Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014

 

bertsolariak

ELI PAGOLA APEZETXEA

 

1995ean Fagollagan, Ereñozun jaioa

 

Argazkia: Estitxu Eizagirre.

 

      Nire aitona moldatzen omen zen idazten eta bere birraitona ona omen zen bertsotan: Txabolategi. Niri ez zait bere istorio askorik iritsi.

      Ez dut oroitzen oso giro bertsozalea genuenik. Etxean noizbehinka bertso batzuek aditzen genituen, baina niri ez zitzaidan Hitzetik Hortzera batere gustatzen.

 

 

IKASTOLAN

 

      Langile ikastolan bagenuen irakasle bat, Itziar Otamendi, eta hark pila bat bultzatzen gintuen. Fernando Amezketarraren istorioak kontatzen zizkigun... ikastolara abisua iritsi zen bertso eskolako ikasturtea hasiko zela eta nahi zuenak izena emateko. Niri ez dakit zer txispa sartu zitzaidan eta esan nuen “ni horra joango naiz!”

 

 

BERTSO ESKOLARA

 

      8-9 urterekin hasi nintzen. Bakar bakarrik joan nintzen. Amari esan nion: “ama, hona joan nahi dut” eta azaldu egin nintzen. Lehen eguna gogoan daukat: Azkena iritsi nintzen eta begiratu eta neska bakar bakarra ni! Sartu, eta nola ile motza nuen ez zidaten sinisten Elixabete izena nuenik. Onena izan zen banaka joan ginela: Eñaut Martikorena (Elizatxotik), Aritz eta Aingeru Otxotorena, Imanol Sarriegi (Donostiara joaten ziren eskolara) eta ni ginen taldean (hurrengo urtean Jon Iturbe sartu zen). Bakoitza eskola batetik gentozen eta kuadrilla txiki bat egin genuen.

      Lehen urtean Unai Gaztelumendi eta Estitxu Eizagirre izan genituen irakasle eta geroztik Unai Gaztelumendi (16-17 urte egin arte). Hasierako ikasle taldea aleka joan zen bakantzen. 15 urterekin Eñaut Martikorena eta biok bakarrik ginen. 17 urtetik aurrera irakaslerik gabe bildu gara Asier Azpiroz, Oier Iurramendi, Martikorena eta laurok.

 

 

ESKOLARTEKOA

 

      Urtero aurkeztu naiz eta finalera iritsi izan naiz. Ni ez naiz izango hutsetik bost bertso on botatzen dituena, mantsoago hasi eta bertso batzuen beharra daukat.

 

 

PLAZAN

 

      Gaztetxeko saio lizunean kantatu nuen 2011n, 16 urterekin. Nire lehenengo plaza-plaza hori izan zen. Unai Gaztelumendi eta Azpeitiko “Ministro”rekin kantatu nuen. Niretzako handia zen, eta urduri joan banintzen ere, gero gustura aritu nintzen.

      Gehiena Hernaniko auzotan kantatu dut: Santa Barbaran hirugarren urtea egin dut (2010. urtetik), 2012ko Bertso-Latan kantatu nuen, baserriz baserri egiten den gabon errondan...

      Santa Barbarako festetan urtez urte bada kuadrilla bat gogorarazten didana lehen urtean (2010ean) Txatarrero bati kantatu nion bertsoa. Aurrean zegoen, polo hori-hori bat zeukan jantzita eta erdi-erdian ardo orbana egin zuen. Eta hauxe bota nion ba:

 

Ardoan mantxa erori zaizu

kamisetaren erdira

orain ere egongo zinen

andreren bati begira.

 

      Parrandan noizbehinka bertsotan aritzen naiz, besteren batekin elkartzean. Bestea bertsotan ni baino okerragoa edo askoz hobea bada ere, problemarik gabe.

 

 

GOIZUETAN

 

      2009an, festetan, erromeria zegoen. Ez zegoen jende askorik plazan eta mutil bat igo zen oholtzara udalekutako bere lagunei bertsoa kantatzera. Lagunak xaxatzen hasi zitzaizkidan, “igo beharko duzu, erantzun beharko diozu...” Zentzudunarena egiten hasi nintzen “ez, ez, ez naiz igoko, gaixoak lagunei kantatu die...” Bukatu zuen eta musikarietako batek esan zuen “beno, ez al dago inor erantzuteko?” eta “ni!” garrasi egin nuen eta igo nintzen tablatura eta gustura geratu nintzen kantatuta. Berak kantatu zuen udalekutako begiraleak izan berri zirela eta inoiz ez zituztela une horiek ahaztuko... tragoarekin zebiltzan eta erantzun nion:

 

Dena goatzerikan

etzazula espero

eskuan duzuna edaten

jarraitu ezkero.

 

 

TABERNETAKO TXAPELKETA

 

      2013an parte hartu nuen lehen aldiz. Etxean bezala aritu nintzen. “Nire lehenengo urtea, txikituko naute!” pentsatuz joan nintzen. Gaia jarri eta segituan ideiak etortzen zitzaizkidan, besteak bertsoa bota eta erantzuna pentsatu gabe etortzen zitzaidan, kasi bertsoa bakarrik osatzen dela. Oso solte ibili nintzen. Txapela jantzi nuen.