Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014
 HERRIKO BERTSO ESKOLA | ASTEARTETAKO BILERAK BITERIN | GAZTE SARIKETAK 

 

gaiak

ASTEARTETAKO BILERAK BITERIN

 

      Hasieran zerbait berezia zen, gero errutina bihurtu zen, baina nahi genuen errutina. Momentu puntualetan, txapelketak prestatzeko edo hego-haizeak jo zigulako, halako lanketa egiten genuen... baina askotan berriketan joaten zitzaigun arratsaldea. Lagun talde bat ginen, 18 urtera arte biltzen jarraitu genuen, gorabeherekin.

[Unai Agirre]

 

      Bertsoa konpartitzeko jende bat hurbil izana eskertu nuen: Euskal Herriko bertsolari gazteen belaunaldia batetik, baina aldi berean Hernanikoa. Hernaniko bertso eskolan belaunaldi indartsua geunden eta gure arteko harremanak estutu ziren... Ordura arte bertso eskolan zeudenak helduagoak edo tradizionalagoak ikusten nituen bizieraz eta munduz. Nire bizimoduan neuzkan afizioak bestelakoak ziren eta beste mundu batekin konektatzen ninduten, eta hor bazen bi munduen arteko desajuste moduko bat. Nik mundu horiek denak batera egotea nahi nuen. Baina ez nuen jende asko bilatzen afizio horiek denak batera konpartitzeko. Hor klabea izan zen niretzako Unai Agirre, eta etorri zenean Jexus Mari Irazu. Taldetxo bat sortu zen, beste mentalidade, beste biziera bat zuena, bertsoa beste era batera ulertuko zuen jende bat.

      Ordura arte bertso eskolara gutxi joaten nintzen, eta oso harreman ona genuen, baina bertsotarako. Gero beste talde horrekin harremana pertsonalagoa egin zen, lagun harremana eta bertsoaz aparte gauza gehiago konpartitzekoa. Bertsoa beste bizimodu mota batean txertatzekoa.

[Maialen Lujanbio]

 

      Bertso eskolara jende bila joaten nintzen. Niretzako bertso eskola gehiago da lagun talde bat, testuinguru bat, entrenatzeko edo kantatzeko leku bat baino. Ni gutxiena kantatzera joan naiz bertso eskolara. Gehiena bestelako gauzak egitera: afaltzera, elkartzera, Bertso Latara... Txapelketa garaitan bertso eskolara arrimatu izan naiz berriro.

[Maialen Lujanbio]

 

      Lehen bitan egiten zen bertso eskola, ikastola batean nahiz bestean, eta azkenean batu zenean, gu astearteko bileran sartu ginen. Bertso eskolan taldetxo bat sortu ginen, gure generazioa eta aurretik zeuden beste batzuekin osatua: Añorgatik Josu Gartzia etortzen zen, Eñaut Agirre zaharxeagoa zena, Iker Artola, Jon Ziganda, Aranotik Xabier Legarreta, Iker Osa eta biok... geure kasa ere biltzen aritu ginen.

      Bazegoen edade gehixeago zeukatenen beste talde bat, Jexux Mari Irazu, Iñaki Zelaia, Joxe Luis Urdangarin...

[Jon Iraola]

 

      Laukote harena oso oroimen polita daukat: “Arano”, Iraola, Osa eta laurak nola aritzen ginen. Gure kuadrilla txikia egin genuen, beste kuadrilla handiago horren barruan. Asko ibiltzen ginen elkarrekin, bertsotarako biltzen ginen, baina hortaz gain beste plan batzuk ere egin genituen; Errezilera joan ginen laurok egun batzuk pasatzera... ni neroni askoz gusturago aritzen nintzen kuadrilla txiki hartan, bertsotan sueltoago, lasaiago, publikorik gabe... bertsoa denbora-pasarako erreminta zen. Gehiena librean egiten genuen, txapelketa garaia iristen zen arte. Lige kontua asko ibiltzen genuen, parranda kontua, gero diskusioren bat edo beste ehiza kontuan...

[Eñaut Agirre]

 

      Asteak zazpi egun bazituen zortzi aldiz igual arituko ginen bertsotan! Sariketa bat ez bazen txapelketa bat beti izaten zen eta juntatzeko aitzakiarik ez genuen behar izaten. Biterin noiznahi juntatzen ginen.

[Xabier Legarreta]

 

      Lau-bost seiko kuadrilla hori (Eñaut, Arano...) asko biltzen ginen. “Zuek gaixo zaudete!” esaten ziguten. “Hi, bihar geratuko gaituk?” eta ra biltzen ginen. Edo txapelketa bat zetorrenean prestatzeko hartzen genituen egunak (gaur egun hainbeste hartuko bagenitu...).

[Iker Osa]

 

      Geroztik asteartetako talde denak elkartuz joan ginen. Hor hasi ginen Aitor Mendiluzerekin, Iñaki Zelaia, Joxe Luis Urdangarin, Unai Agirre, Jexux Mari Irazu, Maialen Lujanbio (azaltzen zenean)... talde bakarra sortu zen.

[Eñaut Agirre]

 

      14-15 urterekin “zaharrekin” elkartzen hasi ginen. Lehen hartu-emana izan genuenean, Jokin Sorozabal han zen; gure lehenbizikoa bere azkeneko bilera izango zen. 15-20ko kuadrilla izango ginen, han korroan jarri eta gure txanda iristerako nerbioak airean, gaur eguneko txapelketako saioa izango balitza bezala. Gu hasi ginen hartan jende asko biltzen zen, astearteko bilerak pisu handia zuen.

      Lehenbizi berotzeko puntutan egiten genuen, gero librean beste ez dakit zenbat buelta, gero segun zenbat lagun ginen ofizioren batzuk, edo sagardotegira zuzenean...

[Iker Osa]

 

      Lotsa, palmerak, pipak.... Helduagoak aritzen ziren gehiena, guk tartean zerbait kantatzen genuen, ordulaurdenero bertsoren bat... kontentu etxera.

[Jon Iraola]

 

      Beste generazio bat genuen aurretik, beste generazio bat atzetik... Guretzat bidea jarraitzea izan zen.

[Jon Iraola]

 

      Joxe Urdangarinen ikasle ginela, oso giro ona genuen eta asko saiatzen zen bat-batekorako pauso hori emanarazten. Baina hor gure jarrera aurrera-atzerakoa zen, eta berak tira behar zigun.

      Etorri zen eguna esan ziguna: jada zuen kasa egiteko edadean zaudete, eta hemendik aurrera helduen taldean bildu eta hemen ez dago irakaslerik. Hor eman genuen pausoa. Helduekin biltzen ginenean dinamika jarria zegoen, juntatu eta bertsotan egin, eta kito. Han ez zaizu inor hasiko “mesedez, atera, oso ongi egin duzu...” animatzen, nahi baduzu atera eta bestela eserita egongo gara.

[Itziar Eizagirre]

 

      Umetan jendea deseatzen egoten da helduen taldean sartzeko. Bertsotan jarraitzen du badakielako helduen talde bat dagoela, dinamika erakargarria duena eta inkontzienteki pentsatzen du noizbait hor egongo dela. Behin horra sartzen zarenean ardurak ematen zaizkizu, norbera ere hartzeko pronto egoten da, izaten dira garai batzuk oso dinamikoak, taldearekin ere emozionatzen zara... ekimen pila bat pizten dira.

[Itziar Eizagirre]

 

      Astearteko bileran eskolatik errealitatera pasatzen zara. Ordura arte irakasleak zer esan hura egiten da, eta gero iristen da garaia ohartzen zarena: “ez, ez, hemen egingo duzu zuk nahi duzuna eta ahal duzuna (beraz, saiatu zaitez)”. Eta talde horretan gauza bat da bertsoa, bestea da zabaltzen zaizun kuadrilla, eta bestea da bertsoarekin herrian egin ditzakezun gauzak. Orduan gauzak antolatzen hasten zara, eta hor jada engantxea kristorena da.

[Estitxu Eizagirre]

 

      Asko eman digu guri asteartetako Biteriko bilerak, nik esango nuke erreferentzi bat zela jende multzo handi batentzat: erreferentzi bat bertso kanturako (txapelketa garaian intentsuagoa eta beste garai batean lasaiagoa), erreferentzi bat gauzak antolatzeko, elkarren babesean eta elkarren lainezean bestela antolatuko ez ziren hamaika gauza atera ziren aurrera, eta erreferentzi bat inguruan kantatzeko aukerarik ez zuten askorentzako, guregana bildu zirelako. Bertso eskolaren jarraipena bermatzeko ere oso garrantzitsua izan da, orain denok faltan botatzen dugun zerbait.

[Iñaki Zelaia]

 

Aranoko elkartean egindako bazkarian, bertso kuadrillako argazkia.

 

 

IRAULIO PANTTALONE

 

      Hainbat ekintza antolatzen hasi ginenean, Joxe Luis Urdangarinek proposatu zuen hobe zela helduen taldeari izen bat jartzea (Iraulio Panttalone) ekintza horiek beregain hartzeko. Eta bertso eskolari beste bat jartzea (Paulo Ttikia), bereizteko.

[Estitxu Eizagirre]

 

      Gauza berriak egiten hasi ginen. Horien artean urte bukaera eta hasiera artean antolatzen dugun Bertso-Lata, egun pasak, irteerak, bertso-antzerkiak beste herrietan, txapelketetara taldean joan, parrandak...

[Gorka Tolosa]

 

      Talde hark transmititzen didan sentsazioa da: zer irrika zeukan jende pila! Zenbat gauza egin dituen helduen talde horrek! Herrira begira edo barrura begira, gogoa zeukalako. Oso talde bizia izan da. Energia handia ematen du talde horrek.

[Itziar Eizagirre]

 

      Hasieratik erabaki zen herrian antolatzen ziren ekimenetan norberak bere izenean parte hartu edo atxikimendua emango zuela, baina taldeak ez. Aziertoa izan zen, horri esker oso pentsaera ezberdineko jendea primeran moldatu gara eta ez dugu bertsoa ez zen eztabaidetan denbora askorik galdu.

[Estitxu Eizagirre]

 

 

HELDUEN BERTSO ESKOLA

 

Helduen Bertso Eskola.

 

      Oxan, Tani, Bixenta, Zirilo... taldea dezentea zen.

      Irakasle Unai Agirre, Jexux Mari Irazu eta Maialen Lujanbio izan genituen. Joxe Luis Urdangarin hurrengo urtean izan zen.

[Joxe Angel Oiartzabal]

 

      Paperean sorta bat idatzarazten ziguten. Mejora beti nabaritzen zen.

[Mikel Iturbe]

 

      Hernanin bertsoen orbitan jende asko ibiltzen zen, asteburutako parrandatan bertsotan hasten zirenak, edo hasiko liratekenak, bertsoak jartzen ikasi nahi zutenak... Hernanikoak: Arruti, Iturbe, Joxeangel, Oscar, Zirilo,... Astigarragakoak: Garmendia, Urko, Txini, Olaso, Goñi... Donostiako Sagastume...

      Horiei laguntzeko antolatu ziren helduen bertso eskolak. Maialen Lujanbio eta biok aritzen ginen laguntzen. Primerako giroa sortzen zen. Bigarren-hirugarren egunerako, gaizki ateratakoan inork parrik egiten ez zuela ikusirik, lotsak galduta denak animatzen ziren azkenean kantura. Ez zen bertso eskolan umeekin aritzea. Jendeak kantatu egin nahi zuen, bere burua probatu. Askoz ikasle saiatuagoak ziren, garbi zuten zertara zetozen.

[Joxe Luis Urdangarin]

 

 HERRIKO BERTSO ESKOLA | ASTEARTETAKO BILERAK BITERIN | GAZTE SARIKETAK