Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar men? principal de navegaci?n [eu]
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003
Berakorte | Bidaurreta (Biorreta) | Ekogor

 

Bidaurreta

(Biorreta)

 

      Antza denez, garai batean Hernanitik Donostiarako errege-bidea etxe honen aurretik zihoan eta bide eta aurre osagaietatik datorkio Bidaurreta, nahiz eta urteen joanean gastatzen joan den bere zentzua eta Biorreta izenez ezagunago den. Honela azaltzen da Udal Artxiboan, 1812. urtea, erreg 81.56.13; Nomenclator 1857. urtea. ”...a saver la dicha Catalina de Guruceaga trescientos ducados de dote, que llevo a poder de Juan de Goicoechea su marido..., dueño que fue de la dicha Casa solar de Bidaurreta en jurisdicción de esta referida villa”.

      Galarreta auzotik berrehun metrotara dago bi bizitzetako baserri hau. Orain arte Antziola auzoan kokaturik zegoen, lehen aipatu bidea zela eta, baina gaur egun Galarretatik Donostiara doan errepidean Oriamendiko aldaparen erdialdetik du sarrera nagusia. Urte askotan eutsi zioten auzokideek herri-bideari, aldiya eginez, baina ibilgailuentzako errepide berria egindakoan poliki-poliki bidea hondatzen joan zen. Orain, duela dozena erdi bat urte konpondu dute berriro.

      Hiru isuriko etxea, lau kantoietan eta leiho ertzetan harlandu ederrak dituela. Fatxada nagusiak aipatu errege-bidera ematen du eta handik zuen sarrera etxebizitza batek, besteak, aldiz, hegoaldetik. Atzean, iparraldetik, etxekoek inoiz ezagutu ez duten dolarera sartzeko mandioa, tranka deitu zurezko tresnaz ixten zen ate handi batekin. Bazuen, halaber, halako otoitz leku bat ere, Antton Agirre Sorondoren “Las ermitas de Hernani” argitaratu liburuan azaltzen denez: “En el famoso caserío Bidaurreta del barrio de Antziola (...), D. Miguel de Tarbe tenia su propio oratorio. Este fue el curioso informe que respecto a su estado extendió el 25 de Noviembre de 1745 D. Francisco Ignacio de Beldarrain, Presbítero de la Parroquia de San Juan de Hernani, por orden del Obispo de Pamplona...” (67. or.)

      Aipaturikoaz gain, bazen beste ermita bat Donostiako eta Hernaniko muga-mugan, Oriamendiko beheko barrenean, Bidaurretako lurretan. Hortik omen datorkio “Santutx” izena toki horri, eta horren lekuko gisa edo, Larrabiden aurkitu dugu Oriamendin izandako ermitakoa omen den harri bat. Hor biltzen ziren agiriek diotenez bi herrietako agintariak euren gaiak aztertu eta arazoak konpontzera, baina gazteek bestelako gauzetarako erabiltzen zutela eta, ermita eraistea erabaki zuten, agidanez.

      Etxe-ordeko bat fatxada nagusiaren ondoan, simaurra eta belar ondua jasotzeko, eta mendebaldeko hormari itsatsia bestea, behean ukuilua eta goian terraza duela. Etxebizitza batek sukaldea behean, sarrera ondoan; besteak, ordea, goian zuen. Zuen diot, duela hogei bat urte, sarrera nagusiaren aldera bizi zen maizterra ateratakoan, etxea goitik behera berritu baitzuten bi etxebizitza eginez.

      Hiru iturri ditu Bidaurreta baserriak, horietariko bat Hernaniko Zinko-Eneko iturria hornitzen zuena izaki, ez zuten hango urik erabiltzen etxerako. Halere, mendiko iturriko ura aspalditxo ekarria zuten etxe ondora, eta 1920 baino lehen zuten etxean bertan. Lehorte handien garaian, ordea, Larrabideko iturrira jotzen zuten.

 

OTEGI Familia

      Martindegiko Ariztegi baserritik etorritako Julian Otegi altzotarra eta Paskuala Ugarte beizamarra bizi ziren, sarrera nagusiaren aldean, eta hauen seme-alabak: Maria, Pedro (ezkonge), Joxe (ezkonge) eta Antonio. Azken hau etxerako, Lastaolako Joana Ugalderekin ezkondu eta seme-alabak izan, semea txikia zela hila, Inaxi alaba bakarra bailitzan hazi zen. Hala, bertan apopilo zegoen Manuel Aiestaran Beitia aiarrarekin ezkondu eta hiru seme-alaba izan zituzten: Mari Karmen, Joxe eta Antonio. Hauek, ordea, 60. hamarkadan kale aldera joan ziren eta etxejabeak lurrak saldu, etxea erabat berritu eta etxe-lehor bihurtu zuen.

      Baserri askotan bezalaxe, ganadua eta baratzea egiten zuten Otegitarrek ere. Pedro osasun urrikoa, asto gainean joaten zen hara eta hona, zelaira edo kalera. Joxek Mendia paper fabrikan egiten zuen lan eta Antoniok etxean, baina hau artean gazte zela hil zen. Horiek horrela, apopiloaren eta Lizarragako iloba Manuelen noizbehinkako laguntzarekin eutsi zioten ozta-ozta baserriari.

      Bi bizitzako etxea izaki, ongi moldatzen ziren beren artean, eta hala, goizean goiz, Manuel apopiloak, zaldi karroa jartzen zuen, inoiz mandoa ere izan omen zuten, eta bestekoak semea, Joxe, eta hau arduratzen zen bateko zein besteko esneak Gurelesari eman eta baratzeko gauzez hornituriko xesterak, esne-marmitak eta gainerakoak autobusari emateaz. Horrela moldatu ziren urteetan bi bizitzak.

 

IARZA Familia

      Etxeniketarrak ziren bertakoak, 1890. aldera ordea, Dolox Etxenike Berra, bertako alaba, Pio Iarza Esnaola Basozabal baserrikoarekin ezkondu eta horrela sartu zen deitura berria Bidaurretan, nahiz eta egun Yarza erabiltzen duten. Honako seme-alabak izan zituzten: Asentsio (soldadu zela agintariren bati muturrekoren bat eman eta iparraldera ihesi joandakoa), Serapio, Luis (bi hauek soldaduska ez egiteagatik bata Ameriketara eta bestea Frantziara ihes egindakoak), Joan eta Joana. Honetan, ordea, emaztea hil eta Pio honen ahizpa Pantxika Etxenikerekin ezkondu zen eta seme-alaba hauek izan: Maritxu (bost urterekin gaitzak jo eta gerriz behera elbarri gelditua), Joxe (ezkonge), Maria Dolox, Pepita, Karmen (ezkonge), eta Anita. Joanito etxerako, Tlarretako Maria Martiarena Oiartzabal hartu zuen emaztetzat. Hona hauen seme-alabak: Kontxi, Joxe, Maria Dolores, Pepi, Ana, Maria Jesus, Mari Karmen, Begoña, Milagros eta Jabier. Egun, seme gazteena, Jabier, bizi da baserrian Pili Zapirain, oiartzuarrarekin ezkonduta.

      Aitak ukuilua (zazpi-zortzi behi, lauzpabost zekor eta idi parea) eta sagastia, eta amak baratzea eta lorea; horiek ziren senar-emazteen gustukoenak. Sagasti handiak agidanez, eta 100 kargatik gora sagar bildutako urteak izan omen zituzten; halere, bitxikeria modura, bertako semea, Joxe, abadua atera zen.

      Donostiako merkatura egunero, Joanen arrebak lehenengo eta emaztea gero. Solapan jartzeko lore-sailak egiten zituzten uda partean; bai festetarako bai Donostiako Zinemaldi eta zaldi lasterketetarako ere. Eguzki galgetan batzuetan, euria zetorrela eta lorea hondatu baino lehen lasterka biltzen besteetan.

      Alabaina horiek baino pasadizo tristeagoak ere gogoan ditu nire solaskide Maria Martiarenak; gerra garaiko kontuak, esaterako. “Koinata Karmen eta biok joaten ginan goizean goiz Galarretako bidegurutzera esnea eramatera eta ondoren, bezpera gauean, Arrietako zubipean eraildakoen aztarnak ikustera jotzen gendun. Etxetik entzuten genittun tiroak eta kontatzen aritzen ginan, zenbat ekarri eta zenbat hil ote zituzten”.

      “Gogoan det behin, uda partean, Estubegiko eta Ilarretako mugan, arratsaldean etorri eta nola aritu zian zuloa egiten. Bero handia eta Ilarretara jo zuten sagardo bila, eta han galdetu zenbat zituzten, eta haiek “hamahiru”. Gauean automobilaren argira jarri eta tiro egiten zieten. Gero jakin gendun Loiola auzoko bi ahizpa (ezagunak) hil zituztela, besteak beste, nazionalisten arropak josten zituztelako. Hurrengo egunean Hernaniko kale-garbitzaileak etortzen zian, zaldi karroan hartu eta kanposantura eramateko”.

 

Berakorte | Bidaurreta (Biorreta) | Ekogor