Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014

 

bertsolariak

ARNAITZ LASARTE SANTA KRUZ

 

1989an jaioa, Ereñozun

 

Argazkia: Estitxu Eizagirre

 

      Hernaniko Ereñozu auzoko bizilaguna da, Larre-Gain sagardotegiko semea. Lehen plaza: Hernanin, 2002ko maiatzean, Hernaniko kultur etxean, Eskolarteko Txapelketan. Unai Gaztelumendi, Jon Hidalgo eta Ane Lujanbiorekin.

[Bertsolaritzaren datu-basea / Bertsozale Elkartea]

 

 

ETXEKO GIROA

 

      Bertsolari inor ez, baina denak dira zaleak, aita, aitona, ama... Hitzetik Hortzera igandero ikusi, bertsoak entzun... Giro horretakoak, saio batera eta bestera joaten direnak. Aitonak (Pedro Santa Kruz) bertso pila dakizki baina etxean oso gutxi entzun dizkiogu. Aita bai, kotxean beti aritu zaigu bertsotan. Eta bi arrebak ez dira inoiz plazara atera, baina nik adina egiten dute bertsotan.

 

 

EREÑOZUKO ESKOLAN

 

      Laugarren mailan ginenean, 9 urterekin, euskarako ordutan bertsolaritza ematen hasi zen Aritz Zerain. Aritzekin urtebete egin eta hurrengo urtean txandaka etortzen ziren Aritz eta Ibon Miner, eta astean ordubete edukitzen genuen bertsoak egin, entzun eta kantatzeko. Han hiru urtean ibili eta gero Hernanira Langile ikastolara etorri nintzenean, orduan apuntatu ginen bertso eskolan, 12 urterekin, Amaia Otxotorena eta biak, Ibon eta Aritzen bidez.

      Joxe Anjel Aranbururekin hasi nintzen eta geroztik Itziar eta Estitxu bixkiekin. Nahiko goiz hasi ginen gure kabuz biltzen, 15 urterekin edo, Biteri ondoko lokalean, asteartetan.

 

 

ESKOLARTEKO TXAPELKETAK

 

Gipuzkoako Eskolarteko

Bertsolari Txapelketa

2002

finalista

(txikitan, hernani taldean)

Gipuzkoako Eskolarteko

Bertsolari Txapelketa

2003

finalista

(txikitan, hernani taldean)

Gipuzkoako Eskolarteko

Bertsolari Txapelketa

2006

finalista

(handitan)

Gipuzkoako Eskolarteko

Bertsolari Txapelketa

2007

finalista 

(handitan)

 

      Oroimen onak dauzkat. Hasieran ez genion inportantziarik ematen.

 

 

SARIKETAK

 

      Dena urte berean izan zen, 2007an: Eskolarteko Txapelketan gustura aritu, Erniarraitzen finalera iritsi, Tabernetako Txapelketa irabazi eta Gipuzkoako Txapelketan parte hartu nuen. Nire urte onena izan zen.

      Erniarraitzen seigarren egin nuen baina hala ere txoratzen geratu nintzen. Azpeitiko gaztetxean izan zen finala, topera eta kristoren giroa zegoen. Bilbon ikasten hasi berri nintzen eta ostegunetan Santutxuko bertso eskolara joaten nintzen Unai Gaztelumendirekin. Hernanin biltzen ginen ostiraletan eta 2007ko Gipuzkoako Txapelketako entrenamendua ere nabaritu zen.

      Tabernetako Txapelketan ez nintzen kantatzekoa, eta azken momentuan esan zidaten Inhar Olanok ezin zuela. Gustuen geratu naizen saioa hori izan zen. Jende aurrean txarra naiz, gaizki pasatzen dut, baina orduan oso ondo pasa nuen eta erraz egin nuen bertsotan. Txapelak ilusioa egin zidan. Gaztea nintzen oso, oraindik ez nuen alkoholik edaten. Urte hartan kanporaketak egin ziren Kide tabernako goiko partean, eta hiru lehengusu pasa ginen finalera: Arkaitz Santa Kruz, Iraitz Santa Kruz eta ni. Ofizioka biekin egitea tokatu zitzaidan, eta oso gustura aritu nintzen. Buruz burukoa Iraitzekin jokatu nuen. Ez naiz jario handikoa izan baina gau hartan etorri zitzaidan!

      Lizardin ere bi aldiz hartu dut parte.

 

 

PLAZAK

 

      Bertsoa gustatzen zait baina ez dakit jende-aurrea den, nagia den... ez dut nire burua batean eta bestean ikusten. Bertso eskolan kantatu eta gero komentatzea gustatzen zait, saltsa hori.

      Osinagan, adibidez, gustura kantatzen dugu. Lehen aldiz Iker Osa eta Jon Iraolarekin joan ginen, 14-15 urterekin. Gero guk bakarrik jarraitu genuen eta orain Eli Pagola eta Eñaut Martikorena hasi dira. Portun, Santa Barbaran eta Ugaldetxon ere kantatu izan dut.

      Niretzat grazia handia duena San Joanetako txupinazoa da, 2006tik 2012ra kantatu dugu Oier Iurramendik eta biok festei hasiera emanez. Omenaldietan ere dexentetan kantatu dut. Dantzari Festan, Txalaparta Festan...

      2005-2006an Ereñozuko Aste Kulturalean kantatu genuen Aritz Zerain, Ibon Miner, Unai Agirre, Iñaki Zelaia eta nik.

      2012an jaialdi batean gai jartzaile aritu nintzen. Auziperatuta zeuden 10 gazteren epaiketarako dirua biltzeko saio bat antolatu zen Hernaniko frontoian, eta bertsoak azken aldian eman didan satisfazio handienetakoa izan zen. Frontoia goraino bete zen osteguna izanda, saio oso ona atera zela esango nuke... Hunkigarri xamarra izan zen.

 

 

TXAPELKETAK

 

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa

2007

Lehen fasea

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa

2011

Lehen fasea

 

 

2007KO GIPUZKOAKO TXAPELKETA

 

      Kolpe dexentekoa hartu nuen. Ez fasez pasatzeko esperantza nuelako. Baizik eta, jendeak nirekin sufritu egin zuelako. Hernaniko saioan abestea tokatu zitzaidan: Unai Agirre, Joxe Luis Urdangarin, Manex Mujika, Uxue Alberdi eta Gorka Etxeberriarekin. Biteri aretoa lepo zegoen: familia, kuadrillla, ezagun asko, eta orduan pasatako urduritasunak ez ditut sekula pasa. Lehen bertsotik urduritasuna transmititu nuen. Zortziko handian nahiko txukun ibili nintzela esango nuke, baina zortxiko txikian hasi ziren arazoak... Uxue Alberdirekin kantatu nuen, eta bertso bat ere ez nuen osatu pare bat aldiz geratu gabe....

 

Iturria: XDZ

 

 

2011 GIPUZKOAKO TXAPELKETA

 

      Lehen fasean bi saio izan ziren. Nik Orion eta Gabirin kantatu nuen. Oriokoan gustora geratu nintzen. Bakarka kaka egin nuen, ordea. Eta saio txarrak ez dira erraz ahazten... Gabirin ere ale politak bota nituela uste dut baina irregular, beti bezala. Hala ere, balorazio positiboa egiten dut txapelketaz.

      Gipuzkoako Txapelketa, 2007-09-23 Hernani

      Kartzelako gaia: Tren geltokian zaude trena noiz iritsiko zain.

 

        Arnaitz Lasarte:

Goizean jeiki ta ondo jantzi

hori da dedan diztira;

korbata txukun, galtza berriak

mutiko onen neurrira;

tren geltokira iritsia naiz

begiratu urrutira;

bakar-bakarrik nago oraindik

hara ta hona begira...

Zai zaudenean tren azkar denak

moteldu egiten dira.

 

Orain artean kobarde samar

ta egin behar aproba;

zulo beltzean sartua nago

ta irten nahi nuke gora;

hain ondo jantzi hain guapo egon

ta nago oso gustora;

lasai antzean jarraitu nahi det

nahiz ta pasa den denbora

pazientzia hartu ezkero

nahi dedana helduko da.

 

Azkenerako iritsi da ta

hau soinuak trenarenak!

Neska eder bat jaitsi da noizbait

ahaztu dira nere penak;

hau ondo daki itxarotea

zer den probatu duenak;

hain dago polit, hain da ederra

ditu jantzirik onenak...

Denbora askoz zain egon arren

merezi izan du denak.