Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Hernani eta hernaniarrak
Antxon Agirre Sorondo, 1997
 ADOSTASUN ETA DESAKORDIOAK | BIDEAK, GARRAIOAK ETA KOMUNIKABIDEAK | MENS SANA... 

 

BIDEAK, GARRAIOAK
ETA KOMUNIKABIDEAK

 

 

NAFARRORAKO BIDEA

 

      Hara, 1598an Donostiak eta Hernanik, bien arteko akordioz, Urumeako ibarretik barna Nafarroarekin lotuko zituen bide berri bat irekitzea erabaki zutenean —modu honetan, Berastegiko erresuma zaharrean sartzeko Tolosarainoko bide luze eta bihurria ekidinez— bidezko den bezala, Tolosa aurka jarri zitzaien, baita probintziako gobernua ere; honek, gainera, Erregearengana eta honen Gerra-Kontseilura jo zuen, gerra baten kasuan bide berriak, ejertzito etsaiaren sarrera Iruñetik erraztuko zuela esanez, eta ez hori bakarrik, kontrabandoa ere areagotu egingo zela, merkantziek Tolosan kokaturiko “Hamarren zaharraren aduana” saihestuko zutelako.

      Bideko lanak, ordea, hasiak zeuden eta korregidore beraren abisua jaso bazuten ere, aurrera jarraitu zuten probintziako agintari gorenak bi merinori lanean ari ziren gizonak atxilotzeko agindua eman zien arte. Berria Hernanin zabaldu zenean, 30 gizon atera ziren atxilotutakoak askatzera, eta hori gutxi bailitzan, bi merinoak eta hauen laguntzaileak gartzelaratu zituzten. Donostian ere 200 gizonez osaturiko talde bat antolatu zen, alkatea eta erregimenduko eskribaua buru zirela, eta Hernanin sartu ziren formazioan kaxa eta danbor hotsen artean. Istiluen larritasuna ikusirik, probintziak Batzar Berezia deitu zuten Bidanian 1598ko ekainaren 19rako, bertan gorabehera hau eguneko gai-bakar bezala tratatuko zelarik[80].

      Goizuetarako errepidea ez zen zertu 1870-1899 urte bitartean, Hernani eta Diputazioaren arteko erabakiz[81].

 

 

ERREGE BIDEA

 

      Erromatarren garaitik, seguraski, Gipuzkoa zeharkatzen zuen Gaztela eta Europa arteko bidea San Adriango tuneletik sartu eta Zegaman izango zuen bere lehenengo muga garrantzitsua; handik abiatuko zen bidaiaria Segura, Beasain, Ordizia, Tolosa, Andoain, Urnieta eta Hernanira, hurrenez hurren. Bideak Urumea ibaiaren ezkerraldetik jarraitzen zuen Astigarraga aldera, Ergobira iritsitakoan ibaia zeharkatu eta Oiartzuna jotzen zuen, azkenik Irunen amaitzeko. Honenbestez, Donostiara iritsi nahi zuenak delako “Errege Bidea” hori behar zuen hartu.

      Bidaiariak bazuen beste aukera bat ere, Arabatik Leintz-Gatzaga eta Arrasatetik barna, Oñati, Legazpia, Urretxu eta Ormaiztegitik sartu eta arestian aipaturiko bidearekin Beasainen bat egitea, Yarza jauregian eta hemen zeuden, hain zuzen ere, ospitalea, burdinola, errota, errementeria eta posta aldaketa.

      Ebro aldetik zetozen ibiltariak Iruñea, Lekunberri eta Leitzatik sartzen ziren, eta Berastegin zapaltzen zuten gipuzkoar lurra lehenengoz, ondoren Elduain, Berrobi eta Ibarratik barna Tolosara iritsi eta hemen Irunera zihoan bidea hartzeko.

      Bide haiek harri gogorrekoak eta 2,5 metro inguruko zabalerakoak ziren. Tarteune bakoitza zaintzearen ardura herri bakoitzari zegokion, baina kostu handiko konponketak egin behar zirenean Probintziak (egungo Diputazioa) laguntzen zuen. Bide konponketak hasieran auzolan elkarlanean egiten ziren, baina gerora profesionalei eman zitzaien egiteko hori, are gehiago, enkantera ateratzen zen errepideen zainketa.

      Bestizan edo Besteçango bidea, hau da, Urumea ezkerraldetik zeharkatuz Ergobira iritsi eta zubi batek ibaia gurutzatzen duen bidea, auzi luze baten kausa izan zen Hernani eta Probintziaren artean. Hara, 1552an hasi zen guztia, Tolosak bide horren egoera tamalgarria ikusirik, zubi baten eraikuntza eskatu zuenean (ordurarte txalupa-zain bat ibiltzen zen alde batetik bestera ibaia zeharkatzen). Lanak berehalako batean egingo zituela esan bazuen ere Hernaniko udalak, handik urte betera oraino bukatzeke zeuden eta, ondorioz, Probintziako Juntak zubirainoko bidea konpon zezala agindu zion Hernaniri, bere betebeharra zen bezalaxe[82].

 

Hernani. Lizeaga auzoa. Errege Bidearen sarrera.

 

      Hernanirentzat, ordea, bidea baldintza onetan zegoen, “kalitatezko” bide bat egin nahi ez bazen behintzat, eta hala izanik, gastuari aurre egiteko ekonomikoki kaudimengabe aldarrikatuko zen. Bestalde, askok nahiago zuten ibaia Karabeleko pasabidetik zeharkatu, hau Hernani herriaren oinetan baitzegoen, eta ondoren eskuinaldetik jarraitu, Ergobiko zubia igaro gabe eta haraino zeraman bidea egin gabe. Gauzak honela, Probintzia eta Hernaniren arteko iritzi kontrajarriek auzi bat eragin zuten Valladolideko Erret Kantzelaritzan, baina auziak ez zuen aurrera egin, beren artean adostasun batera iritsi zirelako[83].

      Berriro ere, 1565ean, Probintziak Besteçango bidea konpontzeko eskatu zion Hernaniri, baina honen aldetik betiko erantzuna jaso zuen. Honetan, Juntak txosten zehatz bat egiteko eskatu zien bi adituri. Teknikoek diotenez, Hernanitik Ergobira, Karabeletik edo Besteçandik joan daiteke, eta distantzia kontuetan ez dago alderdi handirik: Karabeleko bidea baldintza hobean dago, Besteçangoa leku “irekiagoa” den arren eta Ergobiko pasabidea berriz nahiko arriskutsua. Haien iritziz, bi bideak konpontzen dirua gastatzea baino askoz egokiagoa izango zen Karabelekoa erabiltzea, Hernanik bere kontura txalupa eta txalupa-zaina jartzen bazituen, edo zubia egiten bazuen, edota Probintziak eraiki eta herriari kobratzen bazion, beti ere Hernanik erabat baztertu zuen bere kontura zubia egiteko aukera[84]. Berriro ere, 1564an, Besteçango[85] bidea egiteko eskatzen zaio herriari, 1968an errepikatuko den eskaera[86]. Baina 1584an, oraino bidea konpondu gabe zegoen, bien bitartean Hernanik, Batzar Nagusiek zubi berria egiteko agindua betetzen ez zuten bitartean, ez zuela uste aipaturiko bidea konpontzera derrigortua zegoenik ailegatzen zuen[87].

      Geroz eta zirkulazio gehiagoren ondorioz, bideen baldintzak ere hobetu egin ziren. Hala, 1752an “ Errege Orgabidea” titulua eman zitzaion Leintz-Gatzagatik sartzen zen bideari, San Adriango bidearen kaltetan, hau zaharkitua geratu zelako eta behar berrietara egokitzea nekeza zelako. Hasiera batean, herri bakoitzari zegokion bere tarteunea berak ordaintzea erabaki bazen ere, obraren tamaina ikusitakoan Probintzia bera egin zen kargu 1757an. Lana Francisco de Ibero eta Manuel Martin Carrera maisuek proiektatu zuten —gipuzkoar arkitekto ezagun hauei zor zaie, besteak beste, parrokia eta udaletxe askotako dorreak lehenengoaren kasuan, eta Oñati eta Arrasateko udaletxeak bigarrenean—, gerora Marcos de Viernak ere esku hartu zuen. Trazaketak, 177,014 kilometrotakoa, zazpi milioi t’erdi errealeko aurrekontua izan zuen.

      Hasierako proiektuaren arabera, Errege Bidea Mandazubitik sartuko zen Hernanin, Urnieta eta Astigarraga artean, non zubi bat egingo zen; ondoren Getaria baserriaren ubidetik barna, Etxeberria baserria, Santo Kristoren gurutzetokia eta zubitxo bat zeharkatuko zituen erreka igarotzeko, Ursola de Azpiazu eta Juan Bautista de Ayerderen etxeko lursailak, Bekoerrota, ospitaleko baratzea, eta Karapote etxekoak zeharkatu ostean, azkenik, Astigarragan bukatzeko[88].

      Gipuzkoako erakunde probintzialak, 1764ko uztailaren 7an eginiko bilkuran, bere fondoetako %20a Errege Bide berria egiteko ematea erabaki zuen, eta bideak zeharkatzen zituen gainontzeko herriei %10a, eta bidearen trazaketaz gozatzen ez zutenei %5a eman zezatela agindu zien. Arkitektoen harridurarako, biztanleek Hernani eta Urnieta arteko trazaketa aldatzea proposatu zuten, euren ustez, zuzenagoa eta merkeagoa izango zelako Getaria baserriaren sagastitik, Yurritaren lursailetatik, Merquelin, Telleria baserriaren aurretik, Etxeberria, Sandiusterry eta Chanchinatik barrena, Irundarreneatik Urnieta aldera atereaz. Aldaketa honekin, Juan Agustin Lekunberriren Benuzero baserria bakarrik bota beharko zen, eta Santa Kutz Gurutzetokia eta aldameneko serora-etxea. Tokian bertan aztertu ostean, arkitekoek amore eman zuten hain bistakoa zen arrazoiaren aurrean. Honenbestez. 1768ko urriaren 19an, aipaturiko etxeak erautsi eta elizatxo berria zertxobait beherago, Leokako iturriaren aldamenean (egun Santa Kutz elizatxoa dagoen lekua) egin ondoren, soberan geratzen zen harria, bide berria egiteko probintziari ematea erabaki zen. Beraz, Hernanik Benuzero etxea erosi eta 3.000 erreal inbertituko zituen otoitz-leku berria eraikitzen, probintziak konpentsazio gisa 7.000 erreal eman zizkiolarik[89].

      Errege Bidearen gastuak ordaindu ahal izateko, 1780. urtean Probintziak sei hesi edo kate ipintzea erabaki zuen (hortik dator Gipuzkoako zenbait leku eta baserritan hain arrunta den Katea toponimoa) eta hor pertsona eta merkantzien zerga-bidea kobratuko zen.

 

 

DONOSTIARAKO BIDEA

 

      Donostiarako bidea harresietatik irteten zen Agustindarren komentu ondotik eta Ekogor baserria eta Oriamendi Benta aldera bideratzen zen zuzen-zuzen. Elgoibarren 1570eko apirilaren 30ean eginiko Batzar Nagusiek, Hernanik Oriamendirako sarbidea konpondu beharko zuela erabaki zuten, eta, bide batez, Ariçolako tarteunea Urnietarako bidean[90].

      Gerora, 1712an egin ziren bide hau zabaltzeko lanak, Oriamendiko ermitaraino, Bidaurreta baserria baino gorago mugatzen zuen “harkaitza apurtuz”. Honela, 2,5 metrotako zabalera izatea erdietsi zen. Momenturako, harriz konpondu eta oholtzar batzuk ipini ziren zeharka, gorputz gehiago ematearren[91].

      Hala ere, jakina, Donostiari Errege Bidera sarbide zuzena izatea interesatzen zitzaion. Helburu horrekin, 1765 eta 1776an Hernanirako bidea konpontzeari ekin zitzaion, gurdi eta orgatxoak ibili ahal izateko; horretaz, arestian aipaturiko Francisco de Ibero eta M.A. Artuzaminos arduratuko ziren, eta bi herrien artean ordainduko zituzten gastuak[92]. Agidanez, Hernani eta Donostia arteko bidearen zainketa onaren kezka aspalditik zetorren. Izan ere, 1696 datarekin badugu langile bati, galtzada honen zainketarako, zortzi urtetarako eginiko kontratua, bere lana bermatuko zuten fidatzaileak jartzera ere behartzen zelarik[93].

      Antzinako nekazaritzako gurdiek harrizko bideetan eragiten zituzten kalte handiak ekiditeko, agindu bat atera zen, hiru hazbete baino gutxiagoko hagunak erabiltzea galaraziz. Istilu bat baino gehiago sortu zen beren lursailetara joateko, araudiari men egin gabe, Errege Bidea beren gurdi zaharrekin zeharkatzen zuten biztanle haiekin[94].

      Hernanitik Ereñotzurako bidea 1880 eta 1882a bitartean eraiki zen, eta 1903 eta 1904a artean hemendik Nafarroako mugarainokoa. Azkenik, 1912an egin zen egungo Latsunbe auzora doana.

 

 

PORTUA

 

      Lurreko bideak aipatu ostean, ezinbestekoa da ibai-bideak aipatzea, izan ere, ez zen alferrik izan Hernaniko portua hainbat belaunalditan pertsona eta merkantzien sar eta aterabide nagusia.

      Honi buruz honela idatzi zuen 1625ean Lope Martinez de Isasti historialariak[95]:

 

      “Bada Hernaniko herriaren barrunbean herritik legoa laurden batera Portua izena duen etxe bat. Urumea ibaiaren ondoan dago eta hortik zehar bideratzen da mendietako egurra Donostiara eta bertako ontzigindegietara, burdina, galeretako arraun eta haga bilduak egiteko gaiak, marmolezko harlandu mokorrak eta beste zenbait gauza ere bai. Hortik garraiatzen dira ibaian behera, etxe horretako jaunak dituen hiru belaontzitan guztiak, herriari bi urtez behin errenta bat ordainduz. Badira hiru zeharrola pertsona partikularren jabetzakoak eta mendi sail eta txaradi handiak bi legoa eta erdiren barne, hauetarik, Nafarroa aldera, Donostiaren eskumeneko diren legoa eta erdi; hauen emaitzak banatzerakoan Oriamendiko leku jakin batean biltzen dira elkarrekin. Berriro Franko (askea, irekia) izeneko errota bat eraiki du herriak; eta hiru hodiko iturria dauka herriz kanpoko hegal batean edateko aski ona den ura duelarik, eta agortzen ez den harraska bat bertan”.

 

      Baina gure historialari lezotarrak ez zekiena zera da, urte batzuk lehenago, 1562an hain zuzen ere, uholde batek portuan karga-deskargara xedaturiko lurrak urperatu zituela. Arazoa konpontzeko, herriak Pocopandegiko lurrak erosi behar izan zituen[96].

      Murgia oinetxeko jaunak, Astigarragan, errege-baimena zuen Urumea ibaian gurguila bidez arrantzatzeko, eta errentan ematen zuen irabazi batzuk lortzeko. Baina, jakina, gurguilek —hauek sare-tranpak ziren ibaiaren ibilguan sartutako makina batzuetan zintzilikatuta— ontzien zirkulazioa eragozten zuten (gabarrak eta merkantzia garraiatzeko txanbergak batez ere). Kexurik zaratatsuenetako bat 1577an izan zen, Hernaniko txanberga eta gizon, eta Urumea ibarreko jende guztia Batzar Nagusietara abiatu zenean, Urumea ibaia zuela urte batez ibai publikoa, librea eta nabigagarria izanik, Murgia jaunaren maizterrek alderik alde arrantzurako hartzen zutela salatuz[97].

      Urte batzuk igarotakoan, 1588ko San Nikolas egunaren bezperan, hain zuzen ere, Joan de Ariztegui izeneko garraiolari petoa urperatu zen bere txanberga burdinez eta beste merkantziez beteta garraiatzen ari zenean, Felipe de Murgia jaunaren gurguilen erruz[98]. Hurrengo urteko apirilaren 24an Batzar Nagusiek Errenterian eginiko bilkuran, txanbergalaria minduta kexatu zen eta ikuskari bat bidaltzeko eskatu zuen gertatutakoa ikertzera.

      Eta 1779an Hernaniko alkateak gabarrari bat atzeman zuen Astigarragako lurretan, Hernaniko lurretan egurra lapurtu eta Donostiarantz zeramala, eta horixe izango zen bi herriak aurrez aurre jarriko zituen afera; nolanahi ere, Astigarragaren ustez Hernaniko agintariak bere funtzioetan neurria gainditu zuen, besteren jurisdikzioan zuzenbidea erabiltzerakoan[99].

      Zuaznabarren arabera, 1831ean oraino:

 

      “Badago lonja etxe bat ere Portua aurkitzen den errebal horretan, eta hortik bideratzen dira ibaibidez Donostiara burdina, egurra, arraunak, zura eta beste, gabarrak deitu zabalak bezain luze diren ontzietan”[100].

 

      Azken bitxikeria bat bezala esango dugu, gure ikerlanetan behin baino gehiagotan aurkitu ditugula Puerto de Hernani edo Puerto Hernani deitura zuten pertsonak. Hori da, esaterako, Pedro Saez de Puerto Hernani (1556-1606) ore, Astigarragaren ustez Hernaniko, benefiziodun eta bere herriko unibertsitateko katedraduna.

 

 

ZUBIAK

 

      Bideei buruz aritu garenean, aurreratu dugu Hernanin Urumea ibai gainean eraikitako zubiekiko zerbait. Aipamen haiek beste datu historiko interesgarri batzuekin osatu eta hornituko ditugu.

      Hara, 1569an, Ergobiko zurezko zubia goitik behera etorri zen, eta Probintziak beste berri batez lehenbailehen ordezteko eta herri auzokideek bakoitza berea ordaintzeko agindu zuen. Halaber, Ançiolako errekan beste harrizko zubi bat eraikitzeko agindua ematen zaio Hernaniri[101]. Honetan, 1570eko azaroaren 15ean oraino amaitu gabe zegoenez, Gipuzkoako erakundeak ordezkari bat izendatu zuen, lana bukatzeko behar zen langileria kontratatzeko, guztiaren kostua zubia egiteko agindua zuten herriek ordainduko zutela jakinaraziz (Donostia eta Murgia-Astigarraga)[102].

      Probintziako junteroek, 1572ko apirilaren 23an, Hernani estutzen dute Latsunbeko errekaren igarobidea erraztuko duen harrizko zubia egin dezan, San Agustin monastegiaren atzealdean, Donostiarako bidean[103].

      Eta 1587an txalupa-zain bat jartzea erabaki zen “Ergoibia” izeneko lekuan, horretarako Hernaniko alkateak egokia deritzon pertsona bat izendatuko zuelarik. Txartelaren prezioa 4 marabedikoa izango da pertsona bakoitzeko eta koartilo bat zamabere bakoitzeko. Astigarragako alkatearen esanetan zubia bere jurisdikzioari dagokio bi aldetan, baina Batzarrak atzera bota zuen protesta[104].

 

Karabeleko zubia.

 

      Gaur egun Ergobin ezagutzen dugun harrizko zubia 1729 eta 1733. urte bitartean eraiki zuen Legorretako Francisco de Hugarte maisuak, eta Probintziak subentzionaturiko 117.339 zilarrezko erreal kosta zen[105].

      Carabele edo Karabeleko zubiari dagokionean, jakin badakigu 1558an Juan Lopez de Izaguirre arotzak erabat zurezkoa egin zuela. Luzeran 25 metro zituen eta bi zabaleran, Urumearen hondoan erdi-erdian sartutako euskarri bakar batekin[106]. Uholde batzuk aurrean hartu eta eraman zuten, horietariko bat 1636an gertatu zen, 1805ean harrizko egin zen arte, Pedro Manuel de Ugartemendia arkitekto handiaren diseinu eta proiektuaren arabera (urte batzuk beranduago Donostiako Konstituzio plaza egingo zuenak berak). Konponketa garrantzitsuak eskatzen zituen 1877an eta ] 890ean zabaldu egin zen[107].

      Ereñotzuko zubia ere gatazkagai izan zen, bertatik burdinoletatik edo burdinoletara xedaturiko merkantzia ugari igarotzearen ondorioz; honetan, 1578an Donostiari eta Hernaniri konpontzeko agindua ematen zaienean, hauek ez dira atzean geratzen eta Urumeako olagizonei agintzen diete gastuari aurre egiteko. Batzorde Nagusiak gogora ekartzen du derrigorrezko elizkizunetara etortzeko Hernaniko eliztarrek zubitik igaro beharra dutela, eta ondorioz, konponketa modu honetan ordaintzea erabakitzen du: laurden bat Donostiako hiriak eta gainontzekoa zati berdinetan Hernaniko herria eta burdinoletako maizterren artean. Donostia eta Hernani auzitan sartu ziren epai honen aurka.

      Ibaiak kalte handiak eragin zizkion zubiari 1592an, eta berriro obraren erantzukizunari buruzko gatazka sortu zen, bi herriek, hiru burdinolek ateratzen dutela onurarik handiena uste baitute[108].

 

 

GARRAIOAK ETA KOMUNIKAZIOAK

 

      Azken urteotan komunikazioetan eman den urrats handi hau gertatu arte, oso pertsonaia estimatua eta beharrezkoa zen mandataria probintziako herri eta txoko guztietan. Garraioa maila apalean egiten zuten profesionalek (gutun edo mandatu) oinez egiten edo zaldiak erabiltzen zituztenen artean bereizten ziren. Hara, esaterako, 1569ko azaroaren 24an, Hernanik 7 dukat jaso zituen gure probintziatik Gortera mezu batekin igorri zen “oinezko posta” batengatik[109].

      Ibilbidea zaldiz egiten zutenen artean, batzuk beren bitarteko propioak zituzten eta beste batzuk aldiz, posta ofizialak hartzen zituzten, hots, ezarritako zerbitzua zen, eta gehiegikeriarik ez izateko tarifak gobernuak arautzen zituen. Hornidurako prezioak asko igo zirela eta, Burgos eta Irun arteko ibilbidea egiten zuten posta-maisuek, 1569an zaldi eta legoa bakoitzeko bi errealetara tarifa igotzea eskatu zuten[110].

 

Tranbia eleklrikoaren azken bidaia. 1958ko otsaila.

 

      Liburuaren amaierako gehigarri batean Hernaniko posta XVIII. mendean izenburupean, azalduko ditugu 1741ean indarrean zeuden posta ofizialeko tarifak[111]. Hara igorriko dugu irakurlea Urnietako Joseph Antonio de Barandiaran jaunari 1751n Tolosa, Urnieta eta Oiartzun arteko atzerriko postaren bideraketarako eginiko emakidaren xehetasunak ezagutzeko[112].

      Hernanik ez zuen posta-trukerik, aitzitik, Urnieta eta Oiartzun ziren honetarako ezarritako puntuak. Hara, 1751n Urnietako Joseph Antonio de Barandiaran jaunari, atzerrirako postaren bideraketa eman zitzaion Tolosa, Urnieta eta Oiartzun artean lau urtez egiteko. Hona kontratuaren baldintzarik garrantzitsuenak: Hara, 1850ean arratsaldeko 3etan iristen zen posta Tolosara eta goizeko ordubietan irteten zen berriro Tolosarantz (aitortu behar da arrunt goiztiarra zela gure postaria)[113].

      Joan den mendearen erdialdera hasten dira garraioetan zaldi-kotxeak nagusitzen. Gure artean, Joakin Otamendi Etxeberria izan zen honetan aitzindari, bera baitzen 1858an, Hernani eta Donostia arteko zaldi-kotxezko zerbitzu erregularraren buru. Baina 1872an bere auzokide Jose Maria Bidaurreta Lasartek beste eguneroko linea bat jarri zuen, eta azkenean, biek bat egin beharrean aurkitu ziren, batek jaten zuen lekuan bik jateko ez zegoelako. Bidaurretak ordainetan 6.000 erreal, hau da 1.500 pezeta, emango dizkio Otamendiri honek zituen bezeroengatik. Bakoitzak kotxe bat eta hiru zaldi jarriko ditu bere aldetik, eta galerak nahiz irabaziak erdira banatuko dituzte. Otamendik elkartea uztea erabakiko balu, 4.000 erreal edo 1.000 pezeta itzuli beharko dizkio Bidaurretari, aitzitik Bidaurretak alde egiten badu, kito-kito geratuko dira. Bietariko bat hilko balitz, ondasunak tasatu eta erdia alarguntsari emango zaio[114].

      Urte askotan hutsean geraturiko proiektu eta eztabaida ugariren ondoren, 1857an, Goierri eta Bidasoa arteko trenbidea egitea erabaki zen. Inbertsioaren zenbatekoa ikusita, Probintziak laguntza eskatu zien bere seme-alaba guztiei, baita Ameriketara joandakoei ere. Erantzun aparta jaso zen guztien aldetik, hain aparta izan ere ezen 1858ko ekainaren 22an lanen inaugurazioa egin baitzen handikiro.

      Eta 1864ko abuztuaren 15ean, Erregea bertan zela, Paris eta Madril arteko trenbidea funtzionamenduan jartzea ospatu zen. Urte batzuk beranduago, hau da, 1899an linea elektrikoa zen eta bide bikoitza 1911z geroztik. Hernanik “hirugarren” mailako geltoki eta geralekua zituen, eta harrotasunez esaten zen trenek “3 minututan egiten zutela Hernani eta Donostiara arteko ibilbidea” (sic).

      “Donostia-Hernani tren elektrikoa” delako tranbia ezaguna, 1902an jarri zen martxan izugarrizko arrakastarekin; izan ere, Hernani, Astigarraga, Martutene eta Loiolako biztanleek egunero Donostiara beren produktuak saltzera edo hirira lanera etortzeko aukera zuten, eta Donostiakoek aldiz, Urumea ibarreko sagardotegi eta gainerakoez gozatzekoa. Donostian Peñaflorida kaletik irten eta Hernaniko Plaza Berriraino heltzen zen. “Tren elektriko” zahar honek, 1958ko otsailaren 28an egin zuen bere azken ibilbidea.

      Hernaniko postetxea Donostiakoaren menpe zegoen eta “eguneroko zerbitzua” zuen. Telefonoari zegokionez, 1909an ireki zen Diputazioak instalaturiko jendearentzako lehen linea, berea baitzen jabegoa. Laster hasi ziren abonatuak beren etxeetan aparatua ipintzen: abonuak finkoak edota denboraldi batekoak izan zitezkeen (udarako bakarrik, esaterako). Hara, 1916an 1.800 abonatu zeuden probintzia guztian, eta horietariko 43 ziren Hernanikoak.

 

 

 

 

[80] MUGICA, Serapio, Op.cit., 42. or.

[81] H.U.A. D/5/2/3.

[82] DIEZ DE SALAZAR FERNÁNDEZ, L.M., AYERBE IRIBAR, M R. Op.cit., I. alea, 335, 454. or.

[83] Ibidem. I. alea, 505, 528. or.

[84] Ibidem. IV. alea, 96 eta 169. or.

[85] Ibidem, III. alea, 468. or.

[86] Ibidem. V. alea, 33. or.

[87] Ibidem. IX. alea, 112. or.

[88] ASTIAZARAIN ACHABAL, Maria Isabel. La construcción de los Caminos Reales de Gipuzkoa en el Siglo XVIII. Gipuzkoako Foru Aldundia. Donostia. 1995, 225. or.

[89] O.A.P. III. atala, 1.372. leg., 372. or.

[90] DIEZ DE SALAZAR FERNÁNDEZ. L.M., AYERBE IRIBAR, M.R., Op.cit. V. alea, 111. or.

[91] O.A.P. III. atala. 1.327. leg., 70. or.

[92] ASTIAZARAIN ACHABAL, Maria Isabel. Op.cit., 401. or.

[93] O.A.P. III. atala, 1.273. leg., 134. or.

[94] H.U.A. A/1/15, 103. or.

[95] MARTINEZ DE ISASTI. Lope. Op.cit., 527. or.

[96] H.U.A. C/5/IV/3/1.

[97] DIEZ DE SALAZAR FERNÁNDEZ, L.M., AYERBE IRIBAR, . Op.cit., VI. alea, 422. or.

[98] Ibidem. X. Alea, 422. or.

[99] H.U.A. C/5/1/6/10.

[100] J.V. Op.cit. 466. or.

[101] DIEZ DE SALAZAR FERNÁNDEZ, L.M., AYERBE IRIBAR, M.R., Op.cit. V. alea, 72. or.

[102] Ibidem. V. alea, 149. or.

[103] Ibidem. V. alea, 348. or.

[104] Ibidem. X. alea, 50. or.

[105] O.A.P. III. atala. 1.340. leg, 316. fol.

[106] O.A.P. III. alala, 915. leg, 78. fol.

[107] H.U.A. D/5/1/2.

[108] DIEZ DE SALAZAR FERNÁNDEZ, L.M., AYF.RBE IRIBAR, M.R., Op.cit. VII. alea, 38, 52, 233, 389. or.: XI. alea, 85, 395. or.

[109] Ibidem, V. alea, 77. or.

[110] O.A.P. III. atala, 986. leg. 76 fol.

[111] RODRÍGUEZ CAMPOMARES, Pedro. Itinerario de las Carreras de Posta. Imprenta Antonio Perez de Soto. Madril, 1741, 67. or. Garraio, Turismo eta Komunikazioctarako Ministeritzaren faszimil-edizioa. Madril, 1968.

[112] O.A.P. III. atala, 1.622. leg. 15. fol.

[113] MADOZ, Pascual. Diccionario Geográfico Estadístico Histórico de España y sus posesiones de ultramar (1850). Biblioteca Santa Ana berrargitalpena. Almendralejo, 1990. IX. alea, 178. or.

[114] O.A.P. III. atala. 3.299. leg., 291. fol.

 

 ADOSTASUN ETA DESAKORDIOAK | BIDEAK, GARRAIOAK ETA KOMUNIKABIDEAK | MENS SANA...