Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014

 

bertsolariak

AGIN LABURU REZOLA

 

1985ean jaioa, Astigarragan

 

 

      Rezola eta Ipintza sagardotegietako semea izanik, bertan aritzen da parrillero. Kazetaritza egin du, eta, besteak beste, Hernaniko kronikan, Euskadi Irratian, Gaztesarean eta Info7n aritu da lanean. Hamaika Bertute ekimeneko kide izana. Lehen plaza: Hernanin, 2000n, Biteri Kultur Etxean, Bertso-Latako haurren saioan.

[Bertsolaritzaren datu basea / Bertsozale Elkartea]

 

 

ETXEKO GIROA

 

      Igandetan aitaren gurasoen etxera joaten ginen, eta Astigarragatik Oiartzuna bidean beti bertsotan joaten ginen eta bueltan ere bai. Familiako bazkaritan beti aitona, aita eta hiruok aritzen ginen. Aitona Urnietakoa nuen, Xoxokakoa, gero Lezon eta azkena Oiartzunen bizi zena.

      Ikasi nituen lehen bertsoak Lasarterenak ziren, aitona eta aita haren zaleak zirelako. Umetan bertsotan lardaskan egiten nuen, eta klasean beti esaten zidaten “Agin, kantatu bertso bat!”. Eskurtsiora joaten ginen bakoitzean, edo kurtso bukaeretan irakasleei kantatzea tokatzen zitzaidan... halakoetan aitak idatzitako bertsoak kantatzen nituen.

 

 

MARTUTENEKO IKASTOLATIK
HERNANIKO BERTSO ESKOLARA

 

      Joxe Luis Urdangarinekin hasi ginen ikastolan bertan bertsoa lantzen, eskola orduz kanpo. Hura bukatu genuen, eta egia esan, orduan ez nion zentzu askorik bilatzen bertso eskolan hasteari, etxean eta familian beti aritu garelako bertsotan. Amak konbentzituta apuntatu nintzen Hernanin. Gogoan daukat lehenengo urtean Jon Eizmendirekin ibili ginela baina hurrengo urterako utzi egin nuela. Gero berriz hasi nintzen Joxe Anjel Aranbururen taldean, Aitor Mendiluze irakasle genuela. 14 urte izango nituen.

      Lehenengo urtean Aitor Mendiluze izan genuen irakasle, eta urte bukaeratik aurrera Gorka Tolosa. Eta hurrengo urtean Iker Osa.

 

 

ESKOLARTEKO TXAPELKETAK

 

Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketa

2001

Finalista

Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa

2000

Parte-hartzaile

Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa

2001

Txapelduna

Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa

2002

Finalista

Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa

2003

Parte-hartzaile

 

 

SARIKETAK

 

Hernandorena

2005

Parte-hartzaile

Lizardi Saria

2004

Finalista

Lizardi Saria

2005

Finalista

Lizardi Saria

2006

Txapeldun ordea

Osinalde

2005

Finalista

Plazatik Gaztetxera

2007

Txapelduna

 

 

LEHEN SAIOAK

 

      Hasiera haietan, saio denak librekoak ziren: poteo tipora, plazan Astigarragan herri kirolak ziren bitartean, Santio Mendin Ama Birjinetakoa egiten dugula ere urte batzuk badira...

 

 

TXAPELKETAK

 

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa

2003

Bigarren fasea

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa

2007

Azken laurdenak

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa

2011

Finalista

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa

2013

Final-erdiak

 

 

2003KO GIPUZKOAKO TXAPELKETA

 

      Gipuzkoako Txapelketako entrenamenduak mugarri izan ziren niretzat. 2003an, sozidadetan biltzen hasi ginenean. Txapelketa hura Ereñozuko eskolako goialde hartan preparatu genuen, bai Joxe Anjel Aranburuk eta bai nik, han biltzen zen taldearekin.

      Oihartzunen kantatu nuen eta aurrera egin nuen.

      Urte hartan, 18 urterekin, Eskolarteko Txapelketako bost bertsotatik Gipuzkoako 14 bertsora pasatzea tokatu zitzaidan, ez nuen sariketek ematen duten ibilbide hori egiteko tarterik izan. Saltoa ikaragarri handia sumatu nuen. Niretzako txapelketa hura beste mundu bat zen. Bertsotan mugarria izan zen, txipa aldatu arazi zidan.

 

 

2007KO GIPUZKOAKO TXAPELKETA

 

      Ez dut aldaketa handirik sentitu. Nik uste bertsotan baino gehiago pertsona moduan heldu naizela. Etxetik kanpo Bilbon bizi izanak bastante zaildu nauela uste dut. Mundu hau zer den gehiago ikasi dudala lau urte hauetan.

 

2001ean, Antonio Camposen eskutik jasotako Eskolarteko txapela buruan.

 

 

PLAZETAN

 

      Hernanin saio potolotan bi aldiz kantatu dut, bat San Joanetan plazan eta beste behin Bertso-Latan Biterin.

      Lehenengo saio potoloenetako bat Santio Mendin egingo nuen, Maialen Lujanbio eta Imanol Lazkanorekin. Eskolarteko Txapela irabazi eta hurrengo urtean. Harrezkero urtero kantatzen dut Santio Mendin.

      Astigarragan saioren bat denean normalean nirekin akordatzen dira. Suertez, nik aukeratzen nuen San Roketan Astigarragan zeinekin kantatu. Gustuko askorekin orduan kantatzeko aukera izan dut.

      Beste saio potolo bat Aranoko Santio festetan egin nuen, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña eta Unai Iturriagarekin. Unai Elizasu zen gai jartzen.

      Ereñozun ere kantatu genuen Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Joxe Lizaso, Julen Zelaieta, Jokin Uranga eta nik. Gai-jartzen Aritz Zerain aritu zen.

 

 

TABLADOAN

 

      Igo aurretik beti dut kezka eta ongi egin nahia. Gaizki eginaren sentsazioarekin jaisten banaiz, etxera umore txarrean itzultzen naiz, baita lau katurentzat aritu banaiz ere. Kontzentratzea gehiago kostatzen zait mahaian. Bertsoa hasi eta buka kontzentratuago botatzen dut mikrofonoan, zutik. Horretara ohitu gara.

 

 

BERTSOPAPER LEHIAKETAK

 

Koldo Mitxelena Literatur Sariketa

2000

1. saria

Koldo Mitxelena Literatur Sariketa

2001

1. saria

 

 

2006-12-30 Hernani, jaialdia

 

      Jokin Sorozabal senarra eta Agin Laburu emaztea zarete. Biok taberna batean sartu zarete. Tragoa eskatu eta berehala senarra makina txanponjalera hurbildu da emaztea bakarrik utzita. Emazteak barran kafesnea edan du, eta senarrarengana hurbildu da goxo antzera.

 

        A. Laburu:

Nere kafesne bat hartu det ta

zuk berriz zure tragoa

ta igandero bezela zoaz

makina horren ondoa;

adizu Jokin badet zurekin

hitz egiteko gogoa:

nere ahotsa ez al da klink-klink

hoi baino goxoagoa?

 

        J. Sorozobal:

Arrazoi dezu zure ahotsa

polita da gehienian

baina makinan jokatzen det nik

tabernan nabilenian;

suerterik bada honek’e klink-klink

egiten du azkenian

zuri ahotsa aldatzen zaizu

hoi entzuten dezunian.

 

        A. Laburu:

Ene senarrak hola hitz egin

behar al dit alafede!

Txanponen joku horretan nahiz ta

ibili ohi zeran trebe

zure ahotsa ene maitia

sarri ez det egiten nere;

ez dakit inoiz zure ahotsa

aldatzen ote dan ere.

 

        J. Sorozobal:

Nere ahotsa berdina omen da

eskasa edo ustela...

dudik ez dago bere onenak

aspaldi eman zituela.

Bakoitzak bere diruarekin

bete behar du papela

eta neurea gastatu nahi det

nik nahiko nukeen bezela.

 

        A. Laburu:

Zuri dirua zuk gastatzea

lasai edota urduri

inportik ez dit nahiz ta ardoa

alkandoratik isuri;

baino afaria diru horrekin

prestatutzekotan zuri

afaldu behar dira hiru limoi

edota hiru marrubi.

 

        J. Sorozobal:

Oraingo hontan izurratu dit

gaur iluntzerako plana;

hain zuzen hori ez da izango

neure buruan neukana.

Zenbaitek badu loteriakin

suerte hartzeko afana;

azken batean Estatuari

ematen diogu dana.

 

        A. Laburu:

Hogeita hamar urte ezkondu

hogeita beatzi aldrebes...

Zure izaera kanbiatzia

kostatu behar zait nekez.

Estatuari dirua eman

omen diot nik’e errez;

zuk’e norbaiti emango zenion

andreari behinipin ez.

 

        J. Sorozobal:

Estaduari dena emateak

neri ematen dit mina

ta ikusten det zeure aldetik

nola dagoen ezina;

hila joan eta hila etorri

kartera gordin-gordina...

nahiago nuke diruagatik

hasarretuko bagina.