Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Hernani eta hernaniarrak
Antxon Agirre Sorondo, 1997
 INGURUNE NATURALA | HERNANI GIPUZKOAREN BARNE | “ERRIA-NI” 

 

HERNANI GIPUZKOAREN BARNE

 

      Historiaren jatorria soilki kondaira biblikoaren arabera deskribatu ohi zenean. garai bateko kronistek Uholde Unibertsala hartzen zuten zibilizazio ororen abiapuntu. Gisa horretan sortuak dira Noeren ondorengoek mundua birpopulatu zutelako istorioa, eta haren bilobetariko bat, Tubal, Jafeten semea, izan zela gurera bere familiarekin Pirinio aldera etorri zena. Kondaira mitikoaren arabera, hori Uholdea gertatu zenetik eta 143. urtera jazo zen, Kristo aurreko 2174 urtean hain zuzen. Horrela bada, euskaldunok tubaldarrak zer nolabait[9].

      Mitoak albora, lurralde honetan bizi ziren herrialdeei buruzko lehen aipamena K.o. 400 urtearen inguru idatzitako obra batean azaltzen zaigu eta K.a. VI. mendeko espedizio bati dagokio. Hor aipatzen dira lehenbizikoz “baskoiak” Anibalen gudarostean partaide zirenak Trasimeno eta Canasko guduetan, eta Mario enperadoreari buruzko Plutarkoren obran, enperadoreak, esaten baita, goardia pertsonalaren artean “barduoiak” zituela (barduliar tribukoak, alegia)[10]. Esan dezagun, Bardulia dela lurralde honen lehenbiziko izena, gutxi asko egun Gipuzkoa dena (Deba ibairaino esan nahi da). Aski ez-ezaguna zaigu izenaren jatorria, baina antzinako gure tribu haietariko bat barduliar (barduoi, barduetai, bardulloi...) izenez ezagutzen dugu. Ekialdera (Nafarroa bilakatuko zen horretan) kokatzen ziren baskoiak, mendebaldera, Bizkaia eta haraindi, karistiarrak eta autrigoiak kokatzen ziren bezala.

      Dena den, 1025eko dokumentu batean azaltzen zaigu lehenik “Ipuscua” eta 1181ean “Gipuscua”. Izen honek ulerkuntza bitxi eta desberdinak ekarri ditu berekin: hasi “guc-pusca” etimologia baldar honetatik (puskatze, zatikatze zentzua), filosofia handiagoko beste bateraino joaz, “egui-putzua” Larramendik defendatzen zuen bezala, eta “ipukoa”, ertzean edo bazterrean aurkitzen dena esan nahi duelarik[11].

      Gipuzkoa lurraldea, XI. mendera arte, “unibertsitate” edo “bailara” desberdinetan artikulaturik zegoen, bizilagunen arteko batzordeek eraendurik. Gure kasuan, Donostia, Pasaia, Urnieta eta Lasartek osatzen zuten Hernaniko Unibertsitatea. Eta hara, 1180 aldera, Nafoarroarentzat itsasorako irteera segurtatzearren, Antso Jakitunak Donostia fundatu zuen XI. mende hondarretan Lizarra hornitzeko emaniko foru berdinak emanez, eta hortik asko aldendu gabe, gauza segurua da Getariari eman zitzaion estatuto beretsua eman ziola ere[12]. Nolanahi ere, garbi dago Gipuzkoako lehen fundazioak XII eta XIII. mendeen artean kokatu behar direla, Gipuzkoak Nafarroa utzi eta Gaztelara aldendu zen garaian alegia. Ez da batere erraza anexio militarra, borondatezko jokabidea edo Nafarroaren gainbehera izan zen bitarteko jakitea edo zehaztea.

      Alfontso VIII.a lehen gaztelau erregeak finkatu zituen hiribilduak gipuzkoar kostaldean zehar, itsasbidez hel zitezkeen erasoei gogor egiteko, eta jakina, erresumaren diru-iturri nagusi zen artilearen esportaziorako plataforma ziurra izatearren. Hondarribia (1203) eta Mutriku (1209), kasu biotan, aipaturiko arrazoi horiei beste honako hau beharko litzaieke gehitu: nafar arerioarekiko gaztelau jabegoaren mugak Gipuzkoan finkatzea. Bata eta bestearen artean beste hiribildu batzuk eraikitzen joan ziren geroko erregeak gipuzkoar kostaldean zehar, hala nola, Zarautz (1237) Fernando III.ak, eta Zumaia (1347) Alfontso XI.ak. Horrek, halere, ez du esan nahi hiribilduak onddoak bezala sortzen zirenik garai horretan, edo hutsetik, ez, aspaldidanik existitzen baitzuten herri bezala, baizik eta erakunde bezala izate berri bat hartzen zutela erresumaren barne.

      Bigarren etapa batean, gaztelau estrategiak barneko herrietan sartuko zuen bere eragina, beti ere lehentasuna meseta kostaldea eta kontinentearekin lotura zuen bidean zehar. Jokabide berri honi zor zaio honako herri multzo honen jaiotza “ofiziala”: Tolosa, Segura eta Villafranca de Oria (Ordizia) (1256), Mondragon (1260), Vergara (1268), “Monterreal de Deva” (1294), Salvatierra-Azpeitia (1310), Renteria (1320), San Martin de Iraurgui (Azkoitia) (1324), Salinas de Leniz (1331), Elgueta (1335), “Plazencia de Soraluce” (1343), “Villanueva de San Andres” (Eibar) eta “Villamayor de Marquina” (Elgoibar) (1346), Usurbil (1371), Orio (1379), Cestona eta Villarreal de Urrechua (1383). Handik eta harat sare bat bezala sortzen da bataz beste 20 kilometroko distantziarekin, garai hartan egun bateko bidea zena. Esan beharrik, bidaiari, mandazain, beilari edo soldaduek segurtaturik zutela gauaren babesa.

      Hiri-gutun bakoitzean aditzera ematen ziren eraiki zen hiribilduaren ezaugarriak (aurrez gotorleku zen edo harartean sakabanaturik bizi ziren familiak osatzen zuten hirigunea) eta zehazten ere bai populatzera eraginez beharrezko emakidak, salbuespenak eta pribilegioak. Abantaila hauen erakarpenez merkatari, artisau, apez eta laborariak hiribilduen babespera bildu ziren —hauen artean ez gaskoi gutxi, merkataritzan eta artisautzan trebezia handiko zirenez. Horiek ekarri zuten loraldi eder bat Donostia, Pasaia, Hondarribia eta agian Hernanira ere bai—, merkataritza suspertuz eta oro har, inguru guztian demografia goratuz.

      Baina... eta Hernani, noiz fundatua ote? Duela gutxi arte historiagileek dokumentu bi aipatzen zituzten toponimoaren existentziari buruzko froga gisa. Lehena, Fernan Gonzalez kondearen 939koa, non esaten baita “... de ipsa Deva usque ad Sanctum Sebastianum de Hernani, id est tota ipuscoa”. Hortik zetorren Antiguako San Sebastian parrokia, bere lurralde eta guzti, Hernaniko bailara edo unibertsitatearen osagai zelako iritzia. Bigarren agiria, aldiz, Baionako elizbarrutiaren mugak finkatzeko diploma dugu, 980. urtekoa.

      Arazoa zera da, dirudienez, testu biak apokrifoak direla. Ustezko Fernan Gonzalez kondearen hori 1200 urte ingurukoa omen. Hala eta guztiz ere interesgarria “Sanctum Sebastianum de Hernani” erreferentzia non ageri den Donostia Hernani zela edo Hernanirena. Badaiteke arrazoi hori izatea mende askotan zehar hernaniar jendea eta bertako agintariak urtero ibilaldi handiosoak egitekoa bai Urnietara eta bai Donostiako Antiguara Bazko hirugarrenean. Behar da esan, gainera, Artxiboan dokumentu ugari dagoela Lasarte Hernaniko auzo bezala aipatzen dutenak, eta berdin Urnieta nahiz Donostiarako prozesio horiei buruz, eta horrek guztiak aski garbi uzten duela garai batean Hernaniko lurralde barrunbean sartzen zirela ere.

      Alabaina, 1014koa dugu Hernaniren jatorriari dagokion lehen lekukotasuna; espreski aipatzen du eta Antso Handia nafar erregeak Leireko Salbatore monastegiari eginiko dohaintza da. Garbi esaten da Donostiako Antiguako monastegia “itsas ertzean, Hernaniko lurraldean” aurkitzen zela. Dohaintza hau 1100. urtean baietsia izan zen Esteban Garibai ospetsuak azaltzen digunez[13].

      Antso Jakitunak, bestetik, 1180an eman zion Donostiari Forua, Oria eta Bidasoa bitarteko zenbait lurralde (egun Orio, Usurbil, Zubieta, Aduna, Andoain, Urnieta, Hernani, Astigarraga, Altza, Errenteria, Pasaia, Oiartzun, Lezo, Irun eta Hondarribia direnak) bertan sartzen zirelarik. Jabego-aldaketa handia suposatu zuen horrek, eta ondorioz, Hernaniko lurraldea Donostiarena izatera pasatu zen.

      Zoritxarrez, Hernani hiribilduari buruzko hiri-gutuna galdu egin zen 1332an, ahaide nagusien arteko guduetan. Jakinik oinaztar zenbait Hernanin gorderik zirela, Beltran Yvaynes Gipuzkoako justizia nagusiak 254 gizonekin setiatu zuen herria. Defendatzaileek irailaren 8an amore eman zuten, erasotzaileek sartu eta Hernani koskor hura desegiteraino, etxe guztiak elkarren ondoan eta zurezkoak zirenez instantean kiskali zelarik[14]. Sute honek eraman zituen hiri-gutuna eta artxiboko paper guztiak, hernaniar ordezkariek 1491ko Batzar Nagusietan adierazi zutenez.

      Eta “hiribildu” gisa lehenbizikoz Donostia eta Hernaniko udabaltzek 1379ko abuztuaren 2an sinaturiko itunean aipatzen da. Urumea ibarraren erabilpenaz eta gozamenaz ari da agiria, zeina Juan I.a erregeak 1380ko urtarrilaren 28an baietsi zuen Valladolid-en[15].

      Luis Murugarren historialariak I980an argitaratu artikulu batean[16] Hernaniren jatorriari buruzko hipotesi interesgarri bat planteatu zuen: hala zioen baldin Alfonso X.ak (1252-1284) Segura eta Tolosari 1256an hiri-gutuna luzatu bazien Gasteiztik eta Donostiara Zegama eta San Adriango pasabidean barna zihoan bidean, beti ere halakoxe distantzia jakin bat gordez tartean —eta orain dator arrazoiketaren funtsezko zatia— etapa bat gelditzen zen estali gabe Donostian kostaldera jo ahal izateko, eta gainera are beharragokoa fundatu berria zen Hondarribiarekin lotura izango bazuen.

 

Foruen garapenari eta hiribilduen fundazio-prozesuari buruzko mapa.

 

      Anomalia hau aski arraroa gertatzen zen halako plangintza egokiaren baitan, eta horrek eragin zion gure historiagileari, irregulartasun hori kentzeko modu bakarra baitzen, premisa modura Hernani 1252 eta 1256 urteak bitarte Alfonso X.ak hiribildutzat eraiki zuelako ustea baieztatzeko. Eta guztiz logikoa dimdi 1256. urtean, lur barneko bidea osatu ahal izateko, Tolosa eta Segurarekin batera hirigutuna Hernaniri eman zitzaiola esatea. Hara, 1260an fundatua da Arrasate (Mondragon), eta zortzi urte geroago Villafranca (Ordizia) eta Bergara, gisa honetan probintziako komunikabide nagusienak egituraturik gelditu zirelarik. Besterik frogatzen ez den artean, euskarririk aski baduen hipotesia hartuko dugu aintzat, Hernanik 1256an Alfonso X.ak emanik hartu zuela hiri-gutuna[17].

      Ahaide nagusien arteko guduak izan ziren lekuko nabarmenak gure Erdi Aroan zehar. Gatazka odoltsu honen jatorria Gipuzkoaren jabegoari gaztelau eta nafar erregeen norgehiagokan behar da kokatu. Besteak beste, 1368an idatzi zen areriotasun honen beste orrialde bat, Nafarroako Karlos II.a, Gaztelaren ahuleziaz baliaturik, hirurehun gipuzkoarrez osaturiko armadaren buru altxa zenean, probintziaz jabetzerik izan ez bazuen ere. Baina urte horietan zinez kezkatzen hasi zen arazoa zera izan zen, hiribilduen geroz gehiagoko boterea, eta gizarte-klase berri baten gorakada leinuen ohizko pribilegioak urratzera zetorrena.

      Gogorkeria eta aginterik gabeko testuinguru hau eragile gertatu zen herri eta herrixka multzo bat elkarrengana biltzeko: soilki 1374-1392 urteak bitarte 25 herri bildu ziren Tolosaren barrunbera (Alegiatik eta Zizurkil artekoak, eta Ikaztegieta, Ibarra edo Amezketa, esaterako), eta zortzi Segurara. Halaber, hiribilduek ere elkarrengana biltzeko jokabidea hartzen dute garaiko gehiegikeriei mugak ezarriko bazizkien. Orduan sortua da Gipuzkoako Ermandadea deritzona, duela seiehun urte hain zuzen, 1397ko uztailaren 6an, Getarian 59ko lege-multzo bat gure erakunde probintzialen ernamuin izango zena onartu zelarik. Johan Martinez de Hamasa izan zen bertan Hernaniko ordezkaritzat.

      Hala-hala amaitu zen mende bat lehenago hasiera izan zuen prozesua, hain zuzen 1296ko maiatzaren 4an eraiki baitzen Santander, Laredo, Kastro Urdializ, Gasteiz, Bermeo, Getaria, Donostia eta Hondarribiaren arteko ermandadea beren artean gerta zitezkeen zenbait auzi konpontzeko eta itsasoko eta merkataritzako jarduera babesteko. Itun hau Baiona eta Miarritzera hedatu zen 1353. urtean. Dokumentu hau, gainera, Ingalaterrako erregeak Westminster-en hurrengo urtean baietsia izan zen, Akitaniaren jabegoa zuenez[18].

      Bestetik, 1325ean, gipuzkoar eta nafarrek akordio bat hartu zuten bi lurralde hauetarikoren batean hobendun gertatzen zen gaizkileak beste lurraldean errefuxiatzen bazen, mugak gaindituz hura jazartzeko baimena agintariei ematen zitzaielarik. Gainera, 1339ko otsailaren 6an Donostia, Getaria eta Mutriku kostaldeko hiribilduok Padura-Ermandadea zeritzona sinatu zuten “beste herrialdeetako jendearen” erasoei kontra eginez elkar defendatzeko[19].

      Eta hala, Henrike II.ak Gipuzkoako udalbatzek Ermandade-alkateak izenda zitzaten agindua eman zuen 1375ean lurralde guztian ahalbidea izanik harat honat “eremu eta herri eta landan barna” zebiltzan bidelapurrak jazartzeko. Agindua kunplituko bazen, Tolosan elkartu ziren ordezkariak eta Ermandadeko zazpi alkate izendatu zituzten zigor arloan ahalmen zabalak jaso zituztelarik. Hiru urte geroago, Ordezkari-Batzordeak Arrasatetik erregearen babesa eskatu zuten Oinaztar eta Ganboatar jauntxoen menpeko zirenen kontra, eta 1379an Donostiatik ordezkariok zigor larriez mehatxatu zituzten banderizo guztiak. Aurrera pauso bat leinuen boterearen kontra Ordizian Batzar Nagusiek herriari bakea ekartzearren elkar babesteko sinatu hitzarmena izan zen. Hernaniko ordezkaria ere bertan zen Tolosa, Segura, “Villafranca de Urrecua”, Bergara, Azpeitia, Eibar eta Ordiziarekin batera[20]. Azkenik, Getariako Salbatore elizako ganga ederraren azpian udal ordezkariek duela sei mende hain juxtu, dokumentu bat sinatu zuten hiribilduak elkarlotuz eta gaurdaino iraun duten loturak zigilatuz.

      Ermandadeko Ordenantzen Lehen Liburukiak, alde batetik, Gipuzkoarako “kode penal” gisako zerbait artikulatzen du eta Ermandade beraren barne-funtzionamendua erregulatzen bestetik, une horretatik eta herrialdea zazpi alkategotan banatzen delarik bakoitzak Ermandade-alkate bat buru duelarik:

 

— Segurako barrutia Villarreal (Urretxu) barne, Areria (Lazkao, Olaberria, Itsaso, Arriaran, Gabiria, Zumarraga, Ezkio, Ormaiztegi, Astigarreta eta Gudugarreta) eta Villafranca (Ordizia).

— Tolosako barrutia Aiztondo barne (Asteasu, Larraul eta Sorabilla) eta Hernani Urnietarekin.

— Donostiako barrutia Hondarribia, Oiartzun, Errenteria, Astigarraga eta Usurbil barne.

— Arrasateko barrutia Bergara, Gatzaga, Elgeta, Soraluze eta Eibar sartuz.

— Elgoibarko barrutia Mendaro, Mutriku, Deba eta Zumaia barne.

— Getariako barrutia Zestoa, Zarautz eta Orio barne.

— Azkoitiko barrutia Azpeitia eta Saiaz bertan sartuz.

 

      Ordenantza haietan, halaber, garai hartan arruntenak kontsideratu supostu penalak behatzen ziren, zeintzuk gehienetan heriotz-zigor bezala tipifikatzen zituzten nola gaizkileak hala hauen estaltzaileak, baina interesgarria den ñabardura batekin: lehen-lehenengo xedapenetatik gipuzkoarrak aitoren seme aldarrikatzen ziren, hots, nobleziaren partaide, eta hala, tortura bezalako zigor batzuetatik salbu gelditzen ziren. Alabaina, gero hurbilerako garrantzirik handiena zuen arazo bat zera izan zen, ahaide nagusien dorretxeak erauztea, esan behar delarik Getariako batzarra izan zela jauntxoen nagusigoaren amaierari buruzko hasiera.

      Dena den, XV. mendeko lehen erdian izan zuten gailurra jauntxoen arteko guduek, eta horietan Bergara, Deba eta, Arrasatek batik bat gertaera odoltsu gogorrak jasan zituzten biztanleak berak elkarren kontra ari izateraino. Bi mila gizon armatu baino gehiagok parte hartu zuen Murgiako guduan 1414an, eta kopuru berdintsua ari izan zen Arantzibiako etxea erasotzerakoan edota Berastegiko arpilatzaileek. Hara, 1448ko San Joan gauean ia bost mila banderizo gudukatu ziren Arrasaten, eta ondorioz erre eta kiskalia izan zen hiribildua, bertan Butroeko jaunaren aldekoak hil zirelarik. Tragedia honen kondairak literatura epikoaren aski orrialde eragin zuen Gipuzkoa handiki hunkituz.

      Gertaera hauek eraman zuten Ermandadea ekintzara eta handik aurrera hasi zen asaldarien etxeak erasotzeko gudarosteak antolatzen. Jokabide honek, ordea, bi alderdiak, orain elkarrengana bildurik, Ermandadearen aurka jokatzeari ekin zioten. Baina ez ziren lehengo garaiak: 1451-1457 urteak bitarte jauntxoen dorretxe eta gotorlekuak erre edo erauziak izan ziren bat banaka, salbu Olaso eta Unzueta dorretxeak, koroari eginiko zerbitzuen ordainez, seguraski.

      Esan behar da Henrike IV.a Donostiara etorri zela 1457an jokabide hori berresteko asmotan, eta 18 ahaide nagusi eta beren gudarosteek “mairuen lurraldea” izan zuten konfinatzeko leku. Hernaniko Altzega etxea ere orduan erauzia izan zen.

      Garai horretan Ordenantzak eguneratzeko bidea egin zuen Ermandadeak, eta bi urte geroago sartzen da Donostia Ermandadean. Gainera, 1463an aldarrikatu zen Koaderno Berria Zaharra ordezkatuz, eta aldi berean probintziak bere zigilua egin zuen. Harrezkero, batzarreko akta guztiek, hauek nonahi ospatzen zirelarik ere, oinean horren lorratza eramango zuten. Erdi Aroa bere azkenetan zegoen jada, ahaide nagusien botere harroa berekin eramango zuelarik.

      Delako jokabide horri esker, probintzia baketan sartu zen, eta oroitzapen hori gogoan, armarria ere ordukoa da, erregearen imdia eskuineko eskuan ezpata altxaturik eta hiru zuhaitz uraren uhinen gainean hiru zati handitan banaturik zegoela aditzera emanez. Gerora, 1513an ezarri zitzaizkion hamabi kainoiak nafarren aurkako Belaten 1512ko abenduan lorturiko garaipenaren oroigarri.

      Belateko gertaera baino aste batzuk lehentxeago, Hernani sutan kiskali zuen armada frantsesak, garai hartan Liga Santuaren aurka ari zena eta hau Aitasantutza, Venezia, Espainia eta Ingalaterrak osatzen zuten, eta Nafarroaren jabegoa zebilen jokoan. Izan ere, frantsesen laguntzaz Albako Dukearen kontrako erasoari eutsi ahal izan zioten nafarrek, harik eta uda sasoian Iruuaren aurka ari zena eta hau Aitasantutza, Venezia, Espainia eta Ingalaterrak osatzen zuten, eta Nafarroaren jabegoa zebilen jokoan. Izan emako delfina, Lautrec jenerala eta Borboi dukea buru izanik. Irun, Oiartzun, Errenteria eta Hernanitik barna sartu ziren Donostia erasotzearren 1512ko azaroaren 17an.

      Garaiko kronikek diotenez erasotzaileek 30.000 gudari bai omen Hernani arpilatzerakoan eta ondoren ez omen zen edifizio bakar bat ere zutik geratu, herriko jende guztia ingumko baserrietan babestu zelarik. Kalteak 300.000 dukatetan baloratu ziren[21].

 

 

 

 

[9] MARTINEZ DE ZALDIBIA, Juan. Suma de las cosas cantábricas y guipuzcoanas. Gipuzkoako Dipulazioa. Donostia, 1945, 9. or.

[10] ESTEBAN DELGADO. Milagros. El País Vasco atlántico en época romana. Deustuko Unibertsitatea. Donoslia, 1990, 32. or. eta hurr.

[11] BARANDIARAN, Ignacio. Guipúzcoa en la Edad Antigua. Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintziala. Donostia, 1976, 37. or.

[12] AGUIRRE SORONDO, Antxon. Getaria: Entre el mar, el cielo y la montaña. Getariako Udala. Argitaragabea.

[13] GARIBAY Y ZAMALLOA, Esteban. Los guarenta libros del compendio hislorial de las chronicas y universal historia de todos los reynos de España (1628). Gerardo Uña Argitaletxearen berrargitarapena. Leioa, 1988, III. alea, 69. or.

[14] CAMPION, Arturo. Euskariana. Algo de Historia. III. Alea. Jesus Garcia Imprimategia. Iruñea, 1915, 408. or.

[15] MUGICA, Serapio. Op.cit., 763 or.

[16] MURUGARREN ZAMORA, Luis. Carta-puebla de Hernani. Euskal Herriaren Adiskideen Elkarteko buletina. XXXVI. urtea, 1, 2, 3 eta 4 koadernoak. Donostia, 1980, 409. or.

[17] AGUIRRE SORONDO, Antxon. ¿Cuándo se fundó Hernani? “San Joan Jaiak” gehigama. El Diario Vasco, 1990eko ekainaren 22a.

[18] MARTINEZ DIEZ, Gonzalo, et al. Colección de documentos medievales de las villas guipuzcoanas (1200-1369). Gipuzkoako Foru Aldundia. Donostia, 1991, 79. or.

[19] Ibidem, 205. or.

[20] DIEZ DE SALAZAR. Luis Miguel. La Hermandad de la Tierra de Guipúzcoa de 1387. Euskal Herriaren Adiskideen Elkartearen bulelina. XXXVIII. urtea, 1, 2, 3 eta 4. koadernoak. Donostia, 1982, 101. or.

[21] H.U.A. 9/1/1/2.

 

 INGURUNE NATURALA | HERNANI GIPUZKOAREN BARNE | “ERRIA-NI”