Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014

 

bertsolariak

BEÑAT GAZTELUMENDI ARANDIA

 

1987an jaioa, Añorgan

 

 

 

ETXEAN

 

      Ama Albizturkoa da, eta kontatzen du bere aitona bat bertsotan aritzen ote zen...

      Gure aitona gurekin bizi da etxean, eta gustatzen zaio errimatuz hitz egitea. Amonak bertso zahar pila bat dakizki.

      Saiotara joateko ohitura hartu zuen aitak, euskararen mundua transmititu nahi zigulako, Donostia izkina honetan nahiko zaila izaten baita mantentzea. Bertsozaletuz gero, beti euskal hiztunak izango ginela pentsatzen zuen.

      Gu jaio eta berehala hasi zen gure aita Usurbilgo bertso eskolan. Etxean hasieran bertso zaharrak kantatzen genituen, gero egokitutako bertsoak kantatzen hasi zitzaigun, gero eta bost urte genituenerako Amasorrain ikastolako bertsolariak ginen, bertsotan jakin ez arren. Txirritaren bertso zaharrak kantatuz aritzen ginen ikastolan.

 

 

GAIXO

 

      8-9 urterekin gaixotasun bat eduki nuen. Urtebete egon nintzen gurpildun aulkian, eta aitaren kaseteak hartu nituen, 1989ko Txapelketako bertsoak, eta denbora haiekin pasatzen nuen. Nik uste 9-10 urterako bat-batean egiten nuela. Etxean ikasi nuen, eta Gabonetan eta kantatzen genuen... bertso eskolan beranduago hasi ginen, 10-11 urterekin.

 

 

BERTSO ESKOLETAN

 

      10 urte neuzkanean bat-batean zerbait egiten nuen, tira bat-batean, idatzi gabe baina pentsatzen bost minutu pasatuz, eta txapelketan parte hartu nahi nuen: bat-batekoan ez nuen parte hartu baina idatzizkoan bai eta aipamen berezia atera nuen. Eta ama bertso eskola baten bila hasi zen, taldeka parte-hartzeko, ilusioa ikusten zidan...

      Iker Alustizarekin jarri ginen harremanetan eta berarekin hasi ginen Luberri Ikastolan.

      Bestalde, aitak egun batean Usurbilgo bertso eskolara eraman ninduen berarekin eta han zeuden Ibai Esoain eta Xabier Sukia, eta beraiek esan zidaten nola asmoa zeukaten Igeldon bertso eskola bat jartzeko eta ea animatuko nintzen.

      11 urterekin bi bertso eskolatara joaten ginen: larunbat arratsaldetan Igeldora, arratsalde pasa gehiena; joan eta bertso zahar batzuk kantatu, tarteka bat-batean zer edo zer egin, bukatutakoan tabernara joan eta batido bat ateratzen ziguten eta gustura... eta Alustizarekin 11 urte neuzkala hasi ginen, abendu aldera, txapelketara begira Antiguako taldearekin prestatzen. Urte horretan atera nintzen lehenbiziko aldiz Eskolarteko Txapelketan.

      Eskolarteko hartan nirekin parte hartzen zutenak ni baino bi-hiru urte zaharragoak ziren, azkeneko urtea zuten taldeka ateratzeko. Alustizak ikusten zuen jarraitzeko ilusioa bagenuela, eta talde batean sartu nahi gintuen.

      Beñat eta Unai Gaztelumendik zerbait gehiago behar zutela ikusi nuen. Bertso giro hori zabaldu egin behar zen, ezin zen pareta batzuen artean gelditu eta Hernanira bideratu nituen.

[Iker Alustiza]

 

 

HERNANIKO BERTSO ESKOLA

 

      Hurrengo urteko Eskolarteko Txapelketa baino hilabeteren bat lehenago sagardotegian bazkaria egin zen Hernaniko bertso eskolako ikasleekin. Jexux Mari Irazu eta Unai Agirre aritu ziren Txirrita eta Pello Errota jantzita euren bertsoak kantatzen... Iker Alustizak eraman gintuen; hori izan zen Hernaniko bertso eskolarekin gure lehenengo kontaktua.

      Hernanin hasiera hasieran Estitxu eta Itziar Eizagirrerekin ibili ginen urte gehienetan, gero Joxe Anjel Aranburuk hartu zuen taldea, eta bukaeran gure artean biltzen hasi ginen, irakaslerik gabe.

 

 

ESKOLARTEKO TXAPELKETAK

 

Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketa

1999

Txapeldun (txikitanj

Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketa

2000

Txapeldun (txikitan)

Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketa

2001

Txapeldun (txikitanj

Euskal Herriko Eskolarteko
Bertsolari Txapelketa

2002

Txapeldun (handitanj

Euskal Herriko Eskolarteko
Bertsolari Txapelketa

2003

Txapeldun (handitanj

Euskal Herriko Eskolarteko
Bertsolari Txapelketa

2004

Txapeldun (handitanj

Euskal Herriko Eskolarteko
Bertsolari Txapelketa

2005

Finalista

Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa

1999

Finalista

Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa

2000

Txapeldun
(txikitan, Hernaniko taldean)

Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa

2001

Txapeldun
(txikitan, Hernaniko taldean)

Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa

2002

Txapeldun (handitan)

Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa

2003

Txapeldun (handitan)

Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa

2004

Txapeldun (handitan)

Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa

2005

Finalista (handitan)

 

      Eskolartekoan nire ibilbidea beti egon da sariekin lotua. Beti tokatu zait aurre xamar ibiltzea. Nik uste zerikusi handia izan zuela gaixotasun horrekin. Urtebete pasatzen baduzu kirolean galtzen duzun denbora bertsotan emanaz...

      Bat-batekoan parte-hartu nuen lehen aldian ume bat nintzen: 11 urte, 1 metro eta 36 zentimetro. Ez zara kontziente, igotzen zara eta kantatzen duzu, jolas bat bezala. Lehenengo urtean Euskal Herrikoa irabazi nuen, eta hurrengo urtean, nabaritzen duzu jendeak begiratu egiten dizula, presio hori duzula. Nire ibilbide guzia izan da horrelakoa. Oholtzara igota ez nengoen lasai, irabazi nahi horrekin joaten nintzen, eta nik uste nire ondoko jende asko berdin joaten zela.

      Suertea izan nuen, ez nintzen erori eta talde baten babesa ere izan nuen. Erori banintzen, ez dakit zer pasatuko zen.

      Nik 1989ko Txapelketako kaseteak entzuten nituen eta 1989ko Txapelketan bezala egiten nuen bertsotan: bukaera karga-karga-karga egin, eta ordura arte bertsoa eraman. Ume batek kantatzen zuen nire ahotik, baina heldu baten ahotsa balu bezala. Sententzia oso definitiboekin, ez dakizu ezer baina dena jakingo bazenu bezala botaz. Eskolarteko Txapelketan sentsazioa neukan urtero gauza bera egiten ari nintzela, zazpi urte kantatuz eta beti antzerako sentsazioekin.

 

 

SARIKETAK

 

Abra

2006

Txapelduna

Erniarraitz

2006

Txapeldun ordea

Hernandorena

2006

Txapelduna

Lizardi

2005

Finalista

Osinalde

2006

Finalista

Osinalde

2007

Finalista

Xenpelar

2006

Finalista

Lizardi

2007

Txapelduna

Plazatik Gaztetxera

2006

Txapeldun ordea

Plazatik Gaztetxera

2007

Finalista

 

      Lizardi sarian parte-hartu nuen lehen aldian finalera pasa nintzen baina finala oso handi geratu zitzaidan. Baina hor hasi nintzen ikusten bertsoa beste era batera ere bizitu zitekeela, berriz ere umetako jolas horretara bueltatuz.

      Urte hartan Lizardin kantatu nuen, Erniarraitz sarian ere bai, Plazatik Gaztetxeran ere bai (kariño handiz gogoratzen dut, hor hasi bainintzen bertsoarekin berriz adiskidetzen, ikuspegi ludikoa ematen), Osinalden ere bai... urtero sariketa gehienetan kantatu dut. Xenpelarren kantatu izan dut, Hernandorenan ere bai...

      Irabazitako sariketa batzuk baditut, baina giroa ere bestelakoa denez, txapel horiek erlatibizatzen ikasten duzu.

      Bertso estiloan ere aldaketa handia egin nuen Eskolarteko Txapelketatik aurrera. Sariketetan zuretik gehiago kantatzen hasten zara. Arrazoiak ere ez dira hain kargatuak, ez dira hain definitiboak, erlatiboagoak dira, gazteagoak ere bai... estilo aldaketa horrek publikoarekin berriz konektatzen lagundu zidan, eta nire burua aurkitzen.

 

 

LEHEN PLAZAK

 

      Añorgan urtero egiten zen bertso afaria Sebastian Lizaso eta Andoni Egañarekin. Niretzat polita izan zen, lehen aldiz eurekin kantatzera altxa gintuztenean. Hori da dudan umetako oroitzapenik politena. Ez genuen saio mundiala egingo, baina gutxi gora behera erritmoa segitzen genuen. Auzo baten babesa ere sentitu genuen.

      Beste behin Algortan kantatzeko deitu zidaten, 12-13 urterekin. Haluzinatuta nengoen, Algortara adin honekin eta zertarako deitu didate niri? Joan eta Mañukorta eta Fredi Paiarekin kantatu behar nuela ikusi nuen. Antolatzaileak susto aurpegiarekin begiratu zidan, eta “zer gertatzen da?” galdetu nion. “Beñat Gaztelurrutiari deitu nahi genion baina nahastu egin gara, baina hala ere kantatuko duzu, ezta?”, “bai”. Egun guztiko saioa izan zen eta oroimen polita daukat.

 

 

PRESTAKUNTZA

 

      Nik umetan bertso asko idazten nuen. Pila bat, koadernoak beteta dauzkat, ia gaixotasuna zen; besteak futbolean ari zirenean nik ez neukan zeregin hoberik eta bertsoak idazten nituen. Orain irakurri eta grazia ere egiten dute batzuek, “Euskal Herriko egoera politikoaz” 11 urterekin...

 

 

TXAPELKETAK

 

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa

2007

Txapeldun ordea

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa

2011

Txapeldun ordea

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa

2009

Final-erdiak

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa

2013

Finalista

 

 

2007KO GIPUZKOAKO TXAPELKETA

 

      Txapelketek ere markatzen dute zure garapena nola doan.

      Gustura ari nintzen bertsotan udaran, eta Lizardin nire anaiaren ordez kantatzea tokatu zitzaidan: niri ez zidaten deitu baina bera gaixotu egin zen eta azken momentuan nik kantatu nuen. Eta txapela atera nuen. Inportantea izan zen oholtza gainean nire buruarekin berriro konfiantza hartzeko.

      Lehenengo saioa Orioko kultur etxean izan zen, eta kasualitatez sartu nintzen bigarren fasera, repeskatik. Eta bigarren faseko saio fuertea tokatu zitzaidan, Aitor Mendiluze eta Jon Maiarekin kantatzea. Tolosan zen eta azkeneko saioa zenez jende pila bat zegoen aditzen. Oroimen onena saio horretatik daukat. Tolosan zortziko handian Jon Maiarekin kantatzera atera, eta ikusi nuenean ez ninduela jan eta erantzun egiten niola, bertsotan ari nintzela sentitu nuen, 10 urteko bidearen ondoren gai nintzela Jon Maiarekin ofizioka erridikulurik ez egiteko.

 

Beñat Gaztelumendi 2011ko Gipuzkoako finalaren atarian.

Iturria: http://irutxulo.hitza.info

 

 

Azaroaren 4a, Tolosa

 

      Zuri, Jon Maia, gustatzen zaizu tarteka lagunekin heriotzaz hitz egitea. Gaia ateratzen duzun bakoitzean, Beñat Gaztelumendik isiltzeko esaten dizu.

 

        J. Maia:

Oraindik txiki samarra zera

bildurtia peto-peto;

hainbeste gauzai diozu oraindik

beldur eta errespeto

eta dardarka hasi ohi zera

hitza esan bakoitzeko;

aipatzea da era onena

mamu guztiak kentzeko.

 

        B. Gaztelumendi:

Baino hitz egin orduko jartzen

da dena mamuz betea;

beti hartzen dezu zuk heriotzaz

hitz egiteko tartea

ta horregatik ez al da askoz

ere hobe]on maitea

hori bakarrik helduko da ta

bizitzaz hitz egitea?

 

        J. Maia:

Baina bizitzaz ez da bakarrik

bete pertsonaren poltsa

beti taupaka ez da egongo

gure barnean bihotza;

aipatu zazu, hitz egin zazu

ez baita horren arrotza:

bide bereko pausoak dira

bizitza ta heriotza.

 

        B. Gaztelumendi:

Baino gaurkoa polita zan ta

biharkoa’re polita;

biak batera daude bai baino

zertarako dezu kinka?

Zu beti zaude triste samarrik

ta beti beltzez jantzita

eta bidea ez da gozatzen

helmugaren zain jarrita.

 

        J. Maia:

Ohituta nago beti honela

beltzez jantzita ibiltzen;

neri kolore faltsuak ez dit

hainbesterako agintzen;

hasi gaitezen nere hilobiko

hilarrietan ipintzen

“Bildurrik gabe bizi izan zen

ta bildurrik gabe hil zen”.

 

        B. Gaztelumendi:

Beraz beldurrik gabe aurkitu

zuen erremedioa;

beldurrik gabe bizitzea zen

eta bere desioa.

Tolosara joan ta azal dezagun

bertsozko afizioa;

ikas dezagun zein den benetan

bizitzaren balioa.

 

 

      Ilunbeko finalaren sentsazioa ederra da, hainbeste txalo eta hainbeste jenderen aurrean kantatzea. Baina bertsolari bezala nik uste gehiago markatu ninduela Tolosako saioak.

      Finalean buruz burukora pasatzerik ez nuen espero. Nik gozatu egin nuen buruz burukoan.

 

Beñat Gaztelumendi Bertsozale Elkarteko Iker Taldeko kidea,
2011ko Bertsolamintza jardunaldien aurkezpenean.
Andoni Egaña eta Ainhoa Agirreazaldegirekin.

Iturria: irutxulo.hitza.info.

 

 

PLAZAZ PLAZA

 

      Txapelketa baino lehen, bertsolaritza nire bizitzako gauza inportante bat zen. Batzuetan eguneroko bizitzatik alde egiteko terapia, nahiz eta bertso eskolara etorri eta igual bertsorik kantatu gabe egon. Urtean 40-60 saio egiten nituen, ongi.

      Baina 2007ko Gipuzkoako Txapelketaren ondoren plazan ere eman beharra zegoen. Lehen plazara tarteka esperimentatzera joaten ginen, orain jada segurutik joatea gehiago gustatzen zait... alde horretatik aldaketa izan da.

      Bertsolaritza bigarren planotik lehen planora pasa da. Baina sariketetan bizi nuen bezala bizi dut, gozatzera joaten naiz eta saio bakoitzaren ondoren ez dut ezer galtzen. Igual gaizki aterako da eta ez da ezer pasatzen, hurrengo astean beste saio bat egongo da, erlatibizatzen ikasi dut. Gipuzkoakoaren ondoren jendeak niri begiratzeko era aldatu da. Lehen saioko umea nintzen eta orain bat gehiago naiz. Kontzientzia hartu dut bertsotan zerbait banaizela.

      Nire estiloa aurkitu dut, gustura nabil bertsotan, barrutik kantatzen dut eta saio bakoitzaren ostean polita da “gaur neukana eman dut” sentitzea, eta etxera hustuta iristea.

 

 

Bertso Eguna, 2012-01-28 Donostiako Kursaalen

 

      Beñat Gaztelumendi, hogeita bost urte dituzu. Andoni Egaña, zuk bitan bete dituzu hogeita bost urte; hau da, berrogeita hamar urte dituzu. Imanol Lazkanok, berriz, hirurogeita hamabost urte ditu. Berrogeita hamar urteko soka da zuena. Zuetako bakoitzak bertsolaritzaren garai batzuk ezagutu ditu. Garai horretako bertso saioak, garai horretako bertsolari bizimodua, bertsolari belaunaldiak; miresten dituzue elkarren belaunaldiak ere, beste bertsolaritza garai hauek.

 

        B. Gaztelumendi:

Bertsolaritzan belaunaldiek

eman digute oparo

baina ez gera ez adinaren

ta ez denboraren esklabo.

Belaunaldi ta bertsolariak

aurrera dira igaro

baina oraindik oholtza honetan

denontzat tokia dago.

 

        A. Egaña:

Beti ixkinak diran tokian

batek behar du tartea

bai adinez ta bai belaunaldiz

hortan izan det partea.

Ez nau harrotzen txapelak edo

noizbait BECera joatea

baizikan eta hauen artean

zubi-lana egitea.

 

        I. Lazkano:

Mende laurden ta mende erdiko

bi hauek sasoi senduan

garrantzitsuak dirade biak

gaur bertsolari munduan.

Galdera hau da: moda-modako

bi izar hauen onduan

ajatutako aiton zahar honek

zer kristo pintatzen duan.

 

        B. Gaztelumendi:

Pintatzen dezu zure tonoa

eta zure bertsokera

pozik joaten naiz ni(e)re Imanol

gaur zure aldamenera

erreleboan gertatzen baita

dominoaren antzera

pieza batek huts egiten badu

guztiok erortzen gera.

 

        A. Egaña:

Horrexegatik aitortu det lehen

hortaz harrotzen naiz ia.

Ai Xebaxtianen arranke hura

eta Peñaren grazia!

Neronek eta nere lagunek

hor eman degu guzia

noizbait Beñati pasa genion

Imanoli ikasia.

 

        I. Lazkano:

Egia esan haurtzarotikan

maitatu degu bertsoa

gero berari eskeini ere

ia-ia bizitz osoa.

Guk egin degun lana izan da

xume bezain erosoa

gaurko haueri eskura pasa

lehengoengandik jasoa.

 

        B. Gaztelumendi:

Transmisioan egin zenuten

ta benetan lan txukuna

hala heldu da gureganaino

lehenago egin zenu(e)na.

Orainaldian juntatzen gera

lehena ta etorkizuna

ta juxtu gauza hortatik dator

gure aberastasuna.

 

        A. Egaña:

Nahiz oraindik neugaztea egon

ta aprobetxatzekua

tartean nago baina ez gunean

ez al da pentsatzekua?

Ia garaia heldu zait neri

atzean pausatzekua

ta Beñat zuri iritsi zaizu

aurrera pasatzekua.

 

        I. Lazkano:

Zueri esker ikusi degu

gure ametsa gauzatzen

gazte maiteok utz zaidazute

idea bat proposatzen:

bertsolaritza bertsolariak

bakarrik ez du osatzen

saia zaitezte herri jator hau

mimatu eta gozatzen.

 

        B. Gaztelumendi:

Hemen kontuak horren arraro

ez dira joaten hala’re.

Aizu Andoni mila gaztetxe

parrez ipinia zaude

ta hori da ona danok jartzea

oholtza baten parez pare *

denok aurrean jarri gaitezen

inor atzera joan gabe.

 

        A. Egaña:

Lazkanon garai haietan lagun

bertsoa ta irratia

nere jirako bertsolaiontzat

telebista tematia

eta Beñaten belaunaldia

ez al da Internet ia?

Hala(e)re denok osatzen degu

bertsoaren barrutia.

 

        I. Lazkano:

Azken mezu hau eman nahi nuke

jendeak uler dezala:

enbor zaharrari geroago ta

zailago zaio ezpala

adinak eta nere zentzuak

agintzen didan bezala

herriz herriko nere jarduna

aurten bukatzen dedala.

 

[* Azken hiru bertsoak kantatzeko mikrofono guztiak ilaran jarri zituzten. Ordura arte, Beñat Gaztelumendi eta Imanol Lazkano bi alboetan eta Andoni Egaña erdian, beste biak baino aurrexeago, aritu ziren.]