Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Hernani eta hernaniarrak
Antxon Agirre Sorondo, 1997

 

“ERRIA-NI”

 

      Hernani hitzak edo izenak guztiz desberdinak diren —eta maiz irudiraenezko— interpretazio etimologikoak izan ditu. Hala, iragan mendeko Zuaznabar kronistak arazoaren barnera sartu nahirik, zera dio, “Ernani” izenak honako sustrai hauetariko bat izan zezakeen: lehena, “erria-ni” erre edo kiskalia izan naiz, hainbat sute jasandako herria izanik, edota “erria-ni” (herria naiz ni). Azkeneko interpretazio honek badu itxura, onargarria izatez aparte iradokizun handikoa ere badelako, baina zail gertatzen zaigu zein zen erakunde honen nortasuna garai batean “herri” izateko eskubidea galdatzen zuelarik.

      Autore berak beste irtenbide bat ere proposatzen du “ernia-ni” (adi edo eme dagoenaren ideia) Urumea ibarraren gainean kokatzen denez. Eta laugarrena, berriz, beti ere Zuaznabarrek dioenez, “er(ra)na-ni” malda zutaren gaineko zabalunea gaintxo batean kokaturik dagoenaren ideia erakusten du[22]. Modrobejo genealogistak, bestetik, “Hernani” deiturak sutan den gaintxoa esan nahi omen[23].

      Nolanahi delarik ere, inork eztabaidatzen ez duena zera da, Hernani izena mundu guztian hain sonatua den Victor Hugoren dramari loturik dagoela. Aldi batean Madrilen bizi ondoan, Jose Napoleonen armadako ofiziale baitzen bere aita, 1912an Victor, hamar urteko mutikoa orduan, ama eta anaiarekin batera Frantziara itzuleran beren diligentzia Hernanin gelditu eta egonaldi bat bertan egin zuten. Zer ikusi, sentitu edo susmatu ote zuen idazle izango zen hark handik urteetara bere antzezlan bateko pertsonaia nagusiari Hernani izena emateko? Esan behar da 27 urte zituela idatzi zuela eta soilki zortzi egunetan. Parisen estreinatu zen 1829an. Obra hau izan zen frantses antzerki erromantikoari sorrera eman ziona, literaturako historian eskandalurik handienetakoari bide eman zion leherkaria, “Hernaniko gudua”[24] izenez historiara pasa den antzezlana izateraino.

 

1906ko pergamuaren xehetasuna herriko armei eta armarriari buruzkoa.

 

      Bere armarria da gure herriaren identifikaziorako bigarren ikurra. Hernaniko armarriaren deskribapenik zaharrena Lope Martinez de Isasti historiagileari zor diogu[25].

 

      “Ezaugarri inperialak daramatza arranoaren azpian, eta bereziki armarri berdea eta zilarrezko gaztelu bat ate eta leiho urdinez horniturik, eta urrezko bi lehoi arrapalan eta jarrera zutian, eta zilarrezko laukitxoz osatua”.

 

      Koroaren armarriei buruzko errege zen Luis Rubio Gaugak 1906ko pergamino baten gainean egin zuen txostena, gaur egun alkatetzan markoan sarturik kontserbatzen dena, herriko armarriari buruz.

      Bestetik, Serapio Mujikak aski soilik deskribatzen du zer eta nola den gure armarria[26].

 

      “Esparru berdean zilarrezko gaztelua, arrapalan dauden bi lehoiren artean sostengaturik”.

 

      Hala-hala, 1991ko otsailaren 28ko Batzar Osokoan Udalak aurreko armarriari buruzko aldaketa zenbait onartuz gisa honetan gelditu da:

 

      “Esparru berdean, zilarrezko gaztelua eta albo bietan urrezko lehoi bana arrapalan”.

 

      Gainera, 1997an irizpide teknikoagoa jarraiki, koloreak finkatzeko erabakia hartu da, eta beraz, hemendik aurrera metalak urre eta zilarrean joango dira eta esmalteak Pantone 355-C berdean.

      Hernaniko herriari buruzko lehen deskribapenetariko bat, ez da harritzekoa, Lope Martinez de Isasti lezoarrari zor diogu, zeinak bere Compendio historial de M.N. y M.L. Provincia de Guipúzcoa 1625eko obran zera baitio[27]:

 

      “Donostiatik eta errepidea jarraiki, legoa nagusi batera kokatzen da Hernaniko herria: oso antzinakoa da (...) harresiz inguratua, bost portale ditu; berrebun bizilagun dauzka: San Joan Bataiatzailearen izenpean dago eliza, erret zaindaritzakoa da, duela hamar urte bertatik iragan zelarik Felipe III.a erregeak egin zion emaitza, gaurdainokoa dena, eta uste dudanez beste hamar urtetan ere berekin izango duena. Bikario bat eta hiru laguntzaile ditu; eliza ez dago oraino amaiturik”.

 

      Gainera, beste zehazpenik ere egiten du Lope Isastik. Hernaniko jauretxeak aipatzen ditu (ez Lasartekoak nahiz eta garai horretan Hernaniren baitan egon hau)[28]: Altzega etxea, Pedro Idiakez jaunarena, elizan aulki nagusia eta hilobia zituena, Ereinozu, Epela, Altzega, Orkolaga, Erratzu, Sagastiaga, Portuzabal, Aierdi, Oarritz, Buskando (hemen izan zuen egoitza Felipe III. erregeak), Arrigoain, Etxerreaga, Lopotsa, Eguzkitza eta Marieluts.

      Domingo de Lizasok, bestalde, zera zioen, nahiz eta 1649an Azpeitian jaioa zen, Altzega oinetxe eta jauregia —oinaztarren alderdiko ahaide nagusiena zela gorago ikusia dugunez— eta Hernani bera baino ere aurreagokoa zela, esan behar delarik plaza nagusia eta San Joan Bataiatzailearen parrokia jauregi honen babespean eta hurbilean eraiki zirela. Gipuzkoar historiagilearen garaietan ez zen aztarnarik ere gelditzen zeren eta Henrike IV. erregearen aginduz 1457an erauzia izan baitzen[29].

 

Hernaniko armarria.

 

      Egia, ordea, Hernaniko herriaren hiri-egiturak Erdi Aroko hiribildu ororen hiru ezaugarri klasikoak berekin zituen. Renourd tratadistak garbiro ematen ditu: harresiz inguratua izatea, agintarien egoitza izan zedila eta ofizioko eta beste jarduera osagarridun populazioaren babesleku izatea.

      Garai batean mendixka baten gainean kokaturik zegoen Hernani hirigunea, ibar baten bihotzean kokaturik. Oin laukiduna gure probintziako herririk gehienak bezalaxe, eta erromatar Berant Inperioko jokabideak jarraituz, Julio Caro Barojak erakusten zuenez. Luzeran 44 m. zituen eta eki-mendebaldera orientaturik zegoen, hots, eguzkiaren ibilbideari jarraiki eta ipar haizeetatik babesturik; jarrera hau horrela izan zen nola Erdi Aroko hiribilduetan hala prehistoriako trikuharrietan, antzinako kristau elizetan edo Goiz Erdi Aroko hilobietan.

 

Hernaniko plano honek 1838ko gotorlekuaren berri ematen du.

 

      Hernani, gotorleku zenez, harresiz inguraturik eta alde guztietatik ongi babestua zen, nahiz eta delako Zuaznabar horrek zera esaten duen, jadanik 1831n irekia zegoela “Santa Barbara mendi aldetik”. Garai horretan lau errebal zituen, hauetariko bat Berria deitu plaza eder batek bereizten zuelarik eta bi portale hirigunera sartzeko; bigarren errebala, beste muturrean, udaletxe ondokoa “Madrileko bidean”; hirugarrena honen paralelo eta aski hurbil ekialdetik herri guztiaren luzera zuena, eta laugarrena aurrekoaren azpian, herriaren oinetan eta Urumea bazterrean, Portuba edo Portua deitu parajean[30].

      Aipaturiko Plaza Berriak, 1695ean, 15 m. inguru neurtzen zituen luzeran eta 10 zabaleran Martin de Unanue herritar bati udalak idatzitako txosten batean esaten denez. Martin hau, “Oarritz etxeko Lotura eta Maiorazkoa” berekin zuena, plazari lurra kenduz baratzea handitu egin zuela eta, salatua izan zen. Adituek neurketak egin eta mugarri berriak ezarri zituzten plazan, ziurtatuz honek 36 ukondo harresia eta Martin Aierdiren etxearen arteko zabaleran eta 25 3/4 harresia eta Juan Aristegi kapitainaren etxearen artekoa, berriz[31].

      Erdi Aroan zehar, ia etxe guztiak zurezkoak ziren gurean, arteko horma edo karkaba koxkor bat bereizgarri zutelarik. Sute-k, beraz, beldurgarriak izan ohi ziren. Neurriak, aldiz, 12 m. gibelera eta 8 zabalean. Horregatik, harresi barneko Hernaniko herriak 215 bat etxe ingururentzako kabiera zuen. Hasieran, bi oineko eraikuntzak ziren, bata zerbitzuak eta sukaldeak okupatzen zuena, eta goikoa familiaren bizitegia zena, baina denboraren joanean eta demografiak gora egin ahala, altxaerak gehitzen joan ziren[32].

      Sukaldean egin ohi zen familiaren elkarbizitza. Sutondoa, orduan, erdian izan ohi zuten eta nahiz altzariak nahiz sukalde tresnak zurezkoak ziren. Xardeak oraino ez zuen sukaldean existitzen eta soilki gizonezko helduek zeukaten beren labana. Familia ugaria eta bizitegiaren esturak dena elkarrekin konpartitzera eragin ohi zuen, oheak barne. Kanporako leihoak, aski txikiak ziren hotzaren eraginpetik babestuko baziren, eta beraz, argi askorik pasatzen uzten ez zutenak, zeren eta kristala ugaldu zen arte ate-leiho zurezkoez baliatu behar izaten baitzuten, nahiz eta jauregi eta dorretxeetan argizaridun oihalak erabili ohi ziren.

      Garai hartako hernaniarren dietan eltzekariak ziren nagusi (dilistak eta babak batik bat) eta barazkiak, hala nola aza, letxu eta porruak; sagarra zen frutarik ezagunena eta horrekin egin ohi zen sagardoa edaritzat. Ardoa beti ere aberats edo dirudunen zerbait zen. Nahikoa eskueran izan ohi zen arraina, eta txerrikia edo hegaztikia zen haragi erabiliena, ehiza edo artzaintzako produktuekin konbinatuz. Zerriaren koipea erabili ohi zen gehienbat sukaldaritzan, zeren eta egun handietako elementua baitzen olio “eztia” edo oliba-olioa. Familia bakoitzak egin ohi zuen bere ogia gari, artaxehe eta garagar irina nahasiz, hauek aurrez errotan eiho ondoan.

      Erdi Aroko gizartearen hierarkia-egitura gure kaleetan nabarmentzen zen ongien, non jendaurrean ageri baitzen biztanle bakoitzaren gizarte-maila. Jantzia zen lehenik nabarien zena, merkataritzari esker inon diren jankera eta ehun-mota guztietarik bazen eta. Artileaz baliaturik oihala egiten zen, gaur egungo oihalaren antzeko zena, eta bestalde, linuaz baliatzen ziren —ohikoa zen baserri bakoitzean linua erein eta etxean ehuna egitea— barneko jantziak egiteko. Jantzi hauen gainetik lodiagoak erabili ohi zituzten (jipoia eta prakak gizonezkoak eta gerruntze eta gona emakumezkoak), jostura bakarreko soingainekoa gizonezkoak eta soinekoa eta gonatxoa emakumezkoak. Zapatak ziren noblezia, goi-mailako apezak eta jaunxoen gizarte-bereizgarria, jende arrunta oinutsik edo landu gabeko larruz etxean eginiko oinetakoekin ibiltzen zelarik. Erbesteko jende guztia harritzen zen gure etxekoandreen daukak ikusita, zeintzuk ehunezko armazoi baten gainean formarik nabarmenenak izan ohi zituzten eta eskualde bakoitzak berea, baina 1570eko apirilaren 18an emandako Erret Agindu batek debekatu egin zituen desegokitzat emanik (irakurle interesatuak kontsulta lezake dokumentu hau Hernaniko Udal Artxiboan)[33].

 

Udaletxean izandako leherketa 1875eko irailaren 16an.

 

 

 

 

[22] J.V. Op.cit., 465. or.

[23] MODROBEJO, Endika dc. Diccionario etimológico de apellidos vascos. Bilbo, 1987.

[24] BAEZA, Ricardo. La Batalla de Hernani. Pradoko liburutegia. Mexiko, 1985.

[25] MARTINEZ DE ISASTI, Lope. Compendio Historial de la M.N. y M.L. Provincia de Guipúzcoa. “La Gran Enciclopedia Vasca”ren berrargitalpena. Bilbo, 1972, 527. or.

[26] MUGICA, Serapio. Op.cit., 763. or.

[27] MARTINEZ DE ISASTI, Lope. Op.cit., 527. or.

[28] Ibidem., 98. or.

[29] LIZASO. Domingo de. Nobiliario de palacios, casa solares y linajes nobles de la M.N. y M.L. Provincia de Guipúzcoa. Gipuzkoako Diputazio Probintziala. Donostia, 1901, 120. or.

[30] J.V. Op.cit., 465. or. eta hurr.

[31] Oñatiko Protokolo Artxiboa (O.P.A.). III. atala. 1.272. leg., 269. fol.

[32] ARIZAGA BOLUMBURU, Beatriz. Urbanística Medieval: Guipúzcoa. Kriselu. Donostia, 1990. 61. or. eta hurr.

[33] H.U.A. E/2/1/2.