Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar men? principal de navegaci?n [eu]
Gure baserriak
Hiazinto Fernandorena Setien / Maria Jesus Iartza Martiarena, 2003

 

Berakorte

 

      Bizkaieraren airea edo eitea ageri zaio baserri honen Berakorte izenari. Iduri du bera edo beratz, (belaze guretzat) eta korta (ukuilu, saroe, ola) direla beraren osagaiak, baina esan behar da ez dela batere ziurra Berakorte izenari buruzko ulerkuntza modu hau. Nolanahi ere, “Beracorte” idatzirik azaltzen da oraindik ere sarrerako fatxada nagusian bere izena.

      Antziolatik Oriamendi eta Donostiarako garai batean errege-bidea zenaren aldamenean ezkerretara, Etxerreaga baserritik ehun metrora alde batetik eta zertxobait gehiagora Bidaurreta eta Ilarretatik. Orain, ordea, Galarretako bidegurutzetik du sarrerarik egokiena nahiz erosoena.

      Etxe zabal eta ia laukia, bi isurikoa, goitik behera berritua, fatxada nagusiak herri-bidera ematen du eta handik du orain ere sarrera. Etxetik hogeita hamar metrora, belar ondua, lastoa etab. jasotzeko bi oineko etxe-ordekoa.

      Joan Larburu, bertako semea, Iñaxi Odriozola, albizturtarrarekin ezkondu eta jarri zen bizitzen, eta honako seme-alaba hauek izan: Kontxa, Joxe Gabriel, Maria, Joana, Manuel (gerra zibilean alemanen kontzentrazioan Frantzian hila), Monika, Andres (indizioren batekin hila) eta Xanti.

      Joxe Gabriel, Orendaingo Kontsuelo Garmendia Garmendiarekin ezkondu eta etxerako gelditu zen. Senar-emazte hauek 8 seme-alaba izan bazituzten ere, 3 aingeru zirela hil ziren: Joan, Manuel, Iñaki, Julian, eta Bakarne. Horiek horrela, hanka puskatu zuen Kontsuelok artean ezkonberria zela eta ez zitzaion inoiz bere onera etorri bere seme Joanek esan digunez. Bereak eta bi jasandako emakumea, 69 urterekin hil zen gaitzak jota.

      Duela 24 urte hasi ziren oraingo baserritik goraxeago etxe berria egiten, eta 1987an joan ziren bizitzera baserria zaharberritzeko. Besteak han gelditu eta Joanito bakarrik itzuli da baserrira. Aurrekoak behi, zekor, baratze, sagasti eta antzekoetan jarduten bazuten ere, gaur egun negutegiz josia ikusi dugu Berakorte. Baserriaren etorkizuna ikusita, garbi zeukan Joanek, seme zaharrenak, zerbaiti heldu beharra zegoela. Halatan, negutegiak jarri eta behiak larrera bota zituen. Orain, ordea, erabat baratzeari eman dio, inbertsio handiak egin eta punta-puntako aurrerapenak jarrita.

      Orain, aterpean egiten du lan, “orain ez dago lehenagoko konturik, esan digu Joanek, alde earra, euria eta hotza, eta buruan zakua hartu eta erremolatxa edo arbia ateratzen behatz muturrak hozminduta aritzen ginan garai haiek gogoratuta”.

      Lehenagoko kontuak aipatzen hasita, badu zer kontatu. Dolarea, esaterako, astoak eraginda ibiltzen zen horietarikoa, eta sagardoa franko egiten zuten gainera, eta halaxe jasota dago Hernaniko 1931.eko agiri batean, esanez, urte horretan 1.890 litro egin zituela Juan Larburuk. Beste asko legez, sagardotegia izan zen Berakorten gerra garaia arte eta nire solaskideak aurrekoei entzuna, inguruko baserritar bat etorri eta berea edandakoan, bi botila-sagardo zeramatzala etxera esku banatan hartuta. Hara, ordea, non irrits egin eta lurrera joaten den gure gizona, baina halere, bi botila-sagardoak osorik, bi eskuekin sendo gora jasota.

      Aurrekoei entzuna, baita, etxean urik ez eta Arrietako iturrira eramaten zutela ganadua ura edanaraztera. Etxerreagako eta Berakorteko bi behi elkarren artean borrokan hasi eta azkenean bateko eta besteko gizonak, elkarrekin haserretuta etxera. “Bai, behiak komosino etxera eta gizonak mutu”. Gerora, etxetik gertu baina beheko txokoan zuten iturrian ur-ponpa jarri eta konpondu zuten uraren arazoa.

      Gaur, ordea, aurrerapen handiz hornitu du Joanek baserria eta ikustekoak dira bertako tomate sailak, denak ere ordenagailu bidez kontrolatuta.