Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014

 

Orduko Hernani

 

      1998an garai berri bat hastear zela bistan zen. llrte hartako irailaren 12an Lizarran akordioa sinatu zuten alderdi politiko, sindikatu eta herri mugimendu ugarik. Irlandako ereduari jarraituz Euskal Herriak bizi zuen gatazkari amaiera ematea zen helburua. Hortik gutxira ETAk su-etena iragarri zuen. Baina urtebeteren ostean gorabeherak hasi ziren eta mende berriarekin borroka armatuari ekin zion berriz ere ETAk, indar handiz gainera. Bestalde, 2000. urtean PPk gehiengo absolutua lortu zuen Espainian eta Aznarrek ETAren “entornoaren” kontrako errepresio eta ilegalizazio estrategia are gehiago sustatu zuen.

      Urte gutxian alderdi politikoak, erakundeak eta euskalgintza osoa bera ere Estatuaren jomugan jarri ziren. AEKrentzat izan zen euskalgintzako elkarteen kontrako lehen atzaparkada 1999an, eta hortik lau urtera Euskaldunon Egunkariaren kontra jaurti zuen Guardia Zibilak bere makineria guztia. Euskararen eremuan ezagunak diren pertsonak atxilotu eta torturatu zituzten eta Euskaldunon Egunkaria itxi, besteak beste. Operazio horretan Hernanitik Pello Zubiria (egunkariko lehen zuzendaria) eraman zuten eta erietxean bukatu zuen. Herritarren erreakzioa baina, berehalakoa izan zen, manifestazio masiboez gain, egunkari berri bat kaleratzeko laguntza handia eman zuten —Egunero egunkaria Hernaniko Plaza Berrian egin zen hainbat hilabetez, Antton Adarraga gozogileak utzitako lokal batean— eta euskal kulturaren defentsan ekitaldi ugari jarri zituzten martxan. Egun, horietako batzuek diraute, Donostian kalean kantuan aritzearena, adibidez; hura eredu hartuta hasi ziren Hernanin ere kalez kale kantari, 2005ean.

      Bestelako jarrera solidarioak ere izan ziren hamarkada horretan gure herrian. 2005ean Jangela Solidaria ekimena jarri zuten martxan, 90eko hamarkada hasieratik Etiopiako Wukron lanean ziharduen Angel Olaran misiolari hernaniarraren lana babesteko. Urtebete beranduago hasi ziren Wukroren aldeko bazkari arrakastatsuak, elkartasun egunak, diru bilketak, jardunaldiak... 2012an Wukrorekin Gobernuz Kanpoko Elkartea sortu zuten hainbat lagunek, hernaniarren solidaritatea epe luzera ere sustatzeko asmoz. Angel Olaranek, berriz, Gipuzkoako Diputazioaren Urrezko Domina jaso zuen egindako lanagatik.

      Iraganean herrian bertan izandako injustiziak erreparatzeko eta memoria historikoa berreskuratzeko lanei ere ekin zitzaien. 1936ko udazkenean Hernaniko hilerrian faxistek hobiratutako hamarnaka lagunen izen-abizenak jakiteko eta haien gorpuzkiak azaleratzeko ekimena jarri zuen martxan Udalak 2003an, Aranzadi Zientzia Elkarteko eta EHUko ikerlariekin batean. Zoritxarrez, ezin izan zen taxuzko indusketarik egin, baina ikerketa historikoak gertatutakoari argi gehiago eman ahal izan zion behinik behin. 2006ko azaroaren 8an Argi Horma izeneko eskultura inauguratu zuten hilerrian, eraildakoen izenekin. Ekitaldian izan ziren, besteak beste, fusilatutakoen senideak eta Juan Jose Ibarretxe lehendakaria.

      Urte horietan, Hernani itxuraldatuko zuten obra faraonikoak hasi ziren: 2004an Urumean autobia egiteko 250 arbola bota zituztela salatu zuten talde ekologistek; 2007an Mandazubi eta Bakero baserriak hondeamakinek jan zituzten; 2010ean Donostiako bigarren saihesbidea ireki zuten; 2012an hasi ziren AHTren lehen espropiazioak eta obrak... 2009an ANVk galdeketa egin zuen, herritarrek zein ekipamendu nahi zuten jakiteko: kultur gune baten proiektua irten zen garaile. Krisiaren lehen kolpeak hasita zeuden arren, udalek oraindik diru-sarrerak aurreikusten zituzten, aurreko urteetan izandako “loraldi” ekonomikoaren azken zantzuak ziren haiek.

      2000ko hamarkadan, eraikuntzan oinarritutako burbuila izugarri handitu zen Espainian, eta hein batean Hego Euskal Herrian ere bai. Udalek etxebizitzetatik lortutako etekinak zituzten diru iturri nagusi eta terrenoak urbanizatzea ahalbidetu zuten behin eta berriz. Hernani ez zen salbuespen izan. 2006an Arau Subsidiarioen proposamenak 4.500 etxebizitza berrirentzako tokia aurreikusten zuen etorkizuneko Hernanin —azkenean 2.693 izan ziren—, aldiz, Aztikerrek egindako ikerketa baten arabera, 2003an 528 etxebizitza huts zeuden. Espekulazioak eta finantzetan oinarritutako kreditu errazek prezioen gorakada itzela eragin zuten, eta askorentzat ezinezkoa zen etxe bat erostea. Hernanin Ate Joka eta Elkartzen gisako taldeek egoera hori salatu zuten behin eta berriz: aztoratzeak, akanpadak, okupazioak... 2005ean, esaterako, hainbat gaztek Gay Mur ondoko maisu etxeak okupatu zituzten “etxe beharrak eraginda”.

      Dena dela, AEBetan 2007an subprime kredituen auzia lehertu zenean amaitu zen Espainian eta Euskal Herrian eraikuntzaren zoramena, eta hamarkada berriaren atarian, ordura arte ezinezkoa zirudien gauza bat ikasi zuten herritarrek: etxebizitzen prezioak jaitsi egin daitezkeela.

Urko Apaolaza Avila