—bertsolariak—
OLEGARIO GARIN ADURIZ
1844an jaioa
OLEGARIOENEA
Karrozeria jarri nahian zebilen. Asko begiratzen zion inguruan ura izateari. Zinko-Enean hiru iturburu baziren eta San Juan poxpolo fabrika (Kale Nagusia 59, oraingo “Carrocerias Hernani” den horretan) erre egin zen eta aukera baliatuz 1888an hor jarri zuen karrozeria. San Juan etxea esaten zitzaion, eta Olegariok bertsotan fama pixka bat hartu zuenean “Olegarionia”. Karrozeriaren ondoan sagardotegi txiki bat zuten, Olegarioenea. Uste dut tolarea bazuela eta sagardoa egiten zutela. Txirrita oso gustura etortzen omen zen.
[Antton Garin]
TXIRRITAREN KOTXERO
Txirrita eta Olegario zena, oinez joan omen ziren behin Hernanitik Ezkurrara, kantatzera. Goizuetan bazkaldu, alpargata berriak erosi, eta gauerako Ezkurrara, afaltzera. Saioa eginda etxeraino nola etorriko ziren, ba! Bidaltzean etorri behar!
[Paulo Ttikia, Argia 1831 zenbakia. 2001eko azaroaren 25a]
Txirrita askotan nire aitaren aitonak (Olegariok) eramaten zuen batetik bestera. Astoa eta karroa bazituen eta horiekin asko ibiltzen omen zen.
[Antton Garin]
Ernani’ko Pablo Zubiarrain bertsolariak onela kontatu digu: «Olegario Ernani’koa ere bertsolari zaarra, ta Txirrita ta biak beti parrandan. Bein batez, illobarekin abixua bialdu omen zion: Getaria’n San Antonak zirala ta bertsotara joan bear zutela ta etortzeko Ernani’ra. Olegariok Txirritari abixu ori bialdu. Ala, etorri omen zan; apaldu ere egin omen dute, ta Txirrita sagardotegira. Ernani’n dana sagardotegi zan ba orduan.
Sagardotegian bertsotan batean da bestean aritu da goizaldera arte.
Alako batean, zaldia ta karrua preparatuta zeudela, ta Olegariok Txirritari:
— Jeiki adi! Jeiki adi!
Ta Txirritak:
— Bai, bereala!
Bañan ez jeikitzen ura oietik; ez jeikitzen oietik eta alaba bialdu omen zion:
— Esaion jeikitzeko aguro, kotxerua preparatuta dagola-ta!
Alaba joan da, esan ere bai, bañan Txirrita ez jeikitzen. Olegariok ostera bialdu zun alaba:
— Jeikitzeko azkar esaion, aspertu dala kotxerua ta!
Joan da alaba, ta Txirritak:
— Esaiozu aitari ezin detela! Bart arratsean emen aldatu nintzala, eta ezin ditutela galtzerdiak billatu! Bat billatzen detela, ta bestea ezin detela billatu!
Igo omen da Olegario, ta:
— Zer pasatzen zaik?
— Nik etzekit ba! Emen aldatu niñuen bart arratsean, da iñun eztit billatzen orain galtzerdia! Ta anka batean galtzerdia ta bestea ankutsik ezin joango nak ba!
Orduan Olegariok alabari:
— Joan adi dendara! Olako dendatik ekartzin aguro galtzerdiak onentzako!
Joan da ekarri omen zizkion, da etzeukan anka artan jantzi omen zun galtzerdia.
Ura propio noski; tipoa izan ura! Gero beste ankean asi da erazten lengo zarra, ta:
— Ara! Au ere nik egin bear nin! Nola billatuko nin, ba, biak anka batean jantzita zeuzkat eta!
Ta, berriak jantzita, ederki ura Getari’ko San Antonetara.
[Antonio Zavala, Txirrita liburua]
BAT-BATEKO BERTSOAK
Ez dut uste plazetan asko ibili zenik. Noizbait Ereñozun San Antoniotan kantatu zuela uste dut.
[Antton Garin]
KARRO TXIKI POLIT BAT
Gure berraitona karrogilea zen, eta Pello Errotak esan omen zuen “karro bat behar dut astoarentzako, eta Hernanira joango naiz Olegarioenera”. Etorri eta esplikazioak eman dizkio, nolakoa behar zuen, eta berraitonak (Olegariok) “lasai, etorri bila hemendik 15 egunera”. Kristoren giroa izaten omen zen Olegarioenean (sagardotegian), eta Zinkoenea tabernan eta jendea ari zen “Pellok etorri behar dik karroaren bila, eta baietz, baietz Olegariok punturen bat bota...” Pello etorri zenean, gure berraitona hasi omen zen:
Karro txiki polit bat
astuarentzako
Pellok enkargatu nau
ondo egiteko
material iharrakin
lodi eta sendo
bestela ez diola
luzaro iraungo
baina pagatu gabe
ez dek eramango.
Eta Pello Errotak erantzuna:
Jaunak, Olegario,
xelebrea zera.
Aspalditik banuen
zure aditzera.
Zertsu kostea badakit
gutxi gora behera:
kurtixia, ardatza
eta errubera
ta hurruna etortzean
konponduko gera.
“Arre!” egin eta alde egin omen zuen, ordaindu gabe! Eta gero gure aitak esaten zuen aitona Olegariok esaten zuela: “Asteasuk Hernaniri ontzako urrea zor ziok!”
[Antton Garin]
DOMINIKA ANDREARI
Bere andrea Dominika hil zenean, bertsoa kantatu omen zion, andrea kajan zela:
Nere andrea Dominika
nere emaztea zana
ni behartzen nintzenean
serbitzen zidana
lanean ere bazakien da
gogoz aritzen zana
zor guztiak pagatu eta
zerura joan zana.
[Antton Garin]
Txirrita ta Olegario, beren eginkizun bat zutela-ta, Indiola’ra joan ziran. Olegariok andrea il berria zuan. Andrea il ta andik bi illabetera edo ola zan gertaera au. Begitik malkoa zeriola bertsoa asi zuan:
Nere andre Dominika
emazte izandua,
ziaro zartu gabe
utzi zun mundua;
nere pameliaren
beko zimendua,
estremidade askotan
neri lagundua...
Ola gelditu zan, bertsoa bukatu eziñik. Eta Txirritak bukatu zion:
Lenago eman zizunak
antxen du kendua.
Gero, andik illabete batzuetara, gure Olegario beste alargun batekin ezkontzeko asmotan zebillela-edo, Txirritak onako bertso au bota zion:
Aizu, aitona, beirozu gero
eltzen badizut lepotik,
lenago ona etziñan baño
gaiztotu zera gogotik;
aspalditxuan zabiltza ortxe
alargun baten ondotik,
zure gustua kunplitu gabe
juan biardezu mundutik.
Ernani’ko Ereñozu’ko Jose Oiarbide’ri ere jaso nion bertso au.
[Antonio Zavala, Txirrita liburua]
UDARREGIREKIN
Udarregik:
Mendira joanda egurra ekarri
gerri-gerritik moztuta
pagatu ere oso gutxitan
ahal dan guztia ohostuta
txarra ta ona biak ibili
alkarri ondo nahastuta
gero dirua galanki hartu
galipotakin belztuta.
Olegariok:
Diferentiak izaten dira
likoria ta mistela
zuk diozunez gaur erraz aski
nik egiten det pastela
ona bakarrik ibiltzen det nik
sasira bota ustela
orain daukaten parroki on hau
ez nun egingo bestela.
[Mikel Ruiz]
OLEGARIORI
Saiburutar Nikolas Lujanbiok Argentinatik anaia Joxeri bidalia:
Gaitan egongo dira
Olegariyogan,
zarra izanagatik
zer zelebria dan;
bertsolariya dala
ezagun du karan,
lastima lagun txarrak
jarri zaizka traban;
urtiak espaldan
eta anka baldan
korritzeko maldan,
ez det uste igual dan;
Jose, galde zaiozu
pizkortu al dan.
[Antonio Zavala, Iru anai bertsolari, Auspoa 73]
ERANTZUN EZ ZUEN BERTSO BAKARRA
Olegario bertsolaria oso laguna zuen Txirritak. Hil zela jakin zuenean ikustera joan omen zen. Hilkutxatxo beltz batean sartua omen zegoen lau kandelen erdian, gurutze txiki bat eskuetan eta lore batzuk ere bai ondoan.
Hamaika bider bertsotan jardunak ziren biak elkarrekin eta Txirritak agurtu zuen beti bezala bertso batekin. Olegariok ez zion bertsorik trukatu, ba hila zegoen gaixoa eta! Txirritak hala erantzun zion orduan: “Oraintxe sinisten dit benetan hil haizela; ez hintzan bestela erantzun gabe geratuko”.
[Antton Garin, Hernaniko Urtekaria 2009]
AITONA OLEGARIORI
Badira urtiak joan zinala
aitona zu hemendikan.
Zure umorea eta bertsoak
ez degu ahaztu oraindikan.
Karro egile famatua eta
bertsolari gainetikan.
Zuk izandako bizitza ederra
ez da izan alferrikan.
Pena haundi bat beti izan det
aitona ez ezautua.
Etxian bertan izango nuen
bertsotarako maisua.
Txirritarekin hara eta hona
hartuz zaldi eta karrua.
Herri askotan biok jarriaz
umore eta bertsua.
Agur eder bat gaur esanez
malkoak ditut begian.
Gertatzen baita Olegarion
histori bat egitikan.
Bertso txaloka han egongo da
pozik izarren artian.
Garin familia ez gera ahaztuko
bizi garen bitartian.
[Antton Garin, Hernaniko Urtekaria 2009]