Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar men? principal de navegaci?n [eu]
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003

 

Ilarreta

 

      Has gaitezen izena errepasatzen. Hara, ilar (hemen txillar esan ohi dugu) gehi -eta lekua adierazten duen atzizkia, emaitza Ilarreta ateratzen zaigu. Nolanahi ere, “Illarreta” azaltzen zaigu 1650. urteko artxiboetan.

      Hernanitik Donostiara doan errepidetik ehun metrora dago, kasko-kaskoan, Ilarreta baserria, Galarretako bidegurutzetik oso gertu. Santa Barbara mendiaren aurrez aurre, atzealdea Oriamendik babesten diola. Eskuinera Estubegi baserria dauka eta ezkerretara Bidaurreta, Galarreta auzo guztia begi-bistan duela.

      Eraikin berria ez izan arren (350 urtetik gora), gerra zibila aurretik kanpoko lau hormak utzi eta barrutik erabat berritua da, hegoaldera begira dagoen bi isuriko etxe koadratu hau, nahiz eta etxerako sarrera ekialdetik duen. Ukuilurako sarrera handi bat du fatxada nagusian eta beste bat gibelean. Atzean bi oineko lehorpea etxeari trabeska erantsita, dolare eta sagardo bokoien babesleku. Baita ur gordailu eder bat ere, teilatuko ura jasotzeko, eta etxetik hamar metrora, eta askoz berriagoa, etxe-ordekoa, belarra, lastoa, ibilgailua eta tresneria jasotzeko.

      Donostiako Anoeta baserria bota egin behar zutela eta, han bizi ziren Xanti Martiarena eta Joana Oiartzabal senar-emazteek erosi zuten Ilarreta. Hala, beren 8 seme-alaba, Erramun, Dolox, Maria, Migel, Pako, Joxe, Antton eta Jesusa, eta Balentin Martiarena eta Inaxi Etxenike gurasoak etorri ziren bizitzera. Handik gutxira hilko ziren gurasoak, baita Xantiren emaztea ere, gaitzak jota. Seme-alaba guztiak harat-honat ezkondu eta Migel egin zen baserriaren kargu, Astigarragako Goiatz Berriko Joxepa Etxebeste emaztetzat hartu eta hiru seme-alaba izan: Ramon, Lurdes eta Joana Mari. Eskola utzi eta lanean hasteko garaia iritsitakoan, baserriari heldu zion semeak, Alkizako Maria Jesus Urruzolarekin ezkonduta, eta bi alaba izan: Eider eta Amaia. Hauek bizi dira baserrian, amona alargundu berriarekin batera.

      Behi eta zekor suitzarrak izan dituzte ia beti Ilarretan. Lur erosoak eta lantzeko samurrak izaki, behi parearekin egiten zituzten goldaketa eta garraio lanak. Eta betidanik joan izan dira Donostiako merkatura barazkiak saltzera eta esnea etxez etxe banatzera. Esne kontuak bukatu baziren ere, egunero joaten da Joxepa plazara, eta alde ederra bilatzen duela dio, “semeak eramaten nau goizean eta eguerdian ekarri, eta arratsaldea etxe aldera ematen det. Senar-emazte gazteak arduratzen dira plazarako tratua jartzeaz eta hori ondo estimatzen dan gauza da, goiz osoa plazan pasa eta gero”.

      Dozena erdi bat behi eta bizpahiru zekor dituzte ukuiluan; halere, baratzea da, lehen eta orain ere, Ilarretaren ekoizpen eta sostengua. Bestetik, lorezaleak izan dira beti familian, eta etxe inguruan nahiz baratzean ez da behin ere lorerik faltatu.