Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014

 

gaiak

BERTSO ANTZERKIAK

 

 

      Hernaniko bertso eskolak zenbait antzerki egin ditu. Eta denek zeukaten arrazoi bera: Bertso-Latako egun batean emanaldi berezia izaten dela. Normalean bertso antzerki bat.

      Aurrenekoa Aralar taberna aurreko plazan dauden leihoak aprobetxatuta egin genuen. Bikote baten adar kontuak ziren tartean.

      Bigarrena, Iraulio (Unai Agirre) eta Iraulia (Joxe Urdangarin) erosketetara joan zirenekoa, Pizarro astoarekin dendaz denda. Elurra egin zigun.

      Hirugarrena Irizarren egin genuen, harri jasotzeko desafioarena.

      Horietako antzerki batekin emanaldi batzuek egin genituen, dozena erdi bat edo: Gabirian, Lasarten Zabaleta auzoan, Zubietan, Ereñozun, Orexan...

      Beste antzerki bat Idiazabalen eta Elduaienen ere eman genuen.

      Afari truke joaten ginen, festa zen guretzat.

[Gorka Tolosa]

 

      Antzerkietako bat babes ofizialeko etxebizitzen inguruko parodia izan zen, obrako lan baldintzekin eta zozketetan egon daitezkeen tranpekin... Lehenengotako saioa Gabirian egin genuen eta ederra izan zen, aldamioko tabloira salto egin eta puskatu zenean. Ia-ia benetako lan-istripua izan genuen!

[Gorka Tolosa]

 

      Idiazabalerako zerbait bereziki bertakoa egitea eskatu ziguten. Idiazabalgo gaztaren eguna zen, eta Aritz Zerainek eta Unai Agirrek gidoi bat egin zuten eta denoi emailez bidali ziguten. Batzuk artzain eta beste batzuk sukaldari joan ginen, bakarren bat ardiz mozorrotu zen...

[Gorka Tolosa]

 

      Bertso eskolako bakoitzak genuen funtzio bat. Antzerkian biziagoa zenak gehixeago antzezten zuen, beste bat bertsotan hobeto moldatzen bazen gehiago kantatzen zuen, kantatzen oso deseroso sentitzen zenak bertso bat edo bi kantatzen zituen, beste batek jarritakoak... ederra zen, inork agindu gabe sortzen zen egitura bat, non bakoitza eroso sentitzen zen zeukan lanarekin. Hori ere bada bertso eskola, bakoitza bere lanean eroso sentitzea.

[Gorka Tolosa]

 

      Jata afaloste batean egiten genuen gidoia. Gazta jaten hasi eta orujoa bitarte horretan antzerkia osatzen genuen.

[Gorka Tolosa]

 

      Eizmendi sagardotegia zenean funtzio oso berezi bat egin genuen. Bertso saio baten parodia. Erdi mozorrotuz, han ere tokatu zitzaidan erdi aurkezle aritzea. Bertsozale Elkarteko Batzarra zen eta guk imitatzen genituen guztiak aurrean ziren. Festa ikaragarria izan zen. Eta inoiz jendeak sinistu ez badigu ere, gehiena bertan inprobisatzea tokatu zitzaigun. Hitzetik Hortzeran ere saioa oso-osorik bota zuten.

[Joxe Luis UrdangarinJ