Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014

 

bertsolariak

OIER IURRAMENDI ETXEBERRIA

 

1990ean Hernanin jaioa

 

Iturria: Kutxa Ekogunea.

 

      Etxean bertsozalea aita da.

      Dakizkidan bertso zahar gehienak etxean ikasiak dira, anaia eta biok txikiak ginela aitak guri kantatzeko ohitura handia zeukan. Gauetan liburutik kantatzen zizkigun, beste batzuek ipuinak kontatzen dituzten bezala.

 

 

EREÑOZUKO ESKOLA

 

      Nik Ereñozuko eskolan ikasten nuen eta bertan jangelarik ez zegoenez, egunero bazkaltzen genuen Florian Oiarbideren etxean. Berak askotan kantatzen zizkigun bertsoak.

      Ereñozuko eskolan Aritz Zerain eta Ibon Miner guri bertso klasea ematen hasi ziren. Han bi-hiru urtean ibili nintzen, eta gero nik Peru anaia Hernaniko bertso eskolan neukan, Unai eta Beñat Gaztelumendirekin batera Eskolarteko Txapelketan aterea. Haren bidez animatu nintzen ostiral batean etortzera.

 

 

HERNANIKO BERTSO ESKOLA

 

      Joxe Anjel Aranburu izan nuen lehenik irakasle eta gero Estitxu eta Itziar Eizagirre. Gero gure artean biltzen hasi ginen, bata besteari gaiak jarriz. 14 urterekin hasi nintzen bertso eskolan irakasle, eta lehen urtean Amaia Otxotorena eta biok hartu genuen talde bat elkarrekin.

 

 

ESKOLARTEKO TXAPELKETAK

 

      Ez dut esperientzia onik izan baina gustura ibiltzen ginen. Eskolartekoa prestatzerakoan giro ona egoten zen. Ni txikien mailan finalera iritsi nintzen.

 

 

SARIKETAK

 

      Tabernetako txapelketan hiru-lau aldiz hartu dut parte. Gustura kantatu izan dut, jende asko egoten da eta oso giro ona. Herrien arteko GR txapelketan ere kantatu izan dut.

 

 

PLAZAK

 

      Lehenengo plaza Ugane auzoan (Ikaztegieta) egin nuen. Izeba dugu han eta bere bidez hasi ginen festetan Hernaniko bertso eskolakoak saioa egiten (2000. urtean edo), eta gaur arte iraun du.

      Gehien bat 16-17 urterekin mugitu nintzen bertsotan. Gaur egun Hernaniko saioetan kantatzen dut, Txalaparta Festan, AHTren kontra, Dantzari Festan, San Joanetako txupinazoan, omenaldietan, Osinagako festetan, Santa Barbarako saioan, Ugane auzoan, sagardotegitako saioetan aritu gara...

      Gustuena Elkartasun eguneko saioekin geratu naiz, nahiz bertso mailaz ez onenak izan, ideia ona izanez gero eta nola-hala botaz gero, giro oso ona egoten delako.