Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014

 

gaiak

TXABOLATEGIREN DESAFIOAK

 

 

      VILLABONAKO DESAFIOA

 

      Ez dira gaurkoak norgeiagokak Euskalerrian. Lenengo notizia XIXgarren gizalditik datorkigu. Bai Iztuetak eta bai Gorosabelek biak aipatzen dute 180 lan izan zan desafioa. Euskalerri guziak ezagutzen duana. Parte artu zuten bertsolariak Juan Ignacio de Zabala, Amezketakoa eta Jose Joaquin de Erroicenea “Txabalategi” Hernanikoa. Apustua bosna ontzako urre (denera 10 ontzako urre). Lekua Billabonako plaza aundia, bi erritatik erdi-bidera zegoana. Garaia, Otsailean karnabal-inguruan. Diotenez lau mila entzule bildu omen ziran (badakizute personen kontaketa oso zaila izaten dala). Edozein modutara jendetza izugarria bildu zala bi bertsolariei entzutera.

 

Villabonako errebote plazan
jokatu zen ezagutzen den lehen desafioa, 1801ean.

Iturria: http://rastreadordenoticias.com

 

      Juezak: Altamira, Aizarnazabalgo sakristaua, “Txabalategik” aukeratua. Beste aldetik berriz, Zabalak; Juan Ignacio de Iztueta aukeratu zuan (berak dionez) baina erida aundi bat egun aietan egin zuenez, bere ordez “Fernando Amezketarra” eraman zuan. Irugarrena; juez “alderdikeri gabekoa”, “inpartziala” Billabonako alkatea, baina bildurturik edo geiegi ulertzen ez zualako, bere ordezko Tolosako arziprestea aukeratu zuten Jose de Mendizabal oraindik apaiz naiko gaztea baina bertso mundua asko ezagutzen zuana.

      Bi koplariak, bi ordu luzetan jardun zuten batak bestea nola menderatuko. Iztuetak dio “Batac besteari asmatu al citzaten itz-gairic nequezenac iriquiaz nondic eta nola alcar naspillatuco zuten aleguiñic andienac eguiten zituztela” (Euskadi aldizkaria, 12 urtarrila).

      Txaloen artean bi ordu igaro ondoren garraxika eta oiuka entzuleek erabakia artu zuten: biak berdin-berdin egon zirala.

      Jendea pixkat baretu zanean Altamirak, Aizarnazabalgo sakristauak, onela kantatu zuan:

 

Txabalategi eta

Zabala gaztea

askok deseo zuten

kantuz ikustea.

Atsegin aundietan

geldi da jendea;

bata adinbat egin

bear degu bestea.

 

      Jende guztia txaloka utziaz. Ondoren Fernando Amezketarrak, jeiki, jendearengana urreratu eta onela kantatu zuan:

 

Ezin gentzake, bada,

beste gauzik egin;

nik goguan naukana,

zuk dezu itzegin.

Utzi bear ditugu

biak berdin-berdin,

Gipuzkoa guziak

ar dezan atsegin.

 

      Tolosako bikario Jaunak epaimaiko lendakari eta juez erabakior bezela kantatu zuan:

 

Jaunak, mintzo zerate

griña txarrik gabe,

pozkidatu nazute

txit asko, alare;

egia esateko

ipiñiak gaude:

bata bezin bestea

kantari onak daude.

 

      Jendea gustora eta atseginez etxeratu zan, alako desafio ederrik ez zuala aspaldian ikusi eta. Iztuetak dio, bi bertsolarien artean anaitasun luzea izan zutela eta bukatzen du esanaz, Virgilioren Eglogatan berdin gertatu zela Tirsis eta Damon-en artean Platon juez zutelarik.

 

[Jesus M. Etxezarreta, Bertsolarien desafioak, guduak eta txapelketak]

 

 

      TOLOSAKO DESAFIOA

 

      Tolosa’ko erri leñargitiko batzartar jaunak, 1802’garren urteko iñauteriaren azkenengo arratsaldean, biribillatu zituzten lau itz-neurtulari, Gipuzkoa’n aurki al zitezkean onenak: Zabala, Pernando, Txabalategi eta Altamira, lauak letra bat bakarra ere ezagutzen etzutenak. Plaza zarreko baranda banatara igorik, kantatu zuten arratsalde guzian bi-bitara. Ain atsegintasun aundikoa ta pozkidatsua izandu zan arratsalde gogoangarri ura, ezik, illunduta gero ere, deadarka zeuden entzuleak, aurrera ere kanta eragiteko, eta uste det, baldin eguna zabaldu arterañoko guzian ere ari izandu balira kantari, etzala aldenduko entzuleen artekorik iñor ere.

[Iztueta, Txabolategi Gipuzkoa’ko dantza gogoangarriak]

 

      Iztueta, bolara artan, Tolosa’n zan, bañan kartzelan: 1801’eko abenduaren 6’an preso artu, 18’an Tolosa’ra eraman, eta 1802’eko maiatzaren 11’an Azpeiti’ko kartzelara aldatua. Tolosa’ko saio ori, berriz, 1802’eko «iñauteriaren azkenengo arratsaldean» izan zan. Iztueta bertan zegoalarik, beraz. Garai artan Tolosa’ko kartzela zein tokitan zan, guk beintzat ez dakigun gauza da. Bañan udaletxean baldin bazan, plaza zarrean alegia, etzegoan Iztueta bertsolariengandik urruti; auek «plaza zarreko baranda banatara igorik» kantatu baitzuten. Bearbada, an egongo zan gizarajoa, belarriak erne-erne, illunpe artatik bertsoak entzun naiean. Kontu polita au ere: bertsolariak plazan kantuan, eta aien kronista edo berri-emalea bertsoak espetxetik entzuten...

[Antonio Zavala, Txabolategi, Elkoro eta Leunda bertsolariak]

 

 

PASTOR IZUELARI ZIRIKA

 

      Agustin Arruti Larragoien “Pastor Izuela” garai hartako beste bertsolari handietako bat zen, aiarra. Behin Hernanira etorrita bertso hauek kantatu omen zizkioten elkarri Txabolategik eta biak, beste askoren artean seguru asko. Zenbait kontakizunek diote, Hernaniko aberats batek prestatu zuela bi bertsolarien arteko desafioa, Txabolategi Izuela baino hobea zela iritzita. Baina aldi honetan ere onena zein zen erabaki ezinda geratu omen ziren. Hauek dira gorderik dauden bertsoetatik bost (guztiak ez dira elkarren segidakoak), hiru puntuko handian:

 

        Txabolategik:

Aizu Agustin Izuelako

ahuspez lurrean jarririk,

bizkarra ere makurtu zazu

bakartasunez beterik,

admiraturik aurkitutzen naiz

ez dezulako andrerik.

 

        Izuelak:

Jose Joakin, zer egingo det

baldin modurik ez bada?

Lan horregatik korritu ditut

Bizkaia eta Araba,

zure esperantzan egon naiz ta

hazi zaidazu alaba.

 

        Txabolategik:

Nere alabai suerte onen bat

ein al baneza munduan,

egingo diyot enkargu hori

etxera nuan orduan:

ia ezkontzeko pentsamendurik

ote dadukan buruan.

 

        Izuelak:

Hiru osaba Parisen dauzkat

Bonaparteri serbitzen,

haien umiak, zazpi lehengusu

gobernadore Cadizen,

donzellatasun hau zertaño dan

nik ez diyot entenditzen.

 

        Txabolategik:

Gure etxian lau ollo dira

hiruk daukate kiyua,

oilarra berriz haien ondoren

tantaian gora iyua,

adios jaunak beste bat arte

pasa da dibertsiyua.

 

[Unai Agirre, Hernaniko Urtekaria 2007/08]

 

 

PERNANDO TA ZABALARI

 

      Bein Txabalategi ta Ernani’ko beste bertsolari bat, Lekunberri’ko bi bertsolarikin aritu ziran bertsotan. Gero, Ernani’ko bi bertsolari aiek Amezketa’koakin Pernando zan beren artean Tolosa’n arkitu ziranean, Ernani ko Txabalategi k bertso au bota zuan:

 

Pernando ta Zabala

erri batekoak,

badakit zeratela

koplari bapoak.

Ez izanagatikan

zuek añakoak,

gu ere egin ginduzen

zerbait Jaungoikoak.

Lengo apustukoak

Napar-errikoak,

Lekunberri’koak,

etziran pijoak;

askoz obeak gaituk

Ernani’koak.

 

      Entzuleen artean an zegon Ametza, bertsolari onenetakoa, ta Pernando’ri zirika askotan aritzen zana. Txabalategi k amezketarrak nola goratu zituan entzuteak min piskaren bat eman zion Ametza’ri noski. Pernando k arpegian ezagutu zion eta ona bota zion bertsoa:

 

Ametza omen dago

gizon arrittue,

itxuraren kontrako

entendittue;

onek jarritzen digu

kontu luzittue,

gu geiago gerala

ezin suprittue;

kantuzko pleittue,

beartzen gaittue,

galduko zaittue,

jarri nai goittue.

Amezketa’k zedukak

kantuz kredittue.

 

[C. Muxika, Pernando Amezketarra bertsolaria, Auspoa 54]