Ekogor
(hondakinak)
Ez daki nondik datorkion baserriari Ekogor bere izena. Bestetik, Egigoien (hegigoien) baldin bada Ekoien, Ekogor hegi gogor izan daitekeela pentsatzea ere ez da batere aldrebeskeria izango. Zilegi izan ala ez bego bere horretan auzia. Bestetik, bidea Galarretako bidegurutzetik baldin badu ere, garai bateko Sorgintxulo baserriaren eta gaur egungo auzoaren gainean dago, zelatari, Hernaniko herria begi aurrean duela.
Bi isuriko etxearen hondakinak baino ez daude gaur egun. Kare-harriz nagusiki egina nahiz eta tartean adreiluak ere ageri diren. Mugitu zenaren seinale edo, eustormak ditu hego-mendebaldeko horman bat eta bi ekialdeko fatxadan. Lau leiho oraino egoera onean ikus daitezke.
Joxepa Lizarralde, amaginarreba, ezagutu zuen nire solaskide Joanek (82 urte) hona etorri zenean. Ordurako hila zen honen senar Asentsio Ormaetxea, sasi albaitari izandakoa. Hauek ziren aipatu Ekogor baserri zaharreko senar-emazteen seme-alabak: Bittori, Pako (ezkonge), Joxe, Manuel, Prontxio eta Ramon.
Bittori etxerako, Joan Arregi Alberdi “Txintxua” izenez ezagunagoa den Elizalde baserriko semearekin ezkondu eta Joxe Agustin, Arantxa, Lurdes, Itziar (gazterik hila) eta Izaskun izan zituzten.
Hauek gelditu ziren baserrian, ama alarguna eta Pako anaiarekin. Halatan, baserria zaharra batetik eta nagusiak suhiari inolako eskubiderik aitortzen ez eta, etxe berria jaso zuten duela 40 urte lehenagoko baserriaren aldamenean, baina beren jabetzako lurretan.
Ez dute, ordea, hemen zahartzeko aukerarik izan. Emaztea galdu, alaba bat ere bai, eta orain gutxi, saltegi erraldoi horietariko bat egin behar zutela eta, etxetik bota ez baina nolabait saltzera behartua ikusi du Joanek bere burua. Egun, kale alderako bidea hartua du, alabaren etxera.
Ekogorren ukuilua eta baratzea ziren ogibide nagusiak. Donostiara joaten ziren saltzera, Galarretan autobusa hartuta. Alabaina, esana dut, “Txintxua” dudala solaskide, eta Hernaniko gizarte-bizitzaz arduratzen den edonork daki nor den bera.
Bederatzi (9) urterekin atera omen bere baserritik morroi Amezketara, artzain, eta 11 urterekin bakarrik egon ohi zen Aralarren “Etizei” bordan artaldearekin. Beldurrik edo izaten ote zuen galdetutakoan, “lana eta gosea, makina bat ikusitakoa naiz ni. Poltsa galanta bizkarrean eta gosea sabelean, baina janari gutxi; goseak penatzen niñun. Hala, behintzat, 18 urte konplitutakoan, handik joan nintzan soldadu, gerrara, eta 7 urtez ibili nintzan harat-honat, azken-azken arte. Hogeita bost urterekin etxera etorri eta Zikuñagako papeleran hasi nintzan lanean”.
“Ezkondu eta Ekogorren jarritakoan, ostera ardiak erosi nittun. Izugarrizko zaletasuna det artzaintzarako, eta orain ere, lurrik dudan bitartean, ez da ardirik faltako nere inguruan”.
“Lana egitea tokatu zait, baina bertsoak eta dantza egitea ere oso gogoko izan dittut. Ez naiz sekula plazan aritu bertsotan, lagunartean eta horrelakoetan baizik, eta dantza, berriz, soinua entzun orduko beti pronto neon hartarako. Lehiaketa batean edo bestean aurkeztu eta sariak ere atera izan nittun”. Esan gabe doa hitz aspertu hagitz atsegina izan dudala nire solaskidearekin, eta orrialde-arazoak medio, moztu beharra izan dudala elkarrizketa.