Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014

 

gaiak

GAZTE SARIKETAK

 

      Lauaxeta saria antolatu zuten eta finala Mungian jokatu genuen Iñaki Murua, Millan Telleria eta abarrekin. Ernest Alkatek eraman zuen txapela. Izugarrizko beroa egiten zuen eta kartzelako lanerako kamioneta batean ezkutatu gintuzten, toldo azpian. Hori aski ez dela, ez entzuteko ez ziguten bada kamioneta arrankatu! “Hemendik bizirik irtetea nahikoa egingo diagu!” esaten nion Muruari.

[Joxe Fermin Argiñarena]

 

      90eko hamarkadako urte haiek izan ziren bai sariketetan, bai bertso eskolan eta bai plazan gehien ibili ginenak. Bi hilabetera beste sariketa batean parte hartuko genuen, eta sei hilabete lehenago beste batean, kate horretan sartuta geunden. Orduan, gainera, bertsolari kopuruagatik, aukera gehixeago izaten zen sariketetan parte hartzeko.

[Iñaki Zelaia]

 

      Aurreneko Lizardi sarian parte hartu nuenean Hernanitik hamar-hamabi joan ginen kantatzera. Geroztik igual hamar aldiz aterako ginen. Beste sariketak ziren Orixe, Osinalde, Xenpelar... batzuetan parte-hartzea libre izaten zen eta beste batzuetatik deitu egin behar zizuten. Libre zenetara denok joaten ginen.

[Jon Iraola]

 

Xenpelar sarian.

 

      Osinalde eta Lizardi ziren guretzat fijoak eta motibazioa haiek ematen ziguten. Dexente preparatzen ginen, Lizardi uda bukaeran izaten denez eta udan denbora asko genuenez, bertso eskolako lokalean mila aldiz biltzen ginen Joxe Anjel Aranburu eta biok.

[Agin Laburu]

 

      Eskolarteko Txapelketen garaia bukatu nuen egunean, aurrean amildegi bat neukala sentitu nuen. Urtero daukazu plaza bat aseguratua, Eskolartekoa, eta bukatzen da eta dena da lainoen gainean ibiltzea bezala, ez dakizu hurrengo pausoa non eman behar duzun edo zer egin behar duzun. Urte hartan deitu zidaten Lizarditik lehenengo aldiz, eta hor jada ikusten duzu bide bat egiteko aukera daukazula.

[Beñat Gaztelumendi]

 

      Osinaldeko final batera joan eta han dagoen giroa, bertsolarien artean ere sortzen dena (saioa bukatu eta denak puntuka hastea), magia hori Eskolartekoan ez dago, hori gero hasten zara bizitzen.

[Beñat Gaztelumendi]

 

      Eskolarteko azken urtean ondo egin baduzu eta izen pixka bat hartu baduzu, gero sariketetatik deitzen dizute.

[Unai Gaztelumendi]

 

      Oso egokiak dira kantatzeko. Mikel Laboa saria antolatu berri da Antiguon eta gustura kantatu dugu. Aztiri eta Gabiriko saioetan ere bai, Plazatik Gaztetxera sariketan ere bai, Erniarraitzen ere bai, Gasteizen Bertsokatu egin izan da azken urteetan eta gaztetxean egin zen finala ederra izan zen, jende asko bildu zen...

[Asier Azpiroz]

 

      Biltzeko balio dute. Abuztu bukaeran Lizardi Saria dagoen aitzakian biltzen gara udan zerbait kantatzeko. Bertsolari gisa gehiago egiten zara: desberdin kantatuko duzu Gabiriko elkarte batean edo Algortan, nahi gabe aldatzen duzu bertsokera, eta hizkuntza asko. Kantatzeaz gain afaltzera joaten zara, eta ezagutzen ez dituzun beste bertsolariekin tratuan egon behar duzu, antolatzailearekin... asko ikasten duzu, jarri egiten zara.

[Asier Azpiroz]

 

 

LIZARDI SARIA

 

      Azpeitian basoan ari ginen lanean eta Uztapideren ilobarenean (Pakita Agirre Gabiria Olaizola) genuen ostatua. Egun batez deitu zidan Lasarteko Artetxek (Miren Artetxeren aitonak). Nonbaitetik jakin zuen nafarren bat bazela bertso munduan, eta ez dakit nondik topatu ninduen. Eta esan zidan: “Fermin, Patxi Larrañagak deitu dit Zarautzen Lizardi saria antolatu duela eta zure izena eman dut. Eta ez dizut baimenik eskatu gainera! Joan egin behar duzu!” “Baina, baina zer egin duzu! Nik ez dakit hori zer den ere eta!”. Nik inori ez nion esan. Ez anaiari, ez Pakitari... Afaldu genuen eta Zinemara. Zineman hor ikusten ditut Imanol Lazkano, Sebastian Lizaso... esaten nuen “hi nora ostia etorri haiz hona? Zer egin behar duk hik hemen? Alde egin ezak hemendik!” Joxe Mari Iriondo, Joxe Mari Aranalde... haiek ikusi nituenean eskema guztiak hautsi zitzaizkidan. Kantu-lagunak nituen Millan Telleria, Zelaiatarrak... hasi ginen eta nik ez dakit zer egin nuen, oraindik ez dut sinisten txapela nola jantzi nuen. Ni lotsatu, eman zizkidatenak hartu eta Meagatik aurrera nindoala nire kasa esaten nuen “Fermin, gaur zer kristo egin duk hik?” Anaia ez nuen esnatu ere egin eta mesillaren gainean utzi nituen sariak, ez neukan non utzirik eta. Biharamunean esaten zidan Pakitak “atzo zer egin duk? Isilik egin dituk gauzak hik! Non ibili haiz?”. Ni berriz lotsatuta.

[Joxe Fermin Argiñarena]

 

      Lizardi sari batera ikustera joan nintzen. Uholdeak izan ziren, 1983koak igual izarigo ziren. Hainbeste hildako... Anatxek bukaeran bota zuen: ez dakit Jainkoa oporretan edo zer dagoen...

      Txapelarekin zer egingo duzu? eta Anatxek:

      Bihar goizean behiaren buztanak jo ez nazan, buruan jartzeko ondo etorriko zait!

[Iñaki Aranzadi]

 

      1989 inguruan izango zen. Urtero bagenekien Lizardi sarian parte hartzeko Zarauzko kultura zerbitzura deitu behar zela, bagenekien gutxi gora behera Euskal Festen inguruan izaten zela, eta urte hartan deitzeko ardura nirea zen, deitu nuen eta “Lizardi sarian izena emateko aurten?” irailaren hogeitapikoan zela izena emateko epea. Besteei esan nien “Aurten beranduago duk Lizardi”, eta gu lasai. Andoni Egaña orduan antolatzen ibiltzen zen, eta telefonoz deitu zigun “aizue, ez al duzue parte hartu behar? 5 parte-hartzaile bakarrik daude eta Hernaniko kuadrilla osoa falta da!” Hernanitik 6-9 joaten ginen, eta hutsunea nabaritu zuten. Orain kontuak aldatuta daude, baina orduan antolatzaileek deitu ziguten parte hartzeko.

[Iñaki Zelaia]

 

      1990ean, Eskolarteko Txapelketan Jon Maia eta Joxe Munduate zebiltzan puri-purian, txapel guztiak eramanez txandaka. Eta urte hartako Lizardin bigarren sartzeko aukera izan nuen, bien tartean. Postuari lotutako pare bat saio baziren, “bi lehenengoentzat”. Gogoratzen naiz Jon Maiarekin Errenterian egindako saio batekin. Osinalde sarian kantatu ondoren ere saioren bat egin nuen. Baina gainerakoan ez dut nabaritu sariketen ondorioz saiotarako deitu didatenik.

[Iñaki Zelaia]

 

      Lizardi sarira joan, igual finalera pasa eta han egur handiagoa hartzen genuen... hurrengoan ez ginen lehen saiotik pasatzen, hurrengoan berriz finalera, “hark nik baino gutxiago merezi zian”... esanda aurrera! Jarraipena emateko balio zuen, elkarrekin biltzeko aitzakia izateko, ea zerbait hobetzen genuen (okertzea zaila izaten zen eta!J.

[Iker Osa]

 

      Lizardiko kanporaketa, 16 bat bertsolari ilaran jarri eta sei bertsora jokatzen zen, kara edo kruz. Seina bertso bota eta zortzi apartatzen ziren. Han zen Ekaitz Goikoetxea, eta ni baino lau-bost urte zaharragoa zen jendea, telebistan ikusia nuena... han azaldu nintzen lehen txapelketara, bixkiek (Itziar eta Estitxu Eizagirrek) eramanda eta bertsolari haien artean saio ona atera izanak asko poztu ninduen.

[Joxe Anjel Aranburu]

 

      Lizardi sarian bixkien tranpa (1998an)

      Finaleko egunean bertan, ahizpa eta biok saioa erdibana egitea okurritu zitzaigun, 199 lko Jon Sarasua gogoan, txapelketekiko gure desadostasuna azaltzeko. Ni Itziarren arropekin atera nintzen (inork ez zekien bere arropa zenik, baina guk bai) eta bera nireekin, eta bakoitzak bestearen izenean hasi genuen saioa. Kartzelako lana iristean, komunetan arropa goitik behera trukatzea zen asmoa eta orduan saioa bakoitzak bere izenean kantari bukatuko genuen, beraz, puntuazioak nahastu egingo ziren, eta ez zuten ezer balioko.

[Estitxu Eizagirre]

 

      “Itziar Eizagirre” esaten zutenean Estitxu altxatzen zen eta gertuko jendea ere ez zen konturatzen. Ikusi nahi genuen bukaeran aldaketa egindakoan ere ea hango ezagunei ziria sartzen genien.

[Itziar Eizagirre]

 

      Suerte txarra izan genuen, niri tokatu zitzaidalako lehenbiziko kantatzea. Ez neukan kartzelara ateratzerik eta ezin genuen aldaketa egin. Lehenbiziko ofizioa elkarrekin tokatu zitzaigun eta bertso guztiak hasten genituen nik “aizu Estitxu” eta berak “baina Itziar”, txiste horrekin.

[Estitxu Eizagirre]

 

      Gaia: Uda honetako gaia izan dugu dopinarena, Tourrean hasiz geroztik atertu gabe dabilena, dena susmagarri bihurtzeraino. Bertsolaritzara ere iritsi omen da susmo gaiztoa; bertsolari batzuk dopatu egiten omen dira bertsoak errazago botatzeko edo. Zein da zuen iritzia, ustea, susmoa edo dena delakoa.

 

        I. Eizagirre:

Nahiz ta dopinak lagun dezakeen

garunak berotu arte,

publiko dena engainatzea

ez al litzateke kalte?

Nik ez det hartu sekula eta

zuk ere ziur ez bate,

pixkat hartuko bazenu Estitxu

ni aina baizinateke.

 

        E. Eizagirre:

Zu bezelaxe daukat Ixiar

berezkoa eta sena,

buru barrua bixia eta

mingainan sobra kemena.

Amurizaren hiztegia da

gure dopinik onena,

sobredosirik ez dut hartu gaur

eta hori daukat pena.

 

        I. Eizagirre:

Amurizaren hiztegia baino

hobeagorik ez dago;

esan didazu bat-batean ta

ni harritu naiz zeharo.

Hartu behar det haxixa edo

egin patxaranai trago;

bere rollorik ez det ulertzen

dopatuta ez banago.

 

        E. Eizagirre:

Haxixak ditu, Ixiar maite,

ondorio garestiak,

biharamuneko aje itzelak

ez baitira hain eztiak.

Bertsoak ondo botatzen ditu

nere ondoko bixkiak,

telepatiaz kentzen baitizkit

nere ideia guztiak.

 

        I. Eizagirre:

Ez al degu egin adierazpen

guk moralista xamarra?

Ondo pentsatzen hasi ezkero

daukat zuzendu beharra;

azken batean pixkat hartzea

ezin da izan hain txarra

ta ea teak baretzen didan

hankean dudan dardarra!

 

        E. Eizagirre:

Ixiarrek du bere hanketan

izan ere dardar pranko;

mikrofonoa botatzeko’re

ez zaio falta izan asko!

Hartu ezazu jeringilla bat

ta jarri txokoan bapo,

zainetan sobra nerbiua ta

odola sartu beharko.

 

      Itziarrek, (alegia “Estitxu”k) kartzelako lanarekin irabazi zuen bertso onenaren saria. Eta “Estitxu” (alegia, Itziar) bigarren geratu zen, beraz, gure tranpa egin bagenu, “Itziar”en saioa “Estitxu”ren kartzelarekin batuta, txapela erdibana hortxe-hortxe izango genuen.

[Estitxu Eizagirre]

 

      Kartzelako gaia: Iragarki bat dator egunkarian, hauxe dioena: “Afrika. Primerako gidari bat behar dugu, paterak Europara fundamentuz eramango dituena; dirua ez da arazo”.

 

Hondoa jota dago Afrika,

helburua dutegoia;

gosea eta bizi beharra

migrazio arrazoia.

Baina Europa urrezkoa’re

ez da hain lurralde doia,

bistan baitauka dizdira baina

bere barruan da lohia;

diruak ez nau inoiz egingo

heriotzaren patroia.

 

Europa aldeko politikoek

asko egin dute hitza:

“behar da mundu justua eta

behar da mundu anitza”;

baina Afrika zuzendu dute

euren eraso bortitza;

dirua dute helburu eta

han kentzen dute bizitza;

Afrikan dago altxorra baina

Europa da haien gaitza.

 

      Nik kantatu nuen Estitxuren izenean, eta “bertso onenaren saria, Estitxu Eizagirrerentzat” esan zutenean bera altxatzera zihoan eta “mekaben...” esaten nion.

[Itziar Eizagirre]

 

 

ENTZULEEN SARIA

 

      Osinaldeko sariketara entzule joan nintzen eta Joxe Anjel Aranburuk saio oso ona egin zuela gogoratzen naiz, niretzat nabarmena zen irabazi zuela. Gabiri bertsozalea izanik eta Joxe Anjelen bertsokerarekin, “ba, fijo irabazi duela” pentsatu nuen. Papera eman ziguten entzulearen saria nori eman idazteko eta erabaki nuen “nola Joxe Anjelek irabaziko duen, Oihana Bartrari emango diot entzulearen saria”. Eta Oihana Bartrak irabazi zuen Osinalde eta Joxe Anjelek entzulearena. Harrezkero ez dut kiniela askorik egin.

[Agin Laburu]

 

 

1993-04-24 Gabiria Sariketa

 

      Zuek hiru hizki edo hiru letra zarete, hiru bokal hain zuzen. Unai Agirre A hizkia; Iñaki Zelaia E; Jexux Mari Irazu I. Defenditu bakoitzak zuen hizkia.

 

        U. Agirre:

Orain hasi behar det

gure gai petrala,

I hizkiak burua

aidean duala,

eta E-k hiru hanka

martzianok bezala,

A hizkia izango da

ona ta normala.

 

        I. Zelaia:

Abezedarioak

badauka indarra,

jendeak erabiltzen

digu barra-barra,

baina nere kasoan

ez al degu txarra

beti honen atzetik

ibili beharra?

 

        J. M. Irazu:

I hizkiak’e badu

bere garrantzia,

hitz batzun esanahia

ez daukat ahantzia,

kristau izpiritua

gure iritzia,

Iparraldea eta

Independentzia.

 

        U. Agirre:

Irazuk gaur kristona

bota du erdira,

baina ni hasiko naiz

berari begira,

hor nik ere garrantzi

latza daukat, tira,

bi hizkiak A-rekin

bukatzen baidira.

 

        I. Zelaia:

Ordena aldatzeko

ez daukagu betik,

horragetikan ez det

beztuko kopetik,

E hi motel ze habil

esanaz kolpetik,

kasu horretan nago

Irazun aurretik.

 

        J. M. Irazu:

Unai izanagatik

nahiko hitz zabarra,

I-an bukatzen zaigu

hori ez da txarra,

eta gainera daukak

onartu beharra,

Txirritak bi I zeuzkak

eta A bakarra.

 

 

1997-09-05 Zarautz Sariketa

 

      Iker Osa eta Iñigo Mantzizidor “Mantxi”. Zuek biok paparazziak zarete, elkarren oso lagunak eta sozioak gainera. Joan den asteburuan ere elkarrekin ibili zineten Parisen Lady Diren atzetik. Argazkiak ere egin zenizkioten, baina bakarra ondo, zuk, Iker, atera zenuen bakarra. Mantxik karrete osoa gastatu zuen, baina oso-osorik hondatu egin zitzaion. Orain, arazo bat duzue: ondo ateratako argazki horretan garbi asko ikusten dela Mantxi Lady Diri argazkiak ateratzen.

 

        I. Osa:

“Paretik kendu zaite”

hala esan nizun,

nere lanari nahiko

nioke erantzun.

Garesti salduko det

argazkia, entzun,

eta zuri auskalo

zer pasako zaizun.

 

        I. Mantxi:

Argazkia atera

zenuen konpleto,

bertan azaltzen bainaiz

hanka eta lepo.

Gainera asmoekin

zabiltza saltzeko,

nik galdu behar al det

zuk irabazteko?

 

        I. Osa:

Ametsa betetzeko

baneukan aukera,

betean asmatu det

gutxi gorabehera.

Txantajea egin nahi-ta

posible ote da,

diana bat atera nahi

eta bi atera!

 

        I. Mantxi:

Hirugarren bat badet

aipatu beharrian,

parian jarri nintzen

ni modu txarrian,

diana egin zendun

modu earrian,

bestia nik egingo det

zeure muturrian.

 

        I. Osa:

Lana ondo eginda

baztertu ohi naute,

hala ta ere zuek

jatorrak zerate.

Salduko nizuke nik

nahiko bazenduke,

argazkiaren puska

milioi batzun truke.

 

        I. Mantxi:

Argi dago, ez zera

lagun mundiala.

Gogoan det Diana

eskubian zala,

ta zuk ezkerraldera

bota berehala,

lehen ere esan nizun

tika zeneukala.

 

 

2000-04-15 Gabiria Sariketa

 

      Zuk, Estitxu Eizagirre, Gabonetan zure kanpin-denda utzi zenion Eñaut Agirreri eta orain, Aste Santurako behar duzula eta eskatuta itzuli dizunean, konturatu zara ez dagoela erabiltzeko moduan.

 

        E. Eizagirre:

Kanpina nola dagon

ez al da ezagun?

Gaurtik aurrera Eñaut

nik ez zaitut lagun;

kanpinakin zer kristo

ote zinen jardun...

barrikadan erdian

akanpau al zendun?

 

        E. Agirre:

Lagunakin gustora

akanpau Ernion

ta hara gure lagunak

hasarre zer dion!

Lehenago erreparatu

biharko zenion

zeini ta zertarako

utzi behar zaion.

 

        E. Eizagirre:

Lehendik ezagutzen det

Ernio mendia,

hara juateko sarri

daukat egarria;

han zer ibili zinan

dizut igarria:

barillekin egin zun

gurutze berria.

 

        E. Agirre:

Ernio alde hortan

joera epela,

badakizu mutiko

formala naizela;

ta esan zenidanez

fiatzen zinela,

ibili det neria

balitza bezela.

 

        E. Eizagirre:

Besteren kanpinakin

egiten du plana,

dana txikitutzeko

daukazu afana.

Zuria balitz bezela

didazu esana,

neri ekarri beste bat

zuria ez dana.

 

        E. Agirre:

Aizu nere esanak

kontuan haritzazu,

nik behintzat zuriari

ez diot eingo kasu;

oso neska formala

ta ona zera zu,

hurrungo urterako

konpondu ezazu.

 

 

2001-04-08 Donostia Sariketa

 

      Zu, Unai Agirre, ez zara kristaua; eta hala, datorren Ostegun Santuan eta Ostiral Santuan lanera joango zarela esateko asmoa duzu Iñaki Zelaia nagusiari.

 

        U. Agirre:

Aste Santutan dator

hamaika albiste,

baina hainbat prozesiok

ipintzen nau triste.

Hola gerauko danik

ez zazula uste!

Nahiz langilea naizen

ni jai eta aste,

udaran egun gehigo

hartu nahi nituzke.

 

        I. Zelaia:

Dirudienez zaude

jai egin penetan,

ta udara daukagu

laister hemen bertan.

Zurea xelebrea

ez al da benetan?

Lan egin nahi dezula

Aste Santuetan,

gero golperik ez jo

egun normaletan!

 

        U. Agirre:

Bainan egin dezagun

nagusi, tratua,

eta ez zaitez izan

hain gizon kaikua.

Orain lan egin nahi det

alajangoikua!

Bestela gutxi eta

dago etsitua.

Urtean behin eitea

ez al da nahikua?

 

        I. Zelaia:

Nere ustez badezu

buruan haizea,

egun bat lan egin ta

a ze balantzea!

Ta Aste Santuan nahi

hona azaltzea,

prozesio hoiekin

ba omen da trantzea,

ez da beharrezkoa

elizan sartzea.

 

        U. Agirre:

Bainan telebistatik

entzun nun noizbaiten,

nundik botako duten

zaila da jakiten.

Neri ate guztiak

nahi dizkidazu eten,

lan ein nahi detela ta

ez jarri irakiten,

zuk urtean behin ere

ez dezu egiten.

 

        I. Zelaia:

Oporretarako zuk

ez dezu egin plana

ta lanerako dezu

zuk kriston afana.

Alperra naizela ta

gaur zatoz nigana,

zuk ondo badakizu

egiten dedana,

zu lanean jartzea

baita nere lana.

 

 

2006-09-01 Zarautz Sariketa

 

      Hitza: Mahaia.

 

        Agin Laburu:

Esaten dute pasa dirala

momenturik gogorrenak

baina askotan ez du barkatzen

hemen denboraren trenak;

batzutan bide okerrak dira

eta gutxitan zuzenak

baino prest gaude gehienak.

Mahai bat osatu behar degula

nahiz eta dion barrenak

mahai horrek hanka gutxitxo dauzka

eta dauzkanak herrenak.

 

Alperrik galdu dira gaur arte

hamaika aukera ear:

Arjelekoa, Garazikoa

jadanik gelditu da zahar;

ta orain degun bidea ere

nahiz ta dagon ilun samar

ez al da aukera bakar?

Nahiz ta dituen hanken gainean

nik hitz egin dedan azkar

mahaian gainean jartzen dutenak

egingo du on edo txar.

 

Nahiz konfidantza haundiegirik

ez dedan nik askorengan

nahiz konfidantza eskatze’utenek

lagun asko sartu ziegan

baina konpondu behar omen da

gaur egun dioten eran;

batzuen ustez primeran.

Nik ere danak eseritzea

nahiz ta nahi nukeen aukeran

iruditzen zait aulki bat edo

beste badala soberan.

 

 

2008-09-05 Zarautz Sariketa

 

      Zu, Alaia Martin, museo bat ikustera joan zara, eta aurreko paretan dagoen koadro zuri-zuri bat ulertu nahian zabiltza. Alboan daukazu Unai Gaztelumendi, koadroaren egilea.

 

        A. Martin:

Museoan barrena

nire pasioa

koadro honek faltan du

igual akzioa.

Eman zazu mesedez

zure lezioa.

Holako zerbait al da

inspirazioa?

 

        U. Gaztelumendi:

Zuri esplikatzea

da nere asmoa.

Elur paisaje bat da

azaltzera noa:

ez dezula ulertzen

da nere susmoa

oraingo eskimalen

inpresionismoa.

 

        A. Martin:

Nahiz arretaz aditu

Unai zure hitzak

abstraktuak dira-ta

ezin hartu aintzat.

Hobeto bereizteko

horko elur printzak

elur panpin bat jarri

iezaiozu behintzat!

 

        U. Gaztelumendi:

Horrela al zabiltza

museora helduta?

Ezjakintasun hori

ezin dezu ixkuta.

Ridikuloan zaude

ez da nere kulpa

kuadroak ere parra

egiten dizu-ta!

 

        A. Martin:

Ausardia behar da

hona ekartzeko

ausardia lan latz hau

sakrifikatzeko.

Falta al zaizu puntu

zu konturatzeko?

Ez dela horren zaila

faltsifikatzeko.

 

        U. Gaztelumendi:

Bale! Marrazki huts bat da

ezin zan bestela.

jakin zazu artista

alfer bat naizela

baino ez izan tontoa

ez izan ergela

buruakin hola ein

guztiek bezela.

 

 

2009-09-04 Zarautz Sariketa

 

      Uxue Alberdi - Agin Laburu: Basektomia egitera joan zarete ospitalera, eta zain zaudete itxarongelan. Atea zabaldu eta hurrengoa nor den galdetu du erizainak.

 

        A. Laburu:

Honaino etorri naiz

ausardiz gainezka

baino a ze zalantza

beldur eta kezka!

Medikua hor dabil

“Hurrena?” galdezka

hurrengua ni banaiz

hurrengorik ez da!

 

        U. Alberdi:

Neri’re graziarik

ez dit ba ematen

eta hementxe nago

nerbioak jaten!

Korapiloa egin,

iturria eten...

Ea gizontasuna

kenduko didaten!

 

        A. Laburu:

Baino oraindik ezin

degu entenditu

gorputzian bi bizi

nola ez kabitu?

Ez al daukazu penik?

Begitu! Begitu!

Gure lagun txikiez

nola despeditu?

 

        U. Alberdi:

Neria ja bildu da

beraren baitara

txikia espero behintzat

hor dutela laga

behintzat hori galtzea

ere ez da traba

jadanik badauzkat ta

sei seme-alaba.

 

        A. Laburu:

Batek joan bihar eta

ze erremedio

lehenbiziko pausua

zintzo demonio

beldur gehio pasako

bainuke dedio

andriai “Ez det egin”

esango banio!

 

        U. Alberdi:

Bai nik ere badaukat

nahiko konpromisu

ta zure egoeran

ni nago berdintsu:

ez egin ta etxera

juteko naiz izu

ze igual orduan berak

ebakiko dizu!

 

 

2011-09-02 Zarautz Sariketa

 

      Odei Barroso - Asier Azpiroz. Zuen buruaz beste egiten saiatu zarete biok, baina ez duzue lortu. Larrialdi zerbitzuan zaudete orain, elkarren ondoan.

 

        A. Azpiroz:

Aldez aurretik whiski bat eta

kubata on bat hartua

zazpigarrengo pisura igo

itxuraz nahiko altua

salta det eta ez naiz akatu

nolakoa den patua!

Zeinek arraio jarri du hemen

pago madarikatua?

 

        O. Barroso:

Baina adarrak ekar dezake

zure ta bere haustura

lehen ezginen pozik ibilki

orain ez gaude gustura

estu ta larri nago hementxe

ta bat-batean barrura

neska-laguna espero eta

erizaina agertu da.

 

        A. Azpiroz:

Ospital hontan kaso ugari

a ze nolako trantzea!

Alboko gelan neska bat hilda

familian gurutzea.

Gure bizitza nolakoa den

nik nahi nuke galdetzea

hil nahi degunok bizirik eta

bizi nahi dunak hiltzea.

 

        O. Barroso:

Zure buruai bota errua

ta ez bota pagoari.

Ustez hiltzea izanen zela

zorionaren atari

hemen esnatu ta ikusi dut

nahiko garbi nahiko argi

larrialditan kableek eusten

diotela bizitzari.

 

        A. Azpiroz:

Andreak atzo utzi ninduen

ta bi semeek ere bai

langabezian nago aspaldi

neretzat egunero jai.

Nere pagoa aipatu det lehen

ta oraingo honetan ai

adar hontatik zintzilik ez det

askoz gehiago segi nahi.

 

        O. Barroso:

Heriotzean bizitzak nola

hartu dezake atsegin?

Zuk zazpigarren pisutik salto

ta oraindik berdin-berdin.

Hemendik irten ta berehala

berriz behar dugu egin

zuk zortzigarren pisutik eta

nik soka lodi batekin.