Edukira joan
Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación [eu]
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003

 

Añoa

 

      “Anoa” idatzita dator Nomenclator zerrendan (1870). Zer ote den Añoa izenaren esanahia? Lizaso familiako alaba Ana Marik zera dio, artalandareari galdorrean ateratzen zaion astaputzaren gisako punpuila beltz hori dela añoa. Dagoen dagoenean uzten dugu auzia.

      Erroilaburu deitu bidegurutzean gora jo eta bizkargune baten aurkitzen da Añoa. Handik Epele Errekara ere badago bidea, bide sastarra garai batean, gero harriztatu eta zabaldu zena, eta orain azkenik ormigoiz zoleztatua.

      Hiru bizitzako baserria, hobe hiru baserrik osatua zen Añoa Zaharra. Hauetarik bi, ezker-eskuin bide aldetik eta Astigarraga aldera hirugarrena. Duela 35 urte erre egin zen Añoa, eta gaur egitura berriko etxe bi daude, bidez azpitik, lehenaren ordainez, batean Lizaso familia eta Altzuri familia bestean bizi direlarik.

      Lehenaren pareta zaharrak ikus daitezke hein batean. Harri mota ezberdinez egina zen, agidanez. Denetarik bada hor, hargorria, tupa harria, erreka harria, kare harria, tupa eta karea nahasiz eta bata bestearen gainean ipiniz eraikia zeia nabarmen dago.

 

LIZASO Familia

      Aita, Joxe Domingo Lizaso Otamendi, izatez amezketarra, eta ama Joxepa Etxeberria Zaldibe, Astigarragako Santio-Enea baserriko alaba. Eta hona hauen seme-alabak: Joxe Domingo, Pedro Mari, Ana Mari eta Arantxa. Orain, Joxepa ama, Joxe Domingo semea eta Ana Mari alaba Joxe Antonio Galarraga bere senarrarekin bizi dira baserrian.

      Bizimodua nola? “Ahal zan bezela, dio ama Joxepak, ezkonduta zorpean jarri ginen eta, ikusi besterik”. Bi behi, handik zenbait urtera, zorrak ordaindu ahala, hirugarren behia. Funtsean, baserri koxkorra, aita lanera, jaiegunak barne, hileko 900,- pta, milara iritsi gabe, dio, hasiera batean.

      Gaur, etxean, bi behi, bost txahal, zortzi zerri eta baratzea, uda garaian batik bat.

 

ALTZURI Familia

      Etorkinak, arantzatarra familia. Aita Euxebio Altzuri Zozaia eta ama Agustina Altamira Narbarte. Seme-alabak: Maria Luisa eta Jesus. Anai-arrebak orain ezkonduta, bakoitzak bizileku bana hartuz etxe berean bizi dira. Jesus, Mari Kruz Olano Tolaretxipi, Urnietako Makinetxe baserriko alabarekin ezkonduta dago. Bi alaba izan dituzte: Gurutze eta Ainhoa. Orain gurasoak bizi dira soilik etxean.

      Baserria erosita, zorpean sarturik ziren hona etorri zirenean. Bi behi, astoa, ganadu jana sortaka askotan etxera. Aita Elektrokimikara lanera, bide zidorrean behera fabrikaraino. Erreleboan lan, baserriari ordu tarteak emateko moduan. Hala, seme-alabak eskolara joan ahal izan ziren. Jesus, hamalau urterekin Zikuñaga papelerara eta Bakeliten gero.

      Gaur jubilaturik, andreari lagunduz, etxerako baratzea, zekor pare bat eta hamasei ardi bazterrak garbi eduki ahal izateko. Hori da guztia. Eta... dolare koxkor bat etxe ordekoan.