Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014

 

gaiak

1995EKO GIPUZKOAKO TXAPELKETA

 

      Non-noiz: Abenduaren 17an, Donostiako Gaska pilotalekuan. 3.000 entzule bildu ziren.

 

 

SAILKAPENA

 

      Aitor Mendiluze: 646,0

      Jexux Mari Irazu: 627,5

      Juan Jose Eizmendi “Loidisaletxe”: 619

      Mikel Mendizabal: 610

      Iñaki Murua: 607

      Iñaki Zelaia: 604,5

      Jokin Sorozabal: 583,5

      Jose Ramon Elorza: 565,5

 

      “Mazedonia bat bezela” definitu zuen finala Loidisaletxek, aurreko belaunaldiko lau eta berriko beste lau elkartu baitziren oholtzan. Txapelketa astean, adinen bataz-bestekoa 23 urtekoa zen. Bittor Agirre (59 urte), Narbaiza eta Xabier Zeberio (46na urte) ziren zaharrenak, eta Maialen Lujanbio (19 urte) gazteena. Txapeldun atera zen Aitor Mendiluzek berak, 20 urte ondo heldu zituen. Irakurri besterik ez dago, Manuel Lasartek txapela jantzi zion egun hartan esandakoak:

      “Neronek asko egin dudala baino gehiago (...)”, Euskaldunon Egunkaria.

      “Mendiluze, Aitor”, Aizu.

      “Aitor Mendiluze, Gipuzkoako txapelduna”, Aiurri.

      Distirarik gabeko bitxiak: Aurreko txapelketako boom-aren aparrak jaitsita zeuden. Hilabete asko ziren “Hitzetik Hortzera” telebista programa eten zela, eta finala ere ez zen telebistaz eskaini. Gainera, aurreko txapelketako faborito eta txapeldunek ez zuten parte hartu, belaunaldi berriari bultzada ematea baizen txapelketaren helburu nagusietako bat. Anjel Mari Peñagarikanok, hala zion hamaikagarren aldiz kontu horrengatik galdetu ziotenean (Argia, 1995-12-17): “Gu atera izan bagina ere, gutako asko atzean gera zitezkeen. Alferrikakoa da ‘haiek atera izan balira...’ esatea. Hor daude zortziak finalean, inork ez die ezer erregalatu.”

      Bertsotan ez, baina iritzia ematen aritu ziren aurreko txapelketako izarrak.

      Kimu berriak: Bertso eskoletako fruitu hauek bertso eskolen inguruan mugimendua sorrarazi zuten, eta entzuleen artean antzematen zen, bai giroan, bai pankartetan ere, kuadrillak eta hintxak non zeuden.

      Txapelketan euren burua ezagutzera emateko aukera ederra zuten gazteek, eta ondo erantzun zioten ardura horri, Anjel Mari Peñagarikanok aitortu zuenez: “benetan inpresionatuta geratu naiz bertsoen kalitatearekin. Oso maila ona erakutsi dute.” (Argia, 1995-12-17).

      Lierni Elortzak, txapelketako koordinatzaileak, horrela baloratu zuen gazteen lana (Argia, 1995-6-11): “Plazaz-plaza aritzen diren bertsolarien esperientzia falta zaiela nabarmendu da, eta oraindik dezente landu behar dituztela euren buruak. Baina, era berean, esateko asko duen eta esaten dakien belaunaldi bizi baten testigantza utzi dute txapelketan.”

      Baina bertsolari gazteen kontrako iritzirik ere ez zen falta izan.

      Klasizismoaz eztabaida. Maialen Lujanbiok Ordiziako finalaurrekoan bota zuen azken agurrak egurra eman zion, bere ustez txapelketak bertsolaritza klasikoari egindako apologiari.

[Bertsolaritzaren datu-basea]

 

 

BERTSO ESKOLAKOAK SAILKAPENEAN

 

      Finalean

            — Aitor Mendiluze, txapeldun

            — Jexux Mari Irazu, txapeldun-orde

            — Iñaki Zelaia, bosgarren

            — Jokin Sorozabal, seigarren

      Finalaurrekoetan

            — Unai Agirre

            — Maialen Lujanbio

            — Jon Eizmendi

            — Joxe Luis Urdangarin

      Lehen fasean

            — Iker Alustiza

 

 

      Bertsolari Elkarteko Lehendakariak, Imanol Lazkanok, kantatua:

      Doinua: Aita izena.

 

Kanporaketak pasa ondoren

lehenago hainbat herritan,

euskaldun denok jarriak geunden

gaurkoaren egarritan.

Zerbaitek behintzat elkartzen gaitu

beti ez gabiltz erritan,

seguru nago aurrera ere

batu gindezke sarritan,

gure zuhaitza udaberriro

baitegu kimu berritan.

 

      Aitor Mendiluze Txapeldunaren agurra:

      Doinua: Ligoi bizitza ez da izaten.

 

Nundik datozkit hainbeste txalo

ta nundik hainbeste sari,

lehenik eskeini behar atzean,

dagon zazpikoteari,

ta beste hainbat zuentzako gaur

publikoari berari,

txalo jo didatenari,

bueno, ta beste denori

eta nola ez atzo urteak

kunplitu zituenari,

Manuel* hau zuri eskeintzen dizut

atzoko partez opari.

                       [* Manuel Lasarte]

 

 

LASARTEK TXAPELDUNARI

 

 

      Aitor Mendiluzeri txapela jantzi ondoren, Manuel Lasarte kantatu zituen bi bertsoak:

      Doinua: Haiziak bidali du.

 

Zortzi bertsolariak

dira leial jardun,

horren testigu gera

milaka euskaldun,

beraz Mendiluze zu

zaitugu txapeldun,

zorionak bihotzez

horixe nahi gendun.

 

Entzuleak bertsoak

desio dituzte,

nik ahal banu hortikan

aseko nituzke,

zuekin inoiz ahaztu

naizenik ez uste,

Lasarte zaharrak beti

maiteko zaituzte.

 

      20 urterekin txapela irabaztea eta txapela Manuel Lasartek ematea da kolpetik zerua zabaltzea.

[Aitor Mendiluze]

 

      Finalaren bezperan Yausikan ibili ginen parrandan, eta ez dakit etxera noiz joango ginen. Nik orduan buruan ondo pasatzea izango nuen, seguruena. Pare xamarrean tokatu lanak, eta berriaren efektua, hori ere izango zen pixka bat, eta bigarren geratu nintzen.

[Jexux Mari Irazu]

 

      Finalaz ere oso rekuerdo ona dut. Miopiarekin hasia nengoen baina betaurrekorik ez nuen janzten eta Gaskan nik jendea ikusten nuen, besterik ez. Beti izan naiz jende askorekin kikildu ez naizena. Askotan okerrago pasatzen dut mahai batean hamar aurpegi gertu ikusiz, mila lagun aurrean edukita baino.

[Iñaki Zelaia]

 

      Ez nuen pentsatu ere egin bukaeran trabatu eta hargatik bigarren geratu nintzenik. Bukaerako agurra ere katxondeoan bota nuen: gai batean homosexualen paperean jarri gintuzten Joxerramon Elortza eta biak, eta ordurako berri xamarra zen gai hori, eta bigarren geratuta, ikuspegi pasota xamarretik bota nuen “batek daki zer trauma dagoen epaile baten bizitzan / homosexuala izan ez banintz txapeldun izango nintzan”. Bigarren postu horri justifikazio bat emate aldera bota nuen! Baten batek pentsatu zuen “hau kexatu egin da”... baina ez zuen horretatik ezer.

[Jexux Mari Irazu]

 

      Azkenean txapelketak badakigu zer diren, neurri handi batean “suertea”. Lehenengo saioa Mutrikun kantatu nuen eta azkeneko bertsoan poto egin nuen eta puntu erdiz pasa nuen lehenengo fasea. Txiripaz pasa, eta bigarren fasean konfiantza gehiago hartu, eta gero finalerdian hazten joan... azkenean finalean kantatu nuen.

[Iñaki Zelaia]

 

      Bertsolari talde bat bageunden aritzen ginenak, eskarmentu pixka bat genuenak. Gure inguruko jendea zen finalerako txartela jokatu behar genuenak. Denok borroka egin genuen, eta nik neronek kartzelan poto egin nuen.

[Unai Agirre]

 

      Beti esan didate txapel erdia Errenteriako finalaurrekoan irabazi nuela. Aurreko bi egunak gaixo egonda eta nekatuta joan nintzen, baina bertsotarako sentsazio bat baneukan, “egingo dut”. Saioa hasi eta berehala etorri zitzaidan sentsazioa “ostra, hau duk buruaren emana! hau duk etortzea!” erraz, gustura aritu nintzen bertsotan. Bukatutakoan Anjel Mari Peñagarikanorekin egon nintzen eta hark esaten zidan “bertso hau oso ona, hemen akats txiki bat egin duk...” eta pentsatzen nuen “jendea fijatu egiten da nire bertsoekin, nik txapelketa honetan ezezaguna izan beharko nikek”. Hasten ari den bertsolari batentzat bi osagaiak elkartzea zen, batetik nire sentsazioa, han bertsotan egiteko gai nintzela, eta bestetik nik baino askoz gehiago zekien jende baten sentsazioa bertsua izan zela.

[Aitor Mendiluze]

 

 

1995-04-28, Urretxu

 

      Gaur jakin duzu haurtzaroan hainbat parre eragin zizun pailazoa hil dela.

      Doinua: Aita izena.

 

        Jexux Mari Irazu:

Banekien bai ote zeundela

nahiko bajatu samarrik,

gogoratzen naiz zuri begira

ez nuen ba egin parrik!

Orain jun zera ta haur ginanak

utzi gaituzu bakarrik.

Zeru aldian ez da izango

parrik gabeko baztarrik.

Zinana izan zinadelako

ez det egingo negarrik.

 

Hainbat alditan egon ginan gu

zuri beira algaraka,

izan’e halako xelebriaren

planta betidanik daka.

Behin betirako gure ondotik

izkutatu ta aparta.

Hala ta guztiz irri batekin

agur negarrak lagata,

bizitza ere azken batean

komeria hutsa data.

 

 

1995-05-12, Villabona

 

      Zu Maialen Lujanbio artista famatua zaitugu. Zure kuadroa pintura erakusketa baterako eskatu zizun kultur-etxeko zuzendariak Juanito Mitxelenak. Astebetera Maialen erakusketara etorri zara eta zure kuadroa azpikoz gora ikusi duzu. Hiruna bertso Maialen Lujanbio hasita.

 

        Lujanbio:

Herrian aurkeztu det

nere lan sakona

ez da intelektuala

holako gizona.

Goiaren erretratu

txukun eta ona,

da zuk ikusi dezun

gauzik astraktona.

 

        Mitxelena:

Artista jarri zera

zu penetan lehertzen,

gauz hoiek ikusita

baitzera aspertzen.

Kuadroa buelta emanda

hortxen da agertzen,

lehen zeguen bezela

ez zuten ulertzen.

 

        Lujanbio:

Parrik ez zazu egin

zuk nere kontura,

nere kuadroak bazun

nahikoa lilura.

Orain inork ez al du

adierazten duda,

azalpenak idatzi

al dizkiozu ba?

 

        Mitxelena:

Etzaitez hasarretu

hau dala medio,

jendeak gauza horren

berri hauxe dio:

egia esan hori

zer erremedio,

buelta eman ta gehio

duela balio.

 

        Lujanbio:

Dirua’re aipatu

dezu azkenian,

ze zentzu artistiko

dezun barrenian?

Behia goian dauka ta

goia dauka bihan

ta gaitzerdi aldrebes

jarri ez dunian.

 

        Mitxelena:

Artista bat edonor

diteke etsita,

bere langintzak badu

hainbat garrantzi ta.

Itxura danez zaude

gutxitxo jantzita,

hurrengoa pintatu

begiak itxita.

 

 

1995-10-20, Usurbil

 

      Doinua: Haiziak bidali du.

 

        Puntua:

Bururatzen al zaizu

pentsamentu txarrik?

 

        Jon Eizmendi:

Nere gogoan ez da

desio zakarrik,

sortuko balitzaida

behin asmo baldarrik,

hura gordeko nuke

neretzat bakarrik.

 

      Azken oina emanda neurri librean: Zain.

      Doinua: Ezkondu eta ezkongai.

 

        Jon Eizmendi:

Neskak Bilintxeri ja-jai,

ez zan geldituko lasai,

ni ere nago ezkongai.

Neskatxa bati telefonotik

hots egiten diot noiznahi

baina hark ez du esan bai,

nonbait ez du ausartu nahi,

bitartean hemen naiz zai.

 

 

1995-10-22, Arrasate

 

        Puntua:

Enkargatu al duzu

lekurik zeruan?

 

        Joxe Luis Urdangarin:

Bestela’re nahiko lan

badaukat munduan,

baina egon nahi banu

Jaunaren onduan,

eskatu gabe ere

seguru banuan.

 

        Puntua:

Jarrita al daukazu

txanpaina freskatzen?

 

        Iñaki Zelaia:

Ni ezin naiz gaur hasi

gezurrak kontatzen.

Ez badet nik hobeto

gaurkoan kantatzen,

lan askorikan ez det

botilak askatzen.

 

 

1995-10-29, Zumaia

 

      Bi guraso zarete. Loidisaletxek bere seme alabei ez die telebista pizten ere uzten. Aitor Mendiluzeri jarrera gogorregia iruditzen zaio.

      Doinua: Santa Barbara zure bizitza.

 

        J.J. Loidisaletxe:

Nere jarrera hori da eta

izan nahi nuke hitzeko,

motiboik ez da telebistaren

aurrean beti ibiltzeko.

Haurrak ez dute ia ohiturik

pasiatzen ibiltzeko,

modu politak gehio badira

orduk ondo pasatzeko.

 

        A. Mendiluze:

Denok dakigu neurritik kanpo

kaltegarrikoa dela,

baina ez dezu gauza onikan

inoiz lortuko horrela.

Munduan zehar zer berri dagon

enteratu ditezela,

gaur egun ezin gintezke bizi

kobazulotan bezela.

 

        J.J. Loidisaletxe:

Nere jarrera antzina edo

zaharkitua omen da,

baina zaharraren esana sarri

arrazoidun izaten da.

Munduan berri jakin behar du

baina kalera ertenda,

telebistaren denbora pasa

gaixotasun bihurtzen da.

 

        A. Mendiluze:

Gaixotasun bat izan liteke

ikusi ezkero noiznahi,

baina ona da ikusiz gero

neurri batez eta lasai.

Programaketa azter ezazu

egon zer ikusiko zai,

zer ahaztua badago baina

zer ikasia ere bai!

 

        J.J. Loidisaletxe:

Kaja zahar horren aurrean ahaztu

egiten dira lagunez

eta zertxobait esan nahi dizut

orain zuri erantzunez.

Ezer onikan ez leike lortu

gezur pila hoi entzunez

zeure haurraren onerako da

ta joka zazu zentzunez.

 

        A. Mendiluze:

Ez diet uzten telebistara

joaten goizean goizik,

baina noizbehinka uztea edo

zentzuzkoa leike kasik.

Izaten ezin jakingo dezu

argi erakutsi ezik,

hori ez dala kaja tontoa

maisu dotore bat baizik.

 

 

      Doinua: Xarmangarria zera.

      Puntua:

 

        Puntua:

Preserbatiboakin

egiten al duzu?

 

        A. Mendiluze:

Bai beti nagolako

ni gaitzekin izu,

zita’re badedala

zuk jakin ezazu.

Bukatu egin zaizkit

bat ba al daukazu?

 

 

1995-11-1, Alegia

 

      Doinua: Xarmangarria zera.

 

        Puntua:

Mesederako al da

lana banatzea?

 

        Jokin Sorozabal:

Mesede izan leike

pixka bat kentzea,

baina beste aldeak

dakar hor trantzea.

Mesederik haundina

berdin kobratzea.

 

      Azken oina emanda neurri librean: Papera.

      Doinua: Aita izena.

 

        J.M. Irazu:

Nik begirada luzatu nahi det

Amazonia aldera,

mundu guztiko baso ta oihanen

atseden-leku da bera.

Moztu ta moztu etengabean

aspalditik ari gera,

igual gu ere joan gintezke

oihanarekin batera,

horrexegatik bere neurrian

gastatu behar da papera.

 

        Puntua:

Adinik onenean

dator soldadutza...

 

        Jokin Sorozabal:

baina ez du balio

zakurraren putza!

Burua nahasten du ta

hondatu gorputza

eta oraindik eman

nahi zaio laguntza.

 

      Kartzelako gaia: Denboraldi bat etxetik kanpo pasa ondoren, itzuleran, etxeko ateari kanta hiru bertso.

      Doinua: Aita izena.

 

        Jokin Sorozabal:

Pentsatzen nuen herrian inork

ni ez ninduela maite,

ta horregatik alde egin nuen

begi bistatik aparte.

Gaur itzultzeko hartutakoan

horrenbeste borondate,

nik zer sorpresa hartua dedan

inork ere ez dakizute!

Denbora asko pasako nuen

atea aldatu baitute.

 

Eta orduan pixka pixka bat

larritu naiz berehala,

konturatu naiz ate berriko

giltzarik ez daukadala.

Lehengo giltza zan nere mendeko

xumea eta leiala,

orain txirrina jo egin behar

kanpotar batek bezala

ta espero det barrukon batek

zabalduko al didala!

 

Gazteoi beti gure etxeko

giroa ez zaigu gustatzen,

horregatikan aldaketara

errez ohi gera prestatzen.

Etorri eta zein da harrera

hortan ari naiz kezkatzen.

Nere denbora joanak joan dira

hasi nahi nuke askatzen,

barkamen eta erruki pixkat

besterik ez det eskatzen.

 

 

1995-11-05, Ataun

 

      Martin Rezabal “Olaso” egundoko herrena eginez sartu da Maialen Lujanbio medikuaren kontsultan baja eske. Maialen Lujanbiok azterketa egin behar dio.

 

        M. Lujanbio:

Hemendik entzun ditut

gizonan kejuak,

egiten ditun builak

ta bere ojuak.

Leheno txikia zana

txikitu kojuak

eta gainera baja

nahi du gizajuak.

 

        M.R. Olaso:

Burlaka hasia zait

bera derrepente

ta buruko ileak

jarri dizkit tente.

belaunen mina daukat

gainera dezente,

kejauko zinake zu

honela bazeunde!

 

        M. Lujanbio:

Itxura penegarriz

etorri zera zu,

horregatikan egin

behar dizut kasu.

Hanka benetan motza

ikusten det aizu!

Eta beste belauna

normal al daukazu?

 

        M.R. Olaso:

Medikuak badauka

nahikoa malezi,

hola ilea hartzen

zergaitikan hasi.

Hanka motz ta luzea

dizkidazu nahasi,

motxena ez didazu

oraindik ikusi.

 

        M. Lujanbio:

Horrekin geratu da

berriz parregarri,

motxena omen dana

nik ez det igarri.

Keja berdinarekin

asko datoz sarri,

baina hor ezin dizut

igeltsorik jarri.

 

        M.R. Olaso:

Sendagilea dator

gaur nahikoa trebe,

adarra jotzen bera

nahiz ikusi grabe.

Ta erantzungo dizut

suabe, suabe,

tente egoten da hori

igeltsorik gabe.

 

      Azken oina emanda neurri librean: Irakurri.

      Doinua: Aita izena.

 

        Maialen Lujanbio:

Txapelketetan aritzen gera

denak estu eta larri,

bertsoak duen mamia ere

ia ezin degu igarri.

Biharamona izaten degu

gu guzion lasaigarri

ta Rufinoren* kronikak ere

irakurtzen ditut sarri,

baina gezurra jartzen du dena

ta inork ez irakurri.

                      [*Rufino Iraola, El Diario Vasco-n argitaratzen zituen kronikak.]

 

 

1995-11-19, Azpeitia

 

      Oina: Berriz.

 

        Joxe Luis Urdangarin:

Hogeigarrengo urteurrena

orain burura ekarriz,

Francon izena daukat buruan

bere bigote ta irriz.

Haren menpean gure herriak

pasatako une larriz,

ibilia da, triste gosea

erdi hilda ta egarriz;

nere gurasuk pasatakoa

ez nuke pasa nahi berriz.

 

      Martin Rezabal “Olaso” mendiko iturri zaharra zaitugu eta Joxe Luis Urdangarin iturri horretan freskatzen jarrita dagoen coca-cola. Hiruna bertso Martin hasita.

 

        M.R. Olaso:

Nere bizitzan, mendian puntan

sortu dedan eragina,

hainbat egarri etorri danai

kendu ohi diet samina.

Ta zu’re orain nereganaino

heldu zera alajaina!

Nere beharrik ez zenedukan

zeu ona izan bazina.

 

        J.L Urdangarin:

Belarri hontara mina eginez

etorri zait zure hitza,

nahiago nuke mendi honetan

beste iturririk balitza.

Aizu, mesedez, ez zaitez orain

erraz nere aurka mintza!

Azken aldian, nere kolore

berdinarekin zabiltza.

 

        M.R. Olaso:

Zuk neregana etorritzea,

ez zenedukan ahaztuta,

piskat mejoratu nahi zenduke

hemen nigan freskatuta.

Hor honuntza zu etorri zera

beste norbaitek hartuta,

kolorea du betz beltza eta

gain(er)a botika nahastuta.

 

        J.L Urdangarin:

Gaurko honetan jarria naute

nahiko iturri merkean,

hori esaten det nere ondoan

dedan ura ikustean.

Nere iritziz, hemen jartzea,

izan da nere kaltean;

hau da hau nazka, hartzen dedana,

zapaburuen artean!

 

        M.R. Olaso:

Eta inor’ek ez dizu esan

zapaburuei heltzeko,

azken aldian, nahiz ta urritu

oaindik ez dago galtzeko.

Zu eran eta jende gehiena

jarritzen dezu trantzeko,

gero tragoa nei eiten didate

zure gustoa kentzeko.

 

        J.L Urdangarin:

Zure ondoan, egon beharraz,

guztiz nazkatuta nago,

magal hortako zikinkeri ta

goroldioen esklabo.

Orandik epel, epel naukazu

nahiz ta itxaron luzaro;

bazkaltzen hasi nahi dute eta

eman presio gehiago!

 

 

1995-11-26, Errenteria

 

      Mikel Mendizabal haziendako inspektore zara eta Aitor Mendiluze parrokoa. Parrokoak, zergak ordaintzen ez dituelako, inspektorearen bisita izan du.

      Doinua: Kantatzera nijoa.

 

        M. Mendizabal:

Parrokoan etxera

bisita juanta,

honek armatua dit

hainbat zalaparta.

Ordaindu zazu zerga

kontuak lagata,

Jainkoaren aurrean

berdinak gera ta.

 

        A. Mendiluze:

Denak berdinak gera

horra zure hitza,

hobe genduke beti

beteko balitza.

Jainkoaren etxea

nola den eliza,

nere faktura danak

berak ordain bitza.

 

        M. Mendizabal:

Elizako kontuak

zabiltz adierazten,

baina diferentzirik

ez degu ikusten.

Zuek tranpatarako

horrenbeste ezten,

haziendak ez du ordea

ezer’e bereizten.

 

        A. Mendiluze:

Ez duela bereizten

haziendak bela,

laister konponbiderik

ez dator horrela.

Zuk ez al dezu entzun

hark esan bezela,

kristau onak barkatu

egiten duela.

 

        M. Mendizabal:

Esaera hoiek ziran

nunbait’e aintzinan,

baina utzi itzazu

guztiak ezkinan.

Ez zaitez hasi orain

Kristoren dotrinan,

erlijiorik ez da

gure diziplinan.

 

        A. Mendiluze:

Bueno, hasten bazera

holako hitz haundiz,

dena ordaindu egin

beharko det egiz.

Horra neure dirua

jarritako neurriz,

ta igandean poltsan

bota zazu berriz.

 

      Azken oina emanda: errez.

      Doinua: Gogoan daukat ez du aspaldi.

 

        Jexux Mari Irazu:

Euskal Herriko arazo danak

konpondu behar indarrez,

tristura ere etortzen zaigu

hori pentsatu bakarrez.

Lehenago ere zer dakarkien

ikusia degu aurrez,

pakerik ezak nahiz eta denok

uzten gaituen negarrez,

hala’re denak mahai inguruan

ez dira eseriko errez.

 

 

1995-12-03, Ordizia

 

      Aita alabak zarete. Bixente Gorostidi aita, unibertsitateko irakaslea bera, eta Maialen Lujanbio alabari unibertsitatera joateko adina iritsi zaio baina ez du aukera hori hartu nahi.

      Doinua: Nafarroako mendi gainetik.

 

        M. Lujanbio:

Donostin dago campus eder bat

berdin Gasteizen bezela,

hirugarrena, Leioan dute,

EHUren kartzela.

Irakurtzen det fakultateak

oso gaizki doazela,

horrek izena dauka polita

eta barrua ustela.

 

        B. Gorostidi:

Ondo diozu ez dabil sano

arrazoirik ezin kendu,

era horretan zure aitari

ahotsa orain ez ozendu.

Ta hobe dezu ondo hezitzeko

guregandik ez aldendu,

ez da munduko onena baino

zer ikasia eskaintzen du.

 

        M. Lujanbio:

Gogoratzen det Paris aldeko

aintzinako iraultza hura,

baina Euskadira begiratuta

orduan sortzen zait duda.

Ez zazu pentsa ni erortzerik

hipokresian mundura,

euskara hutsean ikastearren

greba e(g)in behar den lekura.

 

        B. Gorostidi:

Hanka azpiraino jaitsi ohi dute

sarritan gure hizkuntza,

baina jakizu beti atalka

hobetzen dela hezkuntza.

Ta jakin gabe zertako egin

horren kritika hain hutsa!

Gauzak hobeto egin daitezen

eskeini zure laguntza.

 

        M. Lujanbio:

Nere laguntza eskeiniko det

hori badakizu jakin,

baina elkar lana egin behar da

beste jende guziakin.

Maiz entzuten det zereinik ez da

funtzionarioekin,

nik zu bakarrik ezautzen zaitut

ta nahikoa det horrekin.

 

        B. Gorostidi:

Trapu zikinak astintzen orain

ez zaitez hasi mesedez,

zure heziketan ama ta biok

badegu nahiko interes.

Eta etxean ez usteltzeko

zu alperraren alperrez,

nik matrikula egingo dizut

gustoko izan edo ez.

 

      Sorozabal-Unai Agirre. Bi boxealari zarete. Ring-ean elkar joka baina lurrera erori dena arbitroa da. Nork bota du?

 

        U. Agirre:

Oso ona ez daukak

aizak punteria,

        J. Sorozabal:

hiri eman banian

a ze aberia!

        U. Agirre:

Arbitroa altxatzen

orain komeria,

        J. Sorozabal:

hemen egin behar dik

bakoitzak beria.

 

        J. Sorozabal:

Nola ez zuen pitatzen

harek nere alde,

        U. Agirre:

odolik nahi ez badek

bistatikan alde.

        J. Sorozabal:

Potrotan eman diot

ta hik zeinek galde,

        U. Agirre:

lantegia ez zaio

atera debalde.

 

        U. Agirre:

Hurrena ikasiko dik

paretikan kentzen,

        J. Sorozabal:

bestela nahiko lana

bizirik mantentzen.

        U. Agirre:

Huraxe jotzia zen

guretzat errezen,

        J. Sorozabal:

hi jo izan bahindut ere

lurrera joan hintzen.

 

        J. Sorozabal:

Haundi hauek makalak

izaten baitira,

        U. Agirre:

baina kolpe bakarra

nahikoa guztira.

        J. Sorozabal:

Nik jotzen bahaut ez haiz

joango urrutira,

        U. Agirre:

baldin probau nahi badek

ez hai erretira.

 

        U. Agirre:

Holakotxiak gaituk

boxealariak,

        J. Sorozabal:

borrokan hasiez gero

kriston aberiak.

        U. Agirre:

Arbitroarekiko

geure komeriak

        J. Sorozabal:

hura bota diau ta

gaur txapeldun biak.

 

        J. Sorozabal:

Txilipituarekin

nahiko txulo dabil,

        U. Agirre:

orain ez dik pitauko

ez oso borobil.

        J. Sorozabal:

Eskerrak medikua

zegoela hurbil,

        U. Agirre:

deitu zaiok DYAri

ez baldin badek hil.

 

      1995-12-17, Donostia

      Aitor Mendiluze denda handi baten jarri zaituzten Olentzeroren irudia zara. Gauean Iñaki Zelaia sartu da lapurretara. Hor zaudete biok aurrez aurre.

 

        A. Mendiluze:

Haur denentzako hemen badago

gutxinez jostailu bana

eta guztiak eramatea

gaurkoan zure afana.

Bainan umeen pozarentzako

hara zer nolako zama,

zuk lapurtzea neronek eman

beharko nien poz dana!

 

        I. Zelaia:

Pistola duen inor ez dago

ta arituko naiz lasai,

hartuko ditut erropa danak

eta pitxiak ere bai.

Baina Olentzero zauden lekuan

egun gehiagotan jarrai,

nik ez bait nuke ume guztien

ilusiorik ostu nahi!

 

        A. Mendiluze:

Zuk asmo on bat badezu behintzat,

eta hainbestean grazik,

baina okerra bihur liteke

hori ondo egin ezik.

Ilusiorik lapurtu nahi ez

ez zabiltza zuzen kasik,

ni ez naiz haien ilusioa

nere opariak baizik!

 

        I. Zelaia:

Opariren bat hartuko dedan

beldurtu egin al zara?

nik ume denak maitatzen ditut

eta ez izan ikara!

Beraientzako opari pila

sartuko ditut poltsara

ta bihar bertan jardun behar det

neuk Olentzero gisara.

 

        A. Mendiluze:

Lapur zintzo bat azaldu zaigu

egon beharko det lasai...

aspaldidanik nengoelako

ni horrelako baten zai.

Zuk Olentzero papera egin,

benetakoarentzat jai!

Umeentzako opari eta

Olentzerontzat ere bai.

 

        I. Zelaia:

Gau iluna ta laban txiki bat

dira neretzako armak,

biharko egunez poztu nahi ditut

beharrean diran danak.

Pitxi ugariz eta larruzko

jantziaz datozte damak,

lehen ere opari nahiko badute

hona etortzen diranak!

 

      Iñaki Murua etxetik kanpo lan egiten duzun emakume gaztea zara. Haurra izan duzu eta, Aitor Mendiluze, zure ama prestatu zaizu haurra zaintzeko. Zuk, Iñaki Murua, ordea, haurra haurtzaindegira eraman nahi duzu.

 

        I. Murua:

Hobe dira haurtzaindegiak,

eman bakoitzai beriak,

haurrak haurrakin bizitzen ditu

bere komeriak.

Ama aditu egiak

ta ez tristetu begiak.

Nere haurrarentzat ez nituzke nahi

amonan maniak.

 

        A. Mendiluze:

Nere manien ikara,

horrekin kutsatu zara,

horregatikan eraman behar

dezula bertara.

Bainan aditu alaba,

ez gero eraman hara!

Familiakin baino hobeto

nun egongo da ba?

 

        I. Murua:

Hasi hara eramaten,

ta ideara egiten,

familia ez da haur batentzako

beti onena izaten.

Ausartuko naiz esaten,

arrazoi on bat emate,

egun guztia ez du pasako

karamelu jaten.

 

        A. Mendiluze:

Amonak nahi du harrapa,

zuk nahi ez, hauxe da marka!

Karamelurik ez det hartuko

kalterako da ta.

baina ez nigandik aparta!

Hori da erru galanta!

Zainketak sobran izango ditu,

maitasuna falta.

 

        I. Murua:

Han ibiliko da alai

eta jolasean lasai,

gainera dauzka hiru edo lau

pertsona bere zai.

“Hortxe isili egon hai!

Erori egingo da ai!”

Ume mukizu mimatu baten

ama ez dut izan nahi!

 

        A. Mendiluze:

Mimatzearekin izu

eta kejan jo eta su,

bainan nik ama zer den badakit,

egidazu kasu!

Maistrarekin fio zu,

ona dala badakizu;

baina hari ama deitutakoan

damutuko zaizu!

 

 

      Zuk, Loidisaletxe, maitasunezko mezu bat bidali zenion zeure maiteari Aitor Mendiluze mezulariarekin. Zer gertatuko ordea, eta zure maitea mezulariaz maitemindu da.

      Doinua: Nere senarrarekin.

 

        J.J. Loidisaletxe:

Adar jotze polita

nei egin didazu!

Nere maitea orain

zurekin daukazu.

Eta horrek jartzen nau

erreta jo ta su!

Eskutitzan izena

aldatu al dezu?

 

        A. Mendiluze:

Nola nik nere lana

ondo egin dedan,

ez det ezer aldatu

zuk diozun eran.

Baina nahiz mezu ona

bidali aukeran,

hark aina esan nahi du

nola ematen dan.

 

        J.J. Loidisaletxe:

Mezulariak daude

guri zerbitzeko,

honek egin duena

hain da harritzeko!

Nik soilik esan nizun

buzoian sartzeko,

neu’re nahikoa nintzan

seilua jartzeko!

 

        A. Mendiluze:

Topo egin gendun da

zer erremedio!

Harrek konbidatuta

ni etxera io.

Zure mezuak soilik

ez zion balio,

urrutikoa baino

gertukoa nahio.

 

        J.J. Loidisaletxe:

Neskatxa kendua dit

neri ondotikan

eta horrek mindu nau

oso gogotikan.

Nahiz saltorik ez dedan

eingo balkoitikan,

hurrena saiauko naiz

telefonotikan.

 

        A. Mendiluze:

Aurrez aurre saiatu

behar da hizketan,

ez badezu egon nahi

ondoren penetan.

Bainan berriz zugana

joango naiz benetan,

karta bat idazteko

urtebetetzetan.

 

      Doinua: Haizeak bidali du.

 

        Puntua:

Errepidea malkoz

bustitzen da sarri...

 

        Jexux Mari Irazu:

Irratitik entzun det

gauza horren berri,

eta ez ibiltzekotan

estu eta larri;

edan dunak bolante

aurrian ez jarri!

 

        Puntua:

Kartzeletan ematen

al dute txanpaina?

 

        Aitor Mendiluze:

Emango baliete

hobe alajaina!

Neroni ez naiz inoiz

bertan egon baina,

kontentu izatean

bazkaltzeko aina!

 

        Puntua:

Hogeigarren mendeko

bukaeran gaude:

 

        Aitor Mendiluze:

eta ez gera geure

buruaren jabe.

Munduan makina bat

arazo badaude,

horra hor hogei mende

ezer lortu gabe.