Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014

 

gaiak

2010 HERNANI

 

Atez atekoaren ongi etorri jaialdia Hernanin, 2010ean.
Oier Iurramendi, Unai Gaztelumendi eta Eli Pagola.

Iturria: http://www.flickr.com

 

2011ko txotx denboraldiari hasiera
Hernaniko Bertso Eskolak eman zion.

Iturria: http://pupilbags.blogspot.com

 

      Bertso eskola honetan jende bat ez da 24 orduz bertsolaria izango baina bertsoa beti buruan bueltaka dauka. Hernanin bertsozalea aktiboa da: nahiz eta ez kantatu, saioak antolatzen ditu, bertsolariekin harreman zuzenagoa du.

[Beñat Gaztelumendi]

 

      Hernanin parrandan atera eta askotan esaten dizute “bai, ni ere egun batean bertso eskolara joan nintzen”. Jende asko da bertso eskolatik pasea.

[Unai Gaztelumendi]

 

      Pare bat kuadrilla gaude parrandan gaua tokatzen bazaigu bertsotan isiltzen ez garenak. Baina beste askorengan ezjakintasun handia ikusten dut bertsoa zer den, urtean zehar zer saio dauden...

[Arnaitz Lasarte]

 

      Arnaitz Lasarte, Beñat eta Unai Gaztelumendi, Asier Azpiroz, elkartzen bagara parrandan, normalean bertso saioren bat izaten da bukaeran, etxeratu ezin horretan. Ingurukoren bat ere igual sartzen da tartean.... Patatak erosi, koskan eseri eta perla batzuk ateratzen dira.

[Oier Iurramendi]

 

      Bakoitzak gure kuadrilla daukagu, baina parrandan bertso eskolakoak ikusiz gero trago bat behintzat hartzen dugu, eta askotan elkarrekin bukatzen dugu, kuadrilla ahaztuta.

[Asier Azpiroz]

 

      Hernanin bertsolari erreferente asko dauzkate. Bertsolaririk ez dagoen herri batean zailagoa da bertso eskolarako pausoa ematea.

[Unai Gaztelumendi]

 

 

PLAZAK

 

      Bertso zirkuitua nahiko finkoa eta egonkorra da: Bertso-Lata, Tabernetako txapelketa... ez dago dinamika berririk.

[Oier Iurramendi]

 

      Gaztetxean bertso saio lizuna egin izan da, azkena 2011n. 2013an Gazte Asanbladak beste saio bat antolatu zuen.

[Asier Azpiroz]

 

      Hernanin bertso eskolak protagonismoa dauka. Beti presente dago herrian, eta edozein ekitaldi dela, Dantzari Festa, presoen ongi etorriak... bertso eskolakoren bati deitzen diete. Kantatzeko aukera izaten da Hernanin, ez luze baina bertso bat-bi-hiruko saioak bai.

[Asier Azpiroz]

 

2012an Gazte Asanbladak antolatutako saioaren kartela.
Iturria: http://hernanikogazteasanblada.com

 

      Osinagako festetan, Portuko festetan, San Inazio egunean Santa Barbaran... beti daude bertso eskolarekin lotutako plaza batzuk, eta bertso eskolan bazabiltza lehenago edo beranduxeago kantatzea tokatzen zaizu.

[Asier Azpiroz]

 

      Elkartasun afari bat ere egiten da urtero, eta nire bertso ibilbidean momentu ederrenak hortxe pasatu ditut. Unai Gaztelumendi, Arnaitz Lasarte, Asier Azpiroz eta laurok biltzen gara, eta Jon Altuna “Oxan” aritzen da gai-jartzen. Santa Barbara elkartean izaten da, luze aritzen gara eta gustura!

[Oier Iurramendi]

 

 

EREÑOZU

 

      “Ereñozu oso bertsozalea” esaten da, baina bertso afari bat antolatu eta kosta egiten da erantzuna lortzen. Atzetik jendea badator, Amaia Otxotorena, Arnaitz Lasarte, Oier Iurramendi... beraien artean bertsotan egiten dute, segida eman diote Hernaniko bertso eskolari... Ereñozun bertsozaletasuna beti izango da eta segida izango du.

      Gure ondorengo gazte kuadrillan ere (nire anaiaren kuadrilla kasu) bada jende dexente bertsotan moldatzeko adina egiten duena, baina parrandan bakarrik, guk hasieran egiten genuen bezala. “Helduen bertso eskola bat egingo genuke” beti izan dugu ideia buruan baina ez dugu gauzatu. Aber noizbait hori egiteko kapaz garen.

[Aritz Zerain]

 

      Etxeetan zaletasuna oraindik badago. Auzo honetan gehienak bertsozaleak dira, gutxiago edo gehiago. Eskolako irakaslea bera ere harrituta geratzen da bertsoa zenbat gustatzen zaien umeei. Gure umea, edo Aritzena, ikusten dituzu hiru urterekin eta bertsotan aritzen dira, edo bertsotan ari balira bezala. Falta dena da bertso eskola bat sortzea, eskolaz kanpokoa. Zaletasuna beti izan da, baina beti bukatu dugu kuadrillan puntuka, parrandan. Hor geratu da beti, pauso bat gehiago eman dugunak Aritz, Arnaitz eta hiruok gara, baina Hernaniko bertso eskolan bildu garelako. Bertan bertso eskola bat falta da edo bestela Hernanirako bidea gehiago irekitzea.

[Ibon Miner]

 

 

HERNANI ETORKIZUNEAN

 

        1

Hogei urtera gaur halako bi

Hernani irudikatuz

Oria Menditik Donostiraino

auzo berriak finkatuz

herriko saltsa aldatuko da

bizimoduan fijatuz

nahiz ta astero plazan elkartu

kartel bat eta bi katuz

“Donosti a(d)ina europearrak

ez gara” aldarrikatuz.

 

        2

Donostitikan Hendaiaraino

bat egitea a(ha)l bada

ezinezkoa eman lezake

baina asmoa hala da

ta badakigu metroa ere

beharrezkoa dala ba

lur azpitikan batuko dira

Bretxa eta Orkolaga

Euro-Hiriko suburbioak

behar du bere parada.

 

        3

Lau agure zahar lehengo garaiak

ezin analizatuan

hanburgesari kozka eginez

ritmo paralizatuan

euskera hutsean Maxi-txotxeko

kupel galbanizatuan

hori izango da txakur berdea

artalde leziatuan

gure oxigeno bonbonatxoa

mundu globalizatuan.

 

        4

Mestizajeak ekarriko du

munduko hainbat aurpegi

ilobak berak izan litzazke

oriente aldeko bi begi

larru azala ilun-iluna

zuri-zuri nahiz beilegi

apatx hartuta pentsatuko det

“hau bertsolaria bedi!

Afizioa gorde zak ondo

baina aitonari ez segi”!

 

[Unai Agirre, 2003an Joxe Legarretaren omenez
Ereñozun egindako bertso-emanaldirako jarriak]