Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar men? principal de navegaci?n [eu]
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014

 

gaiak

ASTEARTETAKO BILERA

 

      Amurizaren ikastaro hori bukatu zenean, beste aste batean edo bitan bildu ginen. Guk ez genuen bertsotan egiten baina bazen jendea bertsotan egiten zuena. Erabakia hartu zen jende ikaragarri zela toki baterako. Jendea urrutitik etortzen zen, eta Donostian bilera bat egin zuten ingurukoentzat, Tolosan beste bat eta Hernanin beste talde bat gelditu zen. Donostiako taldea berehala desagertu zen. Tolosakoak gehiago iraun zuen baina desegin egin zen.

      Hemen gelditu ginen Julian Ezeiza “Aterpe”, Antton Garin, Joxe Fermin Argiñarena, Joxe Mari Arrieta, Pablo Joxe Aristorena, Jon Eizmendi, Joxe Mari Izeta Usurbilgoa, Juan Mari Etxabeguren, Iñaki Aranzadi, Lasartetik David, Joakin Kanpozabal, Olazarko Joxe Manuel, Juan Mari “Marraka”... baina berehala hasi zen jendea atzeratzen eta dozena erdi bat gelditu ginen, “ático del fondo” (giltzak hala jartzen zuen) hartan biltzen ginen, asteartetan 20:00etan. Iñaki Aranzadik eramaten zuen taldearen martxa.

[Joxe Mari Mujika “Anatx”]

 

      Amurizak bukatu zuenean, esan genuen “zer egin behar dugu?” Iñaki apaizak hartu zuen ardura eta esan zuen “bueno, gutxienez Hernanikook hasi behar dugu gure artean biltzen”. 6-8 biltzen ginen. Orduan hasi ziren Anatx, Jon Eizmendi, Pablo Joxe Aristorena, Usurbilgo Juan Mari eta Aitor Mendiluze ere bai.

      Gure artean puntuak jartzen genituen, bertsoak kantatu... bukaeran esaten zen “bakoitzak bi bertso ekarri hurrengorako, tximistari buruz”.

[Antton Garin]

 

      Astearteko bilera horretan jendea ikaragarri pasa da: (lehen esandakoaz gain), Jon Odriozola, Manu Gomez, Joxe Mari Izeta, Nikolas Izeta, Joseba Tapia, Pello Zubiria...

      Gainerako herrietan helduentzat ez zegoen talde askorik, plazan izan gabe pixka bat aritu nahi zutenentzat. Rikardo Gonzalez de Durana eta Serapio Lopez Gasteiztik etortzen ziren, hortik kontuak atera!

[Joxe Luis Urdangarin]

 

      Hernaniko bertso eskolak fama bazuen, puntan zebiltzan bertsolari batzuk bazirelako, Anatx eta Sorozabal, eta jendea etorri egiten zen, etorri eta joan. Garai hartan jende asko pasa zen.

[Unai Agirre]

 

      Gutxitan, baina lehenengo aldiz joan ginenetan Joxemari Arrietarekin eta Urnietako Iñaki Aranzadi apaizarekin ere bildu izan ginen. Usurbildik kuadrilla etortzen zen: Tapia, Tola, Kerman, Joxemari Izeta... Koldo Aldalur, Lezea, Oiartzabal, Sorozabal, Anatx, Eizmendi, Aristorena... denak batera ez, baina horiek denak tokatu zaizkit. Berehalaxe bakantzen joan zen kuadrilla, ez dakit gu sartu ginelako edo (kar-kar-kar).

[Iñaki Zelaia]

 

 

HUSTUTZEN

 

      Bigarren urtea oso gogorra izan zen: Juan Mari Etxabeguren soldadu joan zen, Iñaki apaiza Urnietara joan zen, Izeta maisu joan zen... berehala bakandu ginen lau-bostera. Eta gero bolada dezentean bi bildu izan ginen, Pablo Joxe Aristorena eta biok. Zenbat aldiz esan nion “eutsi, etorriko duk jendea. Ez diagu etsi behar”.

[Joxe Mari Mujika “Anatx”]

 

 

BETEALDIA

 

      Andoainen, Iñaki Otaño maisuak Sorozabal eta Oiartzabali irakasten zien bertsotan. Otaño hori osaba dut, eta “hi, afari bat egin behar diagu, Andoainen bazeuzkaat hire moduko bi edo hiru...” esan zidan. Xoxokan afaria egin genuen, elkar ezagutu, eta astearteko bilerez aparte, Andoaina La Salleko bajeretara joaten hasi nintzen. Gero haiek bakandu egin ziren eta haiek hasi ziren Hernanira etortzen.

[Joxe Mari Mujika “Anatx”]

 

      Xoxokako festetan antolatu zuen Iñaki Otañok (gure Andoaingo bertso irakasleak) afaria. Anatx iloba zuen, eta harekin kontaktua egin zuen. Nik uste Otañok erabaki zuela “hauei bertsotarako beldurra kendu behar diegu jada”. Anatxek Euzkitze ekarri zuen. Besabin afaldu genuen eta ez zegoela lekurik, eta kanpoan jardun ginen bertsotan isildu gabe. Nazkatu arte.

      Gero Xoxokara jaitsi ginen eta han tabernan ere fuego aritu ziren, osaba-ilobak bertsotan. Gu jada han tabernan eta jende aurrean konplejo gehixeagorekin. Gero Trakets taldeak bukatu zuen berbena, trasteak biltzen hasi ziren eta jata Anatx han ziek, gora! eta osaba atzetik! gu arbola atzean gorde ginen. Osaba-ilobak han aritu ziren, elkarri kristorenak esaten, ea ezkondu eta gero han zer egiten zuen eta besteak ea andregaia non zuen...

      Etxerakoan Otañoren kotxean gentozen, eta gure etxe parean gelditu eta esan zigun: “egun batean gaur bezala juntatu nahi baduzue, kaso egin. Baina hemendik aurrera, nahi baduzue zuek egin behar duzue. Jada badakizue nola egin behar den eta zer egin behar den”. Itsaso zabalean barrena bidali gintuen.

      Guk astero jarraitu genuen biltzen. Gero Oiartzabal eta biok bakar xamar geratu ginen, pauso hori Andoaingo besteek ez zuten eman nahi izan. Eta orduan hasi ginen Hernanira etortzen, 18 urterekin.

[Jokin Sorozabal]

 

      Eizmendi Urumean zebilen bertsolaritza ematen. Eta Aristorena eta biok justu ibili ginen garai horretan, orduan hasi ziren etortzen Urumeatik Joxe Luis Urdangarin, Iñaki Zelaia... Nik Langile ikastolan urte pare bat egin nituen irakasle, Juanjo Uriari lagunduz. Hortik bat-batean egiten zutenak astearteko bilerara ekarri genituen. Gorka Tolosa, Unai Agirre... Huraxe izan zen salbazioa.

[Joxe Mari Mujika “Anatx”]

 

      Pausoa erraza izan zen. Juanjo Uriak zirikatu eta Anatxek bideratu gintuen. Astearteko taldeak oso beso zabalik hartu gintuen. Oso gazterik hasi ginen hor biltzen.

[Unai Agirre]

 

      Adin talde zabala zen, eta eskoletatik zetozen belaunaldiekin elkartu nahi zuten. Ikastolatik ateratako lehenengoak hor Aristorena eta Eizmendi izango ziren, eta hurrengoetakoa ni izango nintzen adinez.

[Joxe Luis Urdangarin]

 

      Ikastolatik udaletxerako pausoa eman genuenean, gure problema ordutegia zen: gaueko 22:00etan bukatzen zen, eta baserrira itzuli behar. Anatxek esan zigun “nik eramango zaituztet”. Eta horrelaxe hasi ginen, gu baino helduagoak zirenekin. Beste errespetu bateko saioak izaten ziren.

[Iñaki Zelaia]

 

      Hamalau bat urte izango nituen, “zaharren bertso eskola” esaten genion orduan.

[Aitor Mendiluze]

 

      Ume ginenontzako jende helduarekin kantatzeko aukera ederra zen. Tourrerako ekipoan sartzea bezala. “Astearteko bertso eskolara noa”, beste konnotazio bat zeukan.

[Gorka Tolosa]

 

 

METODOLOGIA

 

      Iñaki Aranzadi apaizaren garaian guk ez genuen plazarik egiten, Eskolartekoa eta beste sariketaren bat. Harako preparatibo gisa, gaia jarri eta bertso bat osatu, edo puntua jarrita edo errimak emanda... horrelako lantegiak Aranzadik bideratzen zituen, eta batak besteari jartzen genizkion. Baina Aranzadik alde egin zuenean erabat jarri ginen librera. Aurrena tertulian egin saio bat, eta gero ahal zuenak ahal zuena. Bai Langilen eta bai udaletxean, bueltan bueltan jarri eta kantatuarazi egiten genien denei. Legea hori izaten zen, “txarxeagoa edo hobexeagoa, ahal zuenak ahal zuena, erronda etortzen zenean bota”. Botatzen ez zuena, hurrengo astean seguruena ez zen etorri ere egingo, jendea pixka bat horrekin ere atzeratu zen. Han kantatu beharra zegoen, ezin zen gustuz besteei entzutera bakarrik joan. Aise kantatzen zutenak baziren hor, sekula txandarik pasatzen ez zutenak: Garin eta Aterpe.

[Joxe Mari Mujika “Anatx”]

 

      Ni nintzen beste bat, eta besteak baino ahulagoa. “Parean tokatzen zenean bota” lege edo baldintza bakarra zegoen han. Prezio berean hobea botatzeko kapaz bazinen, bota. Gure metodoa zen lehenik disfrutatzea. Guri ez zitzaigun batere inporta bertsolaritzan aurrera edo atzera egitea. Izugarri gozatzen genuen, sekulako lagun artea zegoen han.

[Iñaki Aranzadi]

 

      Mahai borobilean lehenbizi puntutan hasten ginen, poliki-poliki. Gero ofiziokako gaiak jartzen genituen, gaiak ere bat-batekoak. Ordu eta erdi biltzen ginen beti.

[Jon Eizmendi]

 

      ‘Ostras” zen esaera handiena: “ostras, hori huan bertsoa hori!”

[Iñaki Aranzadi]

 

 

“HERNANIAR BERTSOKERA”

 

      Hernanin bertsoa ulertzeko modu bat dago edo daukagu. “Honek oso hernaniar egiten dik” esaten genuen: txikian asko, erantzutera... bertsote klase hori, “betikoa” edo “klasikoa”. Nik beti ezagutu dut hori hemen, librean, zortziko txikian tapa tapa, elkarri adarra jo eta erantzutera joan, puntuari erantzun eta puntutan egin... Eskolarteko Txapelketara joaten ginenean beste bertso eskoletako jendeak ez zuen horrela egiten. Akaso teknikoago, akaso serioago, doinu luzeagotan egiten zuen... Iruditzen zait gure bertsokera astearteko bilera horretan definitu zela. Asko daukagu, hein batean behintzat, Anatxen bertsokeratik, Sorozabalen bertsokeratik... horienetik dezente jaso genuen, gero bakoitzak bere erara garatu badu ere. Zortziko txikirako zaletasuna orduan sortu zitzaigun. Nik uste gero plaza librerako zaleak izan bagara, hein handi batean horri esker dela. Guk zerbait ikasi bagenuen, besteetatik bereizten gaituena, horixe da: librean tarte luze batean aritzeko kapazidadea jaso genuela. Ez akaso bertso ale mundiala botatzen, baina bai bertso ale dezenteak eta saio osatuak egiten. Erraztasun dezentea hartu genuen. Mahai-bueltan datorrena datorrela, beti besterena entzun eta erantzun egin behar zen.

[Aitor Mendiluze]

 

      Saltoa handia izan zen, eskema batetik bestera pasatzea bezala. Kotoi tartean edukitzen gintuzten ikastolan, Mikel Mendizabalek batez ere, bertsoaren teorizazioekin, eta praktikak beti zuen pisurik gutxiena... eta hemen aldiz ez zegoen teoriarik eta ez zegoen irakaslerik. Bildu eta kantatu. Hor ez zegoen bertso zaharrik, ez errima sortarik, ez ezer. Joan, eta aurrena agur bana bota eta gero librean egin. Zirika papera jokatzen zuten soltura gehiena zeukatenek. Anatxek egiten zuen tiratze lan hori, eta Sorozabalek ere segituan hartu zuen martxa eta tiratzen zuen...

      8-10 lagun jartzen ginen mahaiaren inguruan eta bota bertsoa, eta hurrengo txanda iristerako pentsatu bada ezpada ere. Ez zegoen erronda isilik uzterik. Aldaketa handia izan zen, eta ikaragarri lagundu zidan. Bertsoak sortzeko dinamikan sartu ginen, hainbeste kezkatu gabe errima ondo sartuko dudan edo arrazoia ondo doan. Kuestioa zen bertsoa botatzea. Eta hamarretik bat ona ateratzen bazen, zorionak. Lan egiteko modua beti zen gai librean.

[Joxe Luis Urdangarin]

 

      Gu ume mokoak izanik, ordurako plazan probatua zen jendearekin eseri eta “benga, hasi” esaten ziguten. “Hasi, zer esaten?” “Hasi, aitzakiarik ez”. Eta buelta etortzen zenean, pasorik ez, benga bota. Presioa zen baina ez txarrera “hik egingo duk” esaten ziguten. Behartu ez baina bultza bai dezente egiten zuten.

[Aitor Mendiluze]

 

      Kontua ez zen bertsoa nola egiten zen azaltzea, baizik bertsoari beldurra galtzea. Teorizazioa ordezkatzen zen jendearen komentarioekin. Gainera orduan bezain sano eta gordin, geroztik ez da egin. Normalean aholkuen norabidea berdintsua zen beti, berde sartzen ginenok bagenekien halako irakaskuntza bat jasoko genuela. Baina beraien artean ere ematen zen.

[Joxe Luis Urdangarin]

 

      Librean aritzen ginen. Gainera uste dut hori dela modurik onena bertsotan ikasteko: aurrena ikasi bertsoa aurrera eramaten, kantatzen, txanda segitzen, eta gero gaiari kantatzen, ikasi behar baldin bada.

[Unai Agirre]

 

 

IKASI GENUENA

 

      Frakasatu totala izan naiz bertso munduan. Nirekin ibilitako gaztetxo denek utzi egin zuten. Jon Eizmendi Gernikara joan zen eskolara, eta etorri zenean utzia zegoen. Anatx punta puntan ibili zen, ikaragarri estimatua nuen, eta utzi. Aristorenak utzi. Usurbilgo Izetak ere utzi... “Hau duk marka, hau!” esaten nuen.

[Iñaki Aranzadi]

 

      Teknika baino gehiago bilatzen zen bertsoari naturaltasuna ematea. Guk juxtu hori behar genuen. Ordura arte bertso eskolan ibili ginenok teknika lantzen genuen, eta naturaltasuna behar genuen. Hari bati jarraitzen ikasi, erantzun... eta hori asko lantzen zen.

[Joxe Luis Urdangarin]

 

      Sorozabalekin eta Anatxekin bertsokera hori ezagutu genuen, elkarrizketa, erantzuna, elkarri ziria sartzen saiatzea... garai hartan Hernaniko bertsolariak bakarka dezente korapilatzen ginen, orokorrean. Ofizioka hobeto aritzen ginen. Igual hortik etorri liteke.

[Iñaki Zelaia]

 

      Txikitatik helduagoekin harremana hartzea guretzako garrantzitsua izan da, bertso munduan motibatzeko eta jarraitzeko.

[Iñaki Zelaia]

 

      Hortxe trebatu ginen. Lan handia egin zuten bai Anatxek, bai Sorozabalek... Guretzako beste pauso bat emateko bide oso naturala izan zen.

[Unai Agirre]

 

 

IRTEERAK

 

      Asteartetako bilera ostean beti herrian buelta bat egiten genuen, hiru-lau taberna pasatzen genituen, hizketan.

[Iñaki Aranzadi]

 

      Jon Eizmendi, Pablo Joxe Aristorena, honen anaia eta beste gaztetxoekin larunbatetan bertso zintak aditzen egoten ginen, Uztapidek eta Lizaso zaharrak Arriatsun egindako saioa, esaterako. Bertsoak egiteko nolako erak zituzten aztertuz asko gozatzen ginen. Gaztetxoak hantxe egoten ziren, begi-belarri zinta horretan sartuta.

[Iñaki Aranzadi]

 

      Nire etxean urtean lau-bost afari egiten genituen. Bakailaoa afaldu eta kantari aritzen ginen. Urnietako Otañok txapelketa zuenean ere preparatu nahi izaten zuen eta gure etxean afalduz biltzen ginen.

[Iñaki Aranzadi]

 

      Meagasera irteera egin genuen. Hernaniko bertso eskolakoak eta Zarauzkoak elkartu ginen afaltzeko. Imanol Murua zen alkate, eta bere anaia eta biak han azaldu ziren. Alkateak ere bertso bat bota zuen eta guk ere bai.

[Iñaki Aranzadi]

 

      Orkolaga baserriko Luxiok ikaragarrizko memoria zuen, Hernaniko kontu eta bertso asko zekizkien. Gazteekin dozena bat aldiz joango ginen haren etxera, harekin hizketan egitera.

[Iñaki Aranzadi]

 

      Sagardotegi garaian astearteko bilerara joan, eta Anatxek “gaur sagardotegira joan behar dugu!” esaten zuen. Oso espontaneoak ziren. Edo Udaletxetik ateratzen ginen kalera kantatzera, edo Joseba Tapiak soinua ekartzen zuen eta Hernanin kalejiran bukatzen genuen...

[Iñaki Zelaia]

 

      Handik irten eta askotan “goazen sagardotegira” esaten ziguten. Astearte buruzuri batean, 13-14 urte, eta iluntzeko 20:00ak aldera telefonoz hots-egin eta “ama, sagardotegira goazela!”

[Aitor Mendiluze]

 

      Bertsoak beste modu batean bizitzeko lehenengo pausoa izan zen: bat-batean egin, gai librean, sagardotegira joan afaltzera... beste giro batean sartu ginen.

[Unai Agirre]

 

 

HASIERAN IBILITAKOEN BAZKARIA

 

      Bi urtetik behin, inozente egun inguruan, bazkari bat egiten dugu hasieran ibilitakook, 10-12 lagun biltzen gara. Orain ere gauza bera egiten dugu, mahaiaren bueltan bazkaltzen ari garenok txanda iritsitakoan kantatu. Ez dago salbaziorik, etortzen dena etortzen dela kantatu egin behar da!

[Joxe Mari Mujika “Anatx”]