Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014

 

bertsolariak

JEXUX MARI IRAZU MUÑOA

 

1972an jaioa Larraulen

 

 

IKASKETAK ETA LANA

 

      Filosofia eta Gizarte Antropologiako lizentziaduna.

      Hernaniko Kronika egunkariaren sortzaileetakoa, kazetari lanetan aritua da bertan.

      Bertsoa.com Bertso Plaza Digitalaren sortzailea.

 

 

ETXEKO GIROTIK

 

      Etxeko giroari esker abiatu nintzen bertso munduan. Gurasoek bazuten bertso zaharrak kantatzeko ohitura, eta bertso liburuak ere baziren etxean. Pello Errotaren bertsoak irakurri, ikasi eta kantatzen nituen umetan. 12-13 urterekin-edo neureak moldatzen hasi nintzen nola-hala eta eskolan ere zerbait egiten genuen. Nerabezaroan, orduan eskolartekoan eta gazte sariketetan zebiltzanak gogo handiz jarraitzen nituen: Unai Agirre, Jon Maia, Joxe Munduate, Narbarte... eta nire bertsogintza berriz lagunartean joan zen gorpuzten, kuadrillako giroari esker.

 

 

TOLOSAKO BERTSO ESKOLAN

 

      18-19 urterekin pentsatu nuen “probatu egin behar diat”. Buruari buelta batzuk eman eta Tolosako bertso eskolara azaldu nintzen. Ez nintzen bertsoa erabat osatzeko gauza baina gogoa bai latza. Tolosan astero biltzen ginen, eta horri esker etxean burua martxan jartzearekin, aldea antzematen hasi nintzen.

      Tolosan biltzen ginen Jexux Murua, Jokin Sorozabal, Lezea, Sasiain... Jexux Muruak han izugarrizko lana egin zuen. Asteroko martxaz gain, bertsolari handien (Amuriza, Egaña...) irakaspenak ere jaso ahal izan genituen. Orduko nire gogoari astean behingoa gutxitxo iruditu eta Hernanira ere joatea pentsatu nuen.

 

 

HERNANIKO BERTSO ESKOLAN LEHEN EGUNA

 

      Oroitzapena daukat trenaren zain nola nengoen, beldurrez, Hernanin jada bertsotan latz egiten zuen jendea zegoelako, urte askoko eskarmentuarekin. Oso-oso ondo hartu ninduten, hasieratik bat gehiago bezala, eta hori gauza handia da. Bertso-eskolan hasi eta aste gutxira Joxe Mari Mujika “Anatx”-en eskutik hiru-lau plaza egiteko aukera izan nuen, Floridan, Osiñagan eta Santa Barbaran. Poz eta arnas izugarria eman zidan horrek niri. Urte berean Lizardi sariketa etorri zen, nire lehen parte hartzea sariketa batean. Iñaki Zelaia gailendu zen Zarautzen, eta niri bigarren egitea egokitu. Hasi berri batentzat pox handia da hori. Udazken horretan Hernanira etorri nintzen bizitzera eta bertso-eskolako taldearekin harremana sendotuz joan zen. Talde giro horrek asko lagundu zidan bertso mundua pasioz eta gogoz bizitzen.

      Ordurako Euskal Herrian barrena jada bertsolari gazte talde sendoa zegoen, bertsolari gazteen eguna egiten zen, gazte jaialdiak zeuden, eta giro horretan murgildu nintzen pixkanaka.

 

 

PLAZETAN

 

      1992an Xenpelar irabazita hasi nintzen plazetan gehixeago ibiltzen. Gogoan daukat Jon Maiarekin egin nuela lehen bertso-afari “ofiziala” 1993an Errenterian eta ez ziren motzak izan bertsotan egin genituen 40 minutuak... eta pixkana jaialdiak ere etorri ziren: Algortan gazte jaialdia, Anoetan bertsolari helduekin lehen jaialdia... Oso oroitzapen politeko garaia da. Bertsolari gazteei bereziki lagundu zitzaien garaia izan zela esango nuke, saio, zirkuitu... belaunaldi berriak bazetozen, baina etorkizuna ondo sendotu beharra balego bezala-edo...

      Hasierako bide horretan ere bertso-eskolako lana eta lan pertsonalagoa uztartu nituen. Bertso-eskolan ere, geure erara, uste dut talde lanean moldatzen jakin genuela, elkarri gauzak esaten, elkarri zuzentzen, proposamenak egiten... horrek ere asko laguntzen du.

      Plazetan hemezortzi urterekin hasi eta hogei pasako ibilia daramat. Bide horretan, mila bertso saiotik gora egina naiz Euskal Herri osoan barrena.

 

 

GAZTE SARIKETAK

 

Lizardi saria

1991

Txapeldun ordea

Lizardi saria

1992

Parte-hartzaile

Osinalde saria

1992

Txapeldun ordea eta bertso onenaren saria

Osinalde saria

1993

Finalista eta bertso onenaren saria

Xenpelar saria

1992

Txapeldun

Xenpelar saria

1992

Txapeldun

Hernaniko txapelketa

1996

Parte-hartzaile

 

 

HERNANIKO ESTILOA

 

      Eskola bakoitzak bere arrastoa uzten du eta Hernanikoari nabarmentzen dizkiote bertso estilo “bizia” esaten zaiona, erantzutekoa, hizkuntzarekin jolastia, fina..., baina uste dut saiatzen ginela mamiari ere bere garrantzia ematen, klitxeetatik aurreraxeago joaten, begiradari ere bere pisua ematen... Ezaugarri horiek bertsotan asko estimatzen dituena naiz eta ahal dudan neurrian badarabilzkidana, eta irudipena dut Hernaniko bertso eskolak hasieratik jarri gintuela norabide horretan. Bereziki, norbere posizio ideologiko eta bizitza ereduarekin sintzeroa den bertsogintza dut estimutan. Fintasunaren miresle eta bertso-elkarrizketaren defendatzaile ere banaiz.

 

 

TXAPELKETAK

 

Gipuzkoako Txapelketa

1995

Txapeldun orde

Txapelketa Nagusia

1997

Finalean laugarren

Gipuzkoako Herri Arteko Txapelketa

1999

Txapeldun orde (Erniope taldean)
 / Antolatzaile

Txapelketa Nagusia

2001

Finalista

Gipuzkoako Txapelketa

2003

Finalista

Txapelketa Nagusia

2005

Finalaurrea

Gipuzkoako Txapelketa

2007

Finalista

Txapelketa Nagusia

2009

Lehen fasea

Gipuzkoako Txapelketa

2011

Finalista

Txapelketa Nagusia

2013

Finalaurrea

 

      Gazte sariketen ondotik, eta jada plazan lehen pausoak ematen hasita 1995eko Gipuzkoako Txapelketa etorri zen Bertsogintza aparralditik hozten ari zen garaia zen, telebistarik gabe, eta txapelketa bera zalantzazko formatu zela. Aitor Mendiluzek jantzi zuen txapela eta bigarren gelditu nintzen ni. Sorozabal, Murua, Mendizabal... ziren tartean Hogeita hiru urte bete bernak nituen nik. Gazteak normalean txapelketan haizea alde izaten du. Bertsotan erosoago egiten da bazatozenean, zaudenean baino, eta hasierako bide horren mugarria 1997an etorri zen.

      Batez ere, txapelketen jiran ardaztutako gure bertsogintza honetan, jakinekoa da Euskal Herriko Txapelketak paper handia jokatzen duela. Lehen Euskal Herrikora gogotsu joan nintzen ni, prestatuta eta berriaren askatasunarekin Gauzak ondo atera zitzaizkidan eta oso gustura gelditu nintzen egindako lanarekin, bereziki arratsaldeko saioan. Ordukoak dira gerrako bertsoak aitonaren zauriei boteak... Txapelketako tentsioa ere ezagutu nuen final hartan, erdi-kanpotik: bertsolari handi bat, oholtzan, ur basoa hartu eta ostera lurrean uzten ikusi nuen. Eskuak dardar egiten zion eta ezin izan zuen basoa ahora eraman.

      Txapelketa hartako lanak eta emaitzak plazaz plazako atea parez pare ireki zidan: 120 plazatik gora urtean, ardura Euskal Herria ezagutzea... 25 urterekin bertsolaritza zen nire dedikazio nagusia. Neurria jarri beharra ere sumatu nuen, urtebete beranduago Ingalaterrara joan nintzen hilabetetarako, ingelesa ikasteko aitzakian.

      1999an Gipuzkoako Herriartekoa egin zen. Bertsozale Elkartean bete-betean nenbilen ni, Euskal Herriko eta Gipuzkoako zuzendaritza kide nintzen. Bertsolari gisa eta Elkartetik proiektuaren bultzatzaile gisa bizi izan nuen txapelketa hura bertsogintzaren mugimendu osoa bildu eta artikulatzen asmatu zuena. Orduan Hernanin jende asko zen eta Erniopeko taldean atera nintzen, Txomin Garmendia, Amaia Agirre eta Aitor Usandizagarekin. Gipuzkoako bertsolaritzari izugarri eman zion bezala, ez dakit Hernanikoari mesede gehiegi egin ote zion. Jende asko zela eta, gune bakarreko dinamika hirutan banatu zen, hiru talderen bueltan, eta luzera horrek bere arrastoa utzi duelakoan nago.

      2001eko Euskal Herriko Txapelketan jada ez nintzen zetorrena. Hogeita bederatzi urte, gaztea baina bide zerbait egina. Zetorrena baino, nengoena nintzen ni ere, ardurak hartzea zegokion belaunaldiko kide. Finalean sartzea lortu nuen eta aurrekoan beste gozatu ez, goizeko saioarekin eta batez ere bakarka egindako bi lanekin oso gustura gelditu nintzen.

      Geroztik, esan liteke txapelketan erabat neurerik eman ezinda bezala ibili izan naizela. Gipuzkoako 2011koa salbu. Landu nahi izan ditudan aspektuetan eta edukietan ere agian zorte gehiegirik ere ez dut izan. Plazan aldiz, urte horietan denetan dezente ibili izan naiz eta oso gustura. Alde batera, badut pena txiki bat 1997ko jauzia beste era batera ez bideratu (ahal?) izana, bertsoari denbora gehiago ez eskainia, gehiago ez landua. Zenbaitek besterik pentsa lezakeen arren, ikasle garaietan izan ezik, lan dedikazio aldetik ez dut bertsoa inoiz nire dedikazio eremu nagusi izan.

 

2011ko Gipuzkoako Txapelketako finala, Donostiako Ilunben.

Iturria: http://villabona-aiztondo.hitza.info

 

 

BERTSO PAPER LEHIAKETAK

 

Leioako bertso-paper lehiaketa

1993

1. saria

15 urtetik
gorakoen mailan

On Manuel Lekuona
bertso-paper lehiaketa

1997

2. saria

16 urtetik
gorakoen mailan

Zapirain anaiak
bertso-paper lehiaketa

1997

2. saria

19 urtetik
gorakoen mailan

 

      Bertso jarriena ere oso lan polita da, bat-batean dabilenarentzat bihurri ere gertatzen dena, paperak beldur puntu bat gehiago eransten diolako-edo. Beste espresio eremu bat da eta bat-batekoa iristen ez den lekura heltzeko ahalmena du. Hasieran bertsoa lantzeko bide gisa planteatzen nuen, eta gaztetan zenbait sariketetara bidali nituen lanak. Pixkana zentzu propioa eman nion idatzizkoari. Bertso musikatuak kantatu izan ditut Anje Duhalderekin, Mikel Markezekin, Tapia eta Leturiarekin... Kantuen hitzak egin (Kepa Junkera, Sorotan bele, Alaitz eta Maider...) eta bertso emanaldi musikatuak ere egin izan ditut. Txirrita 2006 izan da horietako bat, Txirritaren heriotzaren 70. urteurrenean. Unai Agirre, Joxan Goikoetxea eta hirurok landua, Txirritaren eta geure bertsoez ondua.

      Hernaniri dagokionez, Eñaut Agirre eta Xabier Legarretaren “Ai Martin” emanaldirako jarritako bertsoek sortzen didate nostalgia puntu bat, gazteagoak gineneko Hernaniko parranda giroari jarriak...

      Bertso jarriekin badut istorio bitxi bat. Ni bertsotan hasi berritan, Asteasun bazen apaiz bat berezi xamarra, eta bertso batzuk jartzea pentsatu nuen. Jarri ere egin nizkion, gaxtea ni eta gordin xamarrak. Nire asmoa zen garai bateko bertso jarrien funtziora bueltatu eta elizaren parean uztea, koxkaren batean, eta handik aurrerako bidea bertsoek beren kasa egitea. Plan guztiak egin nituen, bertso batzuk erdipurdikoak jarri ere bai egiletza disimulatzeko, baina, detaile denak ez nituen kontuan hartu... zer eta amak ikusi. Irakurri zituen suspirio ahotsarekin esan zidan: “Baina motel, ze egin behar duk? Horiek ez dituk ba, inora bidaliko!”. Amak harrapatuta, akabo nire plan sekretuak.

      Azken urteetan Argia Astekarian argitaratu ditut bertso jarriak, aktualitateko gai baten bueltan jarriak. Uste dut Argiak asmatu duela formula egokia bertso jarriek gaur egunean ere funtzio sozial bat izan dezaten.

 

 

1995-01-06 Hernani jaialdia

 

      Hi, Jexux Mari Irazu, argazkilari famatu bat haiz. Ruandan argazkiak ateratzen ari haizela, bertako mutil koxkor honek (Jon Sarasua) aurre egin dik.

 

        Irazu:

Ruandan zabiltzate

halako peskisan,

ez zinaten egon ez

holako desditxan.

Hona ez naiz etorri

ni turista gisan,

argazkitxo bat utzi,

ez gogorra izan,

munduak bere begi

itsuk zabal ditzan.

 

        J. Sarasua:

Itsuen mundu horrek

nun du memoria?

Argazki bat ote da

gure historia?

Zerua grisa eta

lur dena horia,

nik hexurrak bakarrik,

buru eroria,

zenbaten saltzen dezu

nere hilzoria?

 

        Irazu:

Nere arrazoirikan

sakonena zuk har,

zure argazkiaren

diruik ez det behar,

nik hau ez det egiten

neu aberastear,

zabaldu egin nahi det

nik munduan zehar,

bihotzik gogorrenak

egingo du negar.

 

        J. Sarasua:

Zure jarrera hori

da faltsu askoa,

zure fama seguru

dala txit prestua.

Iruditan ohitzea,

horra arriskua,

zeozer badaukazu

maitasunezkua,

bota kamara eta

luzatu eskua.

 

        Irazu:

Hemen pobre zaudete,

ez argi ta ez su,

eta aurpegi hortan

urrea daukazu.

Gerora izan ez dedin

hainbeste arazu,

argazkia egiten

utzi ezaidazu,

ta nere bi eskuak

zuretzat dituzu.

 

        J. Sarasua:

Azkenean zuriak

esan du nahikoa,

bigundu egin zaizu

bihotzan txokoa.

Detailea izan da

nere gustokoa,

baina gosea daukat

ia erotzekoa,

kamarak ba al dauka

zerbait jatekoa?

 

        Irazu:

Aizu, gauza gehiegi

dago galdetzeke,

mundu honetan jana

ez dago hain merke;

aspaldi hontan zehar

goseak zaudete,

kamararen barnean

jatekorik ote?

Orain ez dauka baina

eduki lezake.

 

        J. Sarasua:

Ez naiz asko fidatzen

promesa hoiekin,

gosez hiltzear nago,

badakizu jakin.

Ezer ez badaukazu

hemendik aldegin,

probetxuzkoa dana

lagaizu gurekin,

ta jateko ez dena

eraman zurekin.

 

2010ean Gasteizko Artiumen egindako bertso rap emanaldian.

Iturria: http://www.flickr.com

 

 

2006-12-30 Hernanin, Bertso-Latako jaialdia

 

      Jexux Mari Irazu eta Sustrai Colina: Zuek biok oso ezagunak zarete Euskal Herrian. Olentzero bana zarete. Denek pentsatzen dute Olentzero bakarra dagoela, baina Zarauzko peajean bat baino gehiago egoten dira. Gaur ere egunak argitu du eta bart bezala zaudete, geldirik, baina behintzat bertsoak kantatuz eguna pasatzen duzue.

 

        S. Colina:

Peaje baten jarri gintuzten

kaikua eta txapela.

Aho ertzean pipa erreaz

ezin zitekeen bestela;

askoren ustez hementxe gaude

bi estatua bezela

eta jendeak pentsatu ohi du

gu obren parte garela.

 

        J.M. Irazu:

Gu obren parte ote geran bai

batek hala nabari du.

Urtea ia azkenetan da

zorionaren testigu

baina ez gera normal-normalak

nahiz izan bi edo hiru

guri jendea pasa ahala

poltsa bete egiten zaigu.

 

        S. Colina:

Eta kotxeak aurretik doaz

igaro eta igaro;

batzuek mantso eta besteak

inoiz baino azkarrago.

Nahiz Olentzero ipintzen duten

Gabonetan aroz aro

aurretik pasa ohi direnentzat

erregalorik ez dago.

 

        J.M. Irazu:

Erregaloa sei euro dira

eta onartu beharko;

bide polita obrarik gabe

Zarauztikan Bilborako.

Lehen hiru ginan orain bi gaude

hementxe gaudenak bapo

Guardia Zibilek eraman zuten

sospetxosoa zalako.

 

        S. Colina:

Sospetxosoa zan bestea ta

eraman zutenez hola

guri borborka jarri zitzaigun

pipa punta ta odola.

Peajeari heldu zaiozu

lagun inondik inola

berriro ere jarri baitute

Guardia Zibilek kontrola.

 

        J.M. Irazu:

Ertzainak ere ibiltzen dira

denetik dago hau marka!

Eta burua altxatu behar

aldamenetik pasata.

Trafiko astuna ze kotxe pila

kolak’e ez dira falta;

guk egunero ikusten degu

erregeen kabalgata.

 

 

ETXEBIZITZA HERNANIN

 

        1

Etxebizitza medio

kontuak ez du balio

dena espekulazio.

Bestela ezin jan leizken hitzei

zentzua aldatu zaio:

eskubideai “negozio”

bizitza osoai “prezio”

loteriari “protekzio”.

 

        2

Gastu gutxi hormigoitan

lujoa behe eta goitan

harri politak kantoitan.

Etxe bat behar baldin baduzu

bildu nere arrazoitan

bistak ta euzkia balkoitan

Agustinatako hoitan

merke, 40 milioitan.

 

        3

Etxeetaz hitz egina

askok bat lortu ezina

besteak nahiko ez bina.

Non ote dago tortila honi

buelta ematen dakina?

Frustraziorik haundina

ez al litzakeen berdina

geu promotorak bagina?

 

        4

Ixiltasuna aditzen

zoko iluna argitzen

gauza ez da hor gelditzen

hori egiten utzi zunaren

izena zail da ixiltzen

denak ez dira bizitzen

Mailus eta Las Villasen

Hernani-Beberly Hillsen.

 

        5

Batzuk hiru-lau etxe ta

ez saldu ta ez errenta

beti eskasa errenka.

Sobre dunari jardunagatik

erregu eta arrenka

aukera onak aleka

ta etxe hutsak kaleka

ez hoi libre ez baleka.

 

[Jexus Mari Irazu, 2003an Joxe Legarretaren omenez
Hernanin egindako bertso-emanaldirako jarriak]