—bertsolariak—
JULIAN EZEIZA LANDA “ATERPE”
1929an Balantxan jaioa
2005eko Bertso Latako jaialdian, bertso eskolaren
omenaldia jaso osteko bertsoak kantatzen.
Gure etxean ez zen beste inor afizioa zuenik. Nire amaren aita albizturtarrak, hark zer edo zer egiten zuen bertsotan.
IRAKURRIZ ETA IDATZIZ HASIA
11-12 urte nituela, gure jaiotetxean gertatu zen liburu bat, “Santa Genoveva de Bramante”, eta beste bat Pernando Amezketarrarena. Eta handixe hasi nintzen, pixkanaka, bertsoak buruz ikasten.
1947-48 urtean, Basarrik bi liburu atera zituen: bata Atano IIIri buruzkoa eta bestea berea. Eta horiek ere irakurri nituen. Orduan ateratzen ziren liburu denak irakurtzen nituen. Gero bertso saioak non, hara joaten ginen. Urrutira ez: Lasarte, Ereñozu... Ez zen orain adina saio egiten.
1960-1964. urtean bertsoak idazten hasi nintzen. Enkargatu egiten zizkidaten: jubilatu zenarentzat, lantokirako, hiletetarako ere bai... Buruz ikasi eta kantatzen nituen, buruan aise sartzen baitzitzaidan bertsoa.
MAISU, AROZAMENA ETA AMURIZA
Arozamena Oialumen bizitzen zen, eta harekin batera aritzen nintzen bertsotan pixka bat. Orduantxe bertsoa janzten hasi nintzen zer edo zer, gutxi. Hasiera poliki egiten genuen, baina bukaeran ezin errematerik eman. Hori gertatzen zen.
Ni bertsotan pixka bat jarri nintzen, Amuriza hemen eskola ematen hasi zenean. Orduan. 1979-1980a zen.
PLAZAK
1978an Santa Barbaran kantatu nuen lehendabizikoz, ermitan, San Inaziotan. Joxe Fermin Argiñarena, Antton Garin, Tapia, eta laurok ginen. Zenbat izerdi ateratzen nuen nik! Bertsoak buruz ikasi, eta gero jakina, gogoan eraman behar! Euria zen, eta guardasola eskutan dardarka nerabilkien, nerbioekin. Egun hartan Karabelen uholdeak ziren, eta festa suspenditu eta Peña Otañora etorri ginen.
Garai hartan ostegun batean, Garinek eta biok ferian (Txilibitako ondoan) kantatu genuen; hiruna edo launa bertso bota genituen.
Ondorenean, presoren bat etxera etorri zela eta Antiguora askotan joaten ginen, Añorgara ere bai eta batez ere Lasartera. Antton Garin eta biok Lasartera 20 aldiz baino gehiago joango ginen.
Ereñozun bi aldiz izan gara (don Juan apaizari omenaldia egin zioten batean han ginen), eta Aparraingo zuhaitz egunetan ere bai...
Portuko festetan bost-sei urtean kantatu nuen, 1980tik 1986ra. Antton Garin eta Joxe Fermin Argiñarenarekin kantatu dut Portun gehien. Saio hark fama zuen, giro izaten zen. Guk ez genuen dirurik kobratzen, baina makina bat mokadu harrapatu dugu!
Orain hamabost urte bi operazio izan nituen zazpi hilabeteren barruan, eta utzi egin nion plazan kantatzeari. Nekatu egiten nintzen.
LAZKAO TXIKIREKIN
Puente la Reinara eskurtsiora joan ginen eta bazkalostean Koxme Lizaso eta Lazkao Txiki bertsotan aritu ziren. Bueltako autobusean, Koxme beste autobusean sartu zen eta Lazkao Txiki gurean. Joxe Arrizabalagak esan zion “Joxe Miel, ez al duk kantatu behar?”; “Bai, bakarrik nauk eta!”; “Hor zegok Aterpe!” eta halaxe, launa edo bosna bota genituen.
ERREKORRA
Sagardotegitan ez naiz bertsotan ibili. Urtean behin edo bi aldiz bakarrik joaten naiz. Balantxan nire errekorra dago paretan idatzia: Gipuzkoako 45 herrien izenak esaten ditut 18-19 segundoan.
TXAPELKETAK
Fernando Amezketarra Herri Arteko Bertsolari Txapelketan (1985) parte hartu genuen.
HURA HERNANI HURA!
1
Gure Hernanik beti izan du
jende jatorraren sona
bizi poza ta umoreakin
bizitutzen zen pertsona
eguneroko ogia bazen
familiko zoriona
gaurko aukerik ez zen orduan
jaten baizuten zegona.
2
Portu bailarak zitun orduan
sagasti eder askuak
eta inguruko baserrietan
sagardo bikain freskuak
Zikuñaga ta Iberduero
ez dauzkagu ahaztuak
argi indarra jarri zuten ta
orduntxe giñan poztuak.
3
Ta Ereñozu aurkitutzen da
patxaran mendi tartean
ibai ederra ur ederrakin
dadukate hankapean
Juan de Urbieta hantxe jaio zan
Arriurdiñeta batian
eta Txirrita berriz Latxian
ta ez oso urrutian.
4
Hernani beti nabarmendu da
kultura ta kiroletan
aitona batek neri esana
oraindik det gogoetan
Aita Orkolaga igarle ona
Adarraga bizikletan
ta Eltzekondo pultsuan maixu
eta Txirrita bertsotan.
5
Gaurko gazteai amets ugari
bururatutzen zaizkio
nahiz gurasoak etxe zuloan
han egon negar jario
orain ehun urte ez zan izango
gaur dagon hainbat bizio
lujo handirik ez zuten ordun
eta dirua gutxio.
6
Orain ehun urte gure herria
osatzen zan ur iturriz
ta batez ere intxaur ta gaztain
eta sagar muxu gorriz
gaur hoiek denak baztartu dira
diskoteka batzuk jarriz
garai bateko sanidadia
ez da ikusiko berriz.
[Julian Ezeiza “Aterpe”, 2003an Joxe Legarretaren omenez
Hernanin egindako bertso-emanaldirako jarriak]