Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014

 

gaiak

DONOSTIAKO PERLA-N

 

      1947 urtean, Donostiako Perla-n, bertsolari txapelketa bat antolatzen dute. Hogei ta bi bertsolari azaltzen dira eta Lexotik irabazten du. Hogei ta bi urterekin, nahiko komeri izaten du Lexotik txapelketa honetan parte hartzeko:

      Manuel Arbelaitz-ek orduko alkatea— eta Mitxelena bertsolariak Lexoti Donostiara joatea ez dute nahi. Horiek Iriarte-k irabaztea nahi dute noski.

      — Hi beste urte batean joango haiz, oraindik gaztea haiz eta!-esaten diote.

      Lanak agudo egin ondoren, amari erropak jartzeko esaten dio Lexotik, pelota partidoa jokatu behar duela eta.

      Errenteriaraino oinez joaten da, eta gero tranbeaz Donostiara, hamabi duro patrikan duela. Eta han, oiartzuarrak arrapatzen dituenean, ze nolako gauza ez-ustekoa! Behintzat, denei kopa bana eskeintzen die. Baina Oiartzunen kopak sei erreal balio eta Donostian duro bat; eta, bederatzi lagun izatearekin, hamabi durotatik hiru duro bakarrak gelditzen zaizkio.

      — Izorratu nauk ederki oraintxe: patrikan sos askorik gabe gelditu nauk ba!-esaten dio bere buruari.

      Gero, txapelketa berak irabazten du eta baita berrogeitamar duroko saria ere. Kanpora ateratzen denean, esaten du:

      — Donostian dagoen gizonik aberatsena naiz orain!

      Juradoa honako hiru gizon hauek osaten dute: Antonino Pagola, Ernanikoa; Benantzio Rekalde, oiartzuarra baina Donostian albaitari egoten zena; eta Txomin San Sebastian, Astigarragako sakristaua: Gai jartzailea: Basarri.

      Behin honela jartzen dio gaia:

      — Oherakoan, bost milioi pezeta bilatu ditu Lexotik. Zer egingo zenduke haiekin?

      Eta Lexotik:

 

Suerte batez milloi eder oik

nik billatuko banitu,

aizu, Basarri, zer eingo nuken

laister biaizu aditu:

ni ezagutzen nauten guziyak

egin litezke arritu,

Lexotikuak errukalmentuk

beartsuentzat baditu,

bat netzat gorde ta beste lau oik

pobrin tartian partitu.

 

      Finala, Astigarragako Inazio Berasarte Elio bertsolariarekin jokatzen du. Txapelketa bukatu baino lehen, biak oso berdin ari dira eta:

      — Enpatea bientzat dela konformatuko al zarete?

      — Ez —dio Lexotik—. Jokatu egin nahi dut, galdu ala irabazi!

      Lexotik irabazten du. Egun hartako beste lau bertso ere gogoan ditu Lexotik: bi Eliorenak eta bi bereak gai librean. Berasarte ezkongaia zen, etxean bakarrik bizi zena.

 

        Lexoti:

Berasarte au bakar-bakarrik

etxian bizi da triste,

komenentzi bat jarriko diot,

txarra danik ez det uste:

etxean dauzkat basarrirako

propiyak bi neska gazte,

anaia morroi artu nazazu

eta arreba emazte.

 

        Elio:

Eztago dudik, Lexotik nau ni

biotzetikan maitian,

danan aurrian aitortuko det

gauza nola leitekian:

mesedetako ustez artuta

au izango det kaltian,

gu ez giñazke ondo etorri

bi alper etxe batian.

 

        Lexoti:

Erregin batek ainbeste gradu

gure Pepitak baditu

ta, Berasarte, ura artu gabe

etzaitezela gelditu.

Auzuetako jende guziya

guk eingo dugu arritu:

langille ona arreba da ta

biok mantenduko gaitu.

 

        Elio:

Etzakela emen gaurkuan kanta

gezurkeri eta saltsik,

batere neri etzait gustatzen

Lexotiku onen martxik.

Soñurik gabe santa sekulan

nik ez det egiten dantzik,

langille ona arreba bada

ez du anaiaren antzik.

 

[Iñaki Arbelaitz Gelbentzu, Miren Mitxelena Belauntzaran,
Joxe Anjel Arbelaitz Irastortza, Mariano Ostolaiz,
Antonio Zavala
, Lexoti bertsolaria, Auspoa 157]

 

      Han zen Jose Mari Iriarte izeneko bat, denak nere aldean bertsolari ona juzgatu zuten eta hala izango zen, baina kanpeonatu hartan atzean geratu zen. Han zen Arozarena ere, 8 baino gehiago izango ziren denetara, eta nik ‘Eliot’ekin enpate egon nintzen eta juraduak ‘cara o cruz’ bota zuen eta neri tokatu. Irabazi ez nion egin, ‘cara o cruz’ irabazi nion, hala esan zidaten behintzat.

[Lexoti, Argia, 1989-01-15, 1.228 alea]