Ubarreto
Ubarreto duela etxeak izena esan dit Patxi (58 urte) bertako nagusi eta nire solaskideak. Eta gaizki ez dabilela iruditzen zait. Hala ere, molde desberdinetan azaltzen zaigu dokumentu zaharretan etxe honen izena: Huerratua eta Huarracho (burdinola, 1567); Ubarratua Hamarrenak zerrendan (1610); eta Ubarroto Nomenclator zerrendan (1870). Iduri du zer nolabait huarre edo uharre dela hitzaren sustraia eta -to edo -txo atzizki txikigarria. Esaterako handik asko aldendu gabe badugu beste adibide bat gure baserrien izendegian: Ugaldetxo (hualde edo uhalde eta -txo atzizkia). Bestetik, uharre hitzari atxikiz edonork daki ur arrea zer den. Adibidez, “arreturik dator ibaian ura egunotan” esaldia.
Ereñotzutik aurrera joa, Latsa eta Abillats pasatuta aurreraxeago Nafarroarako errepidez goiti aurkitzen da Ubarreto baserria. Sarrera gainaldetik omen lehen, ekialdetik. Ukuiluko sarrera hegoaldetik. Patxik bera ezkontzerakoan handiki berritua izan zen, horma nagusiak lehenean zirela. Bi gela bakoitza bere balkoiarekin zituen hegoaldetik eta ganbara bere leihoarekin, gorago gailurpean zurezko arnasbide bitxia.
Ezkonduta senar-emazteak bizitzen jarri ziren, Patxi Lizeaga Aranburu, Pagoagako semea senarra eta Mari Lurdes Loiarte Ondarrola, goizuetarra emaztea. Seme bat izan zuten: Pedro Mari. Aurrez Izagirre familia bizi izan zen, maizter eta apaiz baten jabetzakoa zen, agidanez. Patxiren aita Joxe Marik erosi zuen bere lurrekin Ubarreto baserria. Orain aita eta ama semearekin bizi dira etxean.
Aita, ezkonduz geroztik, kanpoan lanean, baina baserriko lana alde batera utzi gabe. Baserria, hauen kasuan, ardi multzo bat zaintzea eta hauetaz arduratzea izan da beti. Hein batean, harro daude gainera, zeren bertako arraza, “sasi ardia” dio berak, ahal den osokien mantentzeko bidea egin baitute, nahiz eta hain errentagarria ez den. Funtsean, gurea dena mantentzea dute helburu, eta jakina, bazterrak garbi edukitzekoa. “Heze eta iharrak” xahutzen dituen ardi mota dela hau edonork daki.
Urte batzuetan mamia egin ohi zuten ardi esnearekin eta arrakastarik aski izan ere bai. Esne ona ardi klase honek eta estimu handiko mamia izaten omen zuten, latxa ardiak askoz gehiago badu ere. Arkumearekin gauza bera gertatzen zaie. Arazoa ulertzeko, libre hazitako oilaskoa hartu liteke konparazio modura. “Footing” egiten duen ardi mota dela esan diot eta erantzuna ere halaxe izan da, “hauen atzetik ibili behar dutenak ere bai”. Funtsean sanitatearen aldetik dituzte arazoak eta zer nola konpondu pentsatzen dabiltza.