Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014

 

bertsolariak

EÑAUT AGIRRE GOIA

 

1977an jaioa

 

 

      Niregatik izan balitz, seguru asko ez nintzen bertso eskolan hasiko. Baina etxeko giroak bultzatuta hasi egin nintzen. Bertsoak entzun ere asko egiten genituen, bertsozaleak genituen etxean...

      Bolada batean anaiak bertsoa besterik ez zuen. Errezilerako bide guztian bertsotan joaten ginen. Asko bizitu genuen bertsoa garai hartan.

      Osaba Koldo oso bertsozalea genuen, eta haren etxera joaten ginen bertsotara: berak ere kantatzen zuen eta idatzi ere bai... harek dena zirikako bertsoa izaten zuen normalean, baina idatzian hunkigarriak ere bai.

      Aitonak ere oso behar zuen bertsozalea izan, eta haren liburuak etxean asko ziren...

      Oso gustura egin dudan bidea eta prozesua da bertsolaritzarena, beraz etxeak behartuta ez dut esango, baina bakarrik utzi baninduten seguru asko beste norabait joango nintzen.

 

 

ERREZIL

 

      Bertsotan hasi ginenean Errezilgo saiotara joaten hasi ginen. Orduan Errezilen herriko txapelketa ere egiten zen, eta bertsolari dexente juntatzen ziren. Batzuk kalean entzuten genituenak eta besteak ez: Errekondo, Porttual xaharra eta Porttual gaztea, Loidisaletxe gaztea (oraingoaren anaia), eta gehiago... Han kalean bertsoa presenteago zegoen. Sozidadera joan eta batzuk erabat bertsotan aritzen zirenak baziren, eta momentu horiek baditut gogoan, telebistako irudiak balira bezala, Begihaundi eta Zaku bertsotan aritzen zirenekoak; eta Porttual xaharra, eguna zuenean, eta Bidaniko beste bat inori txandarik uzten ez ziona, eta... Igandetan hori nahiko gauza normala izaten zen, eta gu sozidadean sartzen baginen anaiari (Unairi) segituan ekiten zioten.

 

 

BERTSO ESKOLAN

 

      Mikel Mendizabal Langile ikastolara etortzen zen, eta halako bertso saio moduko bat egiten zuen. Haren ondorioz edo hasi ginen bertso eskolan, 9-10 urte ingururekin. Hasieran gelako ia denak, edo nire kuadrillan behintzat gehientsuenak sartu izango ginen. Geroztik ia denek utzi zuten eta neronek segi nuen. Gu Juanjo Uriarekin hasi ginen. Txikienok bertsoak kantatu egiten genituen, berak bi sail edo ekartzen zizkigun, eta niri zati hura gustatzen zitzaidan gehiena. Kantatzen genituen Juana Bixenta Olaberenak, Betroiarenak... Juanjo Uriak ekartzen zituen bertso gehienak istorio batekin lotzen nituen nik. Asko ziren Txirritarenak. Bilintxen Zaldi zuriarenak gustatzen zitzaizkidan niri, izugarri. Juana Bixenta Olaberenak txoratu egiten ninduten, eta gero errima sailak egiten genituen, eta gai baten gainean bertsoa idatzi.

      Geroago bai, ikusten nituen ondoko gelan zaharragoak, hango txoko batean bat-batean nola aritzen ziren. Baina hura oso urruti bezala ikusten nuen hasieran. Gero pixkanaka-pixkanaka ailegatu ginen gela izkina hartaraino.

      Idatzizkotik bat-batekora saltoa gutxik, oso gutxik eman genuen. Neronek ere Laubidietan urte bete edo egingo nuen bat-batean. Ordura arte beste hiru bat urtean edo idatzian bakarrik aritu ginen. Nire gelatik ni neroni bakarrik pasa nintzen bat-batekora, gero gazteagoak Iker Osa, Jon Iraola, Jon Ziganda, Iker Artola, horiek ziren gure belaunaldian bat-batean aritu ginenak.

      Bat-batean urtebete egin eta Biteriko bertso eskola hasi zen. Jon Eizmendi izan genuen irakasle. Eta gero jada ni Gasteiza joan nintzen ikastera.

 

 

DOINUAK

 

      Bolada batean gure etxean bertsoa beste konturik ez zen. Eskolarteko Txapelketa garaian anaiak aitari doinuak erakusteko eskatzen zion. Baina doinu bereziak nahi izaten zituen, plazan-eta gehiegi entzuten ez zirenak. Aitak solfeoa bazekien eta Bertsotan liburua hartu eta bukaerako doinutegitik aukeratzen zituen. Hasten zen aita (eskuarekin erritmoa markatuz) “do-si-si-do”, eta guk: “hori ez, beste bat”. Eta Unairi gustatzen zitzaiona “ba horixe!” Horrekin egoten ziren egun bat, bi, hiru, lau, aita solfeatzen eta Unai hura ikasten (edo hura ikasi ezinda, kar-kar-kar). Nik segituan ikasten nituen doinuak. Egun guztian buruan doinu huraxe ibiltzen nuen... Behin gogoan daukat ikastolan bertsoren bat kantatu behar Unaik, eta doinu ikasi berri batekin hasi zela, eta gogoratzen ez... eta nik atzetik joanda esan behar izan nion. Bera ere gogoratuko da, bai, hartaz!

 

 

BAT-BATEAN

 

      Idatzitik bat-batekora pasatzea izugarrizko saltoa izan zen niretzako. Idatzizkoa eta kantua gustura egiten nituen bezala, bat-bateko hori oso gogorra egiten zitzaidan. Bat-batean jende baten aurrean, zer esan ez nekiela kantuan hastea, gogorra zen niretzako. Baina arian-arian azkenerako ikasi egin behar; ikasi edo... Izugarri kosta zitzaidala daukat gogoan. Nire burua asko behartu behar nuelako, asko kosta zitzaidan, eta gerora ere asko kosta izan zait beti bat-batean egitea. Orain, bai prozesu polita izan zela, aldi berean!

      Nik neronek bat-bateko ibilia oso apala izan dut. Geroztik igual kontzienteago naiz ez nuela ondo pasatzen, ez nuela gozatzen jendaurrean bat-batean kantatu behar horrekin. Bakoitzak gehien gozatzen duen horretatik segitzen du eta gutxiago gozatzen duen hori pixkanaka utzi egiten du. Olatuak eraman gintuen bitartean denetik egin genuen, baina pixkanaka bat-batekoa utziz joan nintzen.

 

 

ASTEARTEKO BILERAN

 

      Bolada batean nahiko utzia eduki nuen bertsolaritza. Biteriko astearteko bileran segi genuen Langilen bat-batean hasi ginen horiek berak. Xabier Legarreta gehitu zitzaigun, eta asko aritzen ginenak horiexek ginen: Legarreta, Artola, Osa, Iraola, Ziganda, Barrena eta ni. Gero zaharragoekin bat egin genuen. Hor hasi ginen Mendiluzerekin, Zelaia, Urdangarin, Unai, Irazu, Maialen (azaltzen zenean, jeje)...

 

 

ESKOLARTEKO TXAPELKETAK

 

      Txikitan bi aldiz kantatu genuen, taldeka. Hernanin orduan nire edadekoa ni bakarrik aritzen nintzen. Hurrengoak gaztetxo ziren kantatzeko, eta irla baten moduan geratu nintzen, bakarrik samar. Lehenengo txapelketan izkina banatako “kondarrekin” osatu genuen taldea eta hirukote bat irten ginen: Josu Añorgakoa, Bidaniko Zelaia eta ni. Lau oinekin kantatzea tokatu zitzaidan niri, eta han nahiko komeria ibili nuen.

      Hurrengo urtean jada Hernaniko laukote batek sortu genuen taldea, eta Sandiusterrin kantatu genuen. Agur xelebre xamar batzuk prestatu genituen, kasik ez gogoratzea hobe.

      Handik aurrera urtero hartu nuen parte 18 urtera arte. Lehen aldiz handien mailan atera nintzenean, lau oinetan trabatuta ibili nintzen, eta gero gaia jarri zidaten. Nire aurretik anaiak kantatu zuen, eta begetarianoaren gaien bat jarri zioten hari. Nire txanda iritsi zen eta gaia jarri zidaten: telebistari begira zaudela ikusi duzu Afrikan nola dauden goseak, eta zu bazkaltzen ari zara. 14 urte, eta nik ez neukan nondik heldu gai hari. Eta gogoratzen naiz bukaeran kantatu nuela:

 

gaurtik aurrera belarra jangot

nere anaiak bezela.

 

 

TXAPELKETAK

 

      Eskolarteko Txapelketetan 18 urtera arte, eta hortik aurrera inguruko sariketetan parte hartzen genuen denok, Lizardi zela, Bilintx sariketa bazen orduan Donostian, Osinalde Gabirin (bertso onenaren saria atera nuen bi aldiz), Araban San Prudentzio txapelketan...

      Gipuzkoako Txapelketan Herriartekoa izan zen lehenengo parte hartu nuena, taldeka, eta uste dut bat-bateko nire saiorik onena hortxe egin nuela, Peña Otaño elkartean. (ikus 558 orria)

      Eta hitza emanda ere hauxe bota nuen: Heriotz Zigorra.

 

Hirugarrengo mundu aldera

salto egin nahi det horra

kulparik gabe jasaten dute

borrero zaharraren borra

batzuek asko besteek gutxi

zeinen gauza derrigorra.

Gu afaritan haiek goseak

ez al da gauza gogorra

batzutan gerok firmatzen degu

euren heriotz zigorra.

 

      Geroztik beste txapelketa batean hartu nuen parte. Uholde edo zurrunbilo hartan denok aritzen ginen txapelketarako preparatzen, eta bildu ere gehien bat txapelketa genuen garaian egiten ginen. Azken bi astetan juntatu eta txapelketarako.

      Txapelketako bidean ez dut ezer esanguratsurik egin eta ez daukat horren penarik ere. Sentipena dut garai hartan gehienek egin zutena egin genuela, eta prozesu horrekin, elkartzen ginen une horiekin oso oroimen ona daukat.

 

 

PLAZAK

 

      Herri inguruan saio dezente egiten genituen. Askotan kantatu genuen Portun, Osiñagan... Donostialdean Altzan, Intxaurrondon...

      Geroztik behin deitu ziguten Bizkaitik Payatarrak (Xabi eta Fredy) Agirretarren kontra aritzeko, Algortan. Enpatean geratu zen, nahiko saio polita egin genuen oroitzapena daukat.

      Goizuetan behin Aitor Mendiluzerekin aritu nintzen bertso afaritan, ehiztari kuadrilla batekin.

      Bertso afaritan kantatu izan dut behin Urnietan, Hernanin bi-hirutan...

      Baina plazetan oso gutxi ibili naiz.

 

 

BERTSO MUSIKATUAK

 

      Ai, Martin! izan zen nire hasiera. Orduan aurkitu nuen nire lekua, jende aurrean bertsoak kantatzeko. Lehenago ere asko gozatu izan dut bertsotan kuadrilla txikian kantatuz, gure artean. Baina jende aurrean egiatan gozatzera orduan ailegatu nintzen.

      Ikusi nuen bazegoela bide bat, inork gutxik egin zuena, eta jendeak oso gustura hartzen zuela. Bide horri heltzea erabaki nuen. Hasieran bide bakarra Ai, Martin! modukoa zela ikusten nuen eta beste horrelako bat egiteko ametsak ibili nituen bolada luze batean. Baina pixkanaka hozten joan nintzen.

      Bestelako erronka txikiak sortu zitzaizkidan: Gabiriatik deitu ziguten bertso kantu afariren bat egingo ote genuen, eta oso polita atera zen. Hitzetik Hortzeran bertso sailak kantatzen zituzten eta galdetu zidaten ea atera nahi al nuen. Beste estilo bateko kontua zen, ez zen jendaurrera atera eta eroarena egitea, baina oso erronka polita zen: batzuetan bertso zaharren batzuk kantatu, bestetan neronek egindako sailen bat kantatu, haientzako doinuak bilatu, haiek kantatzeko tonua bilatu... Hark eman zidan bidea ondoren beste leku batzuetatik deia jasotzeko. Bertso munduan jendea nire izenarekin gelditu bada, bertso kantari bezala izan da. Anekdota bezala, horren presajioa aurrez Osiñalden esan zidan bertsolari beterano batek: “hik gaztia, kantatu, kantatu egiten duk ondo!”

      Ni azkeneko urteetan beti bi musikarirekin ibili naiz, formaturik errazena ere bada entseatzeko, eta jendaurrerako ere oso formatu polita geratzen da. Imanol Kamio akordeoiarekin eta Aitor Atxega gitarrarekin.

      Bertso Egunean kantatu izan dut eta Argia astekariaren 90. urteurreneko jaialdian (2009an) ere kantatu nuen, Victoria Eugenian. Algortan ere bai, Ahobi sarietan.

 

 

BIZITZAREN PARTE

 

      Bertsoa nire bizitzaren parte egin dut. Zer bide jorratu? Badut gogoa bertsoak kantatzetik zerbait egiteko. Baina aparte, hobby bezala bertsoa beti mantenduko dut. Astero juntatzen garen kuadrilla horrek berak ere asko balio du, gure artean daukagun giro horrek... kasi 9 urtez gero bertsoa ezagutu dugu eta ez nuke entendituko bizitza bertsorik gabe.

 

 

2006ko Bertso Egunean Kursaalean kantari.

 

 

2001eko Euskal Herriko Txapelketarako
Gipuzkoako Sailkapena (martxoaren 23a Pasaia)

 

      Gehienetan patruila berean ibiltzen zareten bi ertzaina zarete. Zuk, Aitor Albistur, gaur jai zenuen, eta afaria izan duzu lagunekin. Etxera bueltan zatozela, Eñaut Agirre patruilakideak geratu zaitu ordu txikietan alkoholemia egiteko.

 

        A. Albistur:

Gustora aritu naiz

afari legean,

kopa pila hartuta

hain modu trebean.

Mozkorra nago guztiz

aldarte grabean;

Turnoa ez al zendun

bihar goizaldean.

 

        E. Agirre:

Kotxian zien por hora

badu nahiko kemen,

hau Ertzantzakua da

ez al da nabarmen?

Hemen putz egin zazu

ahal danik ondoen,

ba al dakizu nola

funtzionatzen duen?

 

        A. Albistur:

Kartzelan sartu nahi nau

nahiz ta nagon aske,

hona etorria zait

putzadaren eske.

Bi koma bi eman dut

baina ez jarri triste,

lehenengoa kenduta

ez da horrenbeste.

 

        E. Agirre:

Ez dala horrenbeste

zeinen hitz apaina,

oraintxe egin dezu

kristoren hazaina.

Honek gaur eman baitu

mando batek aina,

kartzelan hobe dago

holako ertzaina.

 

        A. Albistur:

Nonbait ez da zuzena

ertzainen kondukta,

baina buka dezagun

daukagun disputa.

Hobe genduke gaua

ondo bukatuta,

kalabozo barruan

whiskyak hartuta.

 

        E. Agirre:

Karneta kenduko’izut

neretzat hobia,

horrela izaten baita

ertzainan legia.

Gaurtik aurrera egon

zu ezker aldia,

seguridadiantzat

nolako aldia!

 

 

PRELUDIOA

 

Ereñozura materiala

ibaian gora aletan

ikatza berriz zan nahikua

txoko eta magaletan

ura goitikan bideratu

makina bat kanaletan

Hernani beti egona da

industriari zeletan

Aparraindikan Karabelera

ia 400 urte(re)n bueltan

burnia lantzen jardun zuten

hamasei burdin-oletan.

 

Pasaiako portuak zuen

jende mugimendu latza

merkantzien joan etorria

bale-bakailu arrantza

guztiei jaten emateko

sagastia ta baratza

gure ekonomiak horri

esker egin zun gorantza

Hernanirentzat ze gozoa

sagardoaren mikatza

herri zahar honen historia

mugitu duen ardatza.

 

Nafarroatik irteera

Nafarroko azken trena

itsasoko azken portua

auzoak hor du izena

Hernanitikan Europara

errege bidea zena

jenderik inoiz falta ez zen

pasa leku nabarmena

traturako puntu jakina

urte luzetan barrena

gure azokak daramaki

gure lurrak dakarrena.

 

Etxebizitza ordaintzera

gaztea ez da ailatzen

zelaiak ari dira galtzen

eta sagarrak mailatzen

bankuetxeetan zulo beltza

ez da errez makilatzen

baina alperrik ari gera

krisi soinuak pilatzen

gogoz ta lanez ez da zaila

bi puntak korapilatzen

nundik gatozen ahaztu gabe

bide berriak bilatzen.

 

[Eñaut Agirre, 2012ko ekainak 16]

 

 

ETORKIZUNA

 

        1

Pentsamendu bat badarabilkit

nere barruan dantzari,

erreparatuz gizaldietan

aldatu dan langintzari.

Aurten mila ta bederatzirehun

ta berrogeita hamabi,

bertso berriyak neronek jarri

dizkat etorkizunari

pezeta baten daukazu saila

eskerrik asko! Aiba bi!

 

        2

Bart ametsetan ixpiritu bat

inguratu da nigana

esanaz: “hemen bada gizon bat

geruaz kezkatzen dana.

Aiton erua, ni naiz gerua

handikan nator zugana,

etorkizuna deritzen naute

eta nik badakit dana”

7 bertsotan kontatuko det

harek aitortu didana”.

 

        3

80garren urteak hartzen

dira kanbio urtetzat

Modernitate baten zantzuak

baitatoz bertsoarentzat

bertso kantuan hasiko dira

lehenbiziko Gonzalezak

apaiz ateo batek bi txapel

jantziko ditu beretzat

ondoren ruso baten semiak

ta gero Bizkaiko beltzak.

 

        4

Etorkizunak luze jardun dit

bertsoaren aldaketez,

Barakaldoko saio batera

joango den milaka jendez.

Txapelan bila saiatuko’idan

patilladun eta neskez...

Galdetu diyot: “neskai txapelik

ez die emango! mesedez!”

“bertsolaritza aldatuko da

pixka bat bai, hainbeste ez”.

 

        5

Txapeldunak zein izango diran

galdetu diyot propiyo

ta erantzun dit galdera horrek

hola ez dula baliyo.

“Txapelduna zein, ta zenbat aldiz,

omen dala egokiyo.

Zarauztar batek behin jantzi zuen

ta ez du erantzi gehio

Francori azken arnasak baiño

gehiago irauten diyo”.

 

        6

Galdetu nion: “dena joango al da

txapelketaren neurrian?”

Erantzun zidan: “ez! beste batzuk

badabiltza indarrian

taberna zulo baten bertsotan

jo eta su egurrian,

beste diskurtso bat entzun nahi dun

jende mordo bat aurrian

detaileren bat kendu ezkero

lehengo ohitura zaharrian”.

 

        7

Hartu arnasa, bertsoa utzi

dezute bide onian

zuk ez dituzu ezagutuko

baina etorkizunian:

zu eta beste bertsolariyak

zauzkate oroimenian

konparaziyo, besteak beste:

bi mila seigarrenian,

zure bertsoak entzungo dira

Bertsolari Egunian.

 

[Eñaut Agirre, 2006ko Bertso Egunean kantatuak]