Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014

 

bertsolariak

ASIER AZPIROZ IZTUETA

 

1991n Donostian jaioa

Zubietan bizi da

 

Argazkia: Estitxu Eizagirre.

 

      Familia euskalduna dugu eta bertsoa beti gustatu izan da, baina ez bereziki ere. Baina beste giro batekoa izan banintz ez nuke bertsoa hain barruan edukiko.

 

 

HASIERAK

 

      Amasorrain ikastolan bertso eskola sortu zen eskola orduz kanpo eta kuadrillatxo bat hasi ginen han, Amaia Agirrerekin. 10 urterekin hasi eta bi urte egin genituen.

      Gero Amaiak segi ezin zuela eta Agin Laburu etorri zen eta harekin urtebete pasa genuen. Berak ikastera Bilbora joan behar izan zuenean Gaztelumendi anaiekin segi genuen.

 

 

HERNANIKO BERTSO ESKOLA

 

      Udaleku batzuetara joan nintzen Hernaniko bertso eskolarekin. Jendearekin harreman ona egin eta handik aurrera Hernaniko bertso eskolara etortzen hasi nintzen, eta orain arte.

      Hemen Itziar eta Estitxu bixkiak izan nituen irakasle. Haiekin urte batzuk egin, eta gure kasa hasi ginen bertsotan geratzen. Eta orain gu ari gara irakasle.

 

 

ESKOLARTEKO TXAPELKETA

 

      Lehenengo aldiz 10 urterekin atera nintzen. Gaizki pasa nuen, ez dut gogoratzen eta ezta nahi ere. Baina bueno, nire buruarekin nahiko gustura geratu eta hurrengo urtean taldea atera genuen Añorgako hiruk. Sorpresa hartu genuen, finalera pasa ginen. Niri behintzat horrek moral handia eman zidan, gainera Amasorrain ikastolatik autobusa joan zen ikustera, agur bereziak egin genituen...

      Gero Hernanin hasi nintzenean beste txikitako bi urteetan finalera pasa ginen eta behin Euskal Herrikora ere sartu nintzen nolabait! Handitako lehen urtean finalera sartu nintzen, hanka eskaiolatuarekin kantatu nuen finalean. Hurrengo urtean ez nintzen finalean sartu eta azkeneko bi urtetan bai.

 

Gipuzkoako Eskolarteko

Bertsolari Txapelketa

2001

Parte-hartzaile

(Txikitan)

Gipuzkoako Eskolarteko

Bertsolari Txapelketa

2002

Finalista

(Txikitan, Añorgako Taldean)

Gipuzkoako Eskolarteko

Bertsolari Txapelketa

2003

Finalista

(Txikitan, Hernaniko Taldean)

Gipuzkoako Eskolarteko

Bertsolari Txapelketa

2004

Finalista

(Txikitan, Hernaniko Taldean)

Gipuzkoako Eskolarteko

Bertsolari Txapelketa

2005

Finalista

(Handitan)

Gipuzkoako Eskolarteko

Bertsolari Txapelketa

2006

Parte-hartzaile

(Handitan)

Gipuzkoako Eskolarteko

Bertsolari Txapelketa

2007

Finalista

(Handitan)

Gipuzkoako Eskolarteko

Bertsolari Txapelketa

2008

Finalista

(Handitan)

Euskal Herriko Eskolarteko

Bertsolari Txapelketa

2003

Finalista

(Txikitan)

 

 

SARIKETAK

 

Erniarraitz

2010

 

Axari

2010 eta 2011

 

Bertxoko

2010-2012

 

Lizardi

2010-2012

 

Abra

2011

Txapelduna

Aztiri

2012

 

Xenpelar

2012

 

Bertsokatu Txapelketa

2011 eta 2013

 

Mikel Laboa

Bertsolari Txapelketa

2013

Txapelduna

Lizardi

2013

Txapelduna

 

Asier Azpiroz eta Patxi Etxeberria bertsolariak
2013ko Lasarteko San Pedrotako bertso saio berezian.
Iturria: Txintxarri aldizkaria.

 

      Sariketetan dexente ibili naiz urte batzuetan (18tik 21 urtera arte).

 

 

PLAZAK

 

      Plazetan 2011tik nabil. Ikasketengatik Gasteizen egon naizenez bizitzen, inguru hartako plaza batzuk egin ditut eta Hernani ingurukoak ere bai. Usurbil-Lasarte-Orio-Igeldo-Donostia alde horretan ere bai. 2012 eta 2013an urtean 30 bat saio egin ditut. Gu bertsolari ezagunen alderantziz gabiltza: Udan jaialdi asko izaten da eta normalean horietan ez dugu lekurik izaten, gu gehiago aritzen gara negu aldean, gaztetxeetako bazkari eta afarietan edo poteotan...

      2013ko ekainean Lizartzan kantatu nuen Iker Zubeldiarekin. Gaztetxeak antolatuta, 80 lagunek afaldu genuen. Oso giro ona zegoen eta bertsotan asmatu genuela iruditzen zait, etxera kotxean kontentu etorri nintzen behintzat.

      Asko kantatu dut bertso eskolakoekin, gehiena Unai Gaztelumendirekin. Eta bestela adin beretsukoak diren Beñat Iguaran, Mikel Artola, Oier Aizpurua, Aitor Urbieta, Ane Labaka... Agin Labururekin noiz edo noiz ere bai...

 

2011ko Gipuzkoako Txapelketan, Zumarragan
kamisetan erraustegiari moratoria eskatuz.

 

 

TXAPELKETAK

 

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa

2011

Final zortzirenak

 

      Oso esperientzia ona izan zen. Txapelketa formatoa oso egokia zen guretzako. Bakoitzak bi saio egiten genituen. Bazkariak antolatu ziren eta giro ederra egon zen.

      Irailean Azkoitian kantatu nuen eta han berriz oso saio txarra egin nuen.

 

Pankarta, manifa, lema

kapitala ta sistema.

Politikaren dema

fartsa hutsa da dena

ni beti apolitiko,

nirea egin ta kito!

 

Bikotera banaiz batu

ezkontzea dut sakratu.

300 gonbidatu,

luntx ta festa pribatu

eta elizatik noski,

soineko txuri ta guzti.

 

Independizatu nahian

jubilatzeko garaian,

pisu txiki bat kaian

Donostian, Zumaian

ta ordaintzeko bikoteka,

hartuko dut hipoteka.

 

Bizi naiz izorratuta

lan baldintzek behartuta,

10 ordu sartu ta

700 kobratuta

baina hori bai lana da,

afortunatuak gara!

 

Greba deitzen badigute

motiboak mila guk e(re)

Baina grebaren truke

soldata kentzen dute,

hobe lanera zuzendu,

nagusiak esaten du.

 

Erosketetan merkantzi

soineko ta bainujantzi.

Markadun elegantzi

eta kontsumo antsi

arropa eta arropa

merkealditan dago ta.

 

Herrigintzan murgiltzeko

lokarturik gabiltz asko.

Negua arintzeko

kontsolan aritzeko

lokal barruan gotortu,

ta kaleak basamortu.

 

Musika bera aditzen

Usurbilen ta Parisen.

Diskografia gizen

eta urrezko izen

musika berri, askea,

gora Euskadi Gaztea!

 

Kultura artean hegan

aritzeko nago greban.

Abuztu bukaeran

pasako dut primeran

hango diskoteken brisan

aste osoa Ibizan!

 

Gazteri ez kontsumista

ta antikapitalista

eratzeko argizta

buru hoiek aldizka.

Antolatu ta oldartu,

ezin gaitezke lokartu.

 

[Asier Azpiroz, Usurbilgo Santixabel Bertso-Paper Lehiaketa ]

 

 

 03-12 Azpeitia, sariketa

 

      Urte askotan izan duzue bikote harremana. Orain Asier Azpirozek uztea erabaki du, eta Maialen Velardek ezin du onartu.

 

        A. Azpiroz:

Gaurtik aurrera gera

gu bikote ohiak

pasatu diralako

lehengo sasoiak.

Ohe kontuan ginan

gu biok lehoiak

astintzen genituen

sofa eta ohiak

ta orain bihurtu gera

rutinan morroiak.

 

        M. Velarde:

Sinistu nahiko nuke

diotsut serio

rutinan omen gaude

ze erremedio!

Elkarrekin pasata

lau kalendario

lehen lagun eta orain

elkar arerio...

Buruak baietz baina

bihotzak ezetz dio.

 

        A. Azpiroz:

Nun da garai bateko

neskatxa ausarta?

Herriko politena

ohean aparta

ta ez dezu onartu nahi

jesus hau da marka!

Arrazoia hauxe da

esatea barka:

begietan ez dezu

lehengo txinparta.

 

        M. Velarde:

Txinparta joaten zaizu

hogei segunduan

ta berdina pasatzen

ohe inguruan

nik maitasuna nuen

nire helburuan

baina aldatu zaizu

azkenengo orduan:

sexua bakarrikan

daukazu buruan.

 

        A. Azpiroz:

Sentimentuak ere

badauzkat ta aizu

ta zuk burua altxa

eta ez egon kexu.

Zure bizitzarekin

jarrai dezakezu

oraindikan benetan

polita zaude zu

ta ni baino hobe bat

bilatuko dezu.

 

        M. Velarde:

Sentimentuak ditu

zeinen romantiko!

Sentimentuak aspaldi

utzita mutiko.

Maitasuna betiko

ez du ikusiko

azpikoa egiten da

ximeldu ta kito

ta ni ez naiz zure zain

betiko jarriko.