Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014
 HAMAIKA BERTUTE | IRAULIO PANTTALONE BAND | BERTSO ANTZERKIAK 

 

gaiak

IRAULIO PANTTALONE BAND

 

 

 

HERNANIRI BURUZKO BERTSO MUSIKATUAK

 

      Bertso-Latan, bi urte generamazkien bertso musikatuak ekartzen; lehenengo Zazpi Eskale ekarri genituen eta hurrengo urtean Maialen Lujanbio, Jon Maia eta Igelaren banda aritu ziren.

      Bertso-Lata osteko bileran, Maialen Lujanbiok hurrengo urtera begirako proposamena egin zuen: polita litzatekeela Hernanin hainbeste bertsolari eta musikari izanda, bertso musikatuak elkarrekin egitea. Maialenek Xabier Legarreta eta nire izenak ere aipatu zituen, biok beti eduki genuelako kanturako joera. Hordagoa bota zuen eta guk segituan heldu genion!

[Eñaut Agirre]

 

      Heltzeko oso pronto nengoen baina gabeziarik handiena zen hainbeste bertso sorta zeinek egingo zizkigun. Guk doinuak aukeratuko genituela eta bertso eskolako jendeak sortak egingo zizkigula, hala gelditu ginen. Lehenagotik guk bagenituen ale bat edo beste... Eguzkin juntatzen ginen, Elosegitarren etxean, eta sekulako entseguak egiten genituen. Lehenbizikoz tonuak hartzen asko kosta zitzaigun!

[Xabier Legarreta]

 

      Musikaritarako, lehenengo Susi Elosegirekin hitz egin genuen. Susi bera ere orduan asko ibiltzen zen bertso eskola inguruan, helduen bertso eskolarekin bere inguruko jende asko bildu zen bertso eskolara. Bera emozionatu egin zen, eta beste musikariak berak bilatuko zituela esan zigun. Ea zer instrumentu nahi genituen, eta guk sailean kristoren pila bota genizkion!

[Eñaut Agirre]

 

      Musikari ziren Susi bera, baxuan anaia Alberto Elosegi, akordeoia Idoia Noble, gitarra elektrikoa Pepe Otxandorena, biolinarekin Amets, saxofoiarekin Judith Montero, txalapartarekin Arkaitz Martinez eta Igor Otxoa... musikari pila izan zen lehen saio hartan.

[Eñaut Agirre]

 

      Hala erabaki genuen: kantatzeko eta hori dena muntatzeko ardura guk hartu dugu baina bertso sailak bertso eskolako jendeak egin! Denera 10-11 sail ziren, hauetatik hiruzpalau guk egindakoak. Denak Hernaniri buruzkoak. Gaiak guk atera genituen eta bakoitzak saila egin zuen.

[Eñaut Agirre]

 

      Lehenengo saio hura egun bakarrerako pentsatua zen. Bodegan izan zen, Bodega bete jende zegoen.

[Eñaut Agirre]

 

      Geroni ere musikariekin kuadrilla galanta ginen! Bertso eskola bera, bere ingurua, orduan tropa mugitzen ginen. Han kristoren anbientea sortu zen.

[Xabier Legarreta]

 

      Hurrengo saioa Xoxategin izan zen, Plaza Berrin. Orduan gazteek lokal bat hartu zuten eta harako deitu ziguten. Hernanin izanda, sail pare bat aldatu genituen eta gainontzekoak lehengoak kantatu genituen.

[Eñaut Agirre]

 

      Gero Ereñozutik deitu ziguten, festetarako. Gainera tartean Ereñozuri jarritako sail bat bazen. Han ere ustekabekoa izan zen, argirik gabe gelditu ginen.

[Xabier Legarreta]

 

 

 

SEGIDA EMATEKO AI MARTIN!

 

      Gero Lasartetik deitu ziguten. Eta Lasartera ezin joan bada erabat Hernaniko sortekin! Orduan erabaki genuen ezin zela saio horrekin segi, errepertorioa aldatu egin beharra geneukala, aurrera segiko bagenuen. Gu oso animatuak geunden orduan, hainbeste jende juntatzen ginen entseguetan! Izugarrizko entsegu pila egin genuen, oso gustura aritzen ginen musikarekin kantatzen, musikariek oso giro polita zeukaten beraien artean... pena handia ematen zuen hura bere hartan uzteak. Orduan erabaki genuen pixka bat esportagarriagoa zen ekitaldi bat preparatzea. Horrela sortu zen Ai Martin!

[Eñaut Agirre]

 

      Musikariak eta ahotsak elkar ongi hartzea kosta zitzaigun gehiena eta doinuak eta ez genituen aldatu, moldaketa batzuk egin genizkien, baina batez ere aldatu zena gidoia izan zen. Hasierako emanaldian denak ziren Hernaniri buruzko bertsoak baina ez zuen gidoi handirik. Baina bigarren emanaldia jada Martinen bizitza zen, jaiotzetik hil zeneraino zer bilakaera izan zuen kontatzen zuen.

[Xabier Legarreta]

 

      Eskema bat behar genuen hamar bat sail kantatzeko eta egun bakarrean egin genuen. Pertsona arrunt-arrunt baten bizimodua kontatzea erabaki genuen, jende askorekin identifikatuko zena. Bizitzako hamar etapatan banatu genuen, jaiotzetik hiltzeraino. Joxe Luis Urdangarinek egin zuen gidoia. Eta floritura pixka bat eman zioten musikariek: sailetik sailera pertsonaren fase bakoitza girotzeko musika jakin batzuk bilatu zituzten, bertsotarako ez ziren oso doinu ezagunak ere bai...

[Eñaut Agirre]

 

      Eñaut Agirre eta Xabier Legarreta “Arano” etorri zitzaizkidan galdezka, ea lagunduko al nien funtzio berri baterako gidoia prestatzen. Bertso sorta desberdinak kateatu nahi zituzten, gero musikariekin janzteko. Gidoi bat proposatu nien, eta lehendik eginak zeuden kantu batzuk enkajatzen saiatu ginen. Gero Iraulio Panttaloneko kideei bertso paperak egiteko eskatu zitzaien, guk gaiak jarrita, gidoi horretara egokituz. Bertso sorta oso politak egin ziren eta musikariek ere kristoren lana egin zuten. Doinuak oso ondo jantzi zituzten. Horrekin funtzio berezi bat lortu zen. Orain maiz ikusten dira baina bere garaian nahiko nobedade izan zen.

[Joxe Luis Urdangarin]

 

      Bertso jarriak kantatzen ziren, baina antzerkiaz eta musikaz lagunduta.

      Eñautek eta Xabierrek arropak aldatzeko behar zuten denbora horretan nik aurkezle lana eginez saioen arteko lotura josten nuen.

[Joxe Luis Urdangarin]

 

      Ikusi behar zuenarentzako formatu oso entretenitua zen. Gaur ez dakit ausartuko ginen baina orduan ausartu ginen eta batek baino gehiagok eskertu egin zuen, barre batzuk egiteko ere ongi etortzen zen. Joxe Luis Urdangarinek egiten zuen lana ere azpimarratzekoa zen. Berak zuen lanik zailtxoena edo luzitzen zailena. Halako hitz jarioa du berak, askotan bat-batekoari eusten zion eta egokitu egiten zuen lekura, bordatu egiten zuen. Gu ere hazi egiten ginen bere sarrera horiekin.

[Xabier Legarreta]

 

 

      Saio batzuk memorableak izan ziren. Asko esan nahi zuen non egiten zen. Batzuk elkarte batean izan ziren afalondoan, jendez lepo eta giroa jada bero bero zela... Londresera ere joan ginen, Euskal Etxera.

[Joxe Luis Urdangarin]

 

      Hainbeste musikari izanik, beren artean askotan ordezkoa bilatu behar izaten zuten. Orduan sartu ziren baxuan Aitor Atxega, teklatuan Eñaut Frantzesena, eta Maddi Uria akordeoiarekin. Gero Ametsek utzi egin zuen eta biolinik gabe jarraitu genuen, eta txalapartariek ere lehen emanaldia bakarrik egin zuten. Taldea pixka bat txikitu ginen, baina hala ere nahiko juntatzen ginen! Eta gero Joxe Urdangarinek eta Gorka Tolosak egiten zuten aurkezle lana, txandaka.

[Eñaut Agirre]

 

      Bertso saio batera joatea kostako litzaiokeen jendeak oso ondo pasatzen zuen, askoz digeribleago egiten zitzaion formatu hori.

[Joxe Luis Urdangarin]

 

      Musika bere hutsean hartuta, han jotzen zenak ez zuen inorako balio. Antzerki hark ez zuen mailarik emango inorako ere. Bertso sail politak lortu genituen, garrantzia horri eman zitzaion, bertsotik abiatutako zerbait zen. Baina nahiz bi gauzetan herren egin, hirurak batean jarrita zerbait polita gelditzen zen. Jendearentzat janerraza zen eta joaten ginen tokira joanda estimatzen zuten. Beti egiten genuen sailen bat propio herri hartarako, bisa ere preparatuta izaten genuen, bat-bateko saio bat ere sartzen genuen...

[Xabier Legarreta]

 

      Maila altuko musikariak genituen. Asko ziren kontserbatoriotik atera berriak, puri-purian zeudenak, ikaragarri pieza konplikatuak jotzen zituztenak... “Ari naizela, ari naizela” jotzea oso xinplea zen haientzako. Harrituta geratu ziren publikoan zer tiradizo zeukan ikusita.

[Eñaut Agirre]

 

      Emanaldi dezente egin genuen, 40 kontatu genituen.

[Eñaut Agirre]

 

      Guk ez genekien musika talde bat zenbat ibiltzen zen. Guk bagenekien bertsolari bat zenbat ibili zitekeen. Musikariak harrituta zeuden zenbat tokitatik deitzen zuten eta zenbat genbiltzan. Gainera berentzako musikalki ez zen sekulako lorpena eta hain gauza gutxirekin horrela ibiltzea harrigarria zitzaien.

[Xabier Legarreta]

 

      Gauza bera egiten bi urte pasa genituen eta pixka bat aspertu egin ginen. Beti bertso berak kantatuz eta beti txiste berak eginez eta aldiro grazia eman nahian txiste berari... bere bidea egin zuela erabaki genuen. Geroztik dei mordo bat jaso genuen baina aparkatu egin genuen.

[Eñaut Agirre]

 

 

      Egun handia da gaurkoa. Gaur gauean Mattin irten eta Martin itzuliko da goizaldera.

      Doinua: “Habanera”.

 

        1

        (Narratzaileak)

Zazpi bixarren jaiotza,

zazpi jostunen haria

feromona leherketa,

ormonen asekabia

gauerdiz beti izerdiz

bustitako maindiria.

Bigarren txupete aroa

venus engainalaria

kabituezina lotsatan

itto zeneko aldia,

beti gauz bera buruan:

tentaldi pekataria!

pasioz ta kalbarioz

senaren gurutzbidia

hori ta askoz gehio da

lehendabiziko ligia.

 

        2

        (“Narratzailea”, Martin eta neska)

“Taberna ilun bateko

komunan deskantsiluan...”:

—Hurrena zu? —Bai, ni nua...

—eske... —Ba aurretik juan.

—ze ote du neskatxa honek?

—hau’re orain behar nuan!

—bale, aio! —Ez horreatik!

(datorrela hurrenguan!)

—Joe! Ze tipo jatorra!

—Joe! Ze ona zeguan!

—E! Epa.. ka... kaixo... zea...

—kalimotxo bat orduan!

(gaur bai, gaur bai, ligatzen det!)

—ezetz guztia traguan!

—ez, ez, pixkanaka hobe da...

—zaude, geroko esperuan!

 

        3

—Zure anaia ezagutzen det...

—Ze nazka entzun hutsian!

—Balontzeston zabiltz, ezta?

—Baina denbora gutxian...

—Maikel Jordan gustatzen zait...

—Nei Sarasua motxian.

—Zer dezu gustokoena?

—“Fauna txiki bat” kotxian

—Zer moduz istitutuan?

—Gorri gaurkuan antxian

—Ta zer, aitak bronka asko?

—Bai, beti malaletxian

—Ze orduk arte uzten dizu?

—Hamabik laurden gutxian

—Punttu-punttun jungo gera...

—Lasai, gaur ez daude etxian!

 

        4

—Txoin, komunera nijua...

(etxian apenas dakan...)

—Zeren bila ote dijua?

—kabituko al zait galtzatan?

bi bihotz larru gorritan...

bakoitza amets banatan:

—Jo! ze ondo pasa nuen

—ilargipeko gau hartan...

—Berak jarri zepua ta...

—Bera erori zen tranpan!

—Dena zen goxotasuna...

—Filmetako eszenatan!

“bi gorputz harnas estuka

ta behatz bat ttipi ttapan”

—“Maite zaitut” esan zidan...

—Gezur hobe baten faltan!

 

[Jexux Mari Irazu]

 

      Gaur eman diote Martini bere karrerako tituloa. Bilboko uraren apar artean nor ezagutuko, eta andrea. Gure Martin gaur Gugenheimaren aurrean deklaratu zaio. Zorionekoa, gizonak behar duen guztiaren jabe zaitugu: emazte xarmangarria, Hernaniko Latxunbe auzoan pisu eder bat, ITV pasatzeko lanak dituen autoa, eta nola ez, prestamo hipotekarioaren hileroko kuota.

      Doinua: Naufragoarena.

 

        1

Estudiante bolada hura

pasatu zen ta lan bat eskura

biharra neukan ezin jarraitu

beti amaren kontura

bizitzaren abentura

tren karrilian sartu da

normaltasuna helmuga

neska batekin ere hasi naiz

ta biok guaz pisura

gizonak gizon izatekotan

zer besterik behar du ba?

 

        2

Adosatu bat zein egokia

ehun ta hogeita lau zenbakia

ladrilu gorriz atze ta aurre

bi jardini atxikia.

Diruaren aitzikia

beruan erabakia

erosi eta pakia!

orain guria balitz bezela

gozatzen degun tokia

gure kabia, gure zuloa

gure kartzela txikia.

 

        3

Berrogeita hamar urte luzean

bankua bete ta gu hutsean

bestentzat diren txanponak doaz

neke tanta bakoitzean

nahiz ta jeiki goiz antzean

ta itzuli iluntzean

asteburua heltzean

igande pasa egingo degu

telebistaren ertzean

zein zoriontsu izango geran

Laboralaren etxean.

 

        4

Larogei metro ditu errenkan

metroko kilo erdi zorretan

pasilotxo bat, bi gela txiki

eta komun bana bertan

bi famili bi aldetan

berrehun etxe bueltan bueltan

paperezko paretetan

nahiz dena entzun, nahiz ta amakak

ez kabitu jardinetan

gainian inor ez izatea

asko da mundu honetan!

 

[Maialen Lujanbio]

 

      Andrea eta zu propio deskuidatu zineten gau ero hark eman du fruitua. Baina Aitor semea jaio da eta etxean gauzak aldatzen hasi dira. Andrearen jarrera ez da lehengo bera eta Martin baztertua sentitzen da, jeloskor jartzen hasia da. Bere etxeko nagusitasuna arriskuan ikusten du baina ez du tronoa hain erraz utziko.

      Doinua: “Xagutxo batzuekin”.

 

        1

Zortzi hilabete ta

hogeita bost egun

pasata izan ginen

guraso zortedun

altxor txiki bat omen

dira baina, segun.

Guk lau hilabetera

konprobatu gendun

sei kiloko haur batek

zenbat pisatzen dun.

 

        2

Mailarik gorenera

belaxe zen io

amaren poxpolina

amaren jenio

nahiz azkar izendatu

zun patrimonio

gaitzerdi bilakatzen

utzi ez banio

gure aingeruari

nere demonio.

 

        3

Bularra ta papila

ta mila istori

aitari “tati tati”

haurrai “tori tori”

aita plako plako ta

haurra lodi lodi

“jeje!” egiten al dek?

muturzikin hori?

Ez zaigu bizi bera

tokatu biori.

 

        4

Inbiriak harturik

nenbilen batetan

bakarrik harrapatu

nun sehaska bueltan

lepotik heldu eta

hilko nuen bertan,

baina ama sartu zen

momentu horretan:

“gure ninitxoakin

nabil jostaketan”.

 

        5

Nerekin baino nahio

haurrarekin etzan!

Hura emaztea ez,

beste zeozer zan!

Behin planteatu nion

erabaki zezan:

“semia edo aita

aukeratu ezan!”

nonbaitez nion modu

onenean esan...

 

[Eñaut Agirre]

 

      Andreak etxetik bidali eta sarraila aldatzen ikusi zenuenean larritzen hasi zinen. Zureak egin du, Martin. Galdu dituzu andrea eta semea. Orain etxeko atean zaudete andrea, umea eta hirurak.

      Doinua: Ai, Martin.

      (Martin, andrea, “semea”)

 

        1

Gogoan daukat etxera

itzuli nintzen gau hura

esku bat tinbrean eta

burua atez barrura

berak ez dakit nigatik,

nik beragatik lilura

bihotza iriki zazu

zure senarra heldu da

 

Ai, Martin! Bizi zinen nerekin

ez dezu ba egon nahiko nere semiarekin!

 

        2

—Andrea, barka zaidazu

laister erotzera nua

—Mesede egin diguzu

alferrik dezu damua

—“Ama, zein da gure etxeko

atarian dagon hua”!

—Nik kontatzen dizkizudan

ipuinetako mamua

 

Zurekin, pozik bizi zen Martin

erruki behar zenuke maite zaituztenekin

 

        3

—Garaizko damua beti

baliozko damu omen

zu gabeko bizitza hau

bilakatu zait eromen

gogora zazu ni nintzen

gizonetatik gizonen...

—Gogoratzen dudalako

gaude zu hor ta ni hemen.

 

“Ai, ama! zein da etorri dana?

ez genioke utzi behar inguratzen gugana”!

 

        4

—Lehenago’re muzin egin

diet hainbat gizontxori

ez naiz sekulan bi aldiz

zulo berian erori

—“Ama jope! ama zein da

atean dagoen hori?”

—Emaiozu muxu eta

esan agur aitatxori.

 

—Laztana, aita da etorri dana

Aita da etorri dana ta aita da dijuana!

 

[Xabier Legarreta eta Eñaut AgirreJ

 

      Lur jota dago Martin. Amaren etxea aurkitu du baina galdu du iparra. Bere burua martirizatzeko, egunero 8 orduz ibiliko da Hernaniko kalbario batetik bestera. Riojanotan hasi eta Juxtora, Juxton hasi eta Riojanotara...

      Doinua: Leteren “Langile baten semea naiz ni...”.

 

        1

Lagunak beti ibiltzen ginen

parrandan festetan

horrela segi nahi genun arren

berrogei urtetan

hasi ez banintz nesketan

gaur ez nengoke kezketan

goiari eutsiz behera jaitsi

ezin da benetan.

 

        2

Sekula ere ez naiz izandu

oso ederra baina

zahartu zaizkit lepo azpia

eta lepo gaina

lehen burun raia apaina

ta orain ileak aina

gure etxean ere egin du

denborak azaina.

 

        3

Kolonia pranko boteagatik

kolko ta buruan

neska gazterik ez da agertzen

nire inguruan

datorrena deskuiduan

etorri orduko juan

ez dut ulertzen nire aurpegiak

zer arraio duan.

 

        4

Aste egunez ni izaten naiz

kaleko errege

territorio denak markatuz

bada ezpada’re

ardo berezia lege

lau hankatan ere trebe

tabernariei nork egin die

nik aina mesede?

 

        5

Mendian libre doan zezena

izan nahi zuena

idian gisan nabil etxeko

ukuilun barrena

egun erdiz lo aurrena

txikiteora hurrena

Mariajexux atera zazu

hamaseigarrena.

 

[Joxe Luix Urdangarin]

 

 HAMAIKA BERTUTE | IRAULIO PANTTALONE BAND | BERTSO ANTZERKIAK