Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014

 

bertsolariak

MAIALEN LUJANBIO ZUGASTI

 

1976an jaioa Laubidietan

 

Argazkia: Dani Blanco / Argia.

 

      Arte ederretan lizentziaduna. Bertsolaria afizioz eta ofizioz. Letren bueltan bizi da. Bat-bateko bertsogintza landuz nagusiki, letra idatzietan ere bai tarteka, eta hitzetatik abiatutako bestelako sorkuntza saiakeratan murgilduta.

      Ez daukat garbi esateko nola izan zen bertsoekiko lehen harremana, pauso zehatzetan. Gogoratzen naizena da gure bizilagun bat hasia zela bertso eskolan, eta nik uste bertsoa egiteko ahaleginetan lehenengo bera sumatu nuela. Oraindik baldar, asko ez zekiela. Hari sumatu nion jolas bat zela.

 

 

ESKOLAN ZIRIKAN

 

      Momentu bertsuan, 11 bat urterekin, ikasgelan hiru lagun hasi ginen elkarri bertso moduko batzuk jartzen: Anjel Telleria, Iñaki Lete eta ni. Auskalo zer ziren, gutxi gora beherako bertso batzuk, elkarri zirikan. Egun batean batek idazten zion beste bati, eta gelaren aurrean kantatzen zuen, hurrengo egunerako beste hark erantzuna ekartzen zuen... horrelako jolas batean sartu ginen. Irakasleak zaletasun hori ikusita, ikastolako bertso eskolan sartzea proposatu zigun.

      Astean behin ikastolan bazkaltzen hasi ginen, eta bertsotako lehenengo pausoak hantxe eman genituen, idatziz.

 

 

ETXEKO GIROA

 

      Gure etxean ez zegoen bertso giro berezirik. Zaletasun hau azaleratu nuenean, orduan hasi ziren gurasoak niri bertsoaren berri ematen. Gure aitak Txirritaren bertsoak erakutsi zizkidan. Nik ikasitako lehenengotakoak haiek izan ziren. Ni bertsotan hasi izanak eragin zien almazenean zeukatena ateratzea.

 

 

URUMEA IKASTOLAKO BERTSO ESKOLA

 

      Hasieran hirurok biltzen ginen, Anjel Telleria, Iñaki Lete eta ni. Beste lagun batzuk tarteka azaldu ziren baina gure edadeko nukleoa gu ginen. Gure lehenengo irakasle egin zuena Gregorio Olasagasti izan zen. Gregoriorekin oso hastapeneko bertsogintza landu genuen. Nik lehenengo irakasletzat Jon Eizmendi dut. Jonekin urte batzuk egin genituen, eta hura izan zen benetako murgiltzea.

 

 

ESKOLARTEKO TXAPELKETAK

 

Euskal Herriko Eskolarteko
IV. Txapelketa

1992

Finalista (handitan)

Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketa

1990

Txapeldun orde (txikitan)

Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketa

1991

Finalista (handitan)

Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketa

1994

Txapeldun orde (handitan)

Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa

1988

Finalista (txikitan)

Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa

1990

Taldeka txapeldun Hernaniko
taldean (txikitan)

Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa

1991

Txapeldun (handitan)

Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa

1992

Txapeldun orde (handitan)

Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa

1993

Finalista (handitan)

Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa

1994

Txapeldun (handitan)

 

      Lehen saioak ikastoletan egin genituen. Jende aurrerako saltoa emateko saioak ziren, bertsoak buruz ikasita eramaten genituen. Ikastolako jaialditan ere kantatzen genuen.

      Eta benetako saltoa, bat-batean, Eskolarteko Txapelketan eman genuen. Lehen aldiz 11-12 urterekin atera nintzen. Hondarribian izan zen lehen saioa eta finalera pasa nintzen. Jokin Sorozabal zen aurkezten. 11-12 urte nituen baina oso kirolzalea nintzen. Niri eman zizkidaten lau oinak ziren: Cubino, Pino, Marino, animo. Badirudi jendea pixka bat izutu egin zela, juxtu neskato bakarra izan eta teorian ezagutu behar ez nituen oin horiek tokatu! Kuriosoa izan zen, ze jende artean grabagailu bat zegoen, Juanjo Uriak eskutan zeukana, eta haien komentarioak eta kezka ere entzunda dauzkat grabazio hartan. Baina ni oso enteratua nengoen kirol munduaz. Eta kantatu nuen:

 

Karreran lehenengua

zijuan Cubino,

harek lehen atzetikan

zedukala Pino

baina eroi in ziran

bera ta Marino

hala ta guztiz haiei

milaka animo!

 

      Nire lehenengo bertsoa horixe izan zen.

      Buelta Españako karreran horixe pasea zen. Hantxe, ziklismoko leziotxoa eman nuen.

 

 

SARIKETAK

 

Lizardi saria

1991

Finalista

Lizardi saria

1992

Txapeldun ordea eta
bertso onenaren saria

Lizardi saria

1993

Txapeldun ordea

Osinalde saria

1992

Txapeldun eta
bertso onenaren saria

Xenpelar saria

1990

Finalista

Xenpelar saria

1991

Finalista eta
bertso onenaren saria

Hernaniko Txapelketa

1996

Finalista

 

 

AUTODIDAKTA

 

      Urumea ikastolan bertso eskolara joaten nintzen, normal. Baina Hernaniko bertso eskolara pasatzeko pauso hori kosta egin zitzaidan. Jon Eizmendik zirikatzen gintuen joateko, baina bertigo pixka bat ematen zidan. Han hainbeste ezagutzen ez nuen jende bat zegoen, eta hara joanez gero oso ondo kantatu behar zen! Estutasuna pasatzen nuen eta ez nintzen askotan joaten. Joaten nintzenean ere konbertsazioa ahalik eta gehiena luzatzen saiatzen nintzen, astearte guztia hizketan pasatzeko. Halako autoexigentzia gehiegizko bat nuen, bertso eskolara joan eta kristoren bertsokera egin behar banu bezala. Gerora beste motibo batzuengatik ez naiz astearteko taldera joan izan: astebururo plazan nenbilen, eta joera gutxiago nuen bertso eskolara kantatzera joatekoa. Egin dudana nire kasa egin dut.

 

 

LEHENENGO PLAZA

 

      Nire lehenengo plaza potolotzat daukadana 15 urterekin egin nuen eta markatuta geratu zitzaidan. Hondarribian izan zen, martxoak 8ren inguruan. Anjel Mari Peñagarikano, Andoni Egaña, Kristina Mardaras eta ni ginen. Horra joateko deitu zidateneko sentsazioa oso oso gordeta daukat: ez zela posible nik Egañarekin eta Peñarekin kantatzea! Nik zortziko handi bat egiteko kristoren lanak neuzkan! Nola kantatuko nuen bertsolari horiekin? Antolatzaileari esan nion ezetz, ni ez nengoela maila horretan eta beldurra ematen zidala. Grabatuta geratu zitzaidan antolatzaileak eman zidan erantzuna: “aizu, al toro por los cuernos!”. Horrelaxe bota zidan, hor bazaude ba tira! Moztuta utzi nin-

duen. Eta azkenean joan egin nintzen. Sentitzen nuen oso berde nengoela, bertsotan ez nekien kasi, zortziko handi bat egiteko kristoren maniobra egin behar eta Egaña eta Peñarekin kantari. Ez zen naturala. Hondarribiko saio hori ongi atera zen, Hitzetik Hortzera telebista programan eman zuten eta hortik hasi zen nire ibilia.

 

Argazkia: Dani Blanco / Argia.

 

 

ZURRUNBILOA

 

      Saiatzen nintzen plaza handi horiek saihesten, edo behintzat ez asko joaten. Kontziente nintzen hori ez zela nire lekua eta nire maila. Beldurtu xamar nengoen, ez nuen zurrunbilo batean sartu nahi: 15-16 urterekin derrepente herriz herri ibiltzea, saioak eginez gauetan, oso jende helduarekin, eta bertsotan maila juxtu juxtu emanaz (behintzat nire pertzepzioz, gero kanpotik igual korrekto aterako zen, baina nik sufritu egiten nuen oraindik bertso bat egiteko)... Kontuz ibili nintzen hor gehiegi ez sartzeko. Nahiko garai zaila izan zen, ez nuen nahi eskutik aldegitea eta neurriz kanpoko zerbait bihurtzea.

      Horri buelta emateko klabea taldea izan zen, bai Euskal Herri mailan sortu zen gazte belaunaldia eta baita Hernaniko bertso eskolako lagun kuadrilla ere.

 

2011n Legazpiko saioan.

Iturria: http://legazpi.hitza.info

 

 

PLAZAZ PLAZA

 

      Lehenengo fase delikatu hori pasa ondoren, gazte talde horrekin plazan benetan murgildu nintzen. Aldi berean nenbilen ikasten eta bertsotan, baina atentzioa gehiago nuen bertsotan jarria. Bertsotan eta plazan ikasten eta bertsolari egiten ari nintzen.

      Oso rol jakina konplitu nuen urte askoan, 2001 arte edo. Neskaren papela jokatzea tokatzen zitzaidan, nahiko rol gogorra egiten nuen, erantzulea, lotsagabea... gazteen artean erosoago aritzen nintzen, malguago eta errealagoa zen dena, baina bertsolari helduekin saioan nengoenean eta gazte edo neska bakarra nintzenean, bisualki ere kontraste bat sortzen zen, oso paper jakin bat jokatzera eraman ninduena. Lekua egiten eta nire burua aurkitzen ari nintzen, eta bertsotan ere ikasten, testuinguru horretan ttarraka ttarraka hazten. Bada bertsotan fase bat mundu guztiak pasatzen duena, bertsoarekin enamoramendua bizi duguna. Ni orduan oso apasionatuta nengoen bertsoarekin. Saioa non hara joan, bertsoak ikasi, entzun, grabatu... Momentu hori gaztaro edo hasiera hartan izan zen. Oso polita da, flipatu egiten duzu baten bukaerarekin, bestearen bertsoarekin...

      Behin, bertsotan aritzekoak lau ginen, Igor Elortza eta Unai Iturriaga ziren tartean, eta gogoratzen naiz saioaren aurretik Unaik nola esan zuen esplizituki: “Andoni eta Sebastian ez daude, asike ardura guk hartu behar dugu”. Ordura arte Andoni eta Sebastian gabeko saio bat kasi pentsaezina zen, eta ez zen beharrezko guk ardura hartzea. Beste pauso bat izan zen eta pixkanaka gure belaunaldiari, edadez ere tokatu zaio karroari tiratzea, saiotan erreferente nagusiak izatea.

      Behin, Ergoien auzoan puntua jarri nion Maialeni. Orduan ere Roldan eta abarrekin korrupzioa furi-furian zegoen:

 

Egunez ikusi ta

gauean eraman...

 

hori ez da egiten

bakarrik Zegaman

 

      (hortik aurrera ez dakit, ez zait batere interesatzen).

[Iñaki Aranzadi]

 

 

TXAPELKETAK

 

Gipuzkoako Txapelketa

1995

Final-aurreak

Gipuzkoako Herri Arteko
Txapelketa

1999

Lehen kanporaketa
(Hernani-Txisplau taldean)

Gipuzkoako Txapelketa

2003

Txapelduna

Txapelketa Nagusia

1997

Finalista

Txapelketa Nagusia

2001

Txapeldun ordea

Txapelketa Nagusia

2005

Finalista

Txapelketa Nagusia

2009

Txapelduna

Txapelketa Nagusia

2013

Txapeldun ordea

 

 

2001EKO TXAPELKETA:
BERTSOKERAN BIRAKETA PUNTUA

 

      Erabat izan zen kontzientea, maniobra oso pentsatua egin nuen. Nire barrenean kabitu ezinaren ondorioz etorri zen. Beti rol jakin bat eta beti paper bertsuak interpretatzen ibiltzeaz nekatuta nengoen. 15 urtetatik 20 urtera bizitza ere aldatzen da. Esperientzia asko gertatzen zaizkizun momentua da eta pertsona bezala ere hazten ari zara. Ni ez nintzen 15 urterekin nintzena, baina bertsotan rol bera jokatzen ari nintzen, artistikoki ere ildo beretik jarraitzen nuen... nire bertsokera eta nire izateko modua elkarrengandik gero eta urrunago baleude bezala nabaritzen nuen.

      Kasik ez zidaten bakarkako gairik jartzen. Bazirudien ez neukala gauza handirik esateko edo ez zela nire fuertea. Hori ere “aldarrikatu” nahi nuen. Azaldu nahi nuen nire alde sentiberagoa. Nire niaren alde pila bat ez ziren oraindik azaldu bertsotan. Pixkanaka nire ahalegina horiek ateratzen joatea izan zen, hasieran tonu lotsagabe eta umorezkoa baldin baneukan, gerora bestelako tonu batzuei ere toki egitea.

      Prozesu oso kontzientea zen. Horren esponente nagusia 2001eko Txapelketa Nagusia izan zen. Eskaparate bezala erabili nuen, hainbeste jende eta espektatiba dagoen tokian zure karta berriak erakusten badituzu eta zure printzipioen deklarazio bat egiten baduzu, hori da plazarik ederrena, proposamen berri hori mundu guztiak azkarren ikusiko duena.

      Orain arteko ibilian 2001eko Txapelketa mugarri nagusietakoa da. Prozesu guzti horren plazaratzea izan zelako eta nire ibilbide artistikoan maila aldaketa bat izan zelako. Kristoren oihartzuna izan du nigan, eta hango sentsazioak berdintzea oso zaila da, grabatuta geratu zait.

 

Maialen Lujanbio Zugasti 2009ko Euskal Herriko Txapela buruan.

 

 

2003KO GIPUZKOAKO TXAPELA

 

      Oso lasai nengoen, disfrutatu egin nuen kantatzerakoan... 2001ean intuitu zen posible zela ni egun batean txapeldun izatea. 2003n esperagarria zen. Sorpresa emana zegoen. Txapela lortzea oso pozgarria izan zen, baina niretzat ez zen 2001eko txapelketa bezain garrantzitsua izan. Ez da marka bat nire bidean.

      Maialen Lujanbio, txapeldunaren agurra:

 

Txirrita ez baina orain niretzat

kolpeak ta igurtziak

hainbat jasoko ez dituztenei

muxuak ta goraintziak.

Muxuak bertso eskolakoei

Juanjo Urian bitxiak

honen zati bat ere badute

lagun minek ta etxiak.

Baina behin behar ta omendu behar

gaur emakume guziak

ta bereziki zernahi bidetan

abitu ziren gutxiak

gizarte honek euren ametsen

erdibidean utziak.

 

 

2005EKO TXAPELKETA NAGUSIA

 

 

      BEC guztian gaizki pasa zuen pertsona bakarra ni izango nintzen. Nire kontua izan zen, presioa, eta neronek bakarrik eraikitako sentsazio bat.

      Arazoa zen ez nuela lehengoa egin nahi (2001ean egindakoa). Nire buruari jarri nion baldintza, lehen erabilitako doinuak ez nituela erabiliko, eta lehen erabilitako estrategia edo estilo hura, istorioa kontatzekoa, ez nuela erabiliko. Gogor jarri nintzen hor. Ez nintzela ongi ateratzen zitzaizkidan egiteko moduei tiraka ibiliko. Ukatu egin nion hori nire buruari, zail jarri nion. Banekien lehen egindakoa ez nuela errepikatu nahi, baina ez nekien zer egin nahi nuen. Horra nire segurtasun falta denen laburpena. Bilaketa bat izan zen dena. Atera nuen doinu berria ere bai. Baina ez zen atera edo ez nuen asmatu ongi eramaten.

 

 

2009KO NAGUSIAN TXAPELDUN

 

      Nire bidean 2009koa ez zen iraultza bat izan. Ardura sentimendua aurretik zetorren zerbait zen. Lorpen hori momentuan gozatu nuen. Gero ez da izan lau urteko estasia. Oso lasai ibili naiz. Nire belaunaldiarekin oso konpartituta bizi izan dut. Nik hala bizi izan dut, ez naiz sentitu figura nabarmendu bat. Gaur egunera arte iritsi banaiz bertsolaritzan, taldeagatik izan da, neurri handi batean. Horrela eraman dut lau urteotan txapela.

[Argia, 2.394. alea 2013-12-08]

 

 

SORMEN LANAK

 

      Proposamenak kanpotik etorri izan zaizkit. Niretzat garrantzitsuena urtebetez Berriako zutabegile egindako lana izan zen. Egunero idatzi nuen. Oso ariketa interesgarria izan zen gauzei buruz pentsatzeko, enfokeak lantzeko, hizkuntza, erreferentziak, baliabideak... Geroztik egin ditut lan “literarioak” enkarguz, kantuetako letrak...

 

 

ORNITORRINKUS

 

      2005eko txapelketak ez zuen dena txarra izan. Neke horrek eta kabitu ezin horrek “beste zerbaiten” bila eraman ninduen. Beti kanpotik etorritako proposamenei erantzunez aritu ondoren, neronek proposatzeko garaia zela sentitzen nuen. Judith Montero saxo jolearekin batera, bestelako esateko modu eta eduki batzuen bilaketa abiatu genuen, eta bilaketa horretan, Xabier Erkiziarekin batera hirurok “Ornitorrinkus” proiektua gauzatu. Musika esperimentala eta hitzak nahasiz, ahotsak eta soinuak erabiliz, deseraikiz, frogatuz, geure esateko modu bat aurkitzen saiatu ginen. Ornitorrinkoa izan zen lan haren sinbolo eta metafora: sailkatzen asmatu ezin izan zuten animalia.

 

ERTZ#11 festivalean, Beran Alessandro Bosettirekin eskainitako saio berezian.
Argazkia: Asier Gogortza. Iturria: http://www.flickr.com
.

 

ERTZ#11 festival ean, Donostiako Artelekun eskainitako saio berezian.
Argazkia: Asier Gogortza. Iturria: http://www.flickr.com
.

 

      Lan oso garrantzitsua izan zen niretzat. Bertsoetatik aparteko eremuetan ibili nintzen, deserosoak zitzaizkidan lurraldeetara behartu nuen neure burua. Eta askotan zail gertatzen zitzaidan arren, gerora oso emankorra gertatzen zen bide haiek ibiltzea.

      “Ornitorrinkusen” haritik etorri dira gerora proiektu desberdin gehiago. Bertsoa eta hitz idatzia abiapuntu izan dutenak denak, baina ez bertsoa bere forma arruntean emana. “Txori Mugariak” (2011n) eta “Hegi, egia, egiak” (2013ko udan) dira horietako bi lan, Xabier Erkiziarekin egin eta irrati performance deitzen ditugunak. Zuzeneko irratsaio-kontzertu-irakurraldi-kantaldi gisakoak dira. Oso aberasgarriak eta aukerakoak letren jira-bueltan askeago lan egiteko.

      Sormen lan gehiago ere egin izan ditut: Jon Maia eta Igelaren bandarekin bertso musikatuak, Bertso jazza, Artelekun, Bertsolari filma...

 

 

2010-06-13 Ereñozu jaialdia

 

      Hilabete pasatxo da Hernanin zabor-bilketa sistema berria, atez atekoa, jarri zutela. Zer moduz moldatu zara?

 

Lehen prentsan ta behebarrutan

ze kritika ze atake!

Askok etsirik ez zun hartu nahi

dena geldiarazi arte

baina azkenean ta zorionez

hasi ginen atez ate

baretu eta normaldu gera

gaur ze patxara ze pake!

Askoren esku-keinutxo batek

herri bat alda dezake.

 

Orain zaborra pilatzen dugu

guk ere zuen modura

bi kubo marroi badauzkagu ta

organikoak barrura

ta plastikoak ta errefusak

nahiz batzutan egin duda

indartsu eta pozik hasi dut

berria den abentura

lana txikia dulako eta

haundia berriz onura.

 

Denentzat ez zen atsegin izan

ez zen hain ona harrera

segurtasuna galtzea baitzen

abitutako karrera

ez zitekeen beti bezela

dena bota kontainerrera

ohitura aldatze horrek beldurra

eman zigun baina keba!

Bideak gauza ederrak dauzka

ausartzen baldin bagera.

 

      Maialen Lujanbiok ere badarama urte dezente San Antonioko bertso jaialdi honetara etorriz, eta urtero ohitura du San Antoniori bisitatxo bat egitekoa eta kandelak piztekoa. Aurten ere horixe egin du, baina San Antoniok, Jon Maiak, kezka dezente badu; urtero datorkio eta ez du aurrerapen handirik ikusten. Gaur galdezka hasi zaio.

 

        J. Maia:

Beti etortzen zera

aurpegi tristea

aurten ere etortzea

ez da albistea

ezin al dezu bete

urteko eskea?

Edo bizio bat al da

kandela piztea?

 

        M. Lujanbio:

Urtero etorri naiz

zugana gaur arte

bihotzeko kontuek

galduta naukate

ez pentsatu ligatzen

ez dedanik bat’e

baino kandelak aina

irauten didate.

 

        J. Maia:

Hori zure errua

izango da noski

ligea izan dezu

lau, bost, sei zein zazpi

kandelak’e trukoak

batzuk badakizki

jarri afari goxo bat

kandela ta guzti.

 

        M. Lujanbio:

Kandeladun afaia

ze-nolako plana!

Baino santuarekin

daukat nik afana

tranpa ote litzake

Antonio laztana

kandela bat jartzea

itzaltze ez dana?

 

        J. Maia:

Nola galdetu dezun

hain modu eztian

ez dizut erantzungo

era garestian:

ligatu nahi badezu

zuk gaba guztian

jarri zaitez kalean

farola azpian.

 

        M. Lujanbio:

Hainbeste estrategi

truko eta mezu

inoiz exitorik ez

ta ni beti kexu.

Begira nengoela

gaizki ez zaude zu

azkenean zeorrek

jaitsi beharko dezu!

 

        J. Maia:

Baina zure besotaz

ez naiz asko fio

zuk hala nahi badezu

ze erremedio!

Ni jaisteak agian

ez dizu balio

ni jaitsi ta bestia

ezin bada i(g)o.

 

        M. Lujanbio:

San Antonio ere

amante epela

nik ez det bilatuko

lagunik ez bela!

Esaten da bertsotan

txukuna naizela

baina hortan ez nuke nahi

Txirrita bezela.

 

        J. Maia:

Txirrita ez zan heldu

hortan urrutira

ta beste Lujanbiok

ondoren segida

adio Madalena

amante, querida!

Jarraitu sin pecado

baina concebida.

 

        M. Lujanbio:

Hain zuzen ere negon

horretxen desiran

baina ez det kunplitzen

zure jira-biran.

Konpetentzira noa

abailan, segidan

eta ia San Joanek

ze ematen didan!

 

 

2003-10-18, Hernani

 

      Andoni Egaña-Maialen Lujanbio. Gaur egunean hainbat aldizkari eta egunkaritan bertsolariak agertzen dira sekulako pila. Gaur egun badirudi bertsolariak intelektualak direla.

 

        A. Egaña:

Bertsolariak intelektualtzat

nolako disparatea!

Izan liteke euskaldunaren

osasunaren kaltea.

Bertsolaria beti izan da

moxkortxio, paketea.

Gaur egunean egunkarien

zutabe pila betea

ta gure lanak izan behar luke

grafitiak egitea.

 

        M. Lujanbio:

Hainbeste ikusi zutabeetan

eta nola ez aztora!

Nik ez dakit dan interesgarri

edo azkenaldiko moda.

Bertsotara’re deus jakin gabe

joaten gera edonora

ta azken finean antzekoa da

idaztearen aproba:

hutsetik sortzen dakigulako

horregatik izango da.

 

        A. Egaña:

Bertsolariak zer pintatzen du?

Hori da nere galdera.

Igual tokia ematen zaio

ospearen arabera.

Hala’re mailak neurtzen jarrita

homologableak gera.

Hortikan gora batzuk badaude

ejenplutzat, hara, bera:

Berrian beti jotzen dut zuzen

bosgarren orrialdera.

 

        M. Lujanbio:

Bueno Andoni ez dakit dedan

hainbeste merezimendu.

Eskertzen dizut baldin badezu

zure lorea mantendu.

Zirika nahia, pentsaraztea

nere idatzien zimendu

baina egunero idazten dunak

nahiz ez meriturik kendu

alperrik gauza asko esateko

arriskua izaten du.

 

        A. Egaña:

Baina hala’re izaten ditut

hura irakurtzeko grinak

artikuloak izaten dira

goxo eta atseginak.

Asko ez dira asko esanda

sekula ez huts eginak

zuri bentaja egiten dizu

han goi parteko izkinak

txarra nolatan ezabatzen dun

kafesnean zipriztinak.

 

        M. Lujanbio:

Zipriztinekin disimulatzen

bada askoz ere nahio.

Egunkarian eta bertsotan

gabiltz kontuen karraio.

Gaur adibidez eingo ditugu

hemen bi ordu ta gehio

eta gustora joango gera

egia da ze arraio!

Zuetan bati bertso txiki bat

geratzen baldin bazaio.

 

        A. Egaña:

Egia da bai bertsolariek

badute bere nibela

denetarako, edonoiztako

erabiliak horrela.

Zoritxarrean izan liteke

muturrik ez dun kordela.

Aizu Maialen sentitu izan dut

pentsatzen ari naizela

bertsolariak gera gu baino

pakean utz gaitzatela!

 

        M. Lujanbio:

Baina pakean utzi gaitzaten

guk behar dugu lagundu

guk behar dugu bistatik ihes

ez gure hitzak txukundu.

Bazter guzitan hortxe gabiltza

plazaz plaza, munduz mundu

bertsolari bat ikusi gabe

ezin pasa bi segundu.

Bazter guztitan ageri danak

ze sinesgarritasun du.

 

        A. Egaña:

Bertsolariak han eta hemen

bertsoakin ez da giro!

Bertsolariak han eta hemen

bertsolariak berriro.

Bertsolariak hitzez pun eta

bertsolaiek lumaz tiro.

Nahiz Audientzia Nazionalik

ez genukeen behar igo

akaso igual izango gara

“juglares sabelotodo”.

 

        M. Lujanbio:

Leheno bertsotan gai izaten zan

mailua, atxurra, pala

akaso behia ernai zegola

gaizki zetorrela txahala...

Leheno bertsotan dena izaten da

etxe-giro gai apala.

Ta derrepente bat sortu gendun

bertsolai intelektuala

ta oain uste dute bere ondorengo

guztiak hala gerala.

 

        A. Egaña:

Batek bidea ireki eta

besteak atzetik pozik

pentsamentuan ez da izaten

hain artalde aproposik.

Bertsolari ta intelektuala

ondo esan dezu kasik

badauka horren itxura eta

ez du falta horren trazik

halare kulpa ez da nerea

Amurizarena baizik.