Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014

 

bertsolariak

JUAN ANTONIO
LEKUONA UGALDE
“KUXKULLU”

 

1850ean Ereñozuko Tellerian jaioa

1920an Oiartzungo Lekune baserrian hila

 

Lekune baserria, Oiartzunen.
Iturria: http://guregipuzkoa.net

 

      Kuxkullu onen billoba Madalenari galdetuta, bere aitona Ereñozu’ko Telleria’n jaioa ote zan erantzun digu. Andik, Andola baserrira ezkondu zala eta bizi izaten antxe jarri. Baserri ori, Zikuñaga’ko ondoan da. Andola’tik, berriz, Loiola’ko Uba’ra aldatu omen ziran. Eta, azkenik, andik Oiartzun’go Karrika’ra, Lekune baserrira.

      Juan Antonio Lekuona edo Kuxkullu bertsolaria Ernani’n ezkondu zan, 1871’eko Ilbeltzaren 23’an, bertako alaba Josefa Antonia Belderrain Etxeberria’rekin.

      (Kuxkulluren biloba Madalena Lekuonak kontatua): Gure anai batek, Antoniok, bazuen aitonaren aidu pixka bat bertsotarako. Berez etorri bear du eta arek bazuen. Aitonarekin aritzen zan bertsotan. Aitonak ere ikasi zituen aren bertso batzuek. Guk ere, al genduenean, zerbait ere aritzen giñan aitonarekin, eta anaiarekin ere bai beste pixka bat, eta ola.

 

 

ZERGATIK “KUXKULLU”

 

      — Eta Lekune’ko bertsolari oni zergatik erantsi zioten izengoiti ori?

      Bear genduan argibidea, billoba zarrenak, Ernani’ko Tolarieta’ra ezkondu eta bertan bizi dan Madalena Lekuona’k, eman zigun: «Mendian, basoan-eta, orduan aritz asko zan eta aritz-arbolaren zepak ateratzera joaten ziran, karobira ekarri, sua egin eta karea egiteko. Urrena, andikan, zepak zeuzkaten pujetatik, kuxkulluak, kanika bezelako batzuk ateratzen ziran. Eta antxe bildu eta, iñoiz errira-edo joaten baldin bazan, edozein umeri kuxkulluak ematen aritzen zan gure aitona zan ori. Karrikara jetxi jaiean eta berdin, ume asko zan orduan eta. Ez genduen asko bear izaten guk orduan konsolatzeko eta danak poxez. Eta gero elkarri:

      — Oi! Zeñek eman dizkin?

      — Zeñek? Kuxkulluk.

      Eta umeak jarri aitonari izengoiti ori. Ori ola da. Ala esaten zioten gero aundiak ere: Kuxkullu.

      Beste izengoiti edo beste ezaugarri bat ere bazuen Kuxkullu bertsolari onek, beraren billoba Madalenak esan digunez: «Gari-garbitzallea ere esaten zioten. Makina etxe batetik bestera eraman eta gari garbitzen aritzen zan. Gariak orduan, gure txiki denboran, bastante egiten ziran. Eta gari garbitzeko makina batekin ibiltzen zalako, gari-garbitzallea esan eta olaxe entenditzen zan».

 

 

BERTSOTAN ZAHARTUTAKOAN

 

      Itxura danez, zartutakoan asi zan bertso-lanean Kuxkullu bertsolari ori. Bertsogintzara zerk bultzatu zuan, beraren illoba Madalenak itz auetan ederki adierazten digu: «Ura ere, nere gisa, biotzetik gaixo. Etzan lanerako gauza. Eta, denbora pasa, bertsoak jartzen zituen.» Pena da, bañan arek jarritako bertsoetatik, ale bakar bat ere etzan inprentatu. Askok esan bai paperetan ateratzeko, bañan ez omen zuan nai izaten. Liburu onetan irakurleari eskeintzen dizkiogunak, iñoren aotik jasoak dira: beraren billoba Madalena, Lekungaraiko Koxme Mitxelena eta bere arreba Anttoni. Bañan bertso oiek, adiskide oien buruan salbatu diran pizarrak ditugu. Askoz geiago izango dira arek jarriak eta betiko galduak. Bat-bateko jardunean etzan asko saiatuko. Etzuan plazan kantatzen. Tabernan edo lagun artean zerbait ere ariko zan, bañan alakorik ez digu iñork aitatu ere egin.

 

 

ZEZENA (1913)

 

      Karrika’ko Lekungarai baserriko Koxme Mitxelena’k onela kontatu digu:

      «Or menditik zezena artu dute, mendiko zezen oitakoa, eta zakurrekin orrera ekarri dute aurrean, Karrikako errekara, gure etxe azpiko Lekune’ko erreka ortara. Eta an, estrata goiti zakurrakin deguelluan zetorrela, zera atera da, Lekuneko aiton orren semea. Etxera esposatua zegoena zen, Gillermo. Ango zakur-soñua eta destitxa, eta ejuka jendea, eta ura garrotea artu eta atera, zer baño zer ote zen. Gure atari-zakurra ona zegoen, eta an ere bai, Lekunen, bi atari-zakur gogorrak, eta auek ere segitu diote. Eta topo egin zezena, estratan beiti goiti eldu dela, eta eskapo egiterik ez; eta muturrean joka asi da bertan Gillermo ori, eta bi zakurrak sugur-mintzetatik itsatsi. Eta estrataren estolda saltatu eta goitik bera erreka-zulora etorri zezena, eta an errenditu zuten. Bere zakur ta guzi joan zen goitik bera. (...) Gero kalmatu zen. Zezen oi an lotu, eta aziendakin, timoiarekin, zeratu zuten; erreka-zulotik Gartxieneko beiakin atera zuten. Timoia, ganaduak elkar ez jotzeagatik jartzen dena da. Eta Lekuneko aitona ere ateria, ba. Ordurako, bi bastoirekin al zuen bezela ibiltzen zena zen, eta arek bertsoak jarri:

 

Milla bederatzireun ta

amairu urtetan,

txikana bat pasa da

Lekuneko errekan;

begira jarri nitzan

bada zer ote zan,

ez nuen esperatzen

ori ikusterikan.

 

Zezen ori zetorren

entero itxusi,

semia saltatu zan

makil eta guzi;

muturrian gogotik

joka zion asi,

errekara juan zan

zakur eta guzi.

 

Arbolaren gañera

asi naiz iyotzen,

biotza triste eta

etziran laguntzen;

nigana zetorrela

ezpazan jiratzen,

bertatik asi nintzan

Jesusi eskatzen.

 

Errekan sartu eta

gora eta bera,

zakurrak kozkaka ta

ezin zan atera;

saltua egin zuen

ezponda batera,

kojua erne zeguen,

juan zan eltzera.

 

Lezo eta Oiartzun

goizutarrarekin,

lesakatar bat ere

bazuten berekin;

zezena lotutzera

soka aundiarekin,

eraman bear dutela

Antxo’ra berekin.

 

      Geiago ere baziran, bañan ez dauzkit gogoan.

      Kojua, zezenaren atzetik zetorrena, ura arrapatzera edo ekartzera joantako zera bat zen. Lezo’koa izango zen gañera.»

 

 

OSABAREN EZTAIETAN

 

      Lekungarai’ko Koxme Mitxelena’k esana: «Gure osaba bat, Jose Kruz Mitxelena, bigote aundi bat Axerigorri’ko alaba batekin ezkondu zen. Errenteri’ko fronteran egiten zuen lana (erderaz topo esanda entenitzen dan tren txikiari, euskeraz frontera esaten zaio).

      Aik esposatu ziranean, baziran bertsoak Lekune’ko Antonio orrek jarriak, gure anai batek atera balitu bezela:

 

Etxetik juan zaizkigu

aita ta anaia,

osaba ikustera

ta izeba berriya.

Oieri zeñek artu

bear die neurriya?

Tiroz aidatu dute

Oiartzun’go erriya.

 

Oiartzun’a etorrita

tiroka saiua,

oien pasadizua

esatera nua:

bata kozinera ta

bestia errerua,

guri eman digute

naiko endrerua.

 

Zarpielek ollua

zintzilik jarriya,

etzan txarra izango

ango bazkariya.

 

      Zarpiel, andregaiaren aita zan. Izengoitia izango zuen orrek ZarpieL Bertso oiek ere geiago izango ziran, biño nik oiek aditu».

 

 

BAT-BATEKO BAKANA

 

      Kuxkulluk aotik aora kantatua, bertso bakarra bildu degu. Bertso ori, Lekungarai’ko Koxme Mitxelena’ren aotik jasoa.

      Onela esan zigun: Lekune’ko aiton orren semea, Gillermo, eta Ttolare, Jenaro, biak Karrika’ra joan eta andik puska bat edanda etorri. Eta jatekoa txarra zegoela-edo, zerbaiti keja etxean atarian asita. Eta aitak, Kuxkullu orrek, bertsoa:

 

Jaten asi dira ta

ezin dio buka,

oraiñ e kozinerak

izango du kulpa;

emango nioteke

biña pezta multa,

erdi mozkortuak datoz

Karrika’ra junta.

 

[Antonio Zavala, Berridi eta Kuxkullu bertsolariak, Auspoa 146]