretazioa: Hernaniko San Juan jaietako lagunarteko bazkari bat da. Mahaiaren buelta guztian gizonak ageri dira, adin bertsukoak asko. Zerbitzaria, emakumea, amantala jantzita.

      Urtea: 1960. hamarkada hasiera.

      Lekua: Juan Anton baserri kanpoaldea.

      Ageri direnen izenak: Zutik Joxepa Erdozia, eserita Maria Iribarren (bere ama).

      Deskribapena: San Juanetako bazkaria. Emakume taldea ageri da mahairen albo batean bazkaltzen. Irribarretsu ageri dira, ospakizunean. Bat zutik zerbitzari lanetan.

      Interpretazioa: Hernaniko San Juan jaietako familia arteko bazkari bat da. Emakumeak soilik ageri dira. Biak daude amantalarekin, zutik alaba, zerbitzari lanak eginez. Azpimarratzekoa da bi emakumeak aurreko amantalarekin ageri direla, bazkaria prestatzea beren esku egongo zen seguruenik.

      Urtea: 1963. urtea.

      Lekua: Juan Anton baserri kanpoaldea.

      Ageri direnen izenak: Maria Rosa Yarza Erdozia (zutik), Dolores Erdozia (ezkerretik 1.a),Teodora Iribarren (ondoan) eta José Antonio Erdozia “Patas”.

      Deskribapena: San Juanetako bazkaria. Familiako kideak ageri dira mahaian eserita. Bi gizonezko eta bi emakumezko. Zutik, zerbitzari lanetan dabil emakumea.

      Interpretazioa: Hernaniko egun handiko (San Juan eguna, herriko patroia) bazkaria. Bertan, familiako kideak ageri dira lehenengo planean. Kamerari ez diote kasurik egiten, beren arteko elkarrizketan eta jaten ari dira. Zutik dagoen neska, bazkaltiarrei begira dago, hurrengo platera noiz zerbitzatu aztertzen, eskuak gerrian dituela.

 

      Aisialdirako ia ez zuten tarterik baserriko emakumeek, gizonezkoek berriz askatasun gehiago zuten; tabernara jokora, pilota partiduetara, azoketara... tarterik bazuten, probestu ohi zuten.

 

      “Emakumiak lanea juten zian, gizonak alperrik etxian gutxi eoten zian”. (Ereņotzuarrak)

 

      Neskatxoek zuten aisialdirako ia aukera bakarra jai egun arratsaldeetako erromeria izaten zen.

 

      “Tilosetan askotan jutenintzan ni, baņo piezik dantzatu be etxea; sei ta erditan haste baitzan, kar, kar, kar, etxea junbiar! Amona leihotik sumatzen non nik ‘eee’ eztarria earki muitzen zun...”. (Ereņotzuarrak)

 

      Urrutiko baserrietako neskatxoek ordea, aisialdirako tarte hori ere mugatuago zuten eta etxeko kontrola zurrunagoa. Erromeriako unean jendartean indarrean zeuden genero rolak erreproduzitzen ziren; gizonezkoa gonbidatzailea, aktiboa, dirua duena, botereduna azken batean. Emakumea berriz, gonbidatua, pasiboa, dirurik ez duena, ezezkoaren botere mugatua duena:

 

      “...Mutilei esperuan limonada hartzeko, guk ez ginun diruik izaten ta...”. (Ereņotzuarrak)

 

      Era berean, baserritarrekin lotura zuen guztiak, gutxiespen-zentzu bat hartzen zuen, oro har, baita erromeria egiten zen tokiak ere:

 

      “Oialumek fama txarra zun ‘baserritarrena’ Tilosek beste zea batzun...”. (Ereņotzuarrak)

 

      Era berean, euskaldunak eta baserritarrak batez ere, gudaren galtzaile izanagatik, baztertuak eta gutxietsiak izan ziren, hiria (boterea) eta landaren arteko tentsioan:

 

      “Aurrea ateatzeko o lo quesea bi puesto hartu zuten eta geo han puestuan joe oso gaizki pasatze zuten han nere ahizpak, zeatikan las rojas, de las republicanas, ta ordun... zeak jute omen zian milizianuak hola zeoze eostea, gazta ta”. (Arantxa)

 

      ...Para cualquier papel del ayuntamiento y tener que expresarse en castellano. Para cualquiera que bajaba del caserío e igual no le timaban, pero esa gente salía con la sensaciķn de me han timado. Se le ha engaņado más a la gente de caserío que a la gente que ha venido (Espainiar Estatuko migranteak)”. (Maite)

 

      Urtea: 1950-1960. hamarkada inguru.

      Lekua: Juan Antonio baserri inguruan.

      Ageri direnen izenak: Maria Rosa Yarza Erdozia (eskuina) eta lagun katalan batzuk.

      Deskribapena: Lagun talde bat eta hauen semeak ageri dira baserriko belardian eserita. Emakumeak eta hauen haurrak ageri dira eta erdian zakur bat. Emakumeak bigarren planoan agertzen dira.

      Interpretazioa: Emakumeak, baserriko belardian patxadan berriketan daudela ematen du. Halere, umeak inguruan dituzte, beren zaintzaren kargu daudelarik.

 

 

4.2.5. Ezkondu eta gero; hobeto!

 

      “Ezkondu ta gizon bakar bat, bestela zazpi gizonen zeak garbitzea eta egunero Donostia ta bueno...”. (Ereņotzuarrak)

 

      Goiko testigantzan antzematen denez, neska gazte askok “neskame” gisa egiten zuten lan, baserriko gizonen “neskame”. Lanen banaketa asimetrikoa zen, “etxeko Jaunen” menpekoa. Jokabide hori naturalizatuta zegoen, “emakumeek egin beharrekoa” baitzen. Ezkontzean aldiz, emakumea boteretu egiten zen “etxekoandre” bilakatuz. Gizonen menpeko izaten jarraitzen zuten, lanen banaketa asimetrikoa mantentzen zen, baina emakumeak erabakiak hartzeko “eskumen” gehiago lortu ohi zituen, “etxeko martxaren ardura” hartuz, oro har:

 

      “Gure etxian emakumiak eman bihar du etxeko martxa, bestela alperrik da gizonak lana ittia ez bakizu ondo administratzen. Ganadua, o holako zerbait zanian, pues hau ingo deu, hola, hoiya gizonana zan, hoi gizonena zan”. (Arantxa)

 

      Baserria unitate gisa ez banatzeko, baserriaren biziraupena mantentzeko, seme-alaba guztietatik bat geratzen zen “etxeako”. Maiorazkoaren baitan, etxeko seme edo alaba zaharrena izan zitekeen:

 

      “Zaharrena gelditzen zan etxiakin ta bestiak fuera. Gizon o emakume? Gizonak. Baņo (emakume izena, baserri izenekoa) bea gelditu baserrikin; anai zaharrena hamalau urtekin Argentina juntzan ta... etorri ta jun hala dabil. Makina bat lana indu (emakume izena, baserri izenekoak), ta iteu! Baņo normailian gizonezkua izaten zan etxeako, hamahiru senide ta bera nagusi, etxeko karga beak hartu!”. (Ereņotzuarrak)

 

      Beraz, emakumeak ere izan zitezkeen “etxeako”, baina gertaera ezohiko moduan aipatzen dute ereņotzuarrek. Maiorazkoa gizonezkoarekin irudikatzen dute.

 

      “Ni nagusi ta etxekoandre!”. (Emakumea-Ereņotzuarrak)

 

      Testigantza honek argi adierazten du baserriko bi rol nagusien arteko bereizketa; nagusia eta etxekoandrea. Oro har, nagusia gizonezkoa zen, “etxeko ja una”, azken erabakiak bere baitakoak ziren; jabetzak bere izenean egongo ziren, bere sinadurak izango zuen boterea. Emakumeari aldiz, botere kuota bat aitortzen zitzaion/etxekoandrearena”, etxeko martxa bere baitakoa zen eta etxeko ekonomiaren kontrola ere, berak eman zezakeen. Aurretik aipatu moduan, 1975eko datu ofizialetan hiru emakume baserritar zeudela azaltzen zen; gizonezkoak berriz, ehun eta hogeita hiru.

 

      Urtea: 1950. hamarkada.

      Lekua: Juan Anton baserrian.

      Ageri direnen izenak: Dolores Erdozia, Ramon Erdozia (Frantzian bizi zen iloba) eta Adeli Erdozia.

      Deskribapena: Bi emakume eta hauen iloba ageri dira baserriko gurdian argazkirako pausatu direlarik.

      Interpretazioa: Ilobaren familia Frantziatik bisitan etorri eta familiako oroitzapenak gordetzeko argazkia atera zutela dirudi. Seguru aski Frantzian argazki kamarak eskuragarriago egongo ziren.

 

      “Ni de tripa handiyakin kanalea jutenintzan arropa garbitzea”. (Ereņotzuarrak)

 

      Bestalde, aipatzekoa da baserriaren baitan ere bazirela klase sozialak: neskame eta morroiak klase baxuenekoak izanik:

 

      “Gu morroiakin bizi izandu gera, neskamea ere bagendun, baino morroiakin bizi izandu gera, apopiloak ere bagenitun... Goizen egin lana fabrika batean eta arratsaldean genun baserria lana egiteko, hori ezautu det nik etxian, morroiakin atera da ama...”. (Ihintza)

 

      “Nola ginan gu aberatsak, garai hartako aberatsak. Guri ez zitzaigun ezer ere falta, ta nola geunden kolegion... morroiakin giņan, baino batek uzten bazun, pues Leitzakoak izan ditugu, Hernanikoak izan ditugu, izandu ditugu morroiak de toda las clases”. (Ihintza)

 

      Testigantzok, Teresa del Vallek (1985) emakume baserritarren orduko idealizazioen (Euskal Matriarkatua/matrilinialitatea) gainean ateratako ondorioetako batekin bederen, bat egin beharrean gaude; emakumeari egozten zaion boterearen eta honek errealitatean aurkezten duenaren artean ematen den ezberdintasuna nabaria da.

      Kalean bezala baserrian ere, emakumeen lana ikusezintasunera egon da kondenatua. Ez da lan gisa aintzat hartua izan, ez behintzat gizonen lanaren modiikoa. Emakumeek ere modu naturalizatuan hautematen zuten, eta dute oraindik, beren lana eta egindako esfortzua gutxiesten dute.

 

      “Baserritarrak baserrin ateatzezunakin bizi behar zun, lana zunak hile bukaeran bazun dirua. Halere askok baserrin ere jarraitu lanian, hoi latza da; fabrikan lan in ta gaņea etxiai kontu in; Fabrikakua in ta mendi ajutzian”. (Emakumeak gizonengatik-Ereņotzuarrak)

 

      Urtea: 1947ko maiatzak 27.

      Lekua: Eguzkitza baserri kanpoaldean.

      Ageri direnen izenak: Ezker eskuin, goitik behera:

      1. Lerroa; Jose Maria González Galdeano, Milagros Aristi, Jose Mari Urkizu Ormaetxea, Milagros Erdozia, Ageda Sasiain Larburu, Kontxa.

      2. Lerroa: Blanki Gonzalez Galdeano, Esteban Etxeberria Urreaga, Boni Etxeberria Urreaga.

      3. Lerroa: Paki Aranburu Urkizu, Miren Etxeberria Urreaga, Txomin Etxeberria Urreaga, Pedro Larburu Urreaga.

      Deskribapena: Familiako kideak ageri dira, erdian asto batekin.

      Interpretazioa: Familiako kideak ageri dira argazkirako paratu direla argi azaltzen delarik. Etxeko andrea da helduena. Denak pozik ageri dira. Ospakizun bat dela dirudi “igandeetako arropa” daramate behinik behin.

      Urtea: 1970. urte ingurua.

      Lekua: Juan Anton baserri atarian.

      Ageri direnen izenak: Maria Iribarren 85 urte ingururekin.

      Deskribapena: Emakume baserritarra argazkiaren erdian ageri da, lehen planoan. Baserri atarian dago, eguneroko arroparekin, aurreko amantalarekin.

      Interpretazioa: Ohiko egun bateko estanpa da, emakume baserritarra, adinean sarturik, baserriko atarian dago. 85 urterekin aurreko amantalarekin egoteak, bizi guztian lan egin duenaren seinale da, baita adin horrekin ere, erretirorik gabe.

      Urtea: 1970. urte ingurua.

      Lekua: Juan Anton baserri inguruan.

      Ageri direnen izenak: Ezkerretik hasita: Maria Iribarren, Teodora Iribarren (ahizpak) eta Joxepa Erdozia (Mariaren alaba).

      Deskribapena: Baserriko belardian baserriko emakumeak ageri dira lehen planean. Bigarren planoan bi gizonezko eta emakumezko bat ageri dira.

      Interpretazioa: Badirudi baserriko kideak paseotxo bat eman dutela. Aipatzekoa da Mariak aurreko mantala daramala, eguneroko jantzi moduan, lanerako prestutasuna eta lanaren lotura adierazten duelarik.

      Urtea: 1951.

      Lekua: Xarobe baserriko atarian, Osiņaga auzoa.

      Ageri direnen izenak: Kaximira Aranburu Otegi, Juan Migel Miner Igarategi, Maitere, Patxi eta Manoli Miner Aranburu. Balkoian Manuela Josefa Otegi Iriondo, amona.

      Deskribapena: Familiako kideak euren baserri kanpoaldean.

      Interpretazioa: Egun hartan Donostiatik etorri zen argazkilaria, espresuki familiako argazkia ateratzera. Nabarmena da bereziki senitartekoek gainean daramatzaten jantziengatik; dotoreak, zuriak...Ez dirudi egunerokoan hala jantzita ibiliko zirenik baserrian. Halaber, aitak baratzean aurkitutako sekulako sasi-arbia du besazpian, harro erakusten du argazkian leku zentrala emanez. Atzeko planoan, leihoan beltzez jantzitako emakume heldu bat ageri da; amona. Ezindua zegoenez, ezin zituen eskailerak jaitsi eta beraz, argazkirako balkoira atera zen, familiako argazkia osatuz.