Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Hernani eta hernaniarrak
Antxon Agirre Sorondo, 1997

 

MENS SANA...

 

      Hernanin 1599koak dira neska-mutilentzako lehen maisuari buruzko berriak: Juan Ruiz de Ybarra zuen izena, eta Markinakoa izan arren Hernanin bizi zen bere familiarekin. Agian, Juan ozta-ozta bizi zela esan beharko genuke, izan ere, bere soldata urteko 50 dukaten hitzartua baldin bazegoen ere, lanean zeramatzan bi urtetan ez zituen 33 baizik jaso. Udaletxeko kutxa hutsik zegoela eta, Epeleko udal-burdinolako maizterrak ordaintzea erabaki zen, honi errentatik deskontatzekotan[115].

      Denboraren joanean eskolako maisuaren baldintza ekonomikoak hobetuz joan ziren. Honetan, 1687ko urriaren 20an Nafarroako Ituren herriko Juan Bautista Bizarron kontratatu zuten lau urterako, urteko 100 dukateko soldata eta etxebizitza izango zituen udaletxean, haurrei irakurtzen eta idazten, zenbatzen, kristau ikasbidea “eta ondo hazteko haurrek behar dituzten gainerakoak" erakustearen ordainetan. Are gehiago, eskolara irakurtzen ikastera joaten den haur bakoitzak erreal bat emango dio hilean, idazten ikasten ari direnek bi, eta zenbakiekin eragiketak egiten ari direnek 4 erreal (arras pobreak zirenak salbu). 100 dukateko soldata ordaintzeko, % 60a Fagollagako udal-burdinoletako errentetatik aterako da eta gainontzekoa ohiko aurrekontutik[116].

      Lasarten 1824an ireki zen lehen eskola publikoa, Hernaniko eta Urnietako udal-fondoen sostengupean[117].

      Madoz historialariak 1850ean erroldatu zuen Hernanin 100 ikaslez osatu eta 3.300 errealekin hornituriko lehen letretako eskola publikoa, baita “latin”, matematika, geografia eta bigarren irakaskuntzari zegokion guztia erakusten zen ikastetxe partikular bat ere[118].

 

Hernani. Eskola Publikoak (Arziera edo Portale-Txoko).

 

      Gure mende honetan, jakin badakigu 1908an Hernanik 3.671ko biztanleria zuela legez, eta 6 eta 12 urte bitarteko 509 ikasleria, bi eskoletan banatuta.

      Gure probintziak urte askotan jasandako utzikeriaren ondoren, aipatzekoa da hezkuntza mailan izandako gorakadan Pedro Biteri mezenas jaunak egin zuen lan eskerga; honek 1907an eskola berriak ireki eta bitartekoz hornitu zituen Arrasate (bere jaioterria), Hondarribia, Errenteria, Pasai Antxo eta Donibanen, Irun, Donostia, Aretxabaleta, Urnieta eta baita Hernanin ere, gaur egun “Biteri Kultur Etxea” dagoen leku berean.

      Eta 1916ra heldutakoan, Hernanik Karitatezko Ahizpek zuzendutako haur-eskola izango du, lau eskola publiko eraikuntza ederretan kokatuta, neskatilentzat beste ikastetxe bat teresiar erlijiosen kargura eta jesuita frantsesek zuzentzen zuten goi-mailako irakaskuntza-ikastetxe bat ehun ikasle baino gehiagorekin.

      Gaur egun herriak hiru ikastola ditu, hots, Langile, Elizatxo eta Urumea, non OHO eta DBH ematen diren, eta OHOn eta Lanbide Heziketan espezializaturiko eskola-zentro bat (Pauleko San Bizenteren Karitateko Ahizpak). Ereñotzuko auzoak ere badu bere oinarrizko hezkuntza-zentroa, hots, Txirrita Ikastetxea, eta hernaniar gazteen musika heziketaz Hernani Musika Eskola Publikoa arduratzen da.

      Aipaturikoaz gain, Agustin Iturriaga Institutuak BBB, UBI eta IEE ematen ditu, Karmelo Labaka Lanbide Eskolak, Lanbide Heziketa eta IEE eskaintzen dituen bitartean. Haurtzaindegi bat, eskola-jangela eta helduen heziketa iraunkorreko zentroak osatzen dute gaur egun Hernaniko herrian irakaskuntzako azpiegitura.

 

 

 

 

[115] O.A.P. III. atala, 231. leg. 132. fol.

[116] O.A.P. III. atala, 1.255. leg., 69. fol.

[117] H.U.A. B/5/IV/1/3.

[118] MADOZ, Pascual. Op.cit. IX. alea, 178. or.