Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar men? principal de navegaci?n [eu]
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014

 

gaiak

BERTSO ESKOLAK

 

 

EREÑOZUN TABERNA ESKOLA (70eko hamarkadan)

 

      Ba al dakizue ze arau izaten ziren? Ereñozura joan, eta mahaian jarri eta botilardoa atera. Porroi handia hartu, botilatik hara ardoa bota eta gainetik limonada. Denei bertso bana bota arazten genien, eta bota nahi ez zuenak hura pagatu behar izaten zuen! “Baina nik ez zaukat ideiarik!” “Igual dik, bota ezak gaizki edo ondo!” Eta zenbat eta okerrago bota orduan eta barre gehiago egiten genuen!

[Antonio Zubiarrain]

 

 

IRAKASLEAK

 

      Udaletxeko asteartetako helduen bilera (1982).

      Urumea Ikastolako bertso eskola: (1980) Mikel Mendizabal - (1982) Pablo Joxe Aristorena - (1983) Jon Eizmendi. Gelan: Joxe Mari Gabiria - Don Manuel - Gregorio Olasagasti.

      Ereñozuko eskola: (1984-87) Joxe Mari Mujika “Anatx” - (1985-1991) Florian Oiarbide - (1992) Joxe Luis Urdangarin Aritz Zerain eta Ibon Miner.

      Jauregiko eskola: (1984-1988) Joxe Mari Mujika “Anatx”.

      Langile Ikastolako bertso eskola: (1985) Juanjo Uria eta Joxe Mari Mujika “Anatx”. Gelan: Ixiar Otamendi.

      1990ean Hernaniko bertso eskola osatu zen, Biterin denak elkartuz.

 

 

EREÑOZUKO ESKOLA

 

      Ereñozuko beheko eskolan hiru urte egin nituen, eta eskola berrian beste hiru, denera sei. Azkenerako aspertu ere egin nintzen. Gainera, ikasgai bezala jartzen zuten azkenerako. Nota jartzea nahi izaten zuen irakasleak, eta hori ez zitzaidan gustatzen! Nik giro horretan sartzen nituen, “orain ez bazaizue gustatzen gero seguru gustatuko zaizuela, eta zaila da bertsolari izatea, saiatu egin behar da, eta behintzat bertsoa zer den ulertu. Bertso bat ona edo txarra bota duen, hainbeste baloratzeko gai izan, zeuek botatzeko abildaderik ez baduzue ere” eta horrelakoak esaten nizkien.

[Florian Oiarbide]

 

 

URUMEAKO IKASTOLAKO BERTSO ESKOLA

 

      Joxemari Gabiria oso bertsozalea zenez eta bertsolaritza oso gertutik bizi zuenez, bera hasi zitzaigun lehenbiziko materialak ematen. Orduan gauza berria zen, jendeak harrituta begiratzen zigun.

[Jon Eizmendi]

 

      Ikastolan 4-5 bereizi gintuzten, eskola orduz kanpo geure modura aritzeko. Pablo Joxe Aristorena, Joxe Mari Aizega, Estibaliz Urrestila, Ruth Martin... denok izan ginen lehendabiziko Eskolarteko Txapelketan parte hartutakoak. Eskola orduz kanpo biltzen hasi ginen, patata tortilla bat eta sagardo botila ekartzen zizkiguten...

[Jon Eizmendi]

 

      Don Manuel eskola zaharreko irakaslea zen bertsotan. Lehenengo egunean bertsotan jarri gintuen, puntuka. Hizkuntza nola menperatzen genuen jakin nahi zuen, eta horretarako denok ezagutzen genuen doinu bat hartu eta “benga, hasi kantari” esan zigun. Inportantzia handia ematen zion bertso zaharrak ikasteari. Bertsolari zaharren bizitza eta istorio asko kontatzen zizkigun, eta asmatzen zuen, zeren erdi ipuin gisa kontatzen zituen eta erakargarri bihurtzen zituen. Imajinatu egiten genuen garai hartan bertsolari bat izan zitekeena. Bertso zaharrak kantatu, bertsolarien historia kontatu, eta gero jo eta fuego egiten genuen bertsotan. Hori dena eskola ordutan.

[Joxe Luis Urdangarin]

 

      Urumean hiru fasetan zegoen planteatuta bertso irakaskuntza:

      Lehen fasea ikasgai formatuan zen, denak pasatzen ziren hortik, 5. mailan hasi eta 8. mailara arte. Hortik, bi irizpide jarraituz, hizkuntza zer mailatan menperatzen zen eta bertsoekiko genuen jarrera, hautaketa egiten zuten eta ikasle batzuek bideratzen gintuzten astean behingo beste talde batera.

      Asteazkenetan bazkalorduan geratzen ginen Mikel Mendizabalekin. Talde dezentea zen, adin desberdinetakoak ginen eta bertso zaharrak kantatzen genituen, doinuak landu, errimak, eta gero elkarrekin arrazoiketa batzuk egiten saiatzen ginen: hasieran neurtu ere egin gabe, gero neurtuz, gero errimatuz... han herrian gutxien espero duzun jendea aritzen zen. Asteazkenetako talde horretan gogoa azaltzen zutenak, Eskolarteko Txapelketan agertzeko eta jendaurrean kantatzeko, hirugarren fasera pasatzen ginen.

      Hirugarren fase horretan talde txiki batera bideratu gintuzten, eta hor lau lagun elkartu ginen: Iñaki Zelaia, Aitor Lasarte, Juanjo Usarraga eta ni neu. Baina gu izan ginen bigarren labealdia. Lehen labealdia izan ziren batez ere Pablo Joxe Aristorena eta Jon Eizmendi. Haiekin batera aritu ziren Jon Odriozola, Pablo Joxeren anaia... Gu bigarren labealdia izan ginen, eta hirugarren labealdia ere izan zen: Maialen Lujanbio, Iñaki Lete...

      Hirugarren fase horretan Pablo Joxe Aristorena izan genuen irakasle, lehen urtean. Aristorenak ikastera kanpora joan behar izan zuenean, Jon Eizmendirekin hasi ginen. Jonekin beste urtebete egin genuenean, dinamika bat hartu genuen gure artean diziplina minimo batekin biltzeko eta aritzeko. Eta hortik aurrera gu bakarrik bildu ginen, bi edo hiru urtean. Ostiral arratsaldero Oarson biltzen ginen elkarri akatsak ateratzen eta gaiak jartzen.

[Joxe Luis Urdangarin]

 

      11 urterekin lehenengo Don Manuel apaiza etortzen zen eta merienda ematen ziguten, tortilla patata pintxoak, eta kopla batzuk egin, idatziz, hutsuneak bete.... horrela egin genituen hiru-lau saio kurtso bukaeran. Eskola orduz kanpo. Aitor Lasarte eta Aitor Urrutia gogoratzen ditut lehenengo klase horietan.

      Hurrengo urtean berdina planteatu ziguten, eta han Juanjo Usarraga, Joxe Luis Urdangarin, Lasa, Amaia Olano, kuadrillatxo bat bazen gerora jarraitu genuenak. Mikel Mendizabal etortzen zen eskola orduz kanpo. Bertso zaharrak kantatzen genituen eta buruan grabatuta daukadana da “hutsuneak bete” ariketa; Mendizabalek ekartzen zituen paperak.

      Bigarren urtetik aurrera, behean bazen sukalde eta gimnasio moduko bat, eta han biltzen ginen. Txapelketa garaia zetorrenean pribilegio txiki batzuk izaten genituen, zeren zuzendariak matematika ematen zigun, ingeleseko irakaslea ere oso bertsozalea zen eta euskarakoa ere bai, orduan, klase guzti horietatik piper egin, gimnasiora jaitsi eta txapelketa prestatzen genuen.

[Iñaki Zelaia]

 

      Ikastolako azken garaietan, bai Pablo Joxe Aristorenak, bai Jon Eizmendik, Jon Odriozolak, eskua botatzen ziguten klasez kanpoko saio horietan. Ofizialki Mikel Mendizabal etortzen zen astean behin, eguerditan, eta saio ofizial horiez aparte esandako horiek laguntzen ziguten. Beraiek Urumeatik alde egin eta gero ere buelta bat ematen zuten guri esku bat botatzeko.

[Iñaki Zelaia]

 

      Hiruok biltzen ginen Jon Eizmendirekin (Iñaki Lete, Anjel Telleria eta Maialen Lujanbio), eta aldi berean gu baino helduagoak ziren Iñaki Zelaia, Joxe Luis Urdangarin, Aitor Lasarte eta kuadrilla hori juntatzen zen, baina aparte. Haiek aurreratuago zebiltzan.

      Idatziz hasten ginen, bertsoak osatzen, errimak... Jonek gaiak jartzen zizkigun eta etxean bertsoak jartzea proposatzen zuen. Hurrengoan kantatu egiten genituen, zuzendu... ordu asko hizketan eta bestelako kontutan ematen genituen. Jonekin gogoan daukat ez dakit zenbat egun pasa genituela Etxahunen bizitzaz hizketan. Gu entzuten eta bera kontatzen. Niretzako apasionantea zen Etxahunen bizitza. Jonek badu mundu hori, bazekizkien istorioak eta pasarteak... kontaketa horrek, periferia edo testuinguru horrek bere partea bazeukan bertso eskolan.

[Maialen Lujanbio]

 

 

LANGILEKO BERTSO ESKOLA

 

      Langile ikastolako guraso eta irakasle batzuek etorri zitzaizkidan esanaz bertso eskolaren bat sortzeko saiakerak mereziko lukeela. Ideia oso ona iruditu zitzaidan. Orain, beti esaten nien: “Baina pentsa ezazue hemendik bertsolaririk ez dela aterako! hori seguru egon, bertsolariak ez du urte pare batean ikasten bertsotan. Baina positiboa izango da”.

      Hasierako kurtsoa gaika planifikatu nuen: adibidez, Xenpelarren bertsoak kantatuko ditugu, eta Xenpelar Errenteriakoa zen, garai honetakoa... eta azken ordubetean gaiak jarri, oinak idatzi arbelean, eta bertso osatu.

      Kopletan ere aritzen ginen. San Joan bezperan eta Santa Ageda bezperan ateratzen ginenean, hasieran nik jarritako bertso batzuk kantatzen zituzten, buruz ikasita: Egaña tabernaren aurrean, Zinko enean... Baina gero kopla txikiak osatzen zituzten, jada bat-batean, gero gehixeago... eta ikusi zen bertsotan ikasi daitekeela.

      Nituen harremanetatik ateratako jakinduria apur hori irakatsi nuen. Ez zegoen materialik ez ezer. Bertsolariei entzunda, hainbat gai iristen zitzaizkidan: errima aberastu egin behar dela, arrazoiak bilatu... baina ez zegoen erreferentziarik, oso puntualak ziren, nire kontaktuetatik atereak.

 

Beraz etena bazetorrela

konturatu ginenean

ikastoletan saiatu ginen

bertsolaritza lanean

guk apurtxoa eta umeak

ekinean ekinean,

txalupa bezain errez aurrera

ur bare haien gainean

guztia errez egiten baita

gauza bat maite danean.

 

[Juanjo Uria]

 

      Bertsoak osatzeko gai izan daitezela, afariren batean broma ateratzeko. Hortik bertsolari izatera Jesukristoren aldea dago. Arian-arian eta bizkorrak baldin badira atera egiten dira. Guk ez genuen pentsatzen hortik bertsolaririk aterako zenik. “Ariko gara, ondo pasako dugu eta lagunarte bat osatuko dugu, mundiala gainera. Guk disfrutatu eta eurak gozatu dezatela”. Hor ez zen beste asmorik.

[Joxe Mari Mujika “Anatx”]

 

      Bertso eskola sortu zenean ikastolan ikaragarrizko booma sortu zen. Jendetza juntatu ginen, hiru geletan banatuta. Langilen uholdea sortu zen.

[Eñaut Agirre]

 

      Biterin hasi ginen eta handik pasa ginen Laubidietara, eraikina egin zutenean. Juanjo Uriarekin hasi ginen, eta gero Anatxekin ere bai.

[Gorka Tolosa]

 

      Lehen eguna gogoan daukat: Biteriko gela handi eta zahar hartara joan ginen, ikaragarrizko ume pila. Armairu gainean jendea eserita... igual 40 ume egongo ginen.

[Unai Agirre]

 

      Langile ikastola zaharrera joan nintzen, orain Kultur Etxea den horretara, artean bere makramezko soka zaharrak zintzilik eta egurrezko zoru zahar hura zituela. Majadero kuadrilla bat topatu nuen, eta beste mundu bat irekitzea izan zen niretzat. Lehen egunaz gogoratzen dut gela handi bat, Juanjo Uria hantxe, bere betaurrekoekin eta txintxo aurpegiarekin, paperak eskuan zituela, eta ume mordo bat mahaietan, armairu gainean eserita, lurrean... gela bete jende zen. Juanjok bertsoak kantatzen zizkigun, eta doinuak eta fotokopiak eman... hortik hasi ginen.

[Aitor Mendiluze]

 

      Uriak karpeta gris haietan ekartzen zizkigun ariketak: beti sorta bat kantatzen genuen, gero hiru-lau hitzekin oinak atera eta bertso bat idazten genuen gaia emanda.

[Aitor Mendiluze]

 

      Txokantea zen niretzat. Gure eskolan pare bati gustatu zitzaigun bertsoa eta Hernanin berriz 40 lagun eskolatik irten eta horra joaten ziren, armairu gainean bertsoak idaztera. Pare bat buelta egindakoan ni bakarrik hasi nintzen Andoainen eskolatik irten eta korrika autobusa hartuta hona etortzen nire koadernoarekin. Eta zer jarrera diferenteekin egiten nuen topo: Gorka Tolosa han ibiltzen zen gelan korrika, geldi egon ezinda, satitsua baino bizkorrago. Niretzat kontraste handia zen “niretzat ez dago ezer klase hau baino inportanteagorik, eta hori korrika dabil, jolasean, eta bertsoa egiten du”.

[Aitor Mendiluze]

 

      Poliki-poliki bertsoak idatziz hasi ginen. Aurreneko bertsoak etxean dauzkat nonbait, Uriak karpetatxo batzuk ematen zizkigunez, gure amak gorde egiten zituen. Bertso txar-txar-txar-txar batzuk, baina bere balorea badaukatenak, pertsona nondik abiatzen den ikusteko, eta nola errimatzen duen, eta harrigarria da baita ere gai jakinen gainean zer pentsaera agertzen den, kohete eta gerra bati buruzko bertsoak daude idatzita...

[Unai Agirre]

 

      Aurrena bertso sorta bat kantatzen genuen, gero oin zerrendak atera, gero bertsoak egin eta gero nahi genuenak geratzen ginen bat-batean egitera. Juanjorekin borobilean jarri leiho ondoan eta puntutan aritzen ginen: puntua burura etortzerako ahaztu zer errimarekin ari ginen ere! Juanjo beti animatzen aritzen zen, “ez bazaizu bururatzen paso egin eta ea hurrengoan zer gertatzen den”, pixkanaka gure artean giroa sortzen zen eta konpetibitate sano hori, “hik bota baduk nik ere botako diat”.

[Aitor Mendiluze]

 

      Unai Sasiain, Aitor Zubeldia, Aitor Mendiluze, Gorka Tolosa... dezenteko kuadrilla geunden aurrera egin genuenak. Gero segi genuenak hirukote bat izan ginen, Toloxa, Mendiluze eta ni.

[Unai Agirre]

 

      Hasieran mordo bat ginen. Unai Sasiko, Unai Agirre, Asier Mertzero, gero Aitor Mendiluze etorri zen, Mikel Berasategi (hori gazteagoa)...

[Gorka Tolosa]

 

      Gero gazteagoak zetozen, anaia Eñaut, Ixiar eta Estitxu Eizagirre, Urko Apaolaza, horiek gurekin batera Langilen biltzen ziren, gu aurreraxeago geundenean eta eurek idatziz egiten zutenean. Beste generazio bat ziren.

[Unai Agirre]

 

      Juanjo Uriak Laubidietako beheko pasilloko geletan ematen zituen klaseak. Gela bete ume, gure gelatik igual 10 ume joango ginen, Ixiar Otamendik bideratuta. Zale zaleak eta gerora segi genuenak: Iker eta Urko Apaolaza, Iratxe Apaolaza, Karmele Apezetxea eta Estitxu eta ni. Beste lagunak ere etorri ziren hasieran, arrimuan. Eserita egoten ginen lehenbizi idatzizko lanak egiten, eta gero klasearen bukaeran kantatu egiten genituen, bertsoak bukatzera iritsi baginen. Eta aldameneko gelan handiak egoten ziren, bat-bateko bertsoak botatzen.

[Itziar Eizagirre]

 

      Nik gogoratzen dut buila. Bakoitza bere bertsoak idazten aritzen ginen eta Juanjo kristoren pazientziarekin banaka-banaka etortzen zen eta lagundu egiten zuen. Bukaeran kantatu egin behar ziren, eta kantatzea tragoa zen guretzat. Gero gu etxera bidaltzen gintuzten, edo pixka bat geratzen ginen, eta zaharrak bat-batean hasten ziren.

[Estitxu Eizagirre]

 

      Juanjoren pazientzia gogoratzen dut, beti bere tonuan...

[Itziar Eizagirre]

 

      Geroxeago hasi ginen bat-batean. Baina bat-baterako Juanjok bere burua ez zuen ikusten eta Anatx deitu zuen. Anatxengandik asko ikasi genuen, bera gurekin kuadrillan sartzen zen eta bertsotan egiten genuen. Anatxek beste erritmo bat sartzen zigun. 11-12 urte izango genituen.

[Unai Agirre]

 

      Bertso eskolara joan eta Anatxek “hasi gaztea”, bere betiko esaldia botatzen zigun. Agur bana kantatu, eta lau oinak eman eta bertsoa noizko kantatzen genuen ikusi behar.

[Aitor Mendihize]

 

 

IRTEERAK

 

      Juanjoren R12 txuri hartan batera edo bestera mugitzen ginen, gogoratzen dut eskolaren batean saioa egin izana...

[Aitor Mendiluze]

 

      Tokatu zen ikasle horiek ere sariketa batetik bestera ibiltzea. Gu gustura joaten ginen, makina bat tokitara iritsi gara ume horiek kotxean sariketetara eramanaz. Ume horiek ikastola batetik bestera ere ibili behar izaten zuten kantari, diru-laguntza lortzeko. Taldetxo bat hartu kotxean, eta “gaur emanaldia egin behar dugu Astigarragako ikastolan”. Gero Astigarragakoa etorriko zen Hernanira bere kantalditxoa egitera.

[Joxe Mari Mujika “Anatx”]

 

      Behin esan ziguten “Afaltzera etorriko al zarete 3 lagun, bertso kantatuz?” horrela eraman genuen Goizuetara Mendiluze, merienda egitera. Goizeko 3-4ak aldera etorri ginen bueltan. Mutil kozkor horrek egin zuen bertsotan!

[Joxe Mari Mujika ‘Anatx”]

 

      Sagardotegira joan ginen Anatxekin, 8 urterekin. Gelan esan zuen gure irakasle Ixiar Otamendik “bertso eskolakoak sagardotegira doazela!” Denak “joe, ze suertea!” Lehenengo aldia zen sagardotegira joaten ginena eta ez genekien zer egongo zen ere.

[Estitxu Eizagirre]

 

      Umeek ere bertso eskolan egin edo sagardotegian egin, gazta mutur bat janaz edo sagardo pixka batekin, askoz gusturago ibiltzen ziren. Sagardotegira joatea gauza handia zen umeentzat!

[Joxe Mari Mujika “Anatx”]

 

      Geroztik bertso eskola kalera asko atera zen, erronda egiten genuen Santa Agedetan... Eta bertso eskolaren bueltan giro handia sortu zen herrian.

[Eñaut Agirre]

 

 

GURE UMEAK

 

      Nik ez dut asko bereizten nire ikasle izan diren edo ez. Denak maite ditut, igual-igual. Ibilbide bera egin dute, ikastola batean edo bestean, gainera herri berean... Sentsazio oso atsegina da, baina ez maila pertsonalean, ez “nik egindako” gisa, sentipen orokor atsegin bat da. Horretan asmatu egin da herrian. Bere fruituak eman ditu, oinarri sendoa dago jarria eta gainera bertsotan oso ondo egiten duen jendea ateratzen da! Zalego bat ere badago, eta sare hori dena oso polita da. Maialen Lujanbiok txapela jantzi zuen momentu hura izan zen zenita. Ikaragarria.

[Juanjo Uria]

 

      Nik satisfazio ikaragarria dut. “Nire umeak” esaten dut beti. Hernaniko bertso eskolakoak hor hasi ziren, gogoratzen naiz Maialen Lujanbio umetan nola ekarri zuten eta Jexux Mari Irazu nola etorri zen. Ereñozukoak ere nire mutil-koxkorrak dira, Aritz Zerain eta Ibon Miner. Aitor Mendiluze bat Jokin Sorozabalen arrastotik etorri zen, 13-14 urteko mutila. Orain ikusten dut bertso eskola horretatik zer bertsolari eta zer pila etorri diren. Guk egin genezakeena egin genuen.

[Joxe Mari Mujika “Anatx”]