Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Ipunpetik argitara
Maialen Apezetxea Lujanbio / Mikel Ozaita Azpiroz, 2016
 2.1. FRANKISMOA (1939-1975) | 2.2. FRANKISMOA EUSKAL HERRIAN ETA HERNANIN | 3. BIZITZARI AURRE EGIN BEHARRA. 

 

2.2.
FRANKISMOA EUSKAL HERRIAN
ETA HERNANIN

 

Falangistak, guardia zibilak eta bando nazionaleko
kideak Hernanin desfilatzen, San Juan Bautista elizan
izandako ekitaldi erlijiosoa bukatu ostean, 1936an.
Iturria: Kutxa Fototeka.

 

      Hernaniko testuingurua Euskal Herriko testuinguru sozialarekin doa loturik ezinbestean, Hernaniko errealitate soziala bakarra bada ere, partekatua baita. Horregatik, 1939-1975 arteko aldian “Altxamendu Faxistak” eta ondorengo “Diktadura Frankistak” berebiziko garrantzia izango dute Hernaniko testuinguru sozialean, ideologiaren inposaketak eta herritarren jazarpenak Hernaniko bizitza erabat baldintzatu baitzuten. Ezin ahaztu gaur egungo Hernani, garai hartako Hernaniren oinordeko dela eta gaur egungo errealitate soziala ulertzeko, ezinbestean, garai hura aintzat hartu beharko da.

      Gauzak horrela, 1939-1975 aldi honetan, Hernanik eta Euskal Herriak, Frankoren diktadura jasan behar izan zuen honetan, sekulako aldaketa soziala bizitu zuen Hernanik, ordura arteko aldaketa handienetarikoa seguruenik. Testuinguru soziala deskribatzea eta ulertzea ezinbestekoa da hortaz.

 

 

2.2.1. Errepresioa eta Miseria.
           Altxamendu Faxista eta gerra ondorena

 

      II. Errepublikaren baitako Gerra aurreko Hernani hartan, 6.600 herritar inguru bizi ziren. Donostiatik gertu izatea eta Urumea ibaia eta trena bertatik pasatzea ere kontuan hartzeko eragileak ziren. Baziren fabrika ugari, nahiz eta 1929ko nazioarteko “Crack”-ak eragin nabarmena izan Hernanin bertan. Era berean, baserriek indar handia zuten, auzoetan bilduz. “Kaxkoak” berriz, herrigune izaera betetzen zuen. Auzoetan euskara indartsu zegoen, baina ordurako “Kaxkoan” gaztelerak espazioak eta funtzioak irabaziak zituen (Auzo eskoletan euskaraz irakasten zen eta gazteleraz herrigunean, esaterako).

      Errepublika garaian ideologia berriek indarra hartu zuten; errepublikarrak eta ezkertiarrak (sozialistak, komunistak eta anarkistak) edota abertzaletasunak batik bat. Era berean, erlijio katolikoak eta elizak indar handia zuten eta igandetako mezak betebeharreko errito soziala izaten jarraitzen zuen. Hauek, bi txandatan izaten ziren, goizean pobreena eta eguerdian aberatsena, Meza Nagusia, klase banaketaren erakusle. Bestelako ohitura erlijiosoak ere oso presente zeuden, doluarena esaterako. Halere, Hernanin, inguruko herrietan baina indar gutxiago zuen Elizak; Tilosetako dantzaldiak 1930ean hasi ziren eta “al agarrau” dantza zitekeen, Urnietan ez bezala.

      Azkenean, 1936ko uztailean gerra piztu zenean, Hego Euskal Herria bitan banaturik geratu zen. Araba eta Nafarroa frankismoa nagusi zen aldean geratu ziren hasieratik, eta bi hilabete geroago altxatutakoek Gipuzkoaren zati handia hartu zuten.

      Izugarrizko jazarpena zegoen gerra galdu zuten errepublikar eta abertzaleen aurka. Hernani izan zen fusilamendu gehien pairatu zituen Euskal Herriko herrietako bat eta presoak Ondarretako kartzelatik atera eta Hernanin fusilatzen zituzten “cuesta de la muerte” delakoan.

      Fusilamenduez gain, etxe eta baserrietako harrapaketak, etxeak bereganatzeak eta beste hainbat jazarpen jasan behar izan zituzten hernaniarrek. Horietako asko gainera, bizilagunen “txibatazoengatik” burutu ziren. Kontrol soziala eta herritarren arteko konfiantza eta ondorioz, kohesioa, erabat birrinduta geratu ziren.

      Emakumeek ordea, errepresio bikoitza jasan behar izan zuten, jazarpena eta errepresioa areagotu zen, emakume izateagatik soilik (Barrutiabengoa; Elias; González; Rodríguez, 2004: 21).

 

      Bortxaketak jasateaz gain, “emakumeei ilea moztea eta, ondoren, herri osoaren aurrean erakustea zen eraso latzenetako bat. Baita errizino olioa edan beharra, dosi handietan; beren ideologiaren aurkako ikurrak eman beharra; eta beren jarrera politikoaren aurkako oihu eta aldarrikapenak egin beharra ere”.

 

      Errepresio gogorrari ihesi, hainbat pertsona eta familia erbesteratu ziren. Gerra ondorengo lehenengo urte haietan, Hernanik populazioaren laurden bat galdu zuen, gerra aurreko 6.600 biztanle izatetik 4.800 biztanle izatera pasa zen. Erbesteraturiko asko gizonezkoak izan ziren eta emakumeen esku geratu ziren gizonezkoei atxikitzen zitzaizkien ardurak. Behin gerra amaiturik, emakumeek bakarrik zuzendutako etxeak asko ikusten ziren; oso gertaera orokorra zen hori, ez salbuespena (Barrutiabengoa et al.,2004: 22). Erbestetik bueltatu zirenak, seinalatuak eta markatuak izan ziren hainbat urtez. Segurtasun eza beraz zabaldua zegoen, oinarri oinarrizkoa zen beharra. Segurtasun ezaren erantzule indarkeria monopolioa zutenak ziren, izua zabaldurik zuten Guardia Civil-ena hain zuzen. Egaña tabernan esaterako, bertan bezeroak euskaraz entzuten bazituzten “Cara al Sol” kantu frankista kantatzera behartzen zituzten edota Francoren irudia jartzera.

      Gudak miseria ekarri zuen bere baitan, miseria gorria. Gosea zabaldu zen batez ere kalean, baserrietan nolabait produkzio propioari esker gosea gutxiago atzeman baitzen. “Kaxkoan” ere baratzea zutenek goserik ez zuten pasa, nahiz eta ekoizpenaren zati bat agintariei eman behar izan (normalean ekoizpenaren zati bat gordetzen zen ahalik eta gutxien emateko). Frankistek “arrazionamendua” ipini zuten abian eta produktu batzuei bidea itxi eta beste batzuk mugatu zituzten. “Arrazionamenduak” 1952. urtera arte iraun zuen. Egoera horrek, oinarrizko produktuen eskasia ekarri zuen eta familiek hornitzeko ezkutuko merkatuaz baliatu behar izan zuten, nahiz eta horrela aurkitutako produktuak askoz ere garestiagoak izan. Gerraostean, populazioaren bizi maila asko jaitsi zen eta produktuen garestitzeak miseria areagotu zuen. Praktikan, 1954. urtera arte ez zen gerra aurreko bizi mailara iritsi. Soldatak ere, gobernuak kontrolatzen zituen. Langile mugimendua jazarri, sindikatuak debekatu eta langileak “Sindikatu Bertikalaren” bitartez kontrolatzen zituen erregimen Frankistak. Edozein protesta edota greba, sedizio militartzat jotzen zen. Beraz, langileek ekonomian eragiteko ahalmena galdu zuten, soldaten eta salneurrien arteko muga ikaragarri handitu eta bizimodua izugarri garestitu zen. Gainera, apenas zegoen lanik. Miseriak eta soldata baxuek, merkatu bikoitz bat bultzatu zuten eta merkatu horretan emakumeak izan ziren protagonista nagusi (errekaderak, apopilotza, zelofan poltsak egitea, jostun lanak etab. Hernanin esaterako).

      Lehenago esan den bezala, emakumeek II. Errepublikan lortutako eskubideak erregimen Frankistak bertan behera utzi zituen. Jarrera kontserbatzailea eta feminismoaren aurkakoa zuen eta emakumeen menpekotasuna bultzatzeko “familia eredu tradizionala” sustatu zuen. Aurretik aipatu den moduan, “Sección Femenina” eta Eliza katolikoaren laguntzaz, Frankismoak emakumeak otzantasunera eta kastitatera bultzatzen zituen, sexu harremanak ugalketa biologikorako soilik ahalbidetuz, beti ere ezkontzaren barruan. Ezkontza emetasun ideala eskuratzeko bide bilakatu zen, eta amatasuna arrakastaren eta onespen sozialaren adierazle (Barrutiabengoa et al., 2004: 74).

      Ordura arte herri giro “politta” izan zen Hernanin, baina gerra hasi eta nazionalen eskuetan geratu zelarik, herriko giro guztia desagertu egin zen (Barrutiabengoa et al., 2004:19). Erabateko aldaketa pairatu zuen Hernanik. Pentsamendu bakarra eta jazarpen ekonomikoa, kulturala, identitarioa, langileena, generozkoa eta ideologikoa ezarri zen; ordura arte bizitutakoa deuseztatu, eta faxisten sistema nagusitu zen. Gainera, frankistek beren erregimena zurkaizteko hezkuntza sistema eraldatu zuten. Espainiaren laudorioa eta Euskal Herriaren ukazioa bultzatu zen. Horretarako, metodo zorrotzak eta zigor fisiko nahiz umiliagarriak burutzen ziren, hala nola (Apaolaza, 2003:134/137):

 

      “Ilaran bandera españolaren aurrean ‘cara al sol’ kantatzera behartzen zituzten, makilarekin jo, ezkerreko eskua lotu, eskuinarekin idazten ikas zezaten, familia askotan etxean bekatu zena, eskolan goraipatu egiten zen”.

 

      Jendarte kontrola bultzatzeko beraz, ondo antolaturiko sistema bat jarri zuten faxistek, Falangistek, beren xede taldeen baitan antolaturik: “Sección Femenina” eta “Sindikatu Bertikala” kasu, Eliza Katolikoa, Guardia Zibila, Administrazio publikoa etab. Eta gogorrena izan zitekeena, herritarren arteko kontrola “txibatazoekin” bermaturik.

 

 

2.2.2. Industrializazioaren garapena eta ondorioak

 

      Hernanin, XIX. mendearen lehenengo erdian nekazaritza zen nagusi. Esaterako, 1857. urtean, populazioaren % 56a nekazaritza eta arrantzara emanak zeudela adierazten du orduko zentsuak. Baina XIX. mendearen bigarren erditik aurrera Hernani, nekazal herri izatetik industria herri izatera pasa zen; hots, lehenengo sektorea populazio aktiboaren jarduera nagusia izatetik, ia bazterrekoa izatera pasa zen soilik mende batean. Aldaketa hau, ordea, modu gorabeheratsu batean garatu zen; Euskal Herriko, espainiar Estatuko eta nazioarteko merkatuaren testuingurupean.

      Hernaniren industria garapenean hainbat faktorek eragin zuten; hala nola, geografikoki ondo kokatua egoteak, Donostiatik gertu izateak, trenbide sare garrantzitsua izateak eta Urumea ibaitik gertu egoteak. II. guda karlistak ordea, Hernaniko industria garapena baldintzatu zuen; izan ere, herri liberala zen eta zuzenean pairatu behar izan zituen gudaren ondorioak. XIX. mende bukaeran aldiz, Hernaniko industria berrindartzen hasi zen, modu hidraulikoan ateratako argi indarra zabaldu zenean. 1900. urtean garatu zen benetan Hernaniko industria; fundizio lantegiak, almidoi fabrikak, larrugintzak, adreilu fabrikak, pospolo fabrikak eta abar osatzen zuten Hernaniko fabriken egitura.

      Guda aurreko Hernani hartan paper fabrikek garrantzi handia zuten, batez ere “Papelera Mendia” (120 langile) eta “Biyak Bat” (75 langile) dira aipatzekoak. Bestelako hainbat fabrika ere bazeuden; hala nola, “Remy” (almidoi fabrika, 90 langile), “Santiago Carrero, Fábrica de tejidos del Pirineo” (puntu lanak, 30 langile), “Montes y Cia” (larru onduak, 35 langile), “Fundiciones del Norte” (74 langile), “Aristegui” gaur egungo AMR (adreiluak), “Cerámicas de Hernani” (45 langile) eta “Cerámicas San Miguel”. 1904. urtean, 400 langilek osatzen zuten Hernaniko industria egitura eta 1920. urtean berriz 600 langileetara iritsi zen, 16 urtetan % 50eko hazkundea izan zuelarik, sekulakoa.

      Euskal Herrian garatzen ari

zen industriak, 1929ko nazioarteko “Crack”-aren ondoren jaso zuen lehenengo danbatekoa 1931 urte inguruan. Ondoren, gerra lehertu zenean bigarren danbatekoa jaso zuen eta 50. hamarkadara arte ez zen suspertzen hasi; nahiz eta Hernanin lehentxeago hasi berpizten. Hernaniko industriak ere bilakaera berbera jasan zuen. Guda aurretik abian zeuden fabrika askok ateak itxi zituzten eta guda amaitu eta geroxeago arte, ez zen berriz ere indartu Hernaniko industria ehuna.

      Guda ondoren, Frankismoak “autarkia” bultzatu zuen, non mugak itxi zituen “barneko ekonomia” bultzatzeko asmoarekin. Euskal Herrian “autarkiak” ez zuen onurarik ekarri eta gainera Bizkaia eta Gipuzkoa “probintzia traidoreak” zirenez, Frankismoak ez zituen bere garapen proiektuetan sartu guda ondorengo lehenengo urte haietan. Halere, industria sektoreak eutsi eta garapen txiki bat izan zuen.

      1941. urtean “Zikuñaga” (250 langile) eta 1944. urtean “Papelera del Norte” (100 langile) lantegiak sortu ziren Urumea ibaiaren ertzean. Geroxeago, kimika alorreko “Policloro S.A.” (90 langile), 1947. urtean, eta “Electroquímica de Hernani” (60 langile) 1949. urtean, abiatu ziren. 50. hamarkadan, paper industriak bere garapenarekin jarraitu zuen, “Danak Bat”, 1950. urtean, eta “Transpakar S.A.” (40 langile), 1952. urtean, sortu ziren. Halere, industria garapenaren goia 1953an jo zen “Orbegozo y Cia” metalgintzako fabrika sortu zenean (Hernaniko fabrika handiena izatera iritsi zen 1.000 langilerekin). Orbegozoren inguruan berau elikatuko zuten industria txikiak sortu ziren. 1954. urtetik aurrera fabrika berriak sortu beharrean, zeudenak indartzen hasi ziren.

      1950. urtetik aurrera, espainiar Estatuko ekonomiak aldaketak izan zituen. 1959. urteko liberalizazioaren eraginez, atzerriko inbertsioak erakarri eta kredituak ahalbidetuz, industria izugarri bizkortu zen, garapen aldi bati bidea emanez.

      1973. urteaz geroztik, petrolioaren prezioa igotzeak nazioarteko krisia ekarri zuen. Jakinik Euskal Herria munduko herrialde industrializatuenetako bat zela eta krisiak batez ere industrian eragin zuela, egoera dramatikoa bizi izan zen. Enpresa handi batzuk desagertu egin ziren eta beste askok langileria murriztu zuten. Gainera, garapen industriala ez zenez egoki egin, oinarrizko zerbitzuetan hutsune nabarmenak izan ziren, krisialdia benetan latza izan zelarik.

      Industrializazioak sekulako aldaketak ekarri zituen arlo ezberdinetan atzeman zitezkeenak. Alde batetik, jarduera ekonomikoan, hiri antolamenduan, garraiobideen hobekuntzan eta demografian azaleratu ziren; eta jendarte harremanetan, familia ereduan, balio eta sinesmenetan, genero harremanetan, hizkuntzan, aisialdian eta abar, bestetik. Aldaketa hauetako batzuk ondorengo puntuetan aurkeztuko dira, jakinik Frankismoak bultzatutako jendarte ereduarekin behinik behin uztartu behar direla.

 

 

2.2.2.1. Migrazio mugimenduak eta horiei loturiko gertakariak

 

Erdigunea, fabrikak eta Florida auzoa atzealdean, 1972.

Iturria: euskomedia.org

 

      Migrazio mugimenduak historia bera bezain zaharrak dira. Gizakiak, betidanik migratu du askotariko arrazoiak tarteko; baina batik bat, gudetatik alde egiteko eta arrazoi ekonomikoengatik migratu izan da. Askotariko arrazoiok kontuan hartu behar dira, ikuspegi murritzak alboratuz. Euskal Herria ere, migrazioen historia honetan herri hartzailea eta emailea izan da, munduko herri gehienak bezalatsu. Kontuan hartu behar da askotan pertsonok migrazioa beste biderik ez dutela izan eta Bertolt Brecht-ek zioen moduan, behartuta migratzen duena ez da etorkin bat, erbesteratu bat baizik. Garrantzitsua da beraz, garai hartako migrazio prozesuen historia aintzat hartzea, gaur eguneko migrazio prozesuak ulertzen lagun baitezakete eta garai hartan egindakoak edo ez egindakoetatik ikas baitaiteke.

      1939tik 1975era arteko tartean Hernanik izugarrizko demografia aldaketak bizi izan zituen. Lehenik eta behin, gerra lehertu zenean hernaniarren laurden batek alde egin behar izan zuen. Izan ere, aurretik aipatu den moduan gerra aurreko 6.600 biztanleetatik 4.800 biztanleetara igaro zen. Erbestera, familia osoak, emakume eta gizonek joan behar izan zuten, azken hauek gehiago segur aski.

      Guda amaitu eta berrindustrializazioa abiatu zenean, Hernanik izugarrizko aldaketa demografikoa bizi izan zuen, migrazio mugimenduek eragindakoa neurri handi batean. Biztanleriaren bilakaerari erreparatzen badiogu, 50. hamarkadatik aurrera Hernanik sekulako hazkunde demografikoa bizi izan zuela argi ikus daiteke, askok “boom” demografiko moduan izendatu dutena:

 

Hamarkada

Biztanleak

1900

3.372

1910

4.326

1920

5.405

1930

6.282

1940

7.093

1950

8.577

1960

13.080

1970

23.388

1980

30.272

(González, 2004:6)

 

      Industrializazioak immigrazio prozesua bultzatu zuela esaten denean ezin da modu hertsian interpretatu. Izan ere, industriale berak ordura arte indar gutxi zituzten bestelako jarduera ekonomikoak indartu zituen, lana industriaz haratago sortuaz. Era berean, espainiar Estatuko migratzaile asko gudako galtzaileak ziren, herri nekazarietakoak eta miseria nagusitu zenean bizi hobe baten bila abiatu ziren lana zegoen lurralde industrializatuetara, “al norte”-ra, Euskal Herrira, esaterako.

 

Jatorria

1962

1975

Hernani

4.950

% 47,7

5.141

% 27,6

Gipuzkoa

2.172

% 20,9

6.688

% 35,8

Euskal Herriko
beste lurraldeak

811

% 7,8

1.079

% 5,8

Espainiar Estatutik

2.440

% 23,6

5.743

% 30,8

Orotara

10.373

% 100

28.651

% 100

(Etxeberria, 1983:31)

 

      1962 eta 1975ean Hernaniko biztanleen jatorriari erreparatzen badiogu, gerra aurreko barne eta kanpo migrazio prozesuak indartu eta eraldatu zirela argi ikusiko da. Izan ere, barne migrazioari dagokionez, landatik hirirako migrazio prozesu bat eman zen; batez ere Gipuzkoa bertatik eta Nafarroa Garaiko iparraldetik (1962. urtean “Euskal Herriko beste lurraldeetako” % 76). Espainiar Estatutik etorritako pertsonek 1962 eta 1975. urteetan, populazioaren % 23,6a eta % 30,8a osatzen zuten, hurrenez hurren, oso altua; identitate, kultura eta hizkuntza ezberdinak zituen beste nazio batera etortzeko, jakinik ez zela inolako harrerarik egin eta “Una grande y libreko” beste lurralde batzuetara zetozela “probintzia traidoreak” izanagatik.

      Migratzaile hauek, Euskal Herrian eta Hernanin eskulan beharra zegoelako etorri ziren (guda tarteko jaiotza tasa asko txikitu zenez, eskulan premia zegoen industriaren beharrak asetzeko). la gehienak gazteak eta guraso izateko adin tartean zeuden, gerora demografiaren hazkundean ere eragin zuena. Espainiar Estatuko probintzia ia guztietatik etorri baziren Hernanira, 1962an populazioaren % 23,6 horretatik gehienak, “Kastilla Zaharretik” (% 27,8), Andaluziatik (% 22,8), Extremaduratik (% 22,4) eta Leondik (% 8,9) etorriak ziren. Aipatzekoa da, hurrengo urteetan ere, Hernanin bizi zirenen familia eta lagunartekoak ere etorri zirela, gertukoek irekitako migrazio bide gertukoez eta harrera sare informalez baliatuz (hala nola, lana eta etxebizitza bilatuz).

      Hasierako urte haietan, bi komunitateen arteko harremanak askotarikoak izan ziren. Oro har, ez zen gatazka nabarmenik sortu baina komunitateen arteko mesfidantza handia zen, elkar ezagutza nahiko urria zen eta. Euskaldunen artean espainiarrei, “belarrimotxak”, “txurrianoak”, “hezur beltzak”, “koreanoak” eta abar deitzea ohikoa zen eta euskaldunei, “caseros” deitzea ere ohikoa zen. Oro har, komunitate bakoitzak bere bizitza egin zuen, harreman pertsonalak ugariak izan baziren ere. Horren erakusle, hasiera batean jendarte mailan gaizki ikusia izanagatik, bi komunitateen artean osatutako bikote sentimental mistoak.

      Emakumeen migrazio prozesuak ere, orain arte gizonezkoen immigrazio prozesuen laguntzaile gisa, bere familiaren baitan (Gorospe, 2006: 422) aztertu izan dira; eta ez beren interes propiodun pertsona gisa. Migrazioaren ikuspegi androzentrista hori, sistemak bultzaturiko rolen banaketak indartu du, “gizonezkoek eginiko lan produktiboa” hobetsiz (nahiz eta emakumeek lan produktiboa egin) eta emakumeen “lan erreproduktiboa” ezkutatuz. Begoña Gorospe berak, Hernanira espainiar Estatuko herrietatik etorritako emakumeen bizipenak bildu zituenean (1945 eta 1980 artean etorri zirenenak), askotariko arrazoiak azalarazi zituen. Hauetako bat, beren familiak zabaldutako kanalez baliatu zen, familiako kide ezberdinekin etorriz eta fabrikan lan eginez familia osatu arte. Beste baten kasuan, familiartekoak Hernanin bizi, bisitan etorri eta bertan gelditu zen “kasualitatez”. Beste batek, Badajozko nekazaritza lana utzi eta Hernanin “apopiloak” etxean hartuz lan egin zuen senarra Alemanian zuen bitartean. Beste batzuk, familiartekoak Hernanin zituztelako etorri ziren eta “etxeko lanetan” nahiz etxetik kanpo lan egin zuten (nahiz eta gerora lan horrek jubilaziorako eskubiderik eman ez). Gorospek bilduriko bizipenetan, emakume langile guztiak nekazaritza guneetatik etorriak ziren, batzuk beren senarrarekin, beste batzuk berriz bakarrik; beraiek nahi zutelako edo halabeharrez, eta ondoren familia osatu. Beraz, arrazoi ekonomikoez gain, bestelako faktoreek ere eragin zuten migrazio mugimenduetan, orokortasunak ekidin behar direlarik. Era berean guztiek lan egin zuten, bai etxeko lanetan, merkatu beltzean edota enplegu batean. Izan ere, herri langile bateko emakume langileak izan ziren. Azkenik, eta elkarbizitzari aipamena eginez, azpimarratu behar da Gorosperen ikerketako emakume gehienek harreman sozial indibidualak mantendu bazituzten ere, elkarte bizitzan parte hartu zutenak oso gutxi izan zirela (Gorospe, 2006:420).

 

      “Sí he tenido y he sentido el rechazo por la diferencia cultural con alguna gente. Lo de adaptarse aquí cuesta, si no coges una cuadrilla como los gallegos es un poco difícil. Sí, nos ha costado un poco, quizás te sientes un poco inadaptado, a lo mejor hemos sido nosotros que no nos hemos acercado”.

 

      Industrializazioak eragindako barne eta kanpo migrazioak, Hernaniren aldaketa urbanistikoa eragin zuen, Hernani bera eraldatu zen langile auzoak sortuz. Etxebizitzen premia nabarmena zegoen eta honi erantzuteko “molde berriko” etxebizitza ugari eraiki ziren modu ez planifikatuan.

      Alokairurako edota erosteko etxebizitzen eskaria hain zen handia eta eskaintza hain txikia, prezioak handitzea eragin zuela eta familia batek beretzat soilik etxebizitza bat izatea zaildu zuen. Ohikoa zen familien artean etxebizitzak partekatzea edo apopilo bizitzea, etxebizitza batean jende asko bizi zelarik. Ez da fenomeno berria beraz “patera etxeena”, honek dakartzan zailtasun guztiekin (González, 2004:8):

 

      “Aquí vivíamos, ¿cuántas familias?, por lo menos seis familias. En esta casa seis familias. En una habitación dos camas y ahí se metían todos; los niños en una cama y nosotros en otra, el pequeño se metía con nosotros, o sea, muy justo todo”.

 

Etxeberri auzoa, 1971.
Iturria: euskomedia.org

 

      Hernani beraz, nekazal herri bat izatetik langile herri bat izatera igaro zen; aldaketa demografiko eta urbanistiko itzelak bizitu zituen. Guda osteko testuinguru batean, Frankismoa indarrean eta migrazio prozesu handi bat eman zela aintzat hartzen bada, hernaniar guztiek (bertan bizi ziren guztiek) bizia aurrera ateratzeko zailtasun handiak izan zituztela bistakoa da. Eskertzekoa beraz, horrelako testuinguru zail batean gaur eguneko Hernani eraikitzea.

 

 

2.2.2.2. Baserriaren gainbehera

 

      Datu ofizialen arabera (emakumeen lanak ezkutatzen diren datu horietan), Hernanin 1860. urtean lehenengo sektorean langileen % 56,6a ari zen, 1962. urtean % 7,8a eta 1975. urtean berriz % 1,8a. Gainbehera beraz, begi bistakoa da. Idealizazioa baserri eredu jakin baten baitan eraiki zen baina errealitateak tupust egiten du berriro ere; ideala baserria jabetzan izatea bazen ere, errealitatean asko maizterrak ziren; familia zabaleko baserriak baziren eredu, bestelako errealitateak ere baziren, batik bat, familia nuklearrak eta guraso bakarreko familiak (Barrutiabengoa et al., 2004:24). Euskal matriarkatuaren teorien gainetik, maiorazkoa ia beti seme zaharrenari zegokion, eta sexuen araberako lan banaketa asimetrikoa zen nagusi. Emakumea baserrira ezkontzean familiari eta ustiapenari erabateko dedikazioa eskaintzen zion. Baserria “lan lotu” gisa hartu izan da, animalien zaintza tarteko eta aisialdia mugatua zuen (Etxezarreta, 1977:168):

 

      “La mujer del caserío no tiene tiempo libre, ni fiestas, ni diversiones, ni posibilidades de relación, más que en el ámbito del auzoa. No hablemos de las posibilidades de promoción cultural, lectura, espectáculos, etc. Su participación en la vida urbana es prácticamente nula en contraposición de la de su marido y sus hijos. En definitiva está condenada al ostracismo”.

 

      Gizonezkoek ordea bazuten aisialdirako aukera gehiago, “ferira” joatea, pilota partiduak eta apustuak, herrira jaistea eta abar ohikoak ziren gizonezkoen artean. Honela, Etxezarretak berak baserriaren gainbeheraren arrazoietako bat, emakumeek baserrira ezkontzeko ukapenari, baserrian bizitzearen ukapenari egotzi zion. Baserritar gizonezkoa “mutilzahar” izatera kondenatua omen zegoen eta ondorioz baserriaren biziraupena ezbaian (Etxezarreta, 1977). Izan ere, baserrien biziraupenean emakumeek berebiziko garrantzia izan zuten, gerra eta gerra ondorena lekuko (Barrutiabengoa et al., 2004:28):

 

      “Egitzazue kargu Hernanin baserriak mantendu direla emakumeei esker, eta Hernanin baserria zaindu duen pertsona emakumea da, porque gizonak gerrara atera behar du, eta ez bada ateratzen, alde beharra dauka, porque, klaro, sindikatua zegoelako, ba zegoelako, eta sindikatu gabe bazegoen, nazionalista zelako, eta alde beharra zeukaten. Beraz, baserria zeinen esku gelditzen da, emakumeen tartean. Beraz, emakumeak egin du etxea mantendu, familia hazi eta hezi, eta gainera lanak egin”. (Eustaki)

 

      Baserriaren lehenengo eraldaketa, biziraupeneko ekonomiatik baserri intentsiborako aldaketan eman zen. Horretarako, baserria merkatura zabaldu zen, errentagarritasun eta produktibitate gutxiko produktuak baztertuak izango zirelarik (González, 2004: 3). Bigarren aldaketa, 1960ko industrializazio prozesuaren azkartzeak eta honen eskulanaren premiak, industriaren eta baserriaren arteko lehia piztu zuen. Praktikan, industriaren eta baserriaren arteko soldata ezberdintasunek eta aurretik aipaturiko baserrien dimentsio eta orografiak baserriaren birmoldaketa zaildu zuen eta hauetako ustiapen ugari bideragarritasun ezera bultzatu zen. Baserri askotan hortaz, etxeko ekonomiaren ardatza kanpoko enpleguek hartu zuten eta baserria autokontsumorako produkziora mugatu zen. Hernanin gerora, sagardoaren eta sagardotegien “booma” etorri zen, “beste heltze batzuetako burruntzalia”.

 

 

2.2.3. Frankismoaren langile ikusezinak

 

      Esanda dago: soilik “etxeko lanez” arduratutako emakumea bultzatu zuen Frankismoak, hori zen “eredu”. Gizonezkoa izango zen familiara “etxerako ogia” ekarriko zuena; emakumeak aldiz etxean geratu behar zuen, etxeko lanetan. Emakumeak etxetik kanpo lan egitea ezohiko jarduera gisa bultzatu zen. Errealitatean ordea emakumeek era guztietako lanak (produktibo, erreproduktibo eta zaintzakoak) egin behar izan zituzten bizirauteko. Frankismoak bultzatutako “eredua” gezur bat zen; baina emakumeak burututako lanak estaltzeko eta emakumeen zapalkuntza areagotzeko balio zuen, besteak beste. Izan ere, lan hauetako asko ekonomia ofizialetik kanpo egin behar izan zituzten, merkatu beltzean; beren lana segurtasun ezaz (modu ilegal edo alegalean) eta are eta modu prekarioagoan eginez, modu isilean.

      Errolda ofizialetan emakumeek egindako lana ikusezina izan zen. 1975eko datuen arabera, Hernaniko emakumeen % 87,8 “lanik gabekoak” ziren. Ofizialki lan egiten zutenen artean berriz honako datuak bildu izan dira:

 

Lan kategoriak

Gizonezkoak

Emakumezkoak

Enpresaburuak / Autonomoak

416

% 7,8

97

% 6,4

Profesional liberalak

80

% 1,5

52

% 3,4

Langile industrialak

4.717

% 88,4

1.365

% 90,0

Nekazariak

123

% 2,3

3

% 0,2

Orotara

5.336

% 100

1.517

%100

(Etxeberria, 1983:39)

 

      Datu hauei beste aldetik begiratuz, emakumeen lanen % 87,8a “ez-lan” gisa hartu dela ikusten da, hots, iceberg-aren zati handiena ura azpian geratzen da ezkutuan. Ezkondu ondorengo emakumeek egindako lanak “sus labores” gisara kontsideratzen ziren; “beren lan edo jarduera” gisa. Beraz, beraiek bete beharreko jarduerak ziren;jarduera propioak. Izendapenek ideologia sortzen dute eta izendapen honen atzean aurkituko ditugu emakumeek egindako lan “legal” guztiak; “naturalak” eta “betebeharrekoak”. Bestela esanda, ikusezinak eta menpekoak.

      Etxeko ekonomiari “laguntzeko” isilpean egiten ziren eta isilpean ordaintzen ziren hainbat lan baziren Hernanin bertan. Ohikoa zen emakumeek zelofan poltsak edota jostun lanak etxean egitea. Etxea eremu pribatu gisa hartzen zen, bertan eginiko lanek ez zuten ekonomia ofizialean eraginik; baina bai ekonomia errealean. Modu alegalean egindako lan hauek, etxearen pribatutasunaz baliatzen ziren. Emakumeek ez zuten lan eskubiderik, ez ordutegirik. Eta lan hauek etxeko lanekin partekatu behar izaten zituzten; “lan esklaboa” lantoki klandestinoan (Barrutiabengoa et al., 2004:105):

 

      “Arantxak ‘esklabo’ hitza erabiltzen du urte askoan egin zuen lana definitzeko. Berak adierazi zigun ordutegi finkorik gabeko lana zela berea, edozein unetan deitzen zioten dendatik beste hamar albornoz josteko esanez. Gauez, asteburuetan, egin behar izaten zuen lan. Denbora gutxi izaten zuen beretzat eta bere familiarentzat”.

 

      Apopilotza familia aurrera ateratzeko beste estrategia bat izan zen. Lan honek ere etxea zuen lantoki eta emakumea protagonista. Apopilotzaren jarduera izugarri handitu zen Hernanin, izan ere, migrazio mugimendu handia tarteko, eskaria handia zen eta eskaintza txikia. Etxebizitzak asko garestitu ziren eta familiak aurrera ateratzeko zailtasun handiak zeuden. Etxean egiten ziren beste lanekin ere zerikusi handia izan zuen jendea apopilo hartzeak; lan lotua zen eta etxeko lanekin uztartzeko aukera eskaintzen zuen (Gorospe, 2006:419):

 

      Tenemos que tener en cuenta que estas mujeres además realizaban todos los trabajos necesarios para mantener a su familia y pupilos, como cocinar, limpiar la ropa y la casa, mantenerlos sanos física y sicológicamente etc., y este trabajo, aunque hasta tiempos muy recientes ni siquiera ha sido contabilizado económicamente, tenía y tiene valor monetario”.

 

      Jendartearen iruditerian jendea apopilo hartzea, etxeko ekonomian “laguntzeko” lan gisa hartzen bazen ere, gastuak estaltzeko oinarrizko diru sarrerak ekartzen zituen, gizonak etxera ekarritako diru ekarpena baino altuagoa izan zitekeena.

      Frankismoak emakumeak “etxeko lanak” egitera bideratu zituen, beste hainbat bitartekorekin batera, hezkuntza sistemaren bidez. “Eskola Nazionaletan” sexuen banaketa zegoen indarrean. Zazpi urtetik aurrera neskak eta mutilak gela ezberdinetan bereizten ziren, neskak maistrarekin eta mutilak maisuarekin ikasten zuten, 14 urte bete arte. Familia eredua eta rol banaketa “tradizionala” eta atzerakoia bultzatzen zen; emakumeei “emakumezkoen ofizioak” irakasten zitzaizkien, hala  nola, jostungintza, ile-apainketa, saltzaile, haurren zaintza eta abar, bestelako ofizioak salbuetsiz. Arratsaldeetan, neskek josten ikasten zuten “Talleres de costura” delakoetan (Aranburu, 2003:57):

 

      “Neskentzat zaila izaten zen hamalau urte arte eskolan jarraitzea. Familien beharren arabera, hamahiru edo hamalau urterako utzi behar izaten zuten eskola eta lanean hasi: neskame, enkarguetan, haurzaintzen, fabriketan...”.

 

      Beraz, langile familietako emakumeek oinarrizko ikaskuntza jasotzen zuten, 2. mailako ofizioak ikasiz, hots, “emakumeei zegozkienak”.

      Gizonezkoentzat aldiz, Hernanin 1947-48 “Escuela Profesional Obrera Carmelo Labaca” sortu zuen izen bereko apaizak, inguruko enpresarien laguntzarekin. Bertan mekanika irakasten hasi ziren. 1959. urtera arte ez ziren emakumezkoak onartu, delineazioan salbu. Geroago, 1963. urtean, kimika espezialitatea jarri zuten eta emakumezkoek ere ikasi ahal zuten. Ondorioz, inguruko industriarako gizonezkoak formatu ziren emakumezkoei lan kualifikatuetara sarrera salbuetsiz edota mugatuz.

 

Biteriko Eskolak.

Iturria: euskomedia.org

 

      Gizonezkoek beraz ikasle onak baziren, langile klaseko familietakoak izanagatik ikasten jarraitzeko aukera zuten; emakumezkoak aldiz “pribilegio” horretara salbuetsita zeuden. 1975. urtera arte emakumezkoek oro har, ezin izan zuten bigarren eta goi hezkuntzan ikasi, orduan hasi ziren gizonezkoentzat “esklusiboki” ziren lan kualifikatuetan lan egiten, modu apalean bazen ere. Halere, sexuen arteko lanen banaketa zurruna eta zorrotza zen, gizonezkoek lan kualifikatuenak egiten zituzten, botere guneetan gizonezkoak soilik egonik. Emakumezkoek aldiz, prestigio gutxiko lanak eta ondorioz soldata txikiagoa jasotzen zuten. Sozialki ere, emakumeak fabriketan lan egitea ez zegoen ongi ikusia; zailtasunak beraz agerikoak ziren.

      Emakumeak, oro har, hasiera batean ehun lantegietan hasi ziren lanean. Hernanin, XX. mende hasieran “Morencos” eta “Santiago Carrero” ehun lantegiak zeuden. Bertan, langileen gehiengoa emakumeek osatzen zuten baina ardurapeko lanpostuak gizonezkoek betetzen zituzten. Nolabait, feminizaturiko jarduerak ziren lantegien baitan, baina halere, botere guneetatik salbuetsita. Jostundegiak ere ugari ziren Hernanin, josten irakasteaz gain, jostun lanak egiten ziren. la jostun guztiak emakumezkoak ziren eta jostunen artean baziren espezialitate ezberdinak; galtzagileak, kapelugileak, kortseterak, brodatzaileak eta beste. Beraz, jostun lanak emakumeei atxikitzen zitzaizkien eta emakume guztiek ikasten zuten josten “etxeko andre onak” izan zitezen.

      Gerora, emakumeak beste fabriketan hasi ziren lanean pixkanaka-pixkanaka, “gizonezkoen eremua” izateak zekarren zailtasunekin. Industrian lan egiten zuten emakumeek, emakume “idealaren” irudia apurtzen zuten eta kontrako jarrerak pairatu behar izan zituzten.

      Baserriko lanak baserriaren gainbeherarekin batera urritu ziren. Adibidez, 1975. urteko datu ofizialetan Hernanin soilik hiru emakume baserritar zeudela ageri da eta gizonezkoak aldiz 123. Datu hauek sinesgaitzak dirudite. Emakume baserritarrak 1975. urtean bertan ere, gizonezkoak baino gehiago izango ziren segur aski. Izan ere, gizonezko gehiago fabriketara joan zirenez emakumezkoak baserrietan geratu zirela begi bistakoa da, baserria “gobernatzen”. Baserriko jarduera produktiboak bi generoen eskulana baliatu izan du. Sexuen lan banaketa eman bazen ere, lan batzuetan bien lana beharrezkoa izan zen. Merkaturatzeari dagokionez ere, sexuen arteko rolen banaketa ematen zen; gizonezkoek “animalia handiak” merkaturatuko zituzten eta emakumezkoek berriz “animalia txikiak” eta eguneroko produktuak; barazkiak eta esnea, esaterako. Animalia handiak saltzea ezohikoa zen. Esnea eta barazkiak merkaturatzeak, berriz, egunerokotasunarekin lotura handiagoa zuen. Lan jarraituagoa zen, epe labur batean saltzen ez baziren produktuak galdu egiten ziren eta. Merkatuko lan hauekin, diru sarrera garrantzitsuak eskuratzen zituzten baserriko ekonomiari zegokionez. Produktuak hiru modutara merkaturatu zitezkeen: azokan salduz, etxez etxe edo herriko dendetan salduz eta errekaderei produktuak saltzeko utziz (Barrutiabengoa et al., 2004:48).

 

      “Hernanin bi azoka gune zeuden, bakoitzak bere ezaugarriak zituela: Plaza Berrikoa ganaduarentzako zen, eta Atzietas kalean zuen feriak jarraipena, baserriko gainerako produktuen (barazkien, fruten, oilaskoen, txerrien...) salmenta gunean. Banaketa horretan garbi ikusten da sexuen arteko bereizketa. Plaza Berrin gizonezkoak aritzen ziren; Atzietasen, berriz, emakumezkoak. Badirudi tradizioz animaliak merkaturatzea gizonen betebeharra izan dela, eta merkatu hori gizonentzat gordeta zegoen, eta bestea, emakumeentzat”.

 

      Hernani, Donostiatik hain gertu egonik, Donostiaren hornitzaile zen. Bertako merkatuetan Hernaniko emakume ugarik zuten postua produktu freskoak saltzeko. Esne saltzaileak ere ugari ziren, askok etxez etxe saltzen zuten gainera. Donostiara joateko tranbia erabiltzen zuten gehienek, eta beren maiztasun eta ordutegietara moldatu behar zuten. Tranbia edo “tximist gurdia” ugari eskatzen zuen; produktuak bildu eta atondu, baserritik tranbiara kargatuta joan (kilometro batzuetako bidea askorentzat), azokan saltzen egon eta atzera bueltako bidea.

      Hirugarren sektoreko, hots, zerbitzuetako, lan eta negozio askotan emakumezkoak nagusi ziren. Lan hauek ondo ikusiak zeuden emakumezkoentzat, “lan duinak” ziren. Hernaniko Kaxkoko kale Nagusian eta Andre kalean negozio ugari zeuden. Baziren emakumezkoek lan egiten zuten dendak (“komestible” edo janari dendak etab.), gizonezkoenak (burdindegiak esaterako) eta senar-emazteak kudeatzen zituztenak (okindegiak; gizonak ogia egin, emakumeak saldu, esaterako). Beste behin ere, sexuen araberako lanen banaketa argi ikusten da. Frankismoak ezarritako “arrazionamendua” tarteko, oinarrizko produktuen eskasia zegoen. Arrazionamenduko produktuak ez ziren egunerokotasunean eskuragarri izaten gainera. Bando bidez jakinarazten zen eta familia bakoitzak kopuru jakin bat izaten zuen kartilla bidez kontrolatzen zena (bi zeuden, bata haragiarentzako eta bestea beste produktu guztientzat). Produktuen eskasia eta Frankismoak bultzatutako autarkia tarteko, “merkatu beltza” indartu zen. Familiek, emakumeek batez ere, elikatu ahal izateko “merkatu beltzera” produktuan eskuratzera joan beste aukerarik ez zuten. “Auxilio Soziala” ere bazegoen, “Sección Femeninak” kontrolatzen zuena, baina hau karitatearen baitan zegoen eraikia eta hornigaien beharra oso zabaldurik zegoen herritarren artean.

      “Merkatu Beltza” edo legez kanpoko merkatuak indar handia hartu zuen gerra osteko testuinguru hartan, betidanik egon bazen ere. “Merkatu Beltzerako” bi jarduera ezberdin zeuden, produktuen kantitatea eta sexuen banaketa tarteko; kontrabandoa eta estraperlo txikia. Kontrabandoa, kopuru handietan ematen zen eta gizonezkoei zegokien batez ere, eta estraperloa berriz, kopuru txikietan ematen zen eta emakumezkoei zegokien gehienbat. Estraperloan emakumezkoen gorputza izaten zen garraiorako eta produktuak ezkutatzeko bitartekoa. Izan ere, legez kanpoko jarduera bat zen; ezkutukoa, isila eta arriskutsua. Arriskuak ekiditeko, Hernaniko emakumeek harreman sare solidarioa eraiki zuten estraperloak zekarren arriskua saihesteko (Barrutiabengoa et al., 2004:60).

      Lerrootan Hernaniko emakumeek eginiko lan eta langintza ugari bildu dira, jakinik beste asko aipatu gabe geratu direla. Lanok isilarazitakoak izan dira asko, aintzat hartu ez direnak, emakumezkoek egindako “ez-lanak”. Gainera, “etxeko lanak” emakumezkoek egin dituztenez beste lanekin partekatu behar izan dituzte eta horrela, amaiezinezko lan jarduna egin behar izan dute; lan lotua eta “esklaboa”. Askok ez dute aisialdirako tarterik izan, etxera lotuak egon dira, familiara, lana “besteentzako” eginez. Langile nekaezinak, langile ikusezinak, emakumeak.

 

 2.1. FRANKISMOA (1939-1975) | 2.2. FRANKISMOA EUSKAL HERRIAN ETA HERNANIN | 3. BIZITZARI AURRE EGIN BEHARRA.