Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003
Añoa | Ezekiel-Enea | Lizardi (Pepa-Enea)

 

Ezekiel-Enea

 

      Izatez, garai batean Etxeberri omen honek bere izena. Martindegi auzoa soilki baserriz osatua zen garietan azkena eraikitako etxea nonbait. Aitona defuntuak hala esaten zuela diote. Gero, Ezekiel izeneko beste bat bizi izan bertan eta hortik oraingo izena.

      Martindegi auzorako sarreran bidez ezkerretik eta Tabla-Enea baserriaren teilatupe berean. Etxe bezala lehengo moldeak jarraitzen, baina berritua dago. Aspaldi, duela 40 bat urte, obratu zcla dio bertako etxekoandreak. Atzean estalpe zahar bat lehen, terraza orain eta eskuinetik, berebat, terraza, luze eta estua, balkoiaren funtzioa duena.

      Joxepa Antoni nire solaskidea ezkonduta etorri zenean, senarraren gurasoak eta familia bizi ziren bertan. Hauek ezkondu zirenean, sartu zen Aiertza familia etxe honetan. Nagusiak bidali egin zuen aurreko familia San Martinetan “errenta pagatu ezina edo gustukoa ez zuelako”. Joxepa Antoni hau bertara ezkonduta gerotxo ere maizter izaten jarraitu zuten. Gogoan ditu urteko errentaren xehetasunak. Urteko 5.000,- pta dirutan, oilanda parea San Joanetan (Tolosan etxejabeak) eta kapoi parea Santo Tomasetan (13 libratik gorakoa izan behar honek). Nagusiak, aldiz, kapoiak eramatean gosaria eta bakailao eder bat eman ohi zion maizterrari.

      Aitona, Bernardo Aiertza, asteasuarra zen, Hernanira morroi etorria, eta amona Teresa Orbegozo, Astigarragan jaioa. Eta Joxe Mari, Manuel, Joxe, Bixente eta Maria Dolores seme-alabak.

      Joxe Mari etxean gurasoekin, emaztetzat Joxepa Antoni Lertxundi Mujika, Urnietako Zuloeta baserriko alaba harturik. Hiru seme-alaba izan zituzten: Maritxu, Bernardo eta Joxe. Ondo eskolatutako seme-alabak ditu, amaren gogoz eskolatuak, zeren eta amak berak eskola handirik ez eta asko sufritua baitzen. Baserri punta batekoa izatez gain, 924 urteak bitarte neskame egona, horra.

      Aita, maiorazkoa izanik baserrian ari izan zen beti. Esan beharrik, maiorazko izateak bazuela abantailarik, denborarekin etxearen eta lurren jabe egitekoa. Baina kontrakorik ere bai, aitaren senideak irabaziak (kanpoan lanean) berentzat eta etxean mantentzeko obligazioa zekarkion. Halarik ere, maizter izatetik etxearen jabe izatera pasatu ziren.

      Lauzpabost behi, zekorrak txikitan atera, esneaz baliatzeko. Aparte, lur onak eta baratze handia izaten zuten “oraingo fabrika tzar hauen lurretan”. Esnea eta barazkiekin, bada, Ergobian tranbia hartu eta Bretxako plazara. “Goizean 5:00etan jaiki ohi ginan, behiak bildu eta 6:40etako tranbia hartzeko”.

      “Otorduak esaten duzu? Babarruna urdaikiaz gozatua eguerdian. Arrain pixkaren bat (perloia, arrain gorria... merkeena) saltsan patata puska batekin afaltzeko. Amona zenak bazekien, bai, noizbehinka, kokotea egosita zopa goxoa egiten. Bestela taloa eta esnea”. Bestetik, entsalada jaten goiz ikasiak omen ziren. Amona zenak azukrearekin entsalada maneatzen zuela dio hasiera batean. Haurrak etxean izan zituen Joxepa Antonik, medikuaren laguntzarekin. Urtetan asegurua pagatu eta pentsio koxkor baten jabe da orain gure amona hau.

 

Añoa | Ezekiel-Enea | Lizardi (Pepa-Enea)