Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar men? principal de navegaci?n [eu]
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003
Estubegi Berri | Galarreta | Ilarreta

 

Galarreta

 

      Galar: lurrean zuloa eginda egosten den gaztainondo-ikatza” Luis Mari Mujikaren “Euskal Toponimiazko Materialeak” (103. or.) Eta zuhaitz edo enbor ihartua ere izan daiteke.

      Hernani, Donostia eta Errekaldetik datozen bideek bat egiten duten bidegurutzetik berrogeita hamar metrora dago Galarreta baserria, hegoaldeko muinoan. Aurrean bere izena hartu duen pilotaleku handia eta aparkalekua, eta atzean, beste bailarari izena eman dion jauregi jatetxeko aparkalekua. Alde honetatik du baserriak sarrera eta bidea. Pilotalekura begira berriz, etxe jabearen etxebizitza izandakoa eta bertarako sarrera.

      Karlistada bietan errea izan zen Galarreta baserria, eta beste hainbestetan jasoa. Bi isuriko eraikina baina mendebaldeko teilatua askoz luzeagoa du eta lurra jo behar duela dirudi. Sarrera nagusia ipar-ekialdetik, Markesen etxea izaki, Pedro Salas Fernandez etortzen zen bere familiarekin asteburuetan eta udan, eta hauek erabiltzen zuten etxearen beheko aldea eta maizterrak goiko solairua eta atzealdea, eta handik dute hauek oraindik ere sarrera eta bidea.

      Josepa Barandiaran bertako alaba Albizturko Bernardino Jauregi Urangarekin ezkondu eta seme-alaba hauek izan: Joan Joxe eta Mari Karmen. Joan Joxe semea etxerako, Joana Leunda Goenaga zizurkildarrarekin ezkondu eta bi seme izan dituzte: Josu eta Koldo. Duela hogeita bost urte hil ziren ama eta hilabete baten buruan aita “penaz, noski” esan digu semeak. Egun, Joan Joxe eta Mari Karmen senar-emazteak bakarrik bizi dira Galarreta baserrian.

      Baserri handia ez izan arren, baratzea eta ganadua zituzten bizibide. Alabaina, 1971. urtean baserriaren izena hartuko zuen pilotalekua egiteko lurrak kendu zizkioten, han bertan lanposturen bat izango zuenaren esperantzak emanez; baita eman ere, atezain gisa, baina handik zortzi urtera osasun arazoak medio utzi beharra izan zuen.

      Joan Joxek (77 urte) entzuna du karlisten gerran etxea erretakoan, Pitikar baserrira joan zela familia etxea berriro eraiki bitartean. Gerra bat edo beste, hogeita zortzi hilabete egin omen berak ere soldadu, batetik bestera, hemendik Burgosera eta handik hona, eta barrua goibeltzen zaio orduko kinta-lagunen heriotzen berri izaten duenean, eta “geroz eta gehiago hiltzen eta gutxiago gelditzen” ari direla dio.

      Gaur egun oilo batzuk eta etxerako adina baratze lantzen dute, bi semeak euren ikasketak eta gero, kanpoan ari direlako lanean.

 

Estubegi Berri | Galarreta | Ilarreta