Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar men? principal de navegaci?n [eu]
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014

 

gaiak

AMURIZAREN IKASTAROA

 

      Amurizaren kursilloa, nik esan behar banu, 1981ean da. Eta azaroak 11, nik hala esango nuke. Erreziboa gordea daukat, “Hernaniko bertso eskolara, 2.000 pezeta”. Gure etxean ere eman zidaten diru hura. 14 urte nituen nik.

      Ikastaro hori bi hilabetez izan zen, astero. Asteartetan biltzen ginen, 20:00etatik 22:00etara edo, Udaletxeko goiko pisuan. Ehun lagunetik gora biltzen ginen. Aterpe, Garin, Orkolagako Joxe Mari Arrieta, Iñaki Otaño, Joxemari Altuna donostiarra... nik ez nuen inor ezagutzen, Pablo Joxe Aristorena ezagutzen banuen, bale.

[Joxe Mari Mujika “Anatx”]

 

      Ideia udaletxeko taldean sortu zen. Amurizari deitu zitzaion eta nahiko arrakastatsua izan zen. Ilunabarretan izaten zen, ni despatxuan edo batzorderen batean izaten nintzen, eta libre antzean izanez gero korrika igotzen nintzen atikora. 50 lagun inguru bilduko ziren.

[Juanjo Uria]

 

      Ni ez nintzen han izan, baina izan nuen haren berri. Amurizaren ikastaroa oso entzutetsua izan zen.

[Jon Eizmendi]

 

      Jendeak oso harrera ona egin zion Amurizari, eta oso gustura ibili ginen. Ikasteaz aparte, oso giro ona genuen.

[Joxe Mari Arrieta]

 

      Amurizaren ikastarora jendea etortzen zen, e! Andoaindik, Tolosatik, Villabonatik, Usurbildik, Altzotik ere bai... Igual elkartzen ginen 60 bat! Neskak ere bai. Jendearen artean aldea ikusten zen, guk lehendik ere pixka bat kantatzen genuen kalean, eta beste batzuk hutsetik hasi ziren.

      Amurizak bertso bat idatzi, eta galdetzen zuen “zein atrebitzen da bertso hau kantatzera?”. Gehienetan gu ateratzen ginen.

[Antton Garin]

 

      Pizarra batean esplikatzen zuen eta bakoitza bere lapitza eta koadernoarekin aritzen ginen. “Kopla doinuan, eta neurriak ez du axola, errimatzen saiatu, eta arrazoia bota”. Arrazoiarena beti esaten zuen. Orain egiten den seguidilla tipo horretara, jendea soltatu eta elkarri gauzak esaten jartzen gintuen. Zenbatek kantatuko zuten bada? Aleren batzuek, lehendik pixka bat ibiltzen zirenek. “Nik errima bat jarriko dizuet, eta ea zer arrazoi datorkizuen errima honekin”. “Eta orain beste norbaitek esango al du beste errima bat honi segitzekoa eta beste arrazoi batekin?”

[Joxe Mari Mujika “Anatx”]

 

      Amurizarekin izugarrizko zorroztua eman genion bertsoari, gehiegizkoa nire iritzirako. Harek ez zuen bi silabarekin bakarrik errimatzen, hirurekin! “Kordela, nor dela, orbela...”. Gehiegizko preokupazio horrek grazi edo bat-batekotasun pixka bat kendu zion orokorrean bertsoari. Askotan bertsoak zer esaten zenuenari baino garrantzia handiagoa ematen zitzaion janzkera horri.

[Iñaki Aranzadi]