Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014

 

gaiak

HERRIKO BERTSO ESKOLA

 

 

IRAKASLEAK

 

      — Jon Eizmendi, Joxe Luis Urdangarin, Iñaki Zelaia.

      — Aitor Mendiluze, Itziar Eizagirre, Estitxu Eizagirre, Iker Osa, Bakarne Urreaga, Karmele Apezetxea, Gorka Tolosa.

 

      1980an aktibatu zen Urumean bertso eskola eta Langilen pixka bat beranduxeago. Bakoitza bere kabuz aritzen zen eta alde ona zuen ikastola bakoitzak bazuela bultzatzaile bana.

      1989-90ean pauso bat eman zen: herri mailako bertso eskola sortzea. Juanjo Uria, Ixiar Otamendi eta Malores Etxeberriak sustatu zuten pauso hori. Haiek eman ziguten enkargua hiru gazteri, ikastoletatik atera eta astearteko bilerarako pausoa emana genuen hiruri. Horrela, Jon Eizmendi, Iñaki Zelaia eta ni neu izan ginen lehenengo irakasleak. Helburua zen metodologia baten bidez ikasi genuenok aritzea bertso eskolan irakasten, gure barruan ikusi genuena aplikatzeko.

[Joxe Luis Urdangarin]

 

      Zatiketak inoren onerako ez dira. Beti bilatzen nuen edozein aitzakia Urumeako arduradunekin hitz egiteko: orduan Maritxu zen zuzendaria, eta Baldan urte pare batean berarekin egon nintzen hizketan: “ongi ari gara, bai zuek eta bai gu, eta luze baino lehen hemen belaunaldi bat etorriko da, eta gazte hauek elkarrekin etorriko dira”. Berak ondo hartzen zuen mezu hori. Eta hortik etorri zen Hernaniko Bertso Eskola.

[Juanjo Uria]

 

      Hiru irakasle ginenez, hiru taldetan banatzen ginen: talde batean sartzen ziren handientsuenak, bat-bateko formatuan. Beste talde batean hasiberriak baina helduxeagoak zirenak, eta beste taldean hasiberriak eta txikixeagoak. Talde bakoitzak erritmo ezberdina zuen, baina egitura hauxe: lehenik bertso zaharrak abestu (hor lantzen ziren batez ere doinua, errimak eta esamoldeak); gero idazketa ariketa batzuk egin, bertsoaren egitura garbi eduki zezaten eta idazteko soltura eduki zezaten. Ariketak guk prestatzen genituen edo Mikel Mendizabal eta Antton Kazabonek Ikastolen Elkartearekin sortutako materiala erabiltzen genuen. Eta jada bukaerako partea bat-batekoa izaten zen.

[Joxe Luis Urdangarin]

 

      Garai hartan Euskal Herrian sustatu zen eredua selektibo izatea zen, Eskolarteko Txapelketan nabarmentzen zen jendea kuttun bihurtu, zaindu eta bultzatu. Eta hori beharrezkoa zen, baina horrek ez zion erantzuten inguruan geratzen ginen beste batzuei, bertsotan egin nahi baina eliterako aukerarik ez geneukanoi. Hernanin horri erantzun bat eman zitzaion. Eta horrek ekarri zuen halako talde bat eratzea. Eskolarteko Txapelketan aritu, Eskolartekoa bukatu eta jarraitu nahi zuen jende hori asteartetako bilerara bideratzen zen. Hernanin bertso eskolak arrakasta izan badu, horrexegatik izan da, ikasleek irteera bat eduki dutelako, astearteko taldea. Eta alderantziz, astearteko bileratik bideratzen ziren irakasleak. Hori izan da arrakastaren beste gako bat, kapaz izan garela gure bertso eskola irakaslez hornitzeko.

      Gu ez ginen bertso eskola indartsuena. Guri eredu bezala jartzen zizkiguten Arrasatekoak, Oiartzungoak, Zumaiakoak... gure puntu diferentziala, nire iritziz, ziklo hori izan da. Ona edo txarra, gogoa zeukan jendeari irtenbide bat eman zaio.

[Joxe Luis Urdangarin]

 

      Bertso eskolako lagun giroan, parrandan, bertso afaritan... nik hor bizi izan dut bertsoa eta horri balio osoa ematen diot. Garrantzia handia ematen diot Hernanin bertso eskolan egon den mugimendu horri, aukera eman digulako plazako atetik aurrera ibili ez garenoi herri mailan jarduteko.

[Itziar Eizagirre]

 

      Ostiraletako bertso eskola idatzizkoa izaten zen, 14-15 urtera arte. Gero ohitura zen asteartetako jende bat ere ostiraletan biltzea ikasle horiekin, lotura lana eginez. Bolada batean gu aritu izan ginen bai asteartetan eta ostiraletan.

[Iker Osa]

 

 

ERRELEBOA

 

      Horrela hasi zen eta hala jarraitzen du, beteranoenak irakasle jarri, eta haiek aspertzean eskailera mailan hurrena zena sartzen zen. Logikoa da hainbeste bertsolari dagoen herrian erreleboa horrela pasatzea.

[Iñaki Zelaia]

 

      17-18 urterekin aritu nintzen Hernaniko Bertso Eskolan. Irakasle izatea memorian geratzen den esperientzia da. Inpresiorik handiena 11 urteko 10 ume gobernatzea izan zen. Oso esperientzia aberatsa da, bereziki urte batzuk pasa eta gero. Baina 17 urterekin gogorra.

[Iñaki Zelaia]

 

      Bertso eskolan helduenetako bat izatera pasa eta zaharragoak lanean hasten ziren neurrian, hurrengo belaunaldiak heltzen zion. Txanponaren beste aurpegia probatzeko aukera izan zen. Guk umetan egiten genituen barrabaskeriak ulertzeko modu bat. Esperientzia oso polita.

[Aitor Mendiluze]

 

 

1995ERA ARTE

 

 

      Material aldetik, sarea ez zegoen artikulatuta. Gu ikasle izan gineneko ariketak erabiltzen genituen, zinta zaharretatik hartutako bertso sailak, eta klaseak nahiko inprobisatuak izaten ziren.

[Iñaki Zelaia, irakaslea]

 

      Neskek ez zuten bat-batean inoiz kantatu nahi izaten eta egindako bertsoak kantatu ere ez. Mutilak, berriz, segituan atrebitzen ziren, baina gero neskek egindako bertsoak askoz hobeak ziren mutilenak baino.

[Iñaki Zelaia, irakaslea]

 

      Saiatu nintzen jendea bultzatzen, beldurra galdu arazten. Zaila da, ze inori ez zaigu gustatzen nabarmen geratzea inoren aurrean. Perfekzionismo puntu hori kentzea ez da erraza.

[Joxe Luis Urdangarin, irakaslea]

 

      Joxe Luis Urdangarinen ikasle ginela jaialdia antolatu zen Galarretan eta agur bereziak kantatu genituen.

[Itziar Eizagirre, ikaslea]

 

      Beste eskoletara ere joaten ginen Joxe Luis Urdangarinekin, bertso eskolaren irekiera garaian jendea apuntatu zedin.

[Estitxu Eizagirre, ikaslea]

 

      Gure irakasleengandik (Iñaki Zelaia eta Joxe Luis Urdangarin) horixe ere ikasi genuen: ikasleekin batera eta bestera ibiltzen. Hartu kotxea eta halako afaritara edo saiotara joan, pote batzuk elkarrekin hartu eta etxera ekarri... Momentuan asko, baina gerora izugarri estimatzen diet egin zuten lana, ez bertsotan erakutsi bakarrik, bertso kuadrillan sartzen ere lagundu baitziguten. Hurrengoekin berdin egiten saiatu ginen.

[Estitxu Eizagirre, ikaslea]

 

 

1995ETIK AURRERA

 

      Gazteagoak ikusten dituzu zuk pasa dituzun momentu berdintsutatik pasatzen. Eta zuk izandako ilusio berdintsua daukatela gaur egun ere. Oso polita da hori.

[Iker Osa, irakaslea]

 

      Bi ikasturtetan aritu nintzen bertso eskolako irakasle, 1999tik-2001era. Bertso eskolakoa izan da haurren irakaskuntzan izan dudan esperientzia bakarra eta interesgarria izan zen, benetan!

[Bakarne Urreaga]

 

      Gure kezka beti zen: nola irakatsi? Lehen urtean jolasak eta materialak ateratzen saiatu ginen (altxorraren bila bertsotan, bertsolariekin kartak, tribiala...), hutsuneak betetzeko ariketak sortzen... geroago ariketa gutxiago egin eta hasieratik bat-batean jartzen genituen ikasleak...

[Estitxu Eizagirre, irakaslea]

 

      Beti eduki ditut ikasle batzuk oso onak zirenak bertsotan, eta beste batzuk inoiz bertsorik kantatzen ez zutenak. Baina gitarra ekartzen zuten eta haiek doinua jartzen zuten, beste batzuk kantatu... bakoitzak bere lekua bilatzea da garrantzitsua.

[Gorka Tolosa, irakaslea]

 

      Ez gara inoiz irakasle erreferente-eredu izan. Beti saiatu gara taldearen barruan ikusezinak izaten. Irakasle izan baino gehiago dinamizatu, eta hartu dezala taldeak dinamika eta bere burua antolatu dezala, jakin dezala bere kasa aritzen.

[Estitxu Eizagirre, irakaslea]

 

      Taldean aurrera segi genuenak, Joxe Anjel Aranburu, Izarne Zelaia, Joseba Aizpuru, Iñigo Etxaniz, eta Jon Loinaz “Mirri” ginen. Aitor Mendiluze genuen irakasle eta egoskortu egiten gintzaizkion, egia da. “0 atala” ekartzen zigunean, guk parra egiten genuen, “hizki-zopak egitera al gatoz bertso eskolara!”, bertsolarien izenak bilatzea ez zitzaigun asko gustatzen. Oinak jartzen zizkigunean beti Mendiluzeri atakatzea izaten zen jolasa. Bueltan aditzen genituen kristorenak, baina bai.

[Agin Laburu, ikaslea]

 

      Lehenengo eguna zelebrea izan zen. “0 atalak” deitzen zituenak ekarri zituen Aitor Mendiluzek, bederatzi puntuko bertsoaren oinak bete, eta horrelako paperak. 8-9 lagun juntatu ginen, banaka banaka eman zizkigun paperak, eta Agin Laburuk tak, bueltan papera eman eta “hi, astean nahikoa eskribitu diagu eta kantatzeko gaia jarri, edo puntu batzuk edo zeoze” esan zion.

[Joxe Anjel Aranburu, ikaslea]

 

      Hiru belaunaldirekin tokatu naiz: lehenbiziko klase hartan, ni gogoratzen naizela Agin Laburu bazen, Joxe Anjel Aranburu, Joseba Aizpuru, Mikel Arrieta, Axier Arrizabalaga... Gure adineko talde bat bazegoen, hauekin ez genuen harreman handirik izan: Unai Ezeiza, Jon Otxotorena, Peru Iurramendi, Unai Huizi... Gero Agin Bilbora joan zen ikastera, Joxe Anjel lanean hasi zen, eta gehiago bildu ginen gazteagoekin: Aitor Larretak jarraitu zuen gurekin, Arnaitz Lasarte, Unai anaia gurekin ibiltzen zen, Amaia Otxotorena, Asier Azpiroz beranduago...

[Beñat Gaztelumendi, ikaslea]

 

      17:00etan bertso eskola bazen, 16:00etarako tabernan izaten ginen. Pintxo bana jan, mosto hartu, kontu batzuk esan, bertso eskolara joan, eta ateeran tabernan beste ordubete bota... oso gure anbientea zen.

[Joxe Anjel Aranburu, ikaslea]

 

      Gurekin asmatu dute azkar kantatuarazten. Bat isildu eta bestea hasi, bertso eskolan horrekin Gorka Tolosak estutu gintuen. Azkizura asteburu pasa joaten ginenean Eñaut Agirrek ere bai... Hernaniko bertso eskolaren ezaugarrietako bat izan dela uste dut eta eskertzen da, asko.

[Agin Laburu, ikaslea]

 

      Urte haietako oroimenik onena Gorka Tolosa irakaslearena daukat. Ondo pasatzen genuen eta ostirala iristeko amorratzen egoten ginen.

[Agin Laburu, ikaslea]

 

      (11 urterekin) Txapelketa prestatzeko lehenengo aldiz Hernaniko bertso eskolara etorri ginenean, taberna batean bildu ginen, mahai bueltan. Guretzat hori berria zen, ohituta geunden bertsotan klasean egitera, klaseko ariketak, irakasle batekin, bat da klasea ematen duena eta besteak dira ikasleak... hona etorri, mahai bueltan eseri eta bat hasi zen kantari eta besteak segi eta zeinek baino zeinek handiagoa bota... desberdintasun hori hasieratik nabaritu genuen.

      Esaten dute bada garai bateko bertsolariak tabernan juntatu eta aritzen zirela? Hemengo formatuak horren antza handiagoa dauka. Hernanikoak zure nortasuna lantzeko balio du, zure nortasunetik kantatzeko.

[Beñat Gaztelumendi, ikaslea]

 

      Hernanin hasi nintzenean nire sentsazioa zen munduko hoberenekin kantatzera nindoala. Zaharragoekin ibiltzen ginen. Bixkiak (Itziar eta Estitxu Eizagirre) ziren irakasle baina denok kantatzen genuen eta irakasle-irakaslerik ez zegoen, batak jartzen genion gaia besteari... ez daukat klase-klaseen oroitzapenik, orain gure artean biltzen garen bezala zen, batak besteari gaiak jarri, hitz egin, pipak jan...

[Unai Gaztelumendi, ikaslea]

 

 

EREÑOZUKO ESKOLAN

 

      Juanjo Uria eta Anatx etorri izan ziren Ereñozuko eskolara, eta gero bolada batean hutsunea egon zen. Gero Joxe Luis Urdangarin hasi zen, eta gero Florian Oiarbide. Florianek urte batzuek egin zituen eta gero kasu egin zidan ea nik hartuko nuen. Hasi nintzen baina nekeza egin zitzaidan nik bakarrik eramatea, eta Ibon Minerri deitu nion eta bion artean ibili ginen.

[Aritz Zerain, irakaslea]

 

      Urte pila batean Florian Oiarbidek lan eskergarria egin du, auzoan gazte gehienek bertsoarekiko harremana eduki dute, etxetik ez bada eskolatik, Florianen bidez.

[Ibon Miner]

 

      Laugarren mailan ginenean, 9 urterekin, euskarako ordutan bertsolaritza ematen hasi zen Aritz Zerain. Urtebete Aritzekin egin eta hurrengo urtean txandaka etortzen ziren Aritz eta Ibon Miner. Lehenengo bertso zaharrak kantatu (normalean Txirritarenak), gero lau oinak ematen zizkiguten, eta ordu osoa lau oinekin bertsoa egiten pasa...

[Arnaitz Lasarte, ikaslea]

 

      Gu izan ginen Ereñozutik Hernaniko bertso eskolara arrimatzen lehenengoak. Eta gu Hernaniko bertso eskolan hasi eta segidan Txirrita eskolan bertsolaritza ematen hasi ginen Ibon eta biok, eta hortik guk klaseak eman genizkion zenbait ikasle (Arnaitz Lasarte, Amaia Otxotorena, Oier Iurramendi...) orain Hernaniko bertso eskolan dabiltza. Bide hori ireki izanak asko asetzen nau.

[Aritz Zerainek, irakaslea]

 

 

ELIZATXO IKASTOLAN

 

      Ikastolan, aukerazko ikasgaietan bertsolaritza sartzea zen Eli Labururen kapritxoa. Erdaldun jendea ez zen arrimatzen hara, baina gure kuadrillako lau-bost bai, gustura: Joseba Aizpurua, Iñigo Etxaniz, Mikel Fernandez, goizuetarren bat edo beste... bospasei biltzen ginen. Bertsoak irakurri, puntuka egin, elkarri zirika aritu... 16 urterekin, ikastola bukatu eta bakoitza eskola banatara joan zenean, kuadrillako erabakia izan zen denak bertso eskolara etortzea, “beno mutilak, kale edo bale, egitez gero orain joan behar dugu. Astean behin denok juntatzeko bada ere joan egin behar dugu”.

[Joxe Anjel Aranburu]

 

 

BERTSO UDALEKUAK: GOIZUETA, BEIRE, EULATE, AZKIZU

 

      Azkizura (Getaria) Aste Santutan joaten ginen, asteburu pasa. Eskolarteko Txapelketa handik gutxira izaten zen, eta baliatzen genuen umeekin ahal zen gehiena kantatu eta jario handiagoa hartu zezaten. Egunean zehar talde txikitan banatzen genituen eta kantatzeko oinak eta gaiak jarri, eta jolasak ere egiten ziren frontoian. Eta azken gauean, Txapelketa: Afalostean egiten zen, begiraleok patxaran pixka bat hartu eta katxondeo erabatekoa izaten zen. Ariketa xelebreak... eta bukaeran beti enpate. Bakoitzari eltze tapa bana jarri buruan eta denak gustura! Umeek sekulako ateraldiak botatzen zituzten, adibidez Jon Otxotorenak “behiak egiten du marru-muuu!” errimatu zuen.

[Estitxu Eizagirre]

 

      Bixkiak (Itziar eta Estitxu Eizagirre) ni baino bost urte zaharragoak dira. Salto bat bazen guretzat. Udalekutan puskatu genuen barrera hori. Nik 18 urte neuzkala Goizuetako udaleku haietan egin ginen zaharragoen taldeko: afalondoan bixkiekin eta Unai eta Eñaut Agirrerekin geratu, patxarana edaten hasi... diferentzia pixka bat markatu genuen “koskortu gara zer edo zer edo koskorrarazi gaituzte”...

[Joxe Anjel Aranburu]

 

      Lehen aldiz Goizuetako udalekuetan begirale ahizpa eta biok, Eñaut eta Unai Agirre eta Nagore Soroa izan ginen. Oinez joan ginen Besabitik umeekin. Primeran pasa genuen astebetez eta sorpresa bat jaso ere bai: gau batez, denok ohean geundela, kanpotik norbaitzuk leihoak kolpatzen eta builaka hasi ziren. A ze beldurra! Eñaut eta Unai atera ziren, gantzontzilotan, pala bana eskutan hartuta nor zebilen ikustera. Zein izango, eta Joxe Luis Urdangarin eta Gorka Tolosa, albornozekin eta zintzarriekin mozorrotuta, umeei broma egiteko. Eta umeak seko lo, enteratu ere ez ziren egin! Uste dut guri emandako sustoa adinakoa hartu zutela eurek bidean, piura harekin nahastuta beste baserri batera sartu baitziren.

[Estitxu Eizagirre]

 

 

Goizuetako Axerra Bordan bazkaritan.

 

      Goizuetara oinez joan ginen. Nik 8 urte besterik ez nituen. Peru anaia bide osoan xaxatzen aritu zitzaidan. Gauerako gaztaina morkotxak sartu nizkion zakuan.

[Oier Iurramendi]

 

      Gu hasiberri ginela udalekutara Elantxobera abiatu ginen eta Sarrian (Araba) bukatu genuen (Elantxobeko aterpetxean Madrilgo familia batekin egin baikenuen topo). Han harreman dexente egin nuen gu baino zaharragoak ziren Unai Huizi, Xabier Erdozio, Urtzi Irazusta, Jon Otxotorena, Asier Arrizabalaga, Mikel Arrietarekin... Gorbeara igo, eta erdi galduta ibili ginen. Bixitan etorri zitzaizkigun Eñaut Agirre eta Gorka Tolosa... Udalekuen oroitzapenak ederrak ditut.

[Arnaitz Lasarte]

 

Eñaut Agirre kopla kantari (doinua: yelow submarine’)
“Axerrako arratoiak zenbat gazta jan ditu?
bat, bi, hiru edo hamalau nora begira zegon Unai hau!”

 

      Eulaten gau batean jolasean ibili ginen. Joan gara aterpetxera eta baten batek aterpetxeko giltzak galdu! 20-30 ume geunden kanpoan, eta ez genuen sinesten txantxa ez zenik. Kanpo santura itzuli eta han aurkitu genituen giltzak.

[Asier Azpiroz]

 

      Beiren, lehen gauean buelta bat eman genuen herria ezagutzeko, eta ni bahitu nindutela zabaldu zuten begiraleek beste umeen artean. Taldetik bereizi ninduten eta nonbait gorde.

[Eli Pagola]

 

      Harrigarria izan zen umeek euren artean erakutsi zuten jarrera: ez dakit zenbat milioi eskatzen zituztela Eligatik eta batek “nire aitak bi jarriko ditu”, “ez dakit noren gurasoek dirua badute eta haiei eskatuko diegu”...

[Asier Azpiroz]

 

      Beiren igerilekura joateko baziren bi bide. Ume batzuek bide bat hartu nahi zutela, eta Eñaut Martikorenak bestea. “Ziur Eñautek esaten duena egingo dugula!” bota zuen ume batek. Eta Eñautek: “Nik nahiago dut nik esandakoa ez egin” kank! denok hankaz gora utzi gintuen esaldi horrek, eta gero azaldu zuen: “bide horretatik joanda badakit zer aurkituko dudan, eta besteek esaten dutena eginda beste zerbaitekin egingo dut topo”. A zer lezioa, bizitzarako!

[Estitxu Eizagirre]